Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2019ko maiatzaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA SAILA
2447

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena.

Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2019ko martxoaren 18ko Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen 2018-2019 lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena argitaratu zen.

Ebazpen horren aurkako erreklamazioak aztertu dira, eta onartutako uko-egiteak sartu. Halaber, behin-behineko esleipen-prozeduraren ondoren, dagozkion aldaketak sartu dira behin betiko merezimenduen baremoan, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak baiestearen ondorioz.

Beraz, Hezkuntzako sailburuaren 2018ko urriaren 23ko Aginduaren bidez (2018-10-31ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten zen. Bada, agindu horren hogeita hamazortzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Onestea Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena, honako zerrenda hauetan agertzen den bezala:

I. eranskinean: destinoa esleitu zaien maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen zerrenda.

II. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuetan aukeratutakoak izan eta aurtengo ikasturtean praktikaldia egiten ari diren parte-hartzaileen artean, destinoa esleitu zaienen zerrenda. Bigarren eranskinean esleitutako destinoak emateko, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu beharra dago.

Bigarrena.– Agintzea aurreko eranskinak erakusgai jartzeko www.irakasle.eus web-orrian, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, web orri horretan bertan, erakusgai jarriko da uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, arrazoia zehaztuta.

Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte, 2019ko irailaren 1etik aurrera; eta jatorrizko ikastegietako kargu-kentzeek, ordea, 2019ko abuztuaren 31tik aurrerako ondorioak izango dituzte.

Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez dituzten maisu-maistrei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direnik.

Bosgarrena.– Lekualdatze-lehiaketa honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan behin betiko destinoa lortu duten beste autonomia-erkidego batzuetako funtzionarioek ziurtagiria aurkeztu beharko dute non ziurtatzen baita ez dutela epai irmo bidezko kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta osotasunaren kontrako delituren batengatik (delitu horietan sartzen dira sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa). Ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak ematen du. Ez dute halako ziurtagiririk aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu hori kontsultatzeko berariazko baimena eman diotenek. Kontsulta hori elkarreragingarritasun-sistema elektronikoak baliatuta egin ahal izango du, Irakaslegunea hezkuntza-atariaren bidez, eta, horretarako, eremu murriztuan sartu beharko da (erabiltzailearen eta pasahitzaren bidez), «Adingabearen babesa» atarian.

Seigarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2019-2020 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik hasita. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Zazpigarrena.– Lekuz aldatzeko lehiaketa horretan parte hartu duten maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala