Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2019ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2249

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Asteasuko Industrialdearen 19-A eta alboko lurzatia berrantolatzeko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko urriaren 9an, Asteasuko Udalak eskaera osatu zuen Asteasuko Industrialdearen 19-A eta alboko lurzatia berrantolatzeko xehetasun-azterketaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaera horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari, Eusko Jaurlaritzaren IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren, eta IHOBE-Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Asteasuko Industrialdearen 19-A eta alboko lurzatia berrantolatzeko xehetasun-azterketa (aurrerantzean Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Asteasuko Industrialdearen 19-A eta alboko lurzatia berrantolatzeko xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Asteasuko Udalak berak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan honek eragindako lurrak 10-HIE Hirigintza Jarduerarako Eremuan daude kokatuta. Eremuak 209.880 m2-ko azalera du eta Asteasuko industrialdean dago.

Erreferentziako lurzatiak –Industrialdearen A eremuko 19. zenbakikoa eta haren albokoa (eraikita dago gaur egun)– 1.420 m2-ko azalera du guztira, eta honela dago banatuta: 19. lurzatia: 1.150 m2, eta alboko lurzatia: 270 m2. Talleres Lambi kokatuta dagoen 21. lurzatiak eta 37. lurzatiak banatzen ditu, gaur egun «Aplicaciones Mecánicas del Caucho SA» enpresak bere jarduera garatzen duen kokalekua, 5 m zabaleko pasillo baten bitartez; pribatua da, ez-eraikigarria.

Planaren helburua da 19. eraikinaren alboko lurzatiaren hegoaldeko zatia partzialki trukatzea, permutak eragindako eremuaren lerrokadurak aldatuz. Horrela, hura 37. eraikinari atxiki eta beharrezkoa den esparrua zehaztuko litzateke, 19. eraikina bota eta altuera handiagoa izango duen beste bat eraiki ahal izateko (15 m-ko garaiera librea), betiere lehendik dauden lerrokadurak errespetatuz.

Planak ez ditu aldatzen edo handitzen eremuaren hirigintza-aprobetxamenduak eta, beraz, ez da gainazalik gorde beharko tokiko sistema-sarearen zuzkiduretarako eta ekipamenduetarako. Planak ez die eragiten hiri-inguruneko elementuei.

Instalazioari bigarren plano bat gehitzea proposatu da, lehen lineako perimetroa mantenduz, fatxada nagusiaren gaur egungo mailak kontuan hartuta; pasillo ez-eraikigarriaren atzean 37. eraikinarekiko lotura bat sortuko da, atzeko bidearen sestra gainetik 5 metrotara. Horrela, atzeko bidea hobetu ahal izango da eta, haren bukaeran, tonaje ertaineko ibilgailuentzako biribilgune bat ezarriko da.

Plana garatuko den eremuak ez du ingurumen-balio garrantzitsurik, eta akuiferoak kutsatzeko arrisku-maila baxua edo nulua du. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Era berean, historikoki kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dauden bi lurzati daude Planaren eremuan.

Planaren eremuak behar bezala betetzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: Planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki: Plan hau ezarriz, dagoeneko antropizatuta dauden lurzoruetan eraikitzea erabaki da, lurzoru berrien okupazioa geldiaraziz. Gainera, ekoizpen-prozesuko efizientzia hobetuz aurreztu egiten dira kontsumoak eta, beraz, baliabideen erabilera arduratsua eta lurraldeko jasangarritasunaren igoera sustatzen dira.

Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: inbentarioan balizko lurzoru kutsatu gisa jasota dauden guneetan garatzen dira Planaren jarduketak, eta hori da hautemandako arazo nagusia. Bestalde, ingurumenaren gaineko balizko inpaktuak obra-faseko jarduketekin daude lotuta, hau da, lehendik dauden eraikinak eraisteko eta industria-erabilerako eraikin berria eraikitzeko obra-faseko jarduketekin: lur-mugimenduak, batez ere aldatuta dauden lurzoruak dituzten lurzatietan, makinen joan-etorriak eta eraispen-hondakinen sorkuntza. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere.

Beraz, esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako neurri nagusi hauek hartu behar dira:

– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea: Planari dagokion lurzatiak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daudela zehaztu ondoren, eta lurzati horietan esku hartu aurretik, lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa bat egin beharko litzateke, lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik ez dagoela bermatzeko, bertan lan egiten duten pertsonentzat nahiz lursailaren erabilera berriko erabiltzaileentzat. Lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpen hori Ingurumen Organo honek igorri beharko du, jarduera bat jarri edo handitzeko lizentziak edo baimenak eman aurretik, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeari jarraikiz.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak.

Alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute neurri horiek:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energiaren kopurua edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Asteasuko Industrialdearen 19-A eta alboko lurzatia berrantolatzeko xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Asteasuko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Asteasuko Industrialdearen 19-A eta alboko lurzatia berrantolatzeko xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala