Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2019ko maiatzaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2178

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 2koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko beken deialdia egiten duena 2019-2020rako.

12/2019 Dekretuak, urtarrilaren 29koak, kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak arautzen ditu (2019ko otsailaren 1eko EHAA, 23. zk.).

Aipatutako dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko beken deialdia egitea, 2019-2020 ekitaldirako. Bekak Lehendakaritzaren 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren Ebazpen bidez onartuta, 2019ko otsailaren 14an.

Ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko hamaika beken deialdia egitea 2019-2020 ekitaldirako.

2. artikulua.– Modalitatea eta beka-kopurua.

1.– Deialdiko bekak honako modalitate hauetan banatuko dira:

a) Europako Gaietako lau beka.

b) Kanpoan den Euskal Komunitatearen hiru beka.

c) Kanpo-harremanetarako lau beka.

2.– Eskatzaile bakoitza deitutako beka-modalitateetako bakar batera aurkeztu ahal izango da.

3. artikulua.– Destinoak.

1.– Europako Gaietarako beken onuradunek beraien eginkizunak honako destino hauetan burutuko dituzte:

a) Bi beka Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.

b) Bi beka Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan, Bruselan.

2.– Kanpoan den Euskal Komunitatearen beken onuradunek beraien eginkizunak honako destino hauetan burutuko dituzte:

a) Bi beka Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.

b) Beka bat Euskadiren Argentina-Mercosurreko Ordezkaritzan, Buenos Aires hirian.

3.– Kanpo Harremanetarako beken onuradunek beraien eginkizunak honako destino hauetan burutuko dituzte:

a) Bi beka Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.

b) Bi beka Euskadiren Txileko, Peruko eta Kolonbiako Ordezkaritzan. Horietako batek Santiagoko Ordezkaritzaren egoitzan burutuko ditu eginkizunak, Txileko Santiagon (Txile); eta, besteak, Ordezkaritzak Bogotan (Kolonbian) duen bulegoan.

4. artikulua.– Zenbatekoa eta ordainketa.

1.– Deialdiko beken programaren guztizko kreditua 216.000 eurokoa da, eta horietatik 151.200 euro 2019 ordainketa-kredituekin bat datoz, eta 64.800 euro 2020ko konpromiso-kredituarekin.

2.– Beken diru-kopurua honako hau izango da:

– Vitoria-Gasteizen burutu beharreko beka bakoitzak 16.000 euro gordin.

– Euskadiren kanpoko ordezkaritzetan edo haren mendeko bulegoetan burutu beharreko beka bakoitzak 24.000 euro gordin.

3.– Jasotako zenbatekoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Gizarte Segurantzari dagokion araubidearen menpe egongo dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte, bide presentzialak edo elektronikoak erabiliz.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak telematikoki izapidetzeko zehaztapenak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta eta www.euskadi.eus web orrian, deialdien atalean.

3.– Eskaera eskabide-orri normalizatu baten bidez egingo da, behar bezala beteta. Eskaera eredua eskuragarri egongo da aurreko atalean adierazitako egoitza elektronikoan eta web orrian.

4.– Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira.http://www.euskadi.eus

5.– Eskabideak aurrez aurre aurkezteko aukeraz baliatu nahi izanez gero, pertsona interesdunek eranskinean agertzen den inprimaki-eredua bete beharko dute. Eredu hori Eusko Jaurlaritzaren web-orrian ere aurkitu ahal izango dute http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/kanpo-harremanen-bekak/web01-tramite/eu/

Eskabideak helbide honetara zuzendu beharko dira, bekaren modalitatea adieraziz:

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia.

Lehendakaritza – Eusko Jaurlaritza.

Nafarroa kalea, 2.

01007 Vitoria-Gasteiz (Araba).

Aurreko paragrafoan adierazitako helbidea jarrita, eskabideak honako toki hauetan ere aurkez daitezke: Euskadiren kanpoko ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan.

6.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean akatsak zuzentzea.

1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, dokumentazioa osatu gabe badago, beka-modalitate bakoitzeko organo instrukzio-egileak eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean dokumentazio osagarria igortzeko.

2.– Jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, epe hori igaro eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da; horretarako ebazpen bat eman beharko da aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11. artikuluan aipatzen den hautaketa- batzordea honako hauek osatuko dute:

– Leyre Madariaga Gangoitik, Kanpo Harremanetarako zuzendariak; batzordeburua izango da. Kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, Rafael Hueso Vicentek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak, ordezkatuko du.

– Mikel Antón Zarragoitiak, Europako Gaietarako zuzendariak. Kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago Iñaki Serrano Lasak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak, ordezkatuko du.

– Gorka Álvarez Aramburuk, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak. Kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, Jose Manuel Meaurio Antónek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak, ordezkatuko du.

– Elena Iturrate Bizkargüenagak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak; Batzordearen idazkari-eginkizunak beteko ditu. Kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, Loreto Guzman Fonquerniek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak, ordezkatuko du.

– Ainara Jauregi Rekondok, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak. Kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, Eloisa Susatea Azcoitiak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak, ordezkatuko du.

– Benan Oregi Iñurrietak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak. Kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, Andoni Martín Arcek, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak, ordezkatuko du.

2.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hautaketa-batzordeak Asier Aranbarri Urzelai Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko aholkulariaren eta Delia Reina Lechonen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) teknikari espezialistaren aholkularitza izango du; hitza bai, baina botorik ez dute izango horiek.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Balorazio-irizpideak urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoak dira.

2.– Eskatzailearen profil akademikoa –ezagutzak eta nazioartean izandako harremanen esperientziak zehaztuko dute profil hori– bekaren xede den edukietara egokitzen den baloratzeko, proba idatzi bat egingo da eta 15 puntu emango dira gehienez. Proba egiteko eguna eta lekua, aldez aurretik, eskatzaile bakoitzak emandako posta helbidearen bidez jakinaraziko da.

9. artikulua.– Probaren modalitateak.

1.– Idatzizko proba 15 galderetako test bat izango da, beka-modalitate bakoitzari egokitutako galderekin. Probak 30 minutuko iraupena izango du. Gehienez ere 15 puntu emango dira, galdera bakoitzak puntuazio bera izango du, eta honela banatuko dira:

a) Europako Gaietarako modalitatea:

– Europar Batasunaren erakunde-eremuarekin zerikusia duten 5 galdera.

– Europako egoera politikoari buruzko 5 galdera.

– Europako ekonomiarekin zerikusia duten 5 galdera.

b) Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako modalitatea:

– Euskal etxeen eremuarekin zerikusia duten 5 galdera.

– Euskal emigrazioaren memoria historikoarekin zerikusia duten 5 galdera.

– Euskal diasporako programa instituzionalekin zerikusia duten 5 galdera.

c) Kanpo Harremanetarako modalitatea:

– Erakunde aldeaniztunekin zerikusia duten 5 galdera.

– Nazioarteko egoera politikoari buruzko 5 galdera. Ez da Europari buruzko galderarik izango.

– Nazioarteko ekonomiarekin zerikusia duten 5 galdera. Ez da Europari buruzko galderarik izango.

10. artikulua.– Txostenak.

1.– Bekadunek txosten partzial bat aurkeztu beharko dute, urtarrilaren 29ko 12/2019 dekretuaren 16.2.j) artikuluan jasotzen den ikerlanaren egoeraren eta garapenaren berri emanez. Gainera, amaierako txosten zehatz bat aurkeztu beharko dute aztertutako gaiei buruz, planteatzen dituzten arazoei, konponbideei eta, oro har, bekarekin zerikusia duten interesei buruz.

2.– Txosten partziala bigarren ordainketa jaso baino lehen aurkeztu beharko dute bekadunek, eta hura aurkezteko epea beka hasi eta laugarren hilabetearen azken egunean amaituko da.

3.– Amaierako txosten zehatza aurkezteko epea beka hasi eta hamaikagarren hilabetearen azken egunean amaituko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak honako xedapenek arautuko dituzte: urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak; urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak; azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorrak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duenak; eta urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuak, kanpo harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak arautzen dituenak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hura argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Gainera, denek jakin dezaten www.euskadi.eus helbidean ere argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 2a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala