Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2019ko maiatzaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2138

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 11koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaie Bilboko (Bizkaia) Berastegui kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoen eraikina eta haren beheko solairuan dagoen Café Iruña, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuta, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasun deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Bilboko (Bizkaia) Berastegui kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoen eraikinak eta haren beheko solairuan kokatuta dagoen Café Iruñak duten kultura-interesa azterturik, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Bilboko (Bizkaia) Berastegui kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoen eraikina eta haren beheko solairuan dagoen Café Iruña, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean jasota dagoen deskribapenaren arabera.

Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, denboraldi batez, Bilboko (Bizkaia) Berastegui kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoen eraikina eta haren beheko solairuan dagoen Café Iruña monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientea. Hala, 20 eguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.

Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 11.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ANGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketak eraikina bera hartzen du, hiritar zoru guztiz finkatuan kokatuta dagoelako. Beraz, mugaketa-eremua orubearen perimetroak dituen mugek ezartzen dute.

Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Bilboko (Bizkaia) Berastegui kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoen eraikinak duen ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Mugaketa hori beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu, eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko. Horregatik, eta ingurune hiritarra denez, nahikoa jotzen da orubearen mugaketa.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Eraikina Luis Landecho arkitektoak egina da, 1892ko proiektu batean oinarrituta. Etxea honela eratuta dago: beheko solairua, altuera handikoa eta bao handiz irekia; lehenengo solairua, solairuarte modura erabilia, eta haren gainean fatxadaren zati nagusia, zeinak bigarren eta hirugarren solairuak batzen baititu; bigarren solairuari printzipalaren tratamendua eman zaio, eta duen balkoi luzera irekitzen dira bao guztiak. Bigarren eta hirugarren solairuen artean pilastra handi batzuk jarri dira. Laugarren solairuak, zeinak jatorrian eraikinari errematea ematen baitzion, balkoi luze batera zabaltzen ditu baoak eta bao horien gainean triangelu formako frontoi txiki batzuk ditu burualdean, eta balkoiaren hegaldiaren oinarriko dentikuluekin batera, horiek dira fatxaden dekorazioari egindako emakida bakarrak. Eugenio Aginaga arkitektoak eraikina gorantz zabaltzeko proiektu bat egin zuen 1965ean, eta bi solairu berri gehitu zizkion. Gorantz zabaltzea dagoeneko zegoen fatxada luzatzeko proposatu zen eta eraikinaren gainerako lengoaia historizistara egokitzen da. Fatxadak kantoi ebaki baten inguruan artikulatzen dira; solairuetan aldizkatzen diren bao sinple batzuek eta balkoi indibidualek okupatzen dute kantoi ebakia. Nabarmentzekoa da balkoietako balaustraden forja-lana.

Etxe horrek etxebizitza handiak zituen, barruko bi patioren inguruan artikulatzen zirenak, eta bi igogailu ditu. 2012an, eraikinaren eremu osoa bulego bihurtzeko proiektua gauzatu zen.

Eraikin horren lonjatako batean, iparraldera ematen duenean, kokatuta dago gaur egun Café Iruña. Luis Lertxundi dekoradorearen obra da, eta 1921ean zabaldu zituen ateak. 1982an, zaharberritu egin zen.

Café Iruñaren kanpoaldeko diseinuak beheko solairuko baoak nabarmentzen ditu, non kristalezko leiho-zabal handiak ezarri baitira, gillotina-arotzeria minimoekin eginak.

Barrualdean, erdiko barra batek bi eremu desberdin antolatzen ditu: ezkerretara, taberna, eta, eskuinera, kafetegia, ate batez bereiziak.

Tabernan, amerikar erako barra batek hartzen du leku gehiena. Barrak diseinu eklektikoa dauka. Hormak zeramikaz dekoratuta daude, zeinek garai hartako edarien ikonoak biltzen baitituzte. Dekorazio zeramikoak agerian jartzen du eragin modernista, lore-motiboak erabiltzen baititu. Eskuinaldeko horman, barraren gainean, pintura batzuk daude, tabernako eszena herrikoiak erreproduzitzen dituztenak. Zoruko baldosa hidraulikoa ez da jatorrizkoa, 1987an berriztatu zen. Tabernaren eta kafetegiaren artean, barraren gainean, bi eremuetara ematen duen eszenatoki bat dago. Bi arku angrelatuk artikulatzen dute haren ahokadura eta iztuku urreztatuz eta polikromatuz dekoratuta dago. Haren barandaren arotzeria-lana azpimarratu behar da, aire exotiko zamarra emateko ariketa eklektikoa.

Kafetegira sartzeko atea birakari erakoa da eta diseinu zaindua du. Kafetegia estilo neoarabiarrekoa da. Honako hauek dira erabili diren baliabide arabiartzaileak: igeltsu-lanak eszenografia arkitektonikoa sortzeko, eta azulejoak hormak altuera erdiraino alikatatzeko. Bi hormarte ditu, non arku angrelatuzko arkutegiak jarri baitira. Dituen urre-koloreko polikromia eta gehiegizko ornamentazioagatik bereizten da margotutako iztukozko igeltsu-plakaz egindako artifizio hau.

Giropen exotikoa bestelako baliabide batzuk erabiliz osatu zen: beirateak; ispiluak, zabaltasun handiagoaren sentsazioa emateko; diseinu eklektikoko altzariak, ekialdetartze-puntu bat dutenak; azulejo neoarabiarrezko frisoa, hormei azken ukitua emateko; Bizkaiko eta Nafarroako armarriak, barra markoztatzen duten arku angrelatuen pean ezarrita, eta Granadako Alhambrari buruzko hiru pintura-panel, Luis Lertxundik eginak.

Era berean, kafetegiak bi jangela bereizi, azulejo geometrikoak, eskaiolazko dekorazioak, igeltsu-lanak eta kalitatezko iztuku neoarabiarrak ditu. Bigarren jangelak art decó estiloko beiratea dauka, erronboide-motiboak dituena.


Azterketa dokumentala