Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2019ko maiatzaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2135

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 8koa, Ingurumenaren Administrazioaren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena, Bisitazioaren Monasterioa eta Egibide ikastetxea kokatuta dauden lurzatiak 5. BEPB eremutik (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) kanpo uzteari buruzkoa.

AURREKARIAK

2018ko urriaren 9an, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua abian jartzeko eskaera egin zuen Gasteizko Udalak, Bisitazioaren Monasterioa eta Egibide ikastetxea kokatuta dauden lurzatiak 5. BEPB eremutik (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) kanpo uzteari buruzkoa. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari –biak Eusko Jaurlaritzakoak–; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari; eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa, Bisitazioaren Monasterioa eta Egibide ikastetxea kokatuta dauden lurzatiak 5. BEPB eremutik (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) kanpo uzteari buruzkoa, kasu horien artean dago.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena egiten baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Bisitazioaren Monasterioa eta Egibide ikastetxea kokatuta dauden lurzatiak 5. BEPB eremutik (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) kanpo uzteari buruzkoa, baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak –2000. urteko abenduaren 27an onartu zen behin betiko izaeraz– 5. Barne Eraberritzeko Plan Berezia (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) hartzen du barne. Hark bi aldaketa izan ditu ondoren, bat 2014ko urtarrilaren 31n eta bestea 2014ko maiatzaren 30ean.

Ebazpen honen xede den Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketaren helburua da 5. BEPB eremutik kanpo uztea Bisitazioaren Monasterioari eta Egibide lanbide-heziketako ikastetxeari dagozkion lurzatiak; horietan Zuzkidura Jarduketa bana zedarritzen dira, AD-3 eta AD-4, hurrenez hurren. Era berean, indarrean den Plan Bereziaren zehaztapenak egokitzen dira, kalifikazio xehatua egokituz, baina oinarrizko parametroei lehengoan eutsiz.

HAPOren aldaketak honako aurreikuspen hauek ditu:

– Bisitazioaren Monasterioak hartzen duen lurzatia –34.853 m2-ko katastro-azalera du, udal-kartografian 35.027 m2-ko azalera agertu arren– «A.D-3 Bisitazioaren Monasterioa» bihurtuko da.

– Egibide lanbide-heziketako ikastetxeak okupatzen duen lurzatiak 8.712 m2-ko katastro-azalera du, udal-kartografian 8.706 m2-ko azalera jaso arren. Lurzati hori «A.D-4 Egibide» Zuzkidura Eremua izango da.

– Tranbia Sistema Orokorra kokatuta dagoen azalera (1.451 m2) sartzea proposatzen da (izapidetze-prozesuan dagoen Plan Orokorraren aldaketan kanpo zegoen), lurzoruak doan lortzen direla bermatzeko.

– Bizitegi-kalifikazio orokorra kendu zaie berdeguneen, espazio libreen eta bide-espazioen tokiko sistemei, eta Ekipamendu komunitarioaren kalifikazio globala eman, haien egitekoari hobeto lotzen direla uste delako.

– Tokiko Berdegunea (ES-ZV) handitu da Maria Maeztu parkean. Gaur egun parkeak okupatzen duen gainazal osoa hartzea da asmoa, batetik, Elurretako Andre Mariaren unibertsitate-ekipamendua murriztuz (hark gaur egungo okupazio- eta eraikigarritasun-aukerak mantentzen ditu), eta bestetik, gaur egun Berdegunea inguratzen duen Tokiko Espazio Libre (ES-LI) gisa kalifikatutako eraztuna ezabatuz.

– Espazio Libreak egokitu dira, batzuk ezabatuz eta/edo horien kalifikazioa aldatuz.

– Eremuaren perimetroa handitu da Domingo Martinez de Aragon kalearekin muga egiten duen puntuan. Horrez gain, ES-LI gisa kalifikatutako azalera aldatu eta CO-U gisa kalifikatu da, guztira, kaleari 27 m-ko sekzioa emanez; hark tranbiaren plataforma hartzen du barne, Garraio eta Komunikazio Sistema Orokor - Tranbia Sare (CO-T) gisa kalifikatua.

– René Cassin eta Julio Caro Baroja kaleek eratzen duten gurutzearen kalifikazioa aldatu da; horiek ES-ZV gisa zeuden kalifikatuta, eta ES-LI gisa kalifikatu dira, kaleen erabilerara eta ezaugarrietara hobeto egokitzen direlako.

– Azkenik, sekzio handiagoa ezarri da Juan Ibañez de Santo Domingo kalean, 5 metroko espaloia izan dezan; sekzio bera finkatu da 5. BEPB osoan, eraikuntzak ahalbidetzen duen heinean.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duenetz zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Plana bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Planak aukera ematen du artifizial bilakatutako udal-lurzoruak berrerabiltzeko, hiri-eremua hobetzeko, eta berdegune izateko gordetako azalera handitzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako antolamendu xehatuari dagokionez Planak sartzen dituen aldaketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ingurumen-dokumentuan eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira. Edonola ere, proposatutako aldaketarekin handitu egingo da 5. BEPB eremuan espazio libreetara eta berdeguneetara bideratuta dagoen azalera.

3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera. Halaber, honako irizpide eta neurri hauek hartuko dira:

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, Dekretu horretako 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoaren kalterik gabe.

Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluari jarraikiz, 5. BEPBak barne hartzen dituen Bisitazioaren Monasterioari (AD-3) eta Egibide lanbide-heziketako ikastetxeari (AD-4) dagozkien eremuen antolamendu xehatuaren hirigintza- eta ingurumen-izapideak bete ahal izateko, Inpaktu Akustikoari buruzko kasuan kasuko ikerketa txertatu beharko da (haren edukia 213/2012 Dekretuko 37. artikuluan eta hurrengoetan zehazten da).

Bestalde, eraikuntza-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (I. eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida-n jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energiaren kopurua edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketak –Bisitazioaren Monasterioa eta Egibide ikastetxea kokatuta dauden lurzatiak 5. BEPB eremutik (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) kanpo uzteari buruzkoa– ingurumenean ondore kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala onartzen ez bada, Bisitazioaren Monasterioa eta Egibide ikastetxea kokatuta dauden lurzatiak 5. BEPB eremutik (Unibertsitate Gunea, II. Fasea) kanpo uzteari buruzkoa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

I. ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala