Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2019ko maiatzaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2134

AGINDUA, 2019ko martxoaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Arteale» fundazioaren estatutuen 3. artikuluan fundazioaren xedeari buruz egindako aldaketa.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko otsailaren 27an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, «Fundación Arteale» fundazioaren estatutuen 3. artikuluaren aldaketa, fundazioaren xedeari buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori egitea 2019ko otsailaren 20an erabaki zuen Fundazioaren Patronatuak. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-orriari.

Bigarrena.– 2019ko martxoaren 11ko idazki baten bidez, «Fundación Arteale» fundazioari eskatu zion zuzendu zitzala aurkitutako akatsak, eta 2019ko martxoaren 14an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean fundazioak bidalitako dokumentazioa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, erabaki-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Honako hau dio Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37.1 artikuluak:

«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

Patronatuak onartutako estatutu-aldaketek fundazioaren helburuak errespetatzen dituztela bermatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango erregistroan inskribatu aurretik babeslaritzak onartzea.

Edonola ere, estatutu-aldaketa fundatzaileek jarritako helburuak aldatzean edo ezabatzean badatza eta betiere posible bada hori egitea, babeslaritzaren berariazko onarpena eduki beharko da erregistroan inskribatu baino lehen».

Kasu honetan, aurkeztu den eskritura publikoan dagoen bezala, fundazioaren xedea aldatu da gizarteratze-maila handiagoko proiektuetara egokitu ahal izateko.

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko «Fundación Arteale» fundazioaren estatutuen 3. artikuluaren aldaketa onartzea. Fundazioaren xedeei buruzko aldaketa izan da.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea fundazioaren estatutuen 3. artikuluan egindako aldaketa, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notarioaren aurrean 2019ko otsailaren 20an egiletsitako eskrituran ezarritakoari jarraituz (protokolo-zenbakia. 206).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala