Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2019ko apirilaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
2023

AGINDUA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinarekin hirugarrenez aldatzen baita honako agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –fondo publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 3ko eta 2016ko maiatzaren 6ko aginduez aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Agindua, zeinetan finkatu egiten baitira honako oinarrizko arauak: egutegiak prestatu eta onartzeko kontuan izan beharrekoak; guztia ere, koherentzia pedagogikoa eta antolaketakoa bateragarri egitekotan, betiere, ikastetxeen autonomiarekin.

Hizkuntzen irakaskuntzen ikasleen ebaluazioa arautzen duen araudiaren aldarazpenaren ondorioz, eta, zehazki urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretua argitaratzearen ondorioz, agindu hori aldatu beharra dago, irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxeen eskola-egutegiko egunak birbanatzeko, azterketak egiteko egunen kopurua handituz. Errege Dekretu horren bidez araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzako B1 eta B2 tarteko mailak eta C1 eta C2 maila aurreratuak ofizialki egiaztatzeko probei aplikatzen zaizkien oinarrizko ebaluazio-irizpide komunak ezartzen dira.

Horrenbestez,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Aginduko 5. artikuluaren 2. paragrafoa, non zehazten baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako –fondo publikoekin ordaindutakoetarako– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia. Aurrerantzean, idazketa hauxe izango du:

«2.– Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntza ematen duten ikastetxeetan, ikasturteak 175 eskola-eguneko iraupena izango du, eta horietatik 120 gutxienez, eskolak emateko izango dira edo irakaslea derrigor ikastetxean dela egin beharreko beste jarduera batzuk burutzeko. Nolanahi ere, eskola-egunen kopurua gorabehera, ikasle-talde bakoitzak urtean gutxienez 120 eskola-ordu izan beharko ditu. 175 eskola-egunak osatu artekoak ikasle libre eta ofizialentzako ohiko eta ezohiko deialdietako azken azterketak egiteko erabiliko dira. Hezkuntzako sailburuordeak azterketa horiek egin ahal izango diren aldiak zehaztuko ditu.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala