Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2019ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1949

5/2019 FORU ARAUA, martxoaren 11koa, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren organismo autonomoetako langile izateko hautapen probetan parte hartu nahi dutenei eman beharreko zerbitzuengatik tasa bat ezartzen duena.

Gipuzkoako Diputatu nagusiak:

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «5/2019 Foru Araua, martxoaren 11koa, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren organismo autonomoetako langile izateko hautapen probetan parte hartu nahi dutenei eman beharreko zerbitzuengatik tasa bat ezartzen duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostian, 2019ko martxoaren 11n.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Urtarrilaren 11ko 2/1990 Foru Arauak, Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoak, 13. artikuluan ezartzen du zilegi izango dela tasak ezartzea zerbitzu prestazioak edo jarduerak zuzenbide publikoko erregimenean egiteagatik, baldin eta, besteak beste, zerbitzu edo jarduera horiek, oro har, pertsona jakin batzuei badagozkie edo haiei eragin edo onura badakarkiete, edo, bestela, pertsona horiek zuzenean zein zeharka eragin badituzte.

10. artikuluan, aipatutako foru arauak dio tasak ezartzeko eta haietako bakoitzaren funtsezko elementuak arautzeko, foru arauaren bidea erabili behar dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hautapen prozesuak egin ohi ditu bai plantillan hutsik dauden plazak betetzeko bai kontratazio espezifikoko zerrendak (aldi baterako lan poltsak) osatzeko. Prozesu gehienak masiboak izaten dira, pertsona asko baitira plantillako lanpostu bat bete nahi dutenak edo aldi baterako beharrei begira osatuko den lan poltsan sartu nahi direnak.

Izangai kopuru handi horrek gastu nabarmena dakarkio azpiegituran Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta gastu hori gaur egun aurrekontu propioarekin finantzatzen da oso-osorik. Hala ere, hautagai guztiek parte har dezaten sortzen den gastu hori kasu askotan ez dator bat benetan parte hartzen duen hautagai kopuruarekin, hautapen prozesuan parte hartzeko eskaerak ez duelako behartzen prozesuan parte hartzera, eta, gainera, azterketara ez agertzeak ez dauka inolako ondoriorik eskatzailearentzat. Aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundia beti dago behartuta beharrezko azpiegitura eratzera eskatzaile guztiek prozesuan parte har dezaten, eta horrek badu bere eragina baliabide publikoetan, sorrarazten dituen kostuengatik.

Azaldu diren argudioak berdin aplika daitezke Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko organismo autonomoetako langileak hautatzeko prozesuetan tasa bat ezartzeko.

Kostu horiek arrazionalizatu eta hautapen prozesuek parte hartze arduratsu bat izan dezaten, egoki iritzi da esandako prozesuetan sortzen den gastua parte hartu nahi dutenei jasanaraztea, zati batean behintzat.

Horixe da foru arau honen xedea, alegia, tasa bat ezartzea Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren organismo autonomoetako langileen hautapen probetan parte hartu nahi dutenei ematen zaizkien zerbitzuengatik.

1. artikulua.– Zerga egitatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren organismo autonomoetako langile izateko hautapen probetan parte hartu nahi dutenei beharrezko zerbitzuak ematea da tasaren zerga egitatea.

Barne sustapeneko txandari dagozkion hautapen probak ez dira sartzen zerga egitatearen barruan.

2. artikulua.– Subjektu pasiboa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta haren organismo autonomoek deitutako hautapen prozesuetan parte hartzea eskatzen duten pertsona fisikoak izango dira tasaren subjektu pasiboak.

3. artikulua.– Sortzapena.

Hautapen probetan inskribatzeko eskaera aurkezten den unean sortuko da tasa. Eskabideari tasa ordaindu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio.

Eskaera ez da tramitatuko tasa ordaindu arte.

4. artikulua.– Salbuespenak.

100eko 33ko desgaitasun maila edo handia frogatzen duten eskatzaileak tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira.

5. artikulua.– Kuota.

Izangai bakoitzak 20 euroko kuota ordaindu beharko du.

Tasaren ordainketa nominala izango da, indibidualizatua hautapen prozesu bakoitzeko, eta prozesu batean plaza bat baino gehiago badaude, ordainketa bat egin beharko da izena ematen den bakoitzerako, baldin eta hasierako ariketa diferentziatuta badago.

6. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa.

Tasa autolikidazio bidez ordainaraziko da, eta abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Zerga-bilketa Erregelamenduak bilketan laguntzeko baimentzen dituen entitateetako edozeinetan ordaindu ahal izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundian langileak hautatzeko eskumenak dituen departamentuak edo, bestela, deialdia egiten duen organismo autonomoaren organo eskudunak ezarriko ditu ordaintzeko erak hautapen deialdi bakoitzean, aipatutako erregelamenduan xedatutakoari jarraituz.

7. artikulua.– Tasaren kudeaketa.

Gipuzkoako Foru Aldundian langileak hautatzeko eskumenak dituen departamentuak edo, bestela, deialdia egiten duen organismo autonomoaren organo eskudunak kudeatuko du tasa.

Azken xedapena

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala