Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2019ko apirilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1871

AGINDUA, 2019ko apirilaren 3koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena. Honen bidez, emakida baimendu eta oinarriak onetsi dira, Basque Team Fundazioak bekak eman ditzan Euskal Autonomia Erkidegoan 2019an goi mailako kirola sustatzeko.

Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuko 12. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoen goi mailako kirola sustatzeko bekak, sariak eta bestelako dirulaguntzak ematea aurreikusita dago, Basque Team Fundazioaren bitartez.

Basque Team Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioa da, goi mailako euskal kirolaren garapena bultzatzeko eta sustatzeko interes orokorra duena, euskal ordezkaritza zabala ahalbidetzeko nazioarteko goi mailako kiroletan, baita euskal kirolariek aipaturiko lehiaketa horietan emaitza bikainak lor ditzaten ere.

Hori dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Basque Team Fundazioaren bekak ematea baimentzea Euskal Autonomia Erkidegoan 2019an goi mailako kirola sustatzeko.

Bigarrena.– Basque Team Fundazioak goi mailako kirola sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan 2019. urtean bekak emateko agindu honen eranskinak dakartzan oinarriak onestea.

Hirugarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hura argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hori ere.

Laugarrena.– Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita izango ditu ondorioak agindu honek.

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Basque Team Fundazioak bekak emateko araubidea arautzea, hain zuzen ere goi mailako kirola sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– «2019ko Basque Team Bekak» izen orokorraren barruan, oinarri hauek dakartzaten goi mailako kiroleko beka edo laguntza mota desberdinak sartzen dira.

2.– Oinarri hauetako erreferentzia guztiak «kirola»ren esparruan egiten dira, eta goi mailako kirolaren arloari dagozkiola ulertu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritako terminoetan.

3.– Beka hauen ondorioetarako, kirolariek indarreko programa olinpikoaren edo paralinpikoaren barruko probei dagozkien lehiaketetan lorturiko kirol merezimenduak edo emaitzak konputatuko dira soil-soilik. Horretarako, honako definizio hauek ezarri dira:

a) «Kirol lehiaketa» da Nazioarteko Batzorde Olinpikoak eta Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak aintzatetsitako eta nazioarteko kirol federazioek antolaturiko ekitaldia, eta indarreko programa olinpikoaren edo paralinpikoaren barruko probak dira hurrengo Joko Olinpikoetako edo Joko Paralinpikoetako programa olinpikoaren edo paralinpikoaren barruan sartutako probak.

b) «Kirol modalitateak eta diziplinak» dira Euskal Autonomia Erkidegoko kirol federazioak arautzen dituen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko I. eranskinean eta garapenerako hurrengo arau-xedapenak beren beregi bilduta daudenak.

c) «Kirol emaitzak» dira nazioarteko lehiaketa ofizialetan 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean (biak barne) lorturiko posizioak, eta honako ekitaldi hauek konputatuko dira: Joko Olinpikoak, Munduko Txapelketak eta Europako Txapelketak.

Hala eta guztiz ere, hauxe ezarri da:

– Baldin eta banako proba olinpikoak egiten badira urte batean, urte horretan kirol emaitza aztertu bada eta Joko Olinpikorik, Munduko Txapelketarik eta Europako Txapelketarik egin ez bada, kontuan izango da eta Banako Munduko Rankingeko posizioa baloratuko da.

– Talde-kiroleko proba olinpikoetan, Munduko Ligetako emaitzak kontuan hartu eta baloratuko dira.

– Baldin eta banako kirol proba olinpikoak badira eta Zirkuitu Profesionalik ez badute, Banako Munduko Rankingeko posizioa kontuan hartu eta baloratuko da, baina halakoetan ez dira konputatuko Europako Txapelketetan eta Munduko Txapelketetan lorturiko emaitzak, salbu eta azken kasu horretan konputaturiko probak badira edo Joko Olinpikoetan parte hartu ahal izateko sailkapenaren ondorioetarako konputatuko badira.

d) «Kategoria absolutua» da diziplina bakoitzeko goren mailako kirol lehiaketa egiten deneko adin-kategoria kirol modalitate jakin baten baitan.

e) Kategoria gorena» banaketa edo talde mailarik handiena da lehiaketa hainbat mailatan antolatuta dagoenean.

f) «Kirol ahalmena» kirolari batek egungo munduko goren mailarekiko duen diferentziari deritzo (ondorio horietarako «erpina edo muturra» dena) hark egiten dueneko proban. Hortaz, kirolariak 2018an lorturiko kirol emaitzarik onenaren eta munduko elitearekiko duen distantziaren (lehen postua Joko Olinpikoetan, Munduko Txapelketetan edo Europako Txapelketetan) diferentziak zehaztuko du «kirol ahalmena».

g) «Lehiaketaren balioa» ekitaldi batean kasuan kasuko ekitaldiaren arabera (munduko txapelketa, Europakoak, etab.) emandako puntuazioa da, bertan gertatzen diren zenbait datu objektibo (kontinente eta herrialde partaideak) oinarri hartuta.

h) «Lorturiko postuaren balioa» kirolariak baloraturiko lehiaketaren azken sailkapenean posizioaren haztapena da. Haztapen hori lortzeko, zuzenketa-koefizientea aplikatuko da «lehiaketaren balioa»ren gainean; gorantz edo beherantz egiten du kirolariak sailkapenean lorturiko posizioaren arabera.

i) «Banako probak» deritze pertsona bakar batek parte hartzen duen lehiaketako probei.

j) Probak «proba kolektibotzat» hartuko dira pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duenean lehian. Talde-probak izan daitezke: (i) multzoka egiten direnak, kirolarien parte hartzea aldiberekoa edo txandakakoa izanda; (ii) talde-probak, kirolarien artean kolaborazio eta oposizio egoerak sortzen direnean, mugikorra den elementu batekin elkarri eraginda beti.

3. artikulua.– Onuradunak: eskakizunak eta egiaztatzeko era.

Beka hauen onuradunak izan daitezke kirolariak eta horien teknikariak baldin eta ondoren aipaturiko diren eskakizun teknikoak, administratiboak eta kirolekoak betetzen badituzte eta horretarako eskaera egiten badute:

1.– Kirolariak. «Basque Team 2019» Bekaren onuradunak diren kirolariek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urte beteta izatea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, NAren fotokopia aurkeztu behar da, edo bizileku-txartela atzerritarra izanez gero.

Kirolari adingabea bada, aitak, amak edo tutoreak sinaturiko baimena aurkeztu beharko da, Oinarri hauetako IV. eranskineko ereduaren arabera.

b) Euskal herritarra izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan xedaturikoarekin bat etorriz. Baldin eta euskal herritarrak badira administrazio-egoitzagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egon behar dute beka eskatzen den urtean eta aurreko bi ekitaldi osoetan.

Eskakizun hori egiaztatzeko, errolda-agiria aurkeztu beharko da, bertan administrazio-egoitza adieraziko duena.

c) Indarreko federazio-lizentziaren jabea izatea, kirol modalitateko euskal federazioak emana hain zuzen.

Eskakizun hori egiaztatzeko, indarreko euskal federazio-lizentziaren fotokopia aurkeztu behar da.

Kirol modalitateko euskal federazioak emandako indarreko federazio-lizentziaren jabea izateko eskakizuna ez da eskatuko, baldin eta indarreko programa olinpikoaren barruko probetan parte hartzen duten banakako modalitateko kirolariak badira eta profesionalentzako nazioarteko zirkuituetan parte hartzen badute.

d) Kirolariak, egokitua bada edo desgaitasunen bat badu, egoera hori egiaztatu beharko du.

Horretarako, ziurtagiri ofizial bat aurkeztu beharko du, desgaitasun gradua eta mota egiaztatzen duena.

e) Indarrean izatea, edo izapidetzen hasita, goi–mailako kirolariaren deklarazioa, Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamena duela, betiere Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Horretaz gain, dekretu horretako I. eranskinean jasotako merezimenduak bete beharko dira.

Fundación Basque Team Fundazioak berak egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.

Ez dut baldintza hori egiaztatu beharrik izango Basque Team Support beka baten onuradun izandako kirolariek.

f) 2019an goi-mailako kirolean entrenatzen eta jardunean jarraitzea. Halakotzat hartuko dira, era berean, lan-ezintasunaren egoeran edo kirolean jarduteko bajan daudenak, egoera hori behar bezala egiaztatuta badago (amatasuna, iraupen luzeko lesioak, etab.) eta, betiere, goi-mailako lehiaketetara itzultzekoak badira alta ematen zaienean edo sendatu ondoren.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua eta 2019rako kirol plangintza bilduko duena, Oinarri hauetako VI. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

g) Lurralde eremuko edozein kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak eteteko edo inhabilitazio zehapenarekin zigortuta ez egotea diziplina edo kirol arau-hauste larria edo oso larria egin izanaren ondorioz. Horretarako, zigortuta dagoela ulertuko da betearazi beharreko ebazpena dagoenean, ebazpen irmoa ez bada ere.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

h) Lurralde esparruko edozein kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak kautelaz etenda edo inhabilitatuta ez egotea, balizko arau-hauste larriekin edo oso larriekin lotutako diziplina-kiroleko prozedura bat izatearen ondorioz.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

i) Inputatuta edo prozesatuta ez egotea, ezta kondenatua egotea ere, edozein jurisdikziotan dauden prozeduren ondorioz. Nolanahi ere, gertaerek edo gorabeherek Kode Penalaren 286 bis 4 eta 362 quinquies artikuluetan aurreikusitako legez kanpokoekin zerikusia izan beharko dute. (ii) Kode Penalaren II. Liburuko VIII. Izenburuan aurreikusitako askatasun sexualaren kontrako delitu penalekin harremana duten prozesuetan.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

j) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak.

Beka eskatzen duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatu beharko da eskakizun hori.

k) Oinarri hauetan aipaturiko kirol merezimenduetara iristen den kirol emaitza izatea, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz.

Eskakizun hori egiaztatzeko, kasuan kasuko kirol federazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Era berean, kirol-curriculuma ere aurkeztu beharko da horrekin batera, non nazioartean lorturiko kirol emaitzarik nabarmenenak azalduko diren, VI. eranskina.

l) Administrazio edo zehapen mailan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezintasunarekin zigortuta ez egotea, edo horretarako lege-debekurik ez izatea, zehapena ezarriko den epealdian sexuaren ziozko diskriminazioagatik eginikoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

2.– Teknikariak. «Basque Team 2019» Bekaren onuradunak diren teknikariek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea.

Eskakizun hori egiaztatzeko, NAren fotokopia aurkeztu behar da, edo bizileku-txartela atzerritarra izanez gero.

b) Euskal herritarra izatea, Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutuan xedaturikoaren arabera. Baldin eta euskal herritarrak badira administrazio-egoitzagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egon behar dute beka eskatzen den urtean eta aurreko bi ekitaldi osoetan.

Eskakizun hori egiaztatzeko, errolda-agiria aurkeztu beharko da, bertan administrazio-egoitza adieraziko duena.

c) Indarreko federazio-lizentziaren jabea izatea, kirol modalitateko euskal federazioak emana hain zuzen.

Eskakizun hori egiaztatzeko, indarreko euskal federazio-lizentziaren fotokopia aurkeztu behar da.

d) Kirolaren arloko honako titulazioetako bat dutela egiaztatzea:

i.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatura edo Gradua.

ii.– Indarreko legeriaren arabera aintzatetsitako edo batzorde olinpiko batek aintzatetsitako unibertsitate publikoetako edo pribatuetako kiroleko goi mailako errendimenduko unibertsitate masterra.

iii.– Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan ezarritako goi mailako kirol teknikariaren titulua; edo maila goreneko kirol prestakuntza, ondorengo aitzatespena jasoko aukera duena urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan bertan eta horren ondoriozko arau-xedapenetan ezarritakoa oinarri hartuta.

iii.– kasuan, eskaera egin deneko kirol modalitatearen edo diziplinaren berariazkoa izan behar du prestakuntzak.

Honako eskakizun hau betetzetik salbuetsita daude, iii.– kasuan, arestian aipaturiko titulazioak egiaztatzerik ez dutenak, hain zuzen estatu mailan eskaera egin aurreko hiru urtean goi mailako ikastaro ofizialik antolatu ez diren kirol modalitateak direlako –Goi Mailako Kirol Teknikaria edo III. maila–, betiere eskatzaileak kasu horietan Kirol Teknikariaren Titulua edo II. Maila duela egiaztatzen badu (edo kirol prestakuntza baliokidea, aurrerago aintzatetsia izateko aukera duena).

Eskakizun hori egiaztatzeko, titulazioaren fotokopia aurkeztu behar da.

e) Oinarri hauetako 4. artikuluko a) eta c) letretan ezarritako beka lortu duen goi mailako kirolari baten prestakuntzaren arduradun tekniko nagusia izatea eta kirolariak halakoxea dela aitortua izatea. Kirolari bakoitzak pertsona arduradun nagusi bat bakarrik aitortu ahal izango du. Baldin eta arduradun tekniko nagusia aldatzen bada, kirolariak jakinarazi behar dio aldaketa hori idatziz Basque Team Fundazioari, eta jakinarazpen horretatik hasita izango ditu ondorioak soilik.

Eskakizun hori egiaztatzeko, beka eskatu duen pertsonak sinaturiko zinpeko adierazpen arduratsua aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako ereduaren arabera. VI. eranskina.

f) Indarrean edo izapidetuta izatea, Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen aldeko proposamenarekin, goi mailako teknikariaren adierazpena, Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuko 24. edo 25. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, baita dekretu horretako I. eranskinean eskaturiko merezimenduak betetzea ere.

Basque Team Fundazioak berak zuzenean egiaztatuko du eskakizun hori betetzen dela.

g) Jardueran jarraitzea 2019. urtean kirolaren arduradun tekniko nagusia izanik.

Eskakizun hori egiaztatzeko, beka eskatu duen pertsonak sinaturiko zinpeko adierazpen arduratsua aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako ereduaren arabera. VI. eranskina.

h) Lurralde eremuko edozein kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak eteteko zehapenarekin edo inhabilitazio zehapenarekin zigortuta ez egotea diziplina edo kirol arau-hauste larria edo oso larria egin izanaren ondorioz. Horretarako, zigortuta dagoela ulertuko da betearazi beharreko ebazpena dagoenean, ebazpen irmoa ez bada ere.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

i) Lurralde esparruko edozein kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak kautelaz etenda edo inhabilitatuta ez egotea, balizko arau-hauste larriekin edo oso larriekin lotutako diziplina-kiroleko prozedura bat izatearen ondorioz.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

i) Inputatua edo prozesatua ez izatea eta zigortuta ez egotea, (i) Zigor Kodeko 286 bis 4. eta 362 quinquies artikuluetan ezarritako legez kontrako ekintzekin loturiko gertaerengatik edo egoerengatik edozein jurisdikziotan dauden prozedurei dagokienez; (ii) Zigor Kodeko II. Liburuko VIII. tituluan ezarritako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren kontrako delitu penalekin lotutako prozeduretan.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

k) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak.

Beka eskatu duenak aurkeztu beharreko ziurtagirien bidez egiaztatuko da eskakizun hori.

l) Administrazio edo zehapen mailan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezintasunarekin zigortuta ez egotea, edo horretarako lege-debekurik ez izatea, zehapena ezarriko den epealdian sexuaren ziozko diskriminazioagatik eginikoak barne.

Eskakizun hori egiaztatzeko, zinpeko aitorpen arduratsua aurkeztu behar da, beka eskatu duenak sinatua, Oinarri hauetako V. eranskineko ereduarekin bat etorriz.

3.– Artikulu honetako 1. eta 2. ataleko bekak bateraezinak dira elkarrekin.

4.– Beka hauetatik salbuetsita gelditzen da kirol jarduera baldin eta kirol jarduera egiten dutenak indarreko legeriaren arabera kirolari profesionalak badira eta indarreko kirol legerian halakotzat onartutako liga profesionaletan soilik eta aldian-aldian parte hartzen badute (LFP, ACB).

4. artikulua.– Basque Team 2019 Beka motak.

Honelakoak izan daitezke «Basque Team Bekak»:

a) Basque Team Kirolariak bekak:

Lehentasunez entrenamendurako eta lehiaketarako beharrezkoa den dedikazioa bermatzeko kirolariei ematen zaizkien laguntzak dira. Kirol merezimendua egiaztatzen deneko probaren arabera, honelakoak izan daitezke Basque Team Kirolarien Bekak:

• Basque Team Programa Olinpikoaren Beka.

• Basque Team Programa Paralinpikoaren Beka.

b) Basque Team teknikarien Bekak:

Basque Team Kirolarien Beka edo Basque Team Atzeraeraginezko Beka baten onuraduna den kirolariaren prestakuntzaren arduradun nagusia denari emandako laguntzak dira.

c) «Atzeraeraginezko» Basque Team Bekak:

2018. urtean Basque Team Kirolari Olinpikoaren edo Paralinpikoaren eta Teknikarien bekaren onuradunak izan diren kirolarientzako eta teknikarientzako laguntzak dira, salbuespenez, betiere Oinarri hauetako I. eranskinean aurreikusitako eta eskaturiko emaitza lortu ez badute edo parte hartu ez badute.

d) «Support» Basque Team Bekak:

Basque Team Kirolarien Bekak lortu ez dituzten eta 2018ko denboraldian programa olinpikoaren barruko proben Munduko Txapelketetan eta Europako Txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen duten kirolarientzako laguntzak dira.

5. artikulua.– Basque Team 2019 Beken edukia eta zenbatekoa.

Hauexek izango dira Basque Team Fundazioak 2019. urtean emandako Basque Team 2019 Bekak:

1.– Basque Team Kirolarien Bekak:

Dirulaguntzak, honako eduki bereizi hauek izan ditzaketenak:

1.1.– Oinarrizko Beka:

Entrenamendurako eta lehiaketetarako lehentasunezko eta beharrezko dedikazioa bermatzeko emandako diru-ekarpena da.

Basque Team Oinarrizko Bekarako diru-ekarpena 11.000 eurokoa izango da.

1.2.– Helburuen araberako saria:

2019. urtean zenbait kirol helburu betetzeagatik emandako diru-ekarpena da.

Honelakoa izango da kirolari bakoitzarentzako sarien diru-ekarpenaren zenbatekoa, baina horien artean ez dira metagarriak; emaitzarik hoberena baloratuko da soilik.

(Ikus .PDF)

Atal honetan aurreikusitako helburuen araberako sariei dagozkien diru-kopuruak jasotzeko eskubidea izateko, baldintza bat bete beharra dago: eskatzaileak lehiaketan hamar partaide edo gehiago izatea egiaztatzea (munduko edo Europako txapelketa).

2.– Basque Team Teknikarien Beka:

Oinarri hauetako 5. artikuluko 1. eta. 3. ataletan aurreikusitako laguntzen onuraduna den kirolari bakoitzeko, beka emango zaio teknikariari, hots, oinarrizko bekaren edo atzeraeraginezko bekaren % 25ari dagokion zenbatekoa eta kirolariari helburuen arabera emandako sarien % 25ari dagokion zenbatekoa.

Teknikari berak bere kirolarietako hiru kirolariri dagokien diru-kopurua jaso dezake gehienez.

3.– «Atzeraeraginezko» Basque Team Beka:

Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, guztira 5.500 euro.

Hala denean, 2019ko denboraldian oinarri hauetako 1. eranskinean aurreikusitako kirol emaitzen bat lortzeak ekarpen gehigarria ekarriko luke berekin, kirolariak dagoeneko aintzatetsita edo emanda duenaren zenbateko berdinekoa.

4.– «Support» Basque Team Bekak:

Laguntza bakoitzaren zenbatekoa 5.500 euro izango da.

6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.

Interesatuek beren eskabideak bidali beharko dituzte eskabide-eredua beteta, oinarri hauetako II. eta III. eranskinekin bat etorriz. Eskabidearekin batera, 3. artikuluan aipaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Interesatuek deialdi honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte posta arrunta erabiliz (gutun egiaztatua, jaso izanaren agiriarekin), edo bestela Basque Team Fundazioaren egoitzan agertuta. Baldin eta eskabidea izapidetzean eta dokumentazioa aurkeztean bide bat erabiltzen bada, egoitzan agertuta edo bitarteko elektronikoa erabiliz, ez dago zertan bide hori erabili prozeduraren ondorengo izapideetan; noiznahi aldatu ahal izango da.

Eskabideak Basque Team Fundazioaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztu ahal izango dira, edo Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako organoetako erregistro elektronikoen aurrean.

Eskabideak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzea oinarrietan agertzen diren baldintzak, edozein pertsonak oinarrien kontra aurkaratzeko izan dezakeen eskubideari kalterik egin gabe.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

1.– Hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, Oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Basque Team Fundazioak, eskabideak eta agiriak jaso ondoren, banako espedientea hasiko du eskatzaile bakoitzeko, eta oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz ebaluatuko da.

3.– Baldin eta eskabidea eta eskatzaileak aurkezturiko gainerako dokumentazio aztertzen badira eta akatsak daudela edo dokumentazioa osatugabea dela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzenketa egin dezan. Eskatzaileari emandako epea igaro bada eta eskaturiko zuzenketa edo aurkezpena egin ez bada, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

8. artikulua.– Bekak esleitzeko organo eskudunak.

Basque Team Fundazioaren Patronatuari dagokio, aurretik Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren baimena izanda, oinarri hauetan ezarritako bekak emateari buruzko ebazpena ematea.

9. artikulua.– Gehieneko zenbatekoa.

1.– Basque Team Fundazioak, gehienez, 840.000 euro eman ahal izango ditu oinarri hauetan ezarritako beka guztietan. Honelaxe daude banatuta:

a) 5. artikuluko 1.1. atalean ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 605.000 euro.

b) 5. artikuluko 1.2. atalean ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 20.000 euro

c) 5. artikuluko 2. atalean ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 50.000 euro.

d) 5. artikuluko 3. atalean ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 60.500 euro

e) 5. artikuluko 4. atalean ezarritako laguntza guztiei dagokien gehieneko zenbatekoa: 110.000 euro.

2.– Baldin eta artikulu honetako aurreko atalean aurreikusitako atal baterako edo gehiagoetarako ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa ematen ez bada, aurreikusitako gaineko laguntzen zuzkidura handitu ahal izango da, hain zuzen oinarri hauetan ezarritako betez onuradun bakoitzarentzako ekarpena bermatu behar izanez gero. Atal honetan adierazitakoa oinarri hartuta sortuko liratekeen soberako diru-kopuruak proportzioan banatuko lirateke oinarri hauetan ezarritakoa betez ekarpena oraindik osorik jaso ez duten pertsonen artean.

3.– Baldin eta, aurkezturiko eskabideekin eta eskatzaileek egiaztaturiko kirol merezimenduekin edo emaitzekin bat etorriz, oinarri hauetan ezarritako beketarako gehieneko guztizko zenbatekoa nahikoa ez bada, Basque Team Fundazioak horretarako baliatu dezakeen zuzkidura handitu ahal izango da, zenbateko horren gehikuntza onesteko sailburuak emandako aginduaren bidez, baita inguruabar horri dagozkion modalitateen gehieneko zenbatekoak ere. Baldin eta beketarako zuzkiduraren zenbatekoa handitu beharra badago, halako moldez egingo da ezarpena non onuradun bakoitzak oinarri hauetan aurreikusitako diru-kopuruak jasoko dituela bermatuko baita.

10. artikulua.– Bekak baloratzeko irizpideak.

1.– Basque Team Fundazioak beken emakidari buruzko ebazpena emango du, egiaztaturiko kirol merezimenduak nahiz oinarri hauetan eskaturiko gainerako beharkizunak betetzen direla kontuan izanik.

2.– Merezimendu eta beharkizun horiek baloratzeko, organo ebazleak nahitaez aplikatu beharko ditu honako balorazio-irizpide tekniko hauek:

(Ikus .PDF)

3.– Horrez gain, organo ebazleak eskatzaile bakoitzaren kirol ahalmenaren balorazioa egingo du. Oinarri hauen ondorioetarako, 2. artikuluko 3.f) atalean adierazitakoa hartzen da «kirol ahalmen»tzat. Basque Team Kirolariaren Beka bat eskuratu ahal izateko, gutxienez 40 puntu lortu behar dira «kirol ahalmena»ren balorazioan; gehienez 60 puntu lor daitezke. Kirol teknikariek egingo dute laguntza eskatzen duen kirolari bakoitzaren «kirol ahalmena»ri buruzko balorazioa, betiere ondoren azalduko diren irizpideekin bat etorriz:

a) «Kirol ahalmena» kalkulatzeko (gehienez, 60 puntu) honako kontzeptu hauek izango dira aintzat: «lehiaketaren balioa» eta «lorturiko postuaren balioa». Horretarako, «lehiaketaren balioa» eta «lorturiko balioa» dira, hurrenez hurren, 2. artikulu honetako 3.g) eta 3.h) ataletan ezarritakoak.

(Ikus .PDF)

b) «Lehiaketaren balioa»ri dagokionez, hauexek beteko dira: «Lehiaketaren balioa»ren gehieneko balioa 50 puntukoa izango da. «Lehiaketaren balioa» 35 - 50 puntukoa izango da, kasuan kasuko nazioarteko lehiaketaren kategoriaren arabera. «Lehiaketaren balioa» zehazteko, honako maila hauek ezarri dira:

(Ikus .PDF)

«Lehiaketaren balioa» 50, 40 edo 35 puntutik hasi eta mantendu edo gutxitu egingo da honako kontzeptu hauengatik:

– Kontinente partaideak:

1. mailako probetan: puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban lauzpabost kontinentek hartzen badute parte, eta honako portzentaje hauek gutxituko dira kasu hauetan:

• % 5, baldin eta 3 kontinentek hartzen badute parte.

• % 10, baldin eta 2 kontinentek hartzen badute parte.

• % 15, baldin eta kontinente 1ek hartzen badu parte.

– Herrialde partaideen kopurua:

1. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 50 federaziok edo gehiagok hartzen badute parte, eta portzentaje hauek gutxituko dira kasuotan:

• % 5, baldin eta nazioko 50 federaziok hartzen badute parte.

• % 10, baldin eta nazioko 25 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

• % 15, baldin eta nazioko 10 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

2. mailako probetan, puntuazioari eusten zaio baloratu beharreko proban 20 federaziok edo gehiagok hartzen badute parte, eta portzentaje hauek gutxituko dira kasuotan:

• % 5, baldin eta nazioko 25 federaziok hartzen badute parte.

• % 10, baldin eta nazioko 10 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

• % 15, baldin eta nazioko 5 federaziok baino gutxiagok hartzen badute parte.

c) «Lorturiko postuaren balioa»ri dagokionez, hauexek beteko dira: baloraturiko lehiaketako azken sailkapenean kirolariak duen posizioaren haztapena da.

Gehienez 10 puntu izango dira lorturiko postuan. «Lehiaketaren balioa»ren gainean zuzenketa-koefizientea aplikatuz lortzen da haztapen hori. Izan ere, gorantz edo beherantz egingo du, kirolariak sailkapenean duen posizio erlatiboaren arabera.

Balorazio positiboa izango dute txapelketa bakoitzeko lehen 15 postuek: lehen sailkatuak 10 puntu lortuko ditu, eta 0 puntu 16. postuan sailkatuak. 16. postutik atzera, balorazio negatiboa izango da; hartara, 0,0625 deskontatuko dira postu bakoitzeko.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebazpena emango duen organoak bekak ematea, ez onartzea edo ukatzea erabakiko du hiru (3) hilabeteko epean, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren egunetik zenbatzen hasita.

2.– Zioak bildu beharko dira ebazpenean nolanahi ere, eta banaka jakinaraziko zaie ebazpena beka eskatu dutenei.

3.– Baldin eta, ebazpena emateko gehieneko epea igarota, ez bazaio jakinarazi eskatzaileari, eskabidea onartu ez dela ulertu ahal izango da.

4.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzekin edo bekekin zerikusia duten ebazpenen kontrako errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio arrunt zibilaren aurrean hilabeteko epean, jakinarazten denetik edo isilbidez ezesten denetik hasita, artikulu honetako aurreko atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Onuradunentzako betebeharrak.

1.– Hona hemen oinarri hauetan aurreikusitako beken edozein onuradunen betebeharrak:

a) Goi mailako lehiaketako kirol jarduera egitea gutxienez 2019. urtean. Bere kirol espezialitateari dagokion goi mailako lehiaketetan parte hartzeko beharrezko eginkizunetarako erabili beharko ditu kirolariak bere denbora eta dedikazioa, betiere 2019. urtean ahalik eta mailarik handienean aritzeko lehian.

b) Fundazioak haren kirol jarduerari buruz eskatzen dion informazio zehatza ematea.

c) Fundazioak erabakitako egintza, ekitaldi eta jarduera ofizialetara joatea eta parte hartzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Arautzeko Oinarriei buruzko Lege Orokorreko 50.2 artikuluan ezarritakoak.

2.– Laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok berekin ekar lezake laguntza emateko ebazpena aldatzea, betiere beken onuradunak izateko gutxieneko baldintzak betetzen badira.

13. artikulua.– Basque Team 2019 Bekak ordaintzea.

Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzen emakida dakarren ebazpena interesatuari jakinarazi ondoren ordainduko dira oinarri hauetako 5. artikuluan aurreikusitako bekak. Hauexen arabera egingo da ordainketa:

a) 5. artikuluko 1.1. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan.

b) 5. artikuluko 1.1. atalean ezarritako laguntzak: ordainketa bakarrean, kirol lorpena edo emaitza eskuratutakoan.

c) 5. artikuluko 2. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan.

d) 5. artikuluko 3. atalean ezarritako laguntzak: zenbateko bereko hileko ondoz ondoko ordainketetan. Zenbateko handiagoa izango litzateke kirol lorpenak edo emaitza eskuratuz gero.

e) 5. artikuluko 4. atalean ezarritako laguntzak: lau hilean behin eginiko 3 ordainketatan.

b) eta d) ataletan ezarritako kirol lorpenak edo emaitzak egiaztatzeko, kirol federazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du bekaren onuradunak.

14. artikulua.– Beken bateragarritasuna.

Oinarri hauetan arauturiko bekak eta sariak bateragarriak dira helburu bera izanik edozein entitate publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein laguntzarekin.

15. artikulua.– Ez betetzea.

Ezin izango da laguntza ordaintzeko eskatu eta, hala denean, bidezkoa izango da jasotako dirulaguntzak itzultzea eta laguntza ordaintzen denetik aplikatu beharreko lege interesak eskatzea honako kasu hauetan:

a) Laguntza jasotzeko baldintzak bete barik lortzea edo lortu izana.

b) Onuradunak 12. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko b), c), d), e), f) eta g) ataletako edozein kausa.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

– Erantzulea: Basque Team Fundazioa.

– Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan 2019. urtean goi mailako kirola sustatzeko dirulaguntzen kudeaketa.

– Legitimazioa: interes publikorako edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzei eta Ogasuna Arautzeko Oinarriei buruzko Lege Orokorra) buruturiko eginkizuna betetzeko beharrezko tratamendua.

– Hartzaileak: arlo horretan eskumenak dituzten herri administrazioei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: bere datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzea, baita datuen tratamendua mugatzea edo aurkaratzea ere, informazio gehigarrian azaltzen denez.

– Informazio gehigarria: honako eskubide hauek ditu edozein pertsona interesatuk:

– Eskuratzea: hari dagozkion datu pertsonalak tratatzen ari diren edo ez berrestearen inguruko jakinarazpena jasotzea tratamenduaren erantzulearen aldetik eta, hala denean, datuok eskuratzeko eskubidea.

– Zuzentzea: hari dagozkion eta zuzenak ez diren datu pertsonalen zuzenketa lortzeko eskubidea eta osoak ez diren datu pertsonalak osatzeko eskubidea, adierazpen gehigarriaren bidez ere bai.

– Ezabatzea (ahazteko eskubidea): hari dagozkion datu pertsonalen ezabaketa lortzeko eskubidea, honako inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

• datuak biltzeko edo beste modu batean tratatzeko helburuekin lotuta dauden eta dagoeneko beharrezkoak ez diren datu pertsonalak;

• interesatuak tratamenduaren oinarria den baimena kentzea eta tratamendu horrek beste edozein oinarri juridikorik ez izatea;

• interesatua tratamenduaren kontra agertzea eta tratamendurako bestelako zio legitimoak nagusitzen ez badira;

• datu pertsonalak legez kontra tratatuak izatea;

• datu pertsonalak ezabatu behar izatea lege betebehar bat betetzeko;

• informazioaren gizartearen zerbitzuen eskaintzaren inguruan lorturiko datu pertsonalak.

– Datu pertsonaletarako edozein esteka ezabatzeko eskubidea datu horiek ezabatu beharra ez dagoenean.

– Muga: bere datu pertsonalen tratamendua mugatzeko eskubidea honako kasu hauetan:

• datu pertsonalen zehaztasuna aurkaratzen denean, erantzuleak datu horien zehaztasuna egiaztatu ahal izateko epean.

• tratamendua legez kontrakoa denean eta interesatua datu pertsonalak ezabatzearen kontra dagoenean eta horren ordez datuen erabilera mugatzeko eskatzen duenean.

• Erantzuleak dagoeneko datu pertsonalak behar ez dituenean tratamenduaren helburuetarako, baina interesatuak datuok behar dituenean erreklamazioak egin, erabili edo defentsa egiteko.

• interesatua tratamenduaren kontra agertzen denean, erantzulearen zio legitimoak interesatuaren zioei nagusitzen zaizkien egiaztatzen diren bitartean.

– Eramangarritasuna: interesdunak eskubidea izango du datu pertsonalak erabilera orokorra eta irakurketa mekanikoa duen formatu egituratu batean jasotzeko, bai eta beste tratamendu-arduradun bati bidaltzeko ere, tratamendua bitarteko automatizatuen bidez egiten bada.

– Tratamendu automatizatua: interesdunek eskubidea izango dute tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen eta beraiengan ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten objektu ez izateko, profilak egitea barne.

Interesdunak bere eskubideak balia ditzake tratamenduaren arduradunaren aurrean. Horrez gain, edozein erreklamazio aurkez dezake Datuak Babesteko Euskal Bulegoan, eta aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari helaraz diezaioke erreklamazioa.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 3a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
KIROL-MEREZIMENDUAK: BEHARREZKOAK DIREN GUTXIENEKO BETEKIZUNAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
«BASQUE TEAM 2019 BEKA»RAKO INSTANTZIA EDO ESKABIDE EREDUA
(KIROLARIAK)
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
«BASQUE TEAM 2019 BEKA»RAKO INSTANTZIA EDO ESKABIDE EREDUA
(TEKNIKARIAK)
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ADINGABEENTZAKO BAIMENA, BASQUE TEAM FUNDAZIOAREN LAGUNTZEN ESKAERA EGITEKO
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ZINPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ZINPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
PLANIFIKAZIOA 2018-2019
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala