Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2019ko apirilaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1729

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 27koa, Lan eta Justizia Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez CUT Organización Sindical Colectivo Unitario de Trabajadores sindikatuaren estatutuak aldatzeko dokumentazioa gordailutzea agintzen baita, eta horren berri ematen.

Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publiko honetan espediente bat ireki da, CUT Organización Sindical Colectivo Unitario de Trabajadores sindikatuaren estatutuak aldatzeko dokumentazioa gordailutzeari buruzkoa. Espediente hori ikusirik, ebazpena eman da, honako aurrekari hauek oinarri hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko abenduaren 21ean, zenbait agiri aurkeztu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, eta, haien bidez, eskatzen da aipatutako erakunde sindikalaren estatutu-aldaketari buruzko dokumentazioa gordailutzea.

Bigarrena.– 2019ko urtarrilaren 8an, zenbait agiri aurkezteko errekerimendua egin zen, eta 2019ko urtarrilaren 21ean jaso zen eskatutako dokumentazioa.

Hirugarrena.– Aurkeztutako dokumentazioa bat dator Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, eta dokumentazio horretan honako dokumentu hauek daude jasota: gordailutze-eskabidea egiteko instantzia, ezohiko batzar orokorraren akta –non aldaketaren erabakia jasota baitago– eta aldatutako estatutuak; eta izenpetzaileen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

Laugarrena.– Estatutuen aldaketa egin eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoa da haren jarduketa-eremua, estatutuetako 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Egitate horiei zuzenbideko honako oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Estatutuak gordailutzeko eskumena organo honi ematen dio Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1.m) artikuluak.

Bigarrena.– Administrazio-prozedura honetan aplikagarri den funtsezko araudia jasota dago apirilaren 1eko 19/1977 Lege Organikoan eta Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuan.

Hirugarrena.– Gordailutzeko dokumentazioa aztertu ondoren, ikusi da zuzenbidearen araberakoa dela, eta, beraz, bidezkoa da aipatu sindikatuaren estatutuak aldatzeko aktari buruzko dokumentazioa eta aldatutako estatutuak gordailutzea, eta argitara ematea ekintza hori.

Aipatutako oinarriak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak ikusirik, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– CUT Organización Sindical Colectivo Unitario de Trabajadores sindikatuaren estatutuak aldatzeko akta eta elkarte horren estatutu aldatuen dokumentazioa gordailutzea, honako gordailutze-kodea ematen zaiolarik: 76/1/00003.

Bigarrena.– Agindua ematea gordailutze hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin, Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Hirugarrena.– Eman den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Laugarrena.– Interesdunek aztertu ahalko dute gordailututako dokumentua, eta horren kopia eskatu, bai eta aurkaratu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren aurrean, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legean ezarritakoari jarraikiz (2011ko urriaren 11ko BOE).

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 27a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.


Azterketa dokumentala