Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2019ko martxoaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1529

AGINDUA, 2019ko martxoaren 15ekoa, Segurtasuneko sailburuarena. Agindu honen bidez, onetsi egiten da merezimendu-baremo erkide eta bateratua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko kategoria hauetako lanpostu hutsak: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak eta ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, Ertzaintzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, lehiaketa da lanpostuak betetzeko sistema normala. Sistema horretan, dagokion deialdian ezarritako merezimenduak balioetsiko dira. Edonola ere, aipatutako legeak ezartzen duen gutxieneko edukia jaso beharko du deialdiak.

Ildo berean, aurrekoa garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeari buruzko erregelamenduak, abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren bidez onetsitakoak, 9. artikuluan ezartzen du eskaintzen diren lanpostuen ezaugarrietarako egokiak diren merezimenduak balioetsi beharko direla lehiaketetan, deialdi bakoitzak ezarritako eran, eta, zehazki, berariaz aipatutakoak, manu horretan adierazitako irizpideekin bat etorrita.

Dekretu hori, geroago, aldatu egin zuten martxoaren 6ko 42/2001 Dekretuak, otsailaren 3ko 20/2004 Dekretuak, 231/2009 Dekretuak eta maiatzaren 17ko 94/2011 Dekretuak. Ertzaintzako behe-mailako kategoria eta eskaletan, bereziki, oinarrizko lanpostuen konfigurazio bereizigabea dela-eta, mugikortasun horizontal edo geografikoaren ideia nagusitzen da kidegoko lanpostuen eskalako sustapenaren gainetik, eta, ondorioz, azken dekretu horrek aldatu egiten du erregelamenduaren lehen xedapen gehigarria. Horren egungo idazketak justifikatu egiten du hau.

Ondorioz, lehiaketa bidez lanpostu hutsak betetzeko etorkizunean egingo den deialdiaren aurreko fase modura, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan jasotako Mahaiaren batzarrean eginiko nahitaezko azterketaren eta hartutako erabakiaren ostean (batzar hori 2018ko abenduaren 21ean egin zen), Ertzaintzako Kontseiluari entzun eta gero (batzar hori ere 2018ko abenduaren 21ean egin zen), eta 94/2011 Dekretuak ezarritako idazketan 388/1998 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak emandako gaikuntzaren eta Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak emandako eskumenen arabera, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Merezimendu-baremoa onestea.

Onetsi egiten da Agindu honetan jasota dagoen merezimendu-baremo erkide eta bateratua. Baremo hori aplikatuko da merezimendu-lehiaketaren bidez kategoria hauetako lanpostu hutsak betetzeko: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak eta ikuskapen-eskalako ofizialorde eta ofizial kategoriak, Ertzaintzan. Hori guztia Euskal Autonomoa Erkidegoko kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko indarrean dagoen erregelamenduan ezarritako baldintzetan.

2. artikulua.– Baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala.

1.– Merezimendu-baremoaren kontzeptu ezberdinen balio globala 100 puntuk osatuko dute. Puntu horiek proportzio honetan banatuko dira, adierazten den gehieneko puntuazioarekin:

a) Antzinatasuna: 60 puntu.

b) Eginiko lana: 30 puntu.

c) Titulazio eta gradu akademikoak: 3 puntu.

d) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak: 2 puntu.

e) Zorion-adierazpen eta aintzatespen profesionalak: 5 puntu.

2.– Euskararen ezagutza-maila balioestea. Euskararen ezagutza-maila merezimendu gisa balioetsiko da lanpostuaren betekizuntzat eskatzen ez denean. Balioespen hori honakoa izango da: prozesuan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko zortzikoa 1. hizkuntza-eskakizunerako eta ehuneko hamaseikoa 2. hizkuntza-eskakizunerako.

a) 1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako, 1. hizkuntza-eskakizun hori egiaztatzeagatik: 8 puntu.

b) 2. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako, 2. hizkuntza-eskakizun hori egiaztatzeagatik: 16 puntu.

3. artikulua.– Antzinatasuna.

1.– Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko hasiera-data izango da Ertzaintzan sartzeko prozedurako praktikaldiaren hasierari dagokiona. Administrazio-egoera hauetan emandako aldiak osorik zenbatuko dira: familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia, borondatezko eszedentzia ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetarako hautagai gisa parte hartzeagatik, genero-indarkeriagatiko eszedentzia, nahitaezko eszedentzia eta zerbitzu bereziak. Zerbitzu aktiboaren edo bigarren jardueraren egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa eteten.

Falta arinak eragindako eginkizun-etenaldiak ere ez du antzinatasunaren galerarik sortuko.

2.– Ertzaintzako antzinatasuna 60 punturekin balioetsiko da gehienez. Hori kalkulatzeko, koefiziente hauek aplikatuko dira, guztira lan egindako hilabete osoei dagokienez:

(Ikus .PDF)

4. artikulua.– Eginiko lana.

1.– Eginiko lana balioesteko, dagokion kategoriako izendapen-data hartuko da erreferentziatzat, arau hauen arabera. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoeran eginiko lana balioetsiko da eta, ondorioz, ez dira zenbatuko bestelako administrazio-egoeratan eginiko aldiak.

2.– Ez dira eginiko lantzat joko norberaren gauzetarako baimen gisa hartutako aldiak, lanpostuak betetzeko aurreko prozesu orokorrean eskabideak aurkezteko epea amaitu zenetik aurrera zenbatuta, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan.

3.– Lanpostuak betetzeko prozesuaren deialdiaren aurre-aurreko 17 urteetan Ertzaintzan eginiko lana balioetsiko da, gehienez ere 30 punturekin, baremo partzial honen arabera:

a) Lehiakideak gaur egun daukan kategoriarekin eginiko lana; kategoria horrekin parte hartzen du lanpostuak betetzeko prozeduran: 0,147 puntu hilabete oso bakoitzeko.

b) Lehiakideak gaur egun daukan kategoria baino beheragoko mailako kategorietan eginiko lana; gaur egun daukan kategoria horrekin parte hartzen du lanpostuak betetzeko prozeduran: 0,05 puntu hilabete oso bakoitzeko.

c) Eskalarako gordetako lanpostuak eskatzen direnean, hilabete oso bakoitzeko 0,147 punturekin balioetsiko da eskalan jasota dauden kategorietako edozeinetan eginiko lana, gaur egun kategoria horietakoren bat izanez gero.

d) Eskalarako gordetako lanpostuak eskatzen direnean, hilabete oso bakoitzeko 0,05 punturekin balioetsiko da beheko eskalan jasota dauden kategorietako edozeinetan eginiko lana, goiko eskalako kategoria batekoa izatera igaro bada.

e) Espezialitatea eskatzen duten lanpostuetarako, espezialitate-betekizun hori duten lanpostuetan eginiko lana bakarrik balioetsiko da, egiaztatu denetik aurrera, aurreko arauen arabera.

4.– Lehiakideak egun daukan kategoria baino altuagoan egindako lana, azken horren arabera balioetsiko da. Espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan eginiko lana, espezialitate hori egiaztatzen ez bada, betekizun hori ez duten lanpostuetan egindako lantzat balioetsiko da. Halaber, lehiakideak egun daukan kategoria baino altuagoan egindako lana –espezialitate-betekizunik ez duten lanpostuetan, baina espezialitate hori egiaztatuta izanda– balioetsiko da lehiakideak egiaztatuta dituen espezialitate eta kategorian egindako lan gisa.

5. artikulua.– Titulazio eta gradu akademikoak:

1.– Titulazio akademiko ofizialak izatea edo hizkuntzen jakite-maila egiaztatzea balioetsiko da, ondoren xedatutakoaren arabera; hala ere, inolaz ere ezingo dira balioetsi deialdian parte hartzeko kategorian sartzeko nahitaezko baldintza moduan eskatzen direnak. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, erdi mailako unibertsitate-tituluaren baliokidetzat hartuko da lizentziako hiru ikasturte osorik gainditu izana.

2.– Ez dira balioetsiko goragoko kategoria batean sartzeko gainditu beharreko titulazioak, baina, hala denean, hautagaiek dituzten hainbat titulazio batu ahalko dira, ezarritako muga errespetatuta.

3.– Ez dira balioetsiko sartzeko betekizun gisa ezartzen diren titulazio akademikoek baino maila baxuagoa dutenak.

4.– Kontzeptu honengatik gehienez ere 3 puntu lor daitezke.

5.– Titulazio akademiko ofizialei gehienez ere 1,5 puntu emango zaizkie, baremo partzial honen arabera:

a) Administrazioko A taldeko A1 azpitaldean sartzeko beharrezko titulazioak, graduondoko titulua eta doktore titulua: 0,75 puntu.

b) Administrazioko A taldeko A2 azpitaldean sartzeko beharrezko titulazioak: 0,50 puntu.

6.– Hizkuntzak jakitea: Europako Kontseiluak onetsitako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko hizkuntza-ezagutza egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri ofiziala izatea balioetsiko da, gehienez ere 1,5 punturekin, baremo partzial honen arabera:

a) B2 maila: 0,25 puntu.

b) C1 maila: 0,50 puntu.

c) C2 maila: 0,75 puntu.

7.– Hizkuntza bakoitzari dagokionez egiaztatu den gehieneko ezagutza-maila bakarrik balioetsiko da.

6. artikulua.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.

1.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroen idazpuruan, Segurtasun Sailak programatutako espezializazio ikastaroak baino ez dira balioetsiko, hurrengo atalean xedatutakoaren arabera; ikastaro bakoitzari emandako puntuazioa metatu egin daiteke ezarritako gehiengora heldu arte, eta inolaz ere ezingo dira balioetsi deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintza moduan eskatzen diren ikastaroak.

2.– Segurtasun Sailak programaturiko espezializazio ikastaro hauek balioetsiko dira, gehienez ere 2 puntu lortu arte, ondoko baremoa kontuan hartuta:

– Esku-hartze ikastaroa: 0,75 puntu.

– Brigada mugikor ikastaroa: 0,75 puntu.

– Eskolta ikastaroa: 0,75 puntu.

– Indargabetze ikastaroa eta Nuklearren, Erradioaktiboen, Biologikoen eta Kimikoen ikastaroa: 0,75 puntu.

– Txakur-gidari ikastaroa: 0,75 puntu.

– Ikerketa Kriminal Orokorreko Ikastaroa I (CICG I) edo Ikerketa Kriminal Orokorreko Ikastaroa II (CICG II) edo Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa (CIC), edo horien aurreko CBIC ikastaroak: 0,75 puntu.

– Bide-segurtasunari buruzko ikastaroa: 0,75 puntu.

– Helikopteroko pilotuaren ikastaroa: 0,75 puntu.

7. artikulua.– Kondekorazioak eta ohorezko sariak Ertzaintzan.

1.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen dituen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuak aipatzen dituen kondekorazio eta ohorezko sariak gehienez ere 5 punturekin balioetsiko dira, honen arabera:

a) Bereizgarri gorridun domina eta polizia-lana aintzatesteko domina, aurreko araudiaren arabera emandakoa: 1 puntu.

b) Bereizgarri berdedun domina eta zorion-adierazpena, aurreko araudiaren arabera emandakoa: 0,75 puntu.

c) Bereizgarri zuridun domina: 0,50 puntu.

d) Polizia-zerbitzuengatiko bereizgarri gorridun diploma: 0,40 puntu.

e) Polizia-zerbitzuengatiko bereizgarri zuridun diploma: 0,20 puntu.

8. artikulua.– Epeak zenbatzeko irizpidea.

Agindu honen bidez onesten diren baremoek nahitaez ezartzen dituzten hilabeteen zenbaketa guztiak formula honen arabera egingo dira:

egun-kopurua / 365 x 12, dezimalak kenduta

9. artikulua.– Berdinketa hausteko irizpideak.

Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, emakumeari lehentasuna emango zaio baldin eta dagokion lanpostu-kodean emakumeak % 40 baino gutxiago badira. Berdinketak irauten badu, adierazitako merezimenduei eman zaien puntuazioaren arabera ebatziko da, agertzen diren hurrenkeran. Horrelakorik ez badago, lehiatzen den kategorian karrerako funtzionario gisa hasitako eguna aplikatuko da; hori nahikoa ez bada, kategoria horretan sartzeko hautaketa-prozesuan izandako lehentasun-hurrenkera erabiliko da.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 15a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala