Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2019ko martxoaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1526

43/2019 DEKRETUA, martxoaren 20koa, zeinaren bidez onartzen baitira Basque Research and Technology Aliance – Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoaren 2019rako aurrekontua eta aurrekontu-plantilla.

EAEko Administrazio Orokorrak, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia» zuzenbide pribatuko ente publikoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoek eta ikerketa kooperatiboko zentroek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, Basque Research and Technology Aliance – Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoa sortu zen, zuzenbide publikoko erakunde gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, eta, etorkizunera begira, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko eskumena daukan sailaren bidez.

Basque Research and Technology Aliance – Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoa hauen bidez dago araututa: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 7.4.c) artikulua; eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren 2.2.f) artikulua eta hurrengoak.

Hala ere, kontuan hartuta Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoaren jardunaren hasiera ez datorrela bat aurrekontuen urteko legearen indarraldiaren hasierarekin; Gobernu Kontseiluak onartu behar du partzuergoaren aurrekontua zenbatekoa den jardunean hasten den ekitaldi ekonomikoari dagokionez, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

Horiek horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoaren gastu-aurrekontua onartzea, 2019ko ekitaldirako. Ordainketa-kredituari dagokionez, 1.000.000 eurokoa da aurrekontu hori. Kapituluen araberako gastuen xehetasunak I. eranskinekoak dira.

2. artikulua.– Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoaren sarrera-aurrekontua onartzea, 2019ko ekitaldirako. Ordainketa-kredituen zenbateko berekoa da. Kapituluen araberako sarreren xehetasunak I. eranskinekoak dira.

3. artikulua.– Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoaren aurrekontu-plantilla onartzea, abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 13.4 artikulua oinarritzat hartuta. Plantilla zerbitzuburu bik eta administrari edo idazkari batek osatuko dute.

4. artikulua.– Aurrekontuen organo eskudunari baimena ematen zaio Euskal Partzuergo Zientifiko-teknologikoaren aurrekontua osatzeko behar diren aurrekontu-aldaketak egiteko, baina indarreko aurrekontu orokorren gastuen eta sarreren egoera-orrian igoera orokorrik eragin gabe.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

MARTXOAREN 20KO 43/2019 DEKRETUAREN ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala