Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2019ko martxoaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ARARTEKOA
1509

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 14koa, Arartekoarena. Honen bitartez, justiziaren eta espetxeratuen arloetan koordinatzaile-lanak egingo dituen aholkulari bat hautatzeko prozedura iragartzen da.

Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren Araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), arartekoak aske izendatuko ditu bere zereginak betetzeko beharrezkoak diren aholkulariak eta konfiantzako langileak, hautagaien merezimendu- eta gaitasun-printzipioei jarraituz. Ondoren, arartekoak aholkularia izendatuko du, justiziaren eta espetxeratuen arloetan koordinatzaile-lanak egiteko.

Arartekoaren zerbitzura karrerako funtzionario bat lanean hasten denean, zerbitzu bereziko egoeran geratuko da bere jatorrizko administrazioari dagokionez.

Arartekoaren aholkulariek berehala lanpostua uzten dute Eusko Legebiltzarrak izendatutako ararteko berriak kargua hartzen duenean.

Aipatutako araudia betez, Arartekoak prozedura bat iragartzen du hautagaien egokitasuna ebaluatzeko. Ondoren, arartekoak aholkularia izendatuko du, justizia eta espetxeratuen arloetan koordinatzaile-lanak egiteko.

Beraz, hauxe da prozedura honen xedea: espezializatutako balorazio-batzorde batek arlo horietan ezagupenak eta lanbide-eskarmentua duten pertsonak hautatzea.

Prozedura horretan hautatzen diren pertsonei geroago arartekoarekin elkarrizketa egiteko dei egingo zaie; hark, aske eta bere irizpidearen arabera, aholkulari bat izendatu ahal izango du hautagaien artean. Aholkulari horrek erakundearen aurrekontuan kategoria horretarako ezarrita dagoen ordainsaria jasoko du (Arartekoaren webean kontsulta daiteke: www.ararteko.eus).

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Iragarritako lanpostuaren profila.

Deialdi honen bidez, aholkulari bat hautatu nahi da, justizia eta espetxeratuen arloetako koordinatzaile-lanak egiteko.

Deialdi honetan parte hartzeko behar den espezializazioa kontuan hartuta, hautaturiko pertsonak ondo ezagutu beharko ditu administrazio antolaketa orokorra eta administrazio publikoen funtzionamendua. Horrez gain, egiazta daitekeen eskarmentua izan beharko du justizia eta espetxeratuen arloetan.

Bigarrena.– Betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, interesdunek Zuzenbidean lizentziatura edo gradua dutela egiaztatzen duen unibertsitate-titulua izan beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, eta gutxienez bost urteko lan-eskarmentua dutela iragarritako lanposturako ezarri den espezializazioaren antzeko zereginetan.

Ararteko erakundeak lankidetza-harremanak ditu giza eskubideak sustatu eta babesten diharduten beste herrialde batzuetako nazioarteko erakundeekin, erkidegoetako erakundeekin eta Estatukoekin. Horregatik, interesdun guztiek ingelesean gutxienezko ezagupen-maila dutela egiaztatu beharko dute, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailari dagokiona.

Era berean, euskaran gutxienik C1 maila dutela egiaztatu beharko dute.

Hirugarrena.– Merezimenduak.

Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

1.– Titulu akademikoak.

2.– Administrazioan egindako ibilbidea: zer lanpostu bete dituzten administrazio publikoetan.

3.– Lanbide jarduera.

4.– Prestakuntza-ikastaroak.

5.– Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea, bereziki frantsesa.

Balorazio Batzordeak zenbait irizpide ezarriko ditu merezimendu horiek balioztatzeko. Bai aurrez izandako eskarmentuarekin, bai prestakuntzarekin lotutako merezimenduek zerikusia izan beharko dute bete beharreko eginkizunekin, eta bereziki balioztatuko dira justizia eta espetxeratuen arloei dagozkienak.

Laugarrena.– Eskabideak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira (Vitoria-Gasteizko Prado kaleko 9. zenbakian), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartzeko eskaerari honako hauek erantsiko zaizkio:

1.– NANaren fotokopia edo, bestela, atzerritarraren identifikazio zenbakiarena, pasaportearena edo agiri baliokidearena.

2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia.

3.– Eskarmentua eta bigarren oinarrian eskatutako euskara eta ingeles hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten agiriak.

4.– Curriculum-memoria; bertan adieraziko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta kontu guztiak, batik bat adierazitako merezimenduak.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko Balorazio Batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

– Arartekoaren ondokoa.

Batzordekideak:

– Idazkari nagusia.

– Administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko aholkulari arduraduna.

– Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ordezkari bat.

– Kriminologiaren Euskal Institutuko ordezkari bat.

Batzordeak idazkari-lanak egingo dituen kide bat izendatuko du batzordekideen artean.

Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote, edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.

Batzordekide gehienak bertan ez badaude, ezingo da batzordea osatu, ezta jardun ere. Berdinketarik badago, batzordeburuak izango du kalitateko botoa.

Seigarrena.– Hautapen-prozesua.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak hautapen-prozedurako onartu ala baztertuko dituen.

Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko erabakia, baita prozedura honi buruz ondoren egiten diren komunikazio guztiak ere.

Argitaratzen diren jakinarazpen orotan, NANaren, atzerritarraren identifikazio zenbakiaren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbaki osoa bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko.

Hasieran baztertutako eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte balizko zuzenketak edo alegazioak egiteko.

Ondoren, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak behin betiko onartu ala baztertu, eta lehen hautaketa egingo du, hautagai bakoitzak egiaztatutako merezimenduak balioztatuz.

Balorazio Batzordeak hautagai guztiei edo haietako batzuei deitu ahal izango die banakako elkarrizketak egiteko, eta, hala, hautagaien ezagupenetatik eta lan-eskarmentutik, lanpostuko eginkizunak betetzeko zer gaitasun dituzten ondorioztatu ahal izateko. Elkarrizketa horietan, beharrezkotzat jotzen bada, proba idatzi bat egin dadin eskatu ahal izango da, justizia eta espetxeratuen arloen gainean.

Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, banakako elkarrizketak eta probak egin ondoren, Balorazio Batzordeak arartekoari proposamena egingo dio, eta hurrenkeran adieraziko ditu iragarri den lanpostua betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak.

Baldintza egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostua bete gabetzat jo dadin proposatu ahal izango du Balorazio Batzordeak.

Zazpigarrena.– Izendapena.

Balorazio Batzordeak proposatutako pertsonetatik, arartekoak libreki izendatuko du hautatutako pertsona. Deialdi hau ebazten duen Arartekoaren erabakia jakinarazten den egunetik aurrera, hilabeteko epean hasi beharko du lanean iragarritako lanpostuan.

Izendatutako pertsona behin-behineko langilea izango da, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaio.

Zortzigarrena.– Inpugnazioak.

Balorazio Batzordearen ebazpenei Ararteko erakundean aurka egin ahal izango zaie, hamar egun balioduneko epean, horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 14a.

Arartekoa,

MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala