Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2019ko martxoaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1158

17/2019 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez honako erabaki hau argitara ematen baita: aintzat hartzea Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeak egindako gomendioak, eta neurriak hartzea gomendio horiek praktikan jartzeko.

Gobernu Kontseiluak, 2019ko otsailaren 26an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen: Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeak egindako gomendioak aintzat hartzea, eta haiek praktikan jartzeko neurriak hartzea. Horrenbestez, beharrezkoa den publikotasuna izan dezan, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erabaki bat argitaratzea, zeinaren bidez aintzat hartzen baitira Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeak egindako gomendioak, eta haiek praktikan jartzeko neurriak hartzen baitira (ikus ebazpen honen eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 26KO XX/2019 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ AINTZAT HARTZEN BAITIRA EUSKO JAURLARITZAKO ETIKA PUBLIKORAKO BATZORDEAK EGINDAKO GOMENDIOAK, ETA HAIEK MARTXAN JARTZEKO NEURRIAK HARTZEN BAITIRA

Gobernu Kontseiluaren 2016ko azaroaren 22ko Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta beraren sektore publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodearen testu bategina onartu zen.

Kode horretako 16. artikuluan, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordea ezartzen da, jarraipen- eta ebaluazio-organo gisa. Batzorde horrek, besteak beste, urtero Ikuskapen Txosten batean jasoko du zenbateraino bete den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta beraren sektore publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodea. Txosten horretan, gainera, gomendioak egin ditzake. Ondoren, Gobernu Kontseiluari helaraziko dio.

Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeak, 2017ko Txostenean, bi gomendio egin, eta Gobernu Kontseiluari helarazi dizkio, azter ditzan eta, hala irizten badio, haiek praktikan jartzeko behar diren neurriak har ditzan. Hona lehenengo gomendioa:

«Lehenengoa.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako agindu etikoak euskal sektore publiko autonomikoari aplikagarriak zaizkiola zalantzan jarri gabe, zeren eta hain zuzen ere beren oinarrizko edukiarengatik balio orokor eta komunak baitituzte Estatuko erakunde publikoetan zerbitzuak ematen dituzten pertsona guztientzat, txalogarria litzateke ezen, EJKren 2.2 apartatuan xedatuarekin bat, Eusko Jaurlaritzak bultza dezala –sindikatuekin negoziatu ondoren, haiek Administrazioaren konpromiso etikoetan integratzeko asmoz– enplegu publikoari buruzko euskal legedian aurreikuspen batzuk sartzea, zeinek aukera emango baitute langile guztiei zabaltzeko EJK-k kargudun publikoentzat ezartzen dituen balio eta printzipio etikoak, eta, kasua bada, susta dezala aipatutako apartatuak aipatzen duen Jokabide Kodearen onespena, bete beharreko edo saihestu beharreko jokabideen taula bat zehaztuz, zeinak funtzio publikoaren esparru berariazkora proiektatuko baititu 1/2014 Legeak erakunde osoarentzat ezartzen dituen balio eta printzipioak, hain zuzen ere EJK-k kargudun publikoentzat garatzen, finkatzen eta zehazten dituenak. Izan ere, balio eta printzipio horiek erakundearenak berarenak ere badirenez, haren zerbitzuan diharduten gainerako langileek ere aintzat hartu beharrekoak dira.»

Horren haritik, egun izapidetzen ari den Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektuan, ildo horretako xedapenak jasotzen dira. Zehazki, 167. artikuluan, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio Etika eta Jokabide Kode bat onartzeko, Administrazioaren sektore publikoko langile publikoei zuzendua, Hortik abiatuta, jokabide indibidualeko printzipioak eta erakundeen kalitaterako eta herritarrekiko harremanetarako printzipioak garatuko dira, hau da, ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 6., 7. eta 8. artikuluetan bildutakoak (1/2014 Legea, Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituena). Kode horrek, gainera, barnean hartuko du jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kodea benetan eta eraginkortasunez betetzen dela bermatzea xede izango duena.

Bigarren gomendioak honela dio hitzez hitz:

«Bigarrena.– Jaurlaritzari gomendatzen diogu azter dezan aukerarik ba ote dagoen EJKn aurreikuspenen bat jasotzeko, zeinak ez duen nahitaez ekarriko kargu publikodunek kodearekiko atxikipena formalizatzeko ezarritako epea laburtzea –badakigu, jakin, kargu publiko baten izendapena burutzeko legez ezarritako izapideak ezin direla beti bete denbora-tarte labur batean– baina eragotziko duena izapide hori bete gabe duten kargu publikodunak materialki salbuetsita egotea kodearen postulatuak betetzetik. Hori gauzatzeko formula bat zera izan daiteke: atxikipena egitea interesdunak kargua hartzen duela iragartzen duen unean bertan.»

Oniritzia ematen zaie Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordearen gomendio horiei. Horrenbestez, erabaki honen bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari eskatzen zaio –arlo honetako eginkizunak esleituak dituenez gero– azter dezala nolako pausoak eman behar diren gomendio horietan ezarritako helburuak betetzeko behar diren mekanismoak eta neurriak martxan jartzeko.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta, proposamena eztabaidatu ondoren, honako hau erabakitzen du:

ERABAKIA

«Lehenengoa.– Aintzat hartzea Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeak 2017ko txostenean egindako gomendioak.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari eskatzea azter ditzala eta, hala badagokio, har ditzala gomendio horietan ezarritako helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak.

Hirugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.»


Azterketa dokumentala