Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2019ko otsailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
897

4/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara dadila Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, Justizia Ministerioarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, helburu duena epaitegi eta auzitegietan kanpoko praktikak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, Justizia Ministerioarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, helburu duena epaitegi eta auzitegietan kanpoko praktikak egitea (ebazpen honen eranskinean jasota dago).

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 31.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 31KO 4/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN, JUSTIZIA MINISTERIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, EPAITEGI ETA AUZITEGIETAN KANPOKO PRAKTIKAK EGITEA HELBURU DUENA

Madril, 2019ko urtarrilaren 9a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Carlos Lesmes Serrano, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2013ko abenduaren 9ko Erabakiaren arabera (2 zenbakiduna) izendatuta, abenduaren 10eko 979/2013 Errege Dekretuaren bidez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenez diharduela.

María Dolores Delgado García, Justiziako ministroa, ekainaren 6ko 357/2018 Errege Dekretuaren arabera izendatuta, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 61. artikuluan aitortzen zaizkion eskumenak baliatuta.

María Jesús Carmen San José López, Lan eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16. artikulua eta hamargarren xedapen gehigarria baliatuta, eta halaber, Lan eta Justiziako sailburua izendatzen duen azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuaren artikulu bakarra baliatuta.

Nekane Balluerka Lasa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean, UPV/EHUko) errektorea, unibertsitate horren izenean eta hura ordezkatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren abenduaren 27ko 250/2016 Dekretuaren arabera izendatuta (erkidego horretako aldizkari ofizialean argitaratu zen, 2017ko urtarrilaren 11n), eta UPV/EHUko Estatutuen 181. artikuluak ematen dizkion eskudantziak baliatuta.

Alderdiek elkarri aitortzen diote beren legezko ordezkaritzaren arabera hitzarmen hau sinatzeko gaitasun osoa, eta, horrenbestez, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Estatuak eskuduntza esklusiboa du Justizia Administrazioaren alorrean, hala araututa baitago Espainiako Konstituzioaren 149.1.5 artikuluan.

Bigarrena.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia botere horretako gobernu-organoa da, Espainiako Konstituzioaren 122.2 artikuluaren arabera, eta haren eskudantziak Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 558. artikulutik 565.era bitartean araututa daude.

Hirugarrena.– Botere Judizialaren Lege Organikoaren 435. artikuluan eta artikulu horrekin bat datozenetan ezartzen denez, Bulego Judiziala epaitegi eta auzitegien jurisdikzio-jarduerari euskarria emateko eta laguntzeko izaera instrumentaleko erakundea da. Zerbitzu Erkide Prozesalen zuzendaritza-lana, berriz, Justizia Administrazioaren letraduen kidegoak betetzen du, hau da, funtzionario publikoek, zeinek osatzen baitute goi-mailako kidego juridiko bakarra, izaera nazionalekoa, Justizia Administrazioaren zerbitzuan diharduena, Justizia Ministerioaren mende. Funtzionario horiek, gainera, agintari-izaeraz betetzen dituzte beren eginkizunak, eta Bulego Judiziala zuzentzen dute.

Laugarrena.– Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuak honela dio eranskinaren B apartatuan: Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio erkidego horretako «justizia-auzitegien jardunerako behar diren baliabide materialen planifikazio, programazio eta kontrol administratiboa», bai eta erkidego horretan egoitza duten organo judizialentzat ondasun higiezinak, altzariak eta tresneria eskuratzea ere (1684/1987 Errege Dekretua, Justizia Administrazioa baliabide materialez eta ekonomikoez hornitzeko Estatu Administrazioak betetzen dituen eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa). Eranskin horren beraren E apartatuan ezartzen da erkidego horri eskualdatzen zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunei lotutako ondasun, eskubide eta betebeharrak.

Bosgarrena.– Orobat, Auzitegien Gobernu Organoen 1/2000 Erregelamenduak 4.ñ) artikuluan ezartzen duenez, eraikin judizialetan edo haien bulegoetan eginkizun judizialez besteko jarduerak gauzatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da akordio bat egotea honako hauen artean: gobernu-sala, eraikinaren titulartasuna duen administrazioa eta eskumen konkurrenteak dituzten beste administrazioak, halakorik baldin badago (1/2000 Erregelamendua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2000ko uztailaren 26ko Erabakiaren bidez onartu zen).

Seigarrena.– Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioko beharrei erantzuteko eskumenak, 13.1 artikuluarekin bat etorriz. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketei esker, aipatutako beharrei hobeto erantzuteko garapen egokia ahalbidetu zen. Lan eta Justizia Sailak egikaritu eta garatu behar ditu eskualdatutako zereginak.

Zazpigarrena.– Hau da UPV/EHUren egitekoetako bat: «kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea eta lanean hasteko behar den prestakuntza ziurtatzea».

Helburu horiek betetzeko, interesgarria da kanpoko praktikak antolatzea, geletan eskuratutako ezagutza osatze aldera.

Zortzigarrena.– Erakunde sinatzaileek adierazten dute bat datozela denen interesekoak diren zenbait helburutan, eta, haietako bat da unibertsitateko ikasleei heziketa osoa eskaintzea, teoria eta praktika uztartuko dituen prestakuntzaren bidez.

Bederatzigarrena.– Unibertsitate-ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak zenbait alderdi garatzen ditu, hala nola praktiken helburuak, erakunde laguntzaileak eta hezkuntza-lankidetzako hitzarmenen hartzaile, betekizun, tutoretza eta edukiak. Gainera, araudi horrek sustatu behar du praktiketako ikasleak administrazio publikoen eremuan sartzea, etorkizuneko profesionalen enplegagarritasuna bultzatuz, ekintzailetzarako, sorkuntzarako eta berrikuntzarako duten gaitasuna sustatuz eta jakintzaren gizartean oinarritutako eraldaketa ekonomikoarekiko konpromisoa betez.

Hamargarrena.– Hitzarmen hau bat dator Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko Batzorde Iraunkorrak onartutako Practicum Hitzarmenaren ereduarekin.

Hamaikagarrena.– Erakunde sinatzaileek helburutzat dute kanpoko praktikak antolatzea epaitegi eta auzitegietan, hitzarmen honetako xedapen-atalean zehazten den eran, uste baitute jarduera hori interes handikoa izan daitekeela, prestakuntza emateko etorkizunean Justizia Administrazioan lagundu edo zerbitzua eman lezaketen profesionalei, hartara administrazio horren kalitatea areagotuko baita.

Lankidetza horri esker, UPV/EHUn ikasten dutenek kanpoko praktikak egin ahal izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegietan, klausula hauei jarraituz.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Aldeen xedea eta konpromisoak.

1.– Hitzarmen honen xedea da curriculum barruko zein kanpoko praktikak (aurrerantzean, kanpoko praktikak) egiteko aukera ematea, UPV/EHUk ematen dituen gradu edo master ikasketa ofizialen praktika akademikoak ikasgaian matrikulatutako ikasleei (betiere, Justizia Administrazioaren profesionalekin lotutako titulazioetan ari direnei). Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegietan egingo dira praktikak.

2.– Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen xede diren kanpoko praktikak egin daitezen eta ikasleek aukera izan dezaten epaitegi eta auzitegietako egoitzetan sartzeko.

3.– Bestalde, UPV/EHUk konpromisoa hartzen du organo judizialean praktiken tutoretzaz arduratzen den pertsonak edo pertsonek aukera izan dezaten honako eskubide hauek baliatzeko, Unibertsitatean aplikatu behar den araudi propioaren esparruan:

a) Jarduera laguntzailea aitortuko zaie, praktiketako ikasleen tutoretza-jarduera egiaztatzen duen UPV/EHUren agiri baten bidez.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiaren, prestakuntza-proiektuaren eta praktiken garapen-baldintzen berri jasoko dute.

c) Unibertsitaterako sarbidea izango dute, beren eginkizunak betetzeko behar duten informazioa eta laguntza eskuratzeko.

d) Unibertsitateko langileek dituzten abantaila berak izango dituzte, liburutegiak eta kirol-instalazioak erabiltzeko edo kultur-jardueretan parte hartzeko, besteak beste.

4.– Betiere, kanpoko praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegiek dituzten premien eta erabilgarritasunaren mende geratuko da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskaintzen duten lankidetza. Hortaz, halako premiek edo erabilgarritasun faltak hitzarmena etetea eragin dezakete, egoera horiek iraun bitartean, edo, hala badagokio, hitzarmena azkenduta gera daiteke, aldez aurretik inork salatu beharrik izan gabe, eta, hala gertatuz gero, UPV/EHUk ez du eskubiderik izango inolako erreklamaziorik egiteko edo kalte-ordainik edo konpentsaziorik jasotzeko.

5.– Halaber, Unibertsitateak lankidetza eskainiko dio Justizia Ministerioari, baimena emanez, ahal duen neurrian, bere gelak doan erabiltzeko, funtzionarioak Justizia Administrazioaren zerbitzuan sartzeko hautaketa-prozesuen probak antola ditzan. Doako lankidetza horretatik kanpo geratuko dira sor daitezkeen aparteko gastuak, hala nola atezaintza, garbiketa, ahots- eta datu-lerroak, argiztapena edo zaintza.

Bigarrena.– Praktikak egiteko baldintzak eta betekizunak.

1.– Kanpoko praktikek, betiere, bat etorri behar dute indarrean dagoen araudiarekin eta, bereziki, Unibertsitate-ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Hitzarmenaren xede den prestakuntzaren baldintza eta betekizun espezifikoak zehaztuta geratuko dira hitzarmenari erantsiko zaizkion titulazio-eranskinetan, hitzarmenaren jarraipen- eta kontrol-batzordeak haiek adostu ondoren eta aldeek sinatu ondoren.

2.– Kanpoko praktika mota bi ezartzen dira, konkurrenteak izan daitezkeenak:

a) Curriculum barruko praktikak. Kasuan kasuko titulazioa lortzeko nahitaezkoak diren ikasketa-planetan dute jatorria praktika hauek.

b) Curriculumetik kanpoko praktikak. Ikasleek borondatez egiten dituztenak dira, prestakuntza-aldian, eta, aurrekoen xede berberak badituzte ere, ez daude sartuta ikasketa-planetan, baina, bai, ordea, Tituluaren Europar Gehigarrian.

3.– UPV/EHUko kanpoko praktiken zuzendariak proposatuko ditu haietan jardungo duten ikasleak.

4.– Aukeratutako ikasleen kanpoko praktikak egokituta egongo dira tutoreek ezarritako antolakuntza-premiei; hartara, tutoreek oztoporik gabe bete ahal izango dituzte beren ohiko eginkizunak.

Ikasleak jarduketa judizialetan aritu ahal izango dira, prozedurak horretarako aukera ematen duen heinean, isilpekoak diren ala ez kontuan hartuta, eta zuhurtziaren edo isilpekotasunaren betebeharra konplituta; gainera, tartean diren pertsonen eta alderdien izen-abizenak ere isilpean gorde beharko dituzte.

UPV/EHUk ezarriko du zenbat iraungo duten kanpoko praktikek; gainera, epaitegi eta auzitegien ordutegiarekin bateragarriak izango dira, eta epaitegi eta auzitegi horien arduradunek ezarriko dituzte ordutegiok, organo horien funtzionamendu onena bermatuta.

Puntualtasun- eta asistentzia-faltak behin eta berriro gertatuz gero, edo ikasleen portaera egokia ez bada edo kanpoko praktikak egiten diren epaitegi eta auzitegien ohiko jarduna oztopatzen badute, berehala eta kautelaz bertan behera utzi ahal izango dituzte praktikak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo eragindako epaitegi eta auzitegiek, eta horren berri eman beharko diote unibertsitate sinatzaileari, egoki deritzen neurriak har ditzan.

5.– Ez dute izango ikasleen gaineko inolako ardurarik ez Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak, ez Justizia Ministerioak, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak; izan ere, kanpoko praktikek izaera akademikoa baino ez dute. Inoiz ere ez da joko alderdien artean merkataritza-arloko kontratu-harremanik dagoenik, ez eta kontratu-harreman zibilik edo lan-arlokorik. Gainera, praktiken edukiek ez dute ekarriko zenbait lanposturen berezko lan-prestazioa ordeztea, hau da: praktiketan ezingo dira estali Justizia Administrazioaren premia arruntak, horiek esleituak dituzten lanpostuak bete beharko lituzketen langile publikoen kaltetan, helburua baita prestakuntza praktiko egokia ematea; izan ere, legez ezarritako betekizunek hala agintzen dute. Horren guztiaren ondorioz, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra, Justizia Ministerioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez daude behartuta inolako ordainik ematera.

Hirugarrena.– Arriskuak estaltzea.

UPV/EHUk bakarrik hartuko ditu bere gain hitzarmen honetako kanpoko praktikak egin bitartean ikasleek jasandako edo eragindako istripuen kontingentzia.

Praktikaldi osoan, unibertsitate hori behartuta dago aseguru-poliza bat harpidetzera, kanpoko praktiketan diharduten ikasleek eragindako edozein eratako kalteak estaltzeko, bai eta ikasleek istripuz izan ditzaketenak estaltzeko ere, betiere Eskola Aseguruak kalteok bere gain hartzen ez dituen kasuetan.

Laugarrena.– Kanpoko praktikak egiteko baldintza espezifikoak.

1.– Ikasleek betebehar hauek izango dituzte:

a) Kanpoko praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegiak finkatutako ordutegiak eta arauak bete beharko dituzte.

b) Jarrera aktiboa izan behar dute agintzen zaizkien eta haien prestakuntza-lerroari dagozkion egitekoak betetzeko garaian.

c) Harremanetan egon beharko dute, ezartzen den eran, kanpoko praktiken tutorearekin eta zuzendariarekin, halakorik izendatzen bada.

d) Lan-arriskuak prebenitzeko arauak bete beharko dituzte.

e) Sekretua eta konfidentzialtasuna gorde beharra izango dute bitarteko eta prozesuen arloan, edo kanpoko praktikak egitean ezagut litzaketen jarduketa judizial edo administratiboetan, epaitegi edo auzitegietan diharduten aldian, bai eta, praktikak bukatu ondoren ere. Horretarako, hitzarmen honen eranskina izenpetu beharko dute.

f) Amaierako memoria aurkeztu beharko dute, hala ezarrita baldin badago, tutore akademikoari eta epe barruan aurkeztu ere, curriculum barruko kanpoko praktikak gaindituko badituzte eta curriculumetik kanpoko praktiketan aldeko aipamena eskuratuko badute.

2.– Praktikak egiten dituzten ikasleek ez dituzte beteko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476, 477 eta 478. artikuluek Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego orokorrei esleitzen dizkieten eginkizunak.

3.– Ikasleek eskubide hauek izango dituzte:

a) Praktiken jarduera garatu ahal izango dute, finkatutako ordutegian.

b) Amaierako txosten bat eskuratu ahal izango dute, jardueraren garapena, iraupena, eta aprobetxamendu-maila bilduko dituena.

c) Baimena izango dute beren ebaluazio-deialdietara joateko.

4.– Kanpoko praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegiak praktiken tutorea izendatuko ditu, Justizia Administrazioaren magistratu, epaile edo letraduen artean. Egiteko hauek izango ditu tutoreak:

a) Ikasleen laneko plana zehaztea.

b) Ikasleei laguntzea zalantzak eta zailtasunak bideratzen.

c) Ikasleen jarduna ebaluatzea txosten baten bidez.

Tutoretza-lan mistoa ezar daiteke, epaile edo magistratu batek eta letradu batek egina.

5.– Kanpoko praktiken aldia bukatzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute, epaitegi edo auzitegiak egina, honako hauek jasoko dituena: egindako orduak, jardueren nolakotasuna eta, tutorearen iritziz, ikasleek lortutako maila.

UPV/EHUk egiaztagiri bat egingo du tutoreen alde, hala eskatzen badute, kanpoko praktiken programan emandako lankidetzagatik.

Bosgarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen honen eraginpeko pertsona guztiak behartuta daude betetzera Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritako xedapen eta betebeharrak eta arlo honetan indarrean dauden gainerako xedapenak (2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena).

Seigarrena.– Finantzazioa.

Hitzarmen honek ez dakar berekin alderdientzako betebehar finantzariorik edo ordainik.

Zazpigarrena.– Zabalkundea.

Alde batera utzi gabe hitzarmen hau sinatzeak dakartzan publikotasun- eta gardentasun-arloko xedapenak betetzea, UPV/EHUk nabarmen azpimarratuko du, urteko memorian eta hitzarmen honen xede diren jardueren berri emateko ekintza guztietan, nolako lankidetza eman duten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta eraginpeko epaitegi eta auzitegiek.

Zortzigarrena.– Jarraipen- eta kontrol- batzordea.

1.– Hitzarmen honetan ezarritakoa behar bezala koordinatzeko, kontrolatzeko, jarraipena egiteko eta interpretatzeko, jarraipen-batzorde parekide bat sortzen da, kide hauek izango dituena: erakunde sinatzaileek izendatutako bina kide eta Euskal Autonomia Erkidegoan Gobernuak duen Ordezkaritzaren ordezkari bat, Justizia Ministerioak batzorde horretan duen ordezkaritzaren parte izango dena. Batzordea, gutxienez, urtean behin bilduko da, bai eta aldeetako batek hala eskatzen duenean ere.

Jarraipen-batzordeak aztertuko du beste titulazio-eranskin batzuk gehitzeko aukera, UPV/EHUk ematen dituenen artean, Bolonia Plana garatze aldera, eta hitzarmenaren xedean ezarritakoari jarraituz. Behin batzordeak titulazio-eranskin horiek adostuta eta alderdi guztiek sinatuta, hitzarmenean jasoko dira.

2.– Batzordearen jarduna, bileren maiztasuna eta akordioen izaera loteslea arautzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da, zeinak kide anitzeko organoen jarduna arautzen baitu.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren ondorioak eta aldaketa.

1.– Hitzarmen honek bi urte naturalean izango ditu ondorioak, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoari jarraituz– eta Estatuko Sektore Publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistroan inskribatzen denetik hasita. Behin bukatuta, luzatu ahal izango da, epe berdinerako, berariazko akordio baten bidez. Hitzarmena bukatu baino hilabete lehenago formalizatu beharko da akordio hori.

Era berean, sinatzaileetako edozeinek berariaz uko egin ahalko dio hitzarmenari, hura iraungi baino gutxienez hiru hilabete lehenago.

2.– Sinatzaileek edozein unetan aldatu ahalko dituzte hitzarmen honen baldintzak, elkarren adostasunez, eta, horretarako, hitzarmenaren eranskin bat sinatu beharko dute.

Hamargarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.

1.– Xedetzat dituzten jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoia dagoenean azkentzen dira hitzarmenak.

2.– Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik suntsiaraziko da:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

b) Alde sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek eska diezaioke ez-betetzea egin duen aldeari epe jakin batean bete ditzan bete gabekotzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Eskaera horren berri emango zaie hitzarmenaren betearazpenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei.

Eskaeran adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura egin zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Arrazoi horren ondorioz hitzarmena baliorik gabe geratzen bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada.

d) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.

3.– Klausula honetan ezarritakoari jarraituz hitzarmena suntsiarazteko erabakia hartzen denetik, edo hura azkentzeko asmoa jakinarazten denetik, lankidetzari eutsiko diote, nolanahi ere, eta erreferentziako data baino lehen hasitako praktika-jarduerekin aurrera jarraituko dute bukatu arte, baina, betiere, hitzarmen honen lehen klausulako azken paragrafoan ezarritakoaren baldintzapean.

Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren izaera eta auziak ebazteko modua.

Hitzarmen hau juridiko-administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babespean egin da.

Desadostasunik sortuz gero hitzarmen honen interpretazioari, aldaketari, gauzatzeari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz, aldeen artean ebatziko dira, adiskidetsu, zortzigarren klausulan ezarritako batzordearen barruan.

Administratiboa denez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena izango da alderdien artean sor daitezkeen auziak erabakitzeko eskuduna, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 1. eta 2. artikuluetan xedatuaren arabera.

Eta, aurrez adierazitako guztiarekin bat etorriz, alderdi sinatzaileek hitzarmen honen lau ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean, legez dagozkien ahalak erabilita eta ordezkatzen dituzten erakundeak lotuta.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Presidentea,

CARLOS LESMES SERRANO.

Justiziako Ministroa,

MARÍA DOLORES DELGADO GARCÍA.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako Sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

UPV/EHU-ko Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

HITZARMENAREN ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala