Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2019ko otsailaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
645

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez erabakitzen baita jendaurrean jartzea Sita Spe Ibérica SLU enpresak aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlana eta proiektu teknikoa, Legutioko udalerrian hondakinak kudeatzeko jarduera funtsean aldatzeko proiektuari dagozkionak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzeko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hura lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzeko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-baimen integratua behar da I. eranskinean aipatzen den jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko; izan ere, ingurumeneko baimen integratuaren helburua da beharrezkoak diren baldintzak ezartzea araua bete behar duten instalazioek beren xedea bete dezaten, hain zuzen, baimena ematerakoan parte hartu behar duten Herri Administrazio desberdinen lankidetza bermatuko duen eta hiritarren administrazio beharrak arintzen dituen prozedura baten bitartez gauzatuko dena.

Proiektu Publiko eta Pribatuen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, lege horren I. eranskineko lanen, instalazioen edo beste edozein jardueraren ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa egin behar da legean jaso bezala.

Ildo horretatik, ingurumen-organo honen aurrean izapidetzen hasi dira ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Sita Spe Ibérica SLU enpresak Legution hondakinak kudeatzeko aurkeztutako proiektuari dagozkionak. Izan ere, proiektu hori jasota dago bai Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategineko 1. eranskinean (testu hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen), bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean.

Ingurumen-baimen integratua eskuratzeko aurreikusitako prozeduraren arabera, behin eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak osatuta, jendaurrean jarri behar dira, gutxienez 30 egunez.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren arabera, jendaurrean jarri behar dira proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzeko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, autonomia-erkidegoek ahalbidetu behar dute ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran ingurumen-inpaktuaren jarduketak sartzea, baldin eta nahitaezkoa bada eta eskumena autonomia-erkidegoarena bada.

Ondorioz, aintzat harturik abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina, jendaurrean jarri behar dira, aldi bakar batean, Sita Spe Ibérica SLU enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, hain zuzen ere ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman dakizkion enpresa horrek Legution hondakinak kudeatzeko sustatzen duen jarduera funtsean aldatzeko proiektuari.

Ikusi dira: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko Lege Orokorra; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako araudi orokorrak eta berariazkoak, eta, horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Sita Spe Ibérica SLU enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, hain zuzen ere ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman dakizkion enpresa horrek Legution hondakinak kudeatzeko sustatzen duen jarduera funtsean aldatzeko proiektuari. Epe horretan, egokitzat jotzen diren alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

Bigarrena.– Aurreko artikuluan jasotakoa betetze aldera, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana eskuragarri egongo dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, herritarrek agiri horiek eskuragarri izan ditzaten, espediente hori Legutioko Udalari bidaliko zaio, jendaurrean jar dezan legezko epean.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren oholtzan (https://euskadi.eus/egoitza) izango dute eskuragarri herritarrek proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 28a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala