Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2019ko otsailaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
641

2/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Zumarragako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2. Eizaga Berri izeneko eremuan babes publikoko etxebizitza sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Zumarragako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2. Eizaga Berri izeneko eremuan babes publikoko etxebizitza sustatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 30EKO 2/2019 EBAZPENARENA

Lankidetza Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren, eta Zumarragako Udalaren Artekoa, babes publikoko Etxebizitzen sustapena Zumarragako Udal-Mugartean, Eizaga Berri 2 eremuan.

Zumarraga, 2019ko urtarrilaren 24an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Mikel Serrano Aperribay jauna, Zumarragako alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2018ko azaroaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Zumarragako alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2018ko azaroaren 28an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Zumarragako Udalak elkarrekin esku hartu behar dute are gehiago, horretara behartuta daude, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta toki erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, 2006ko maiatzaren 16ko batzarraldian, hurrengo erabakia hartu zuen: behin betiko onartzea «Zumarragako udalerriko Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspena», baina ez zuten behin betiko onarpenik jaso Z.0.6 Aginaga, Z.1.2 Bustintza-Salsamendi eta Z.1.3 Egibide zonek. Era berean, honako hiri lurzoru gisa sailkatzeko erabakia ez zen hartu honako zonei dagokienez: Z.2.2 Eizaga Berri, Z.2.3 Forjak-Ipintza, Z.2.4 Altzairutegia 2, Z.2.5 Etxeberri Berri y Z.3.4 Bidaurreta Gain. Halaber, dokumentu bat bidaltzeko eskatzen zen non espedienteko akordio eta agiri guztiak bateratu behar ziren. Akordio hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 102 zenbakian, 2006ko maiatzaren 31n.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, 2007ko irailaren 11ko batzarraldian, hurrengo erabakia hartu zuen: Behin betiko onartzea Zumarragako Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspena, Testu Bateginak ondorengo eremuetarako/zonetarako planteatzen dituen zehaztapen berriekin: Z.1.4 Eizaga Berri 2, Z.2.2 Eizaga Berri 1, Z.1.5 Ipintza, Z.2.3 Forjak, Z.1.2 Altzairutegia 2, Z.1.3 Etxeberri Berri eta Z.3.4 Bidaurreta Gain, eta Z.0.4 Nekazaritza-abeltzaintza eta Landazabal zonari gehitzen zaizkion lurzoru hiritarrezinak (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 183. zenbakia, 2007ko irailaren 18koa).

Zumarragako Udal Batzarrak, 2009ko abenduaren 22an egindako bilera berezian, honako erabakia hartu zuen: behin betiko onarpena ematea Hirigintzako Jarduketa Programari, Zumarragako Udal Hiri Plangintzako Arau Subsidiarioetan adierazitako Z-1.4 Eizaga Berri 2 eta Z-2.2 Eizaga Berri 1 hirigintzako egikaritze unitateei dagokiena (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 11. zenbakia, 2010eko urtarrilaren 19koa).

Zumarragako Udal Batzarrak, 2010eko ekainaren 22an egindako bileran, honako erabakia hartu zuen: behin betiko onespena ematea Zumarragako Udal Hiri Plangintzako Arau Subsidiarioen «Z-1.4 Eizaga Berri 2 eremuko 1, 2.1, 2.2, 2.3, 2.4, 4.3 eta 8 partzelen Ordenazio Xehatuaren Aldaketa»ri (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 131. zenbakia, 2010eko uztailaren 13koa).

2012ko maiatzaren 15eko Tokiko Gobernu Batzarraren akordio bidez, behin betiko onarpena eman zitzaion Zumarragako Hiri Antolaketako Arau Subsidiarioen Z-1.4 Eizaga Berri 2 eremuko Birpartzelazio Proiektuari (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 98. zenbakia, 2012ko maiatzaren 24koa).

Aipatutako Birpartzelazio Proiektuan jasotakoaren arabera, Zumarragako Udalari dagokio hurrengo partzeletako titulartasunaren % 100: 2.2 partzela, 840,00 m2ko azalera duena; 2.3 partzela, 780,00 m2ko azalera duena, eta 2.4 partzela, 1080,00 m2ko azalera duena.

Hiru partzela horiek bizitegi erabilera dute eta babes ofizialeko etxebizitzak izango dituzte. Eraikin horien eraikuntza profila hurrengoa da: S+BS+6+T. 2.4 partzelan behe solairuan eraiki daitekeen azalera ekipamendu sozial, garaje eta trastelekuak egiteko izango da.

Zumarragako alkate-udalburuak uztailaren 27ko 279/2012 Alkatetza Dekretuaren bidez, ondorengo erabakia hartu zuen: behin betiko onespena ematea Ituntze-batzarrak egindako «Z-2.2 Eizaga Berri 1 eta Z-1.4 Eizaga Berri 2 eremuei buruzko hirigintza proiektua»ren testu bateginari (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 73. zenbakia, 2018ko apirilaren 17koa).

Laugarrena.–. Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16. artikuluak adierazten duenez, Udalaren hirigintza-plangintzaren bidez, etxebizitzak babes publikoko araubide bati atxikita eraikitzeko kalifikatu ahal izango dira lursailak. Betiere, legearen 80. artikuluan aurreikusita dauden gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko behar den lurzoru-kalifikazioa egin beharko da gutxienez.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Bosgarrrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitzaren alorrean dituen eskumenak erabiliz, lurzorua behar du etxebizitza behar handiak dauden udalerrietan, haien artean Zumarraga, babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko, errenta gaitasun txikia duten eta etxebizitzaren merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten familientzat, pertsonentzat, bizikidetza unitateentzat edo gazteentzat.

Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak horretarako xedatutakoa beteko da.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, haien titulartasuna dagokion sailak onartu beharko ditu, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.

Bi Administrazio Publikoek uste dute etxebizitza publikoa udalerrian sustatzeko gauzatzen duten politika bateratua osatu egin behar dela babes publikoko etxebizitzen sustapen berrien exekuzioarekin.

Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Zumarragako udal-mugartean babes publikoko etxebizitzen sustapena ahalbidetzea, Z.1.4 Eizaga Berri 2 eremuko 2.2, 2.3 eta 2.4 lursailetan.

Bigarrena.– Zumarragako Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dute Z.1.4 Eizaga Berri 2 eremuko 2.2, 2.3 eta 2.4 lursailetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak alokairurako babes publikoko etxebizitzen sustapenerako erabiltzea.

Zumarragako Udalak aipatutako lursailak lagatzeko konpromisoa hartzen du, inolako kargarik gabe, doaneko lagapena egiteko beharreko erabakia hartuta.

Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketa burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu Hitzarmen honek xede duen lursailak doaneko lagapenaren bidez eskuratzeko ondare jardueraren eskriturek eta Jabetza Erregistroan inskribatzeak eragindako gastuak, Lurren Balioa Handitzeari buruzko Udal Zerga izan ezik.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lursailen titulartasuna eskuratu ondoren, alokairurako babes publikoko etxebizitzen hiru promozio egingo ditu bertan.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Lankidetza honetan aurreikusten diren babes publikoko etxebizitzen eta horien urbanizazio osagarria egiteko obrak kontratatzea eta exekutatzeko konpromisoa hartzen du, badagokio fase desberdinetan.

Konpromiso horrek beharrezkoak diren agiri teknikoak (Oinarrizko Proiektua eta Exekuzio Proiektua) idaztea barne hartzen du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du etxebizitzekin lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean amaituko dituela, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, betiere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.

Obra bukatu eta gero, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, doan lagako dio Zumarragako Udalari 2.4 lursailean egongo den eraikinaren behe solairuko lokalaren erabilera. Lokala egokitu gabe lagatuko da eta bere erabilera ekipamendu sozialerako izango da. Hartara, dagokion lagapena izapidetuko du aplikagarri den araudian xedatutakoaren arabera.

Klausula honetan jasotzen diren jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu, aipatutako agiri teknikoak idazteari dagozkionak barne.

Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.

Laugarrena.– Zumarragako Udalak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

– Obrak burutzeko beharrezkoak diren udal lizentziak lau hilabeteko epearen barruan izapidetzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak aurkeztu duenetik hasita.

– Partzelen dagozkien segurtasun eta mantentze neurriak hartzea, babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko lanei hasiera eman arte.

Aipatutako jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Zumarragako Udalak ordainduko ditu.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du babes publikoko etxebizitzen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Zumarraga dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Hala ere Zumarragako Udalak Programa horretan barne hartutako babes publikoko etxebizitza zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal jarduera urbanistikoen eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.

Esleitu ez dela-eta, etxebizitzaren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du Beasain-Zumarragako Eginkizun-Arloko zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako aginduaren bidez.

Seigarrena.– Zumarragako Udalak konpromisoa hartzen du babes publikoko etxebizitzen sustapenari eta dagozkien urbanizazio obrei aplikatu beharreko Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren kitapenean % 95eko hobaria emateko, interes berezikotzat edo onura publikotzat hartutako eraikuntzei, instalazioei eta obrei dagokien zerga hori arautzen duen Ordenantza Fiskalean jaso bezala, adierazpen hori justifikatzen duten gorabehera sozial, kultural eta historiko-artistikoak daudenean edo enplegua sustatzeko denean.

Zazpigarrena.– Zumarragako Udalak ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, zin egiten du hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatuko dituela, hau da, horiek baloratzeari emango diola lehentasuna (ezabatzeari bainoago), eta neurri egokiak hartuko dituela obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.

Zortzigarrena.– Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitoki hauen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. Sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Hamargarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamabigarrena.– Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.

Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bidera ezina bada.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Zumarragako Alkate Lehendakaria,

MIKEL SERRANO APERRIBAY.


Azterketa dokumentala