Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2019ko urtarrilaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
472

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Trapagarango AR_ES_RM01 La Escontrilla bizitegi-arearen plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2018ko ekainaren 25ean, Trapagarango Udaleko (Bizkaia) Hirigintza Sailak ingurumen-organoaren aurrean osatu zuen plan berezi honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko eskaera: Trapagarango AR_ES_RM01 La Escontrilla bizitegi-arearen plan berezia (aurrerantzean, plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko azaroaren 8an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira ingurumen-azterlan estrategikoak nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen zehazteko. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzki, «Eguzkizaleak» elkarteari. Era berean, Trapagarango Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Trapagarango AR_ES_RM01 La Escontrilla bizitegi-arearen plan berezia (aurrerantzean, plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Agiri teknikoak eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrexek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuari jarraikiz) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plan Berezia aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, bai eta sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trapagarango AR_ES_RM01 La Escontrilla bizitegi-arearen plan bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduerak.

Plan bereziaren helburua da arearen hiri-berroneratze eta -birgaitzea bermatuko duen beste antolamendu bat definitzea, eta dauden egitura-hutsuneak konpontzea, honako hauei dagokienez: zirkulazioak, gutxieneko zuzkidurak, lerrokadurak eta sarbideak, etab. Antolamendu hori izango da oinarria, geroago egikaritze-lana definitzeko. Birpartzelazio-proiektu baten, urbanizazio-proiektu baten eta eraikitze-proiektu baten bidez egingo da egikaritze-lan hori. Partzelaren azalera 1.215,80 m2-koa da.

Hori guztia burutzeko, plan bereziak honako hauek definitzen ditu: erabilera xehatuak eta erabilera bakoitzerako eraikitako azalera; bi partzela; tokiko sistemen eta sistema orokorren lagapena: eremu libreak/berdeguneak eta aparkalekuak; eta bide-antolaketa eta azpiegitura-sareak.

Zehazki, jarduketa hauek proposatzen dira: etorkizuneko B+1erako aurreikusitako etxebizitzak eraikitzea, partzela urbanizatzea eta antolamenduz kanpo dauden txabolak eraistea.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: birpartzelazio-proiektua, urbanizazio-proiektua eta eraikitze-proiektua proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar. Zaratari dagokionez, aurreikusitakoaren arabera, indarrean dagoen araudian ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzeko, Orixe kalean ibilgailuak ezin izango dira ibili orduko 30 km baino azkarrago; horrekin lotuta, adierazi da, bide horren ezaugarriak direla-eta, ezinezkoa dela abiadura horretara iristea.

Nolanahi ere, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, betetzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez besteak beste.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xedeko esparrua eremu antropizatu batean dago, hiri-kokagunez eta bide-azpiegiturez inguratua; gainera, partzialki eraikita dago. Halaber, partzelaren zati batean ortuak daude, familiek ustiatzeko araubidearekin. Eremu horretan, ez dago nabarmentzeko moduko ingurumen-alderdirik, eta ez du horrekin lotutako ingurumen-arriskurik (uholde-arriskua, akuiferoen kalteberatasuna, etab.).

Inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, eremuaren zonakatze akustikoa bizitegi-erabilerakoa da, eta, udalerrian egin diren zarata-mapen arabera, planaren xede de partzelak ez ditu gaindituko –goizeko eta arratsaldeko aldietarako– etorkizuneko hirigintza-garapenetarako kalitate akustikoaren helburuak, betiere Orixe kalean ibilgailuak ez badabiltza orduko 30 km-ko abiadura baino azkarrago.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus ebazpen honen I. eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Jasangarriari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Zaratari dagokionez, kalitate akustikoaren helburuak betetzeko, Orixe kaleko ibilgailuak ezin izango dira ibili orduko 30 km-ko abiadura baino azkarrago.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Trapagarango AR_ES_RM01 La Escontrilla bizitegi-arearen plan bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Trapagarango Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Trapagarango AR_ES_RM01 La Escontrilla bizitegi-arearen plan berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 21a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

I. ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Trapagarango Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala