
18. zk., 2019ko urtarrilaren 25a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 3 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
421
EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez berritzen baita IEFPS Repélega GLHBI erakundeari profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde moduan jarduteko emandako baimena, espezialitate berrietarako baimena emateaz batera.
AURREKARIAK
Bat.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 1eko Ebazpenaren bidez, IEFPS Repélega GLHBIri zenbait espezialitatetan profesionalak prestatzeko erakunde aitormena eman zitzaion. Hauek dira espezialitateok:
Barneko ur-instalazioak: IA.
Gas-instalazioak: IGB / IGC.
Instalazio termikoak eraikinetan: IMT.
Industri galdaren maneiatzailea: MIC.
Fluordun gasak dituzten ekipoen maneiatzailea: GF1 / GF2 / GF3.
Bi.– 2018ko urriaren 24an, IEFPS Repélega GLHBIren ordezkaritzak aurkeztu zuen profesionalak prestatzeko aitortutako erakunde moduan aritzeko baimena berritzeko eskaera. Eskaera aurretik aitortuta zeuzkan espezialitateetarako eta, gainera, ondoren adierazten diren espezialitate berrietarako egin zen:
Instalazio termikoen ikuskatzailea: ITI.
Gas-instalazioak: IGA.
Petrolio-ekoizkin likidoak: ICL1 / ICL2.
Hiru.– IEFPS Repélega GLHBIk hezkuntza arloan eskumena duen sailaren baimena dauka norbanakoaren prestakuntza-txartelekin lotuta dauden lanbide-prestakuntza arautuko zikloak lanbide-heziketako ikastetxe gisa emateko, eta prestakuntza-jarduerak emateko, prestakuntzarako aintzatetsitako erakundea izateko eskakizunak betetzen segitzen duela –giza baliabideak–.
Lau.– Industria eta Energia Administrazioko teknikariak aldeko txostena eman zuen 2019ko urtarrilaren 2an, IEFPS Repélega GLHBI erakundea aitortutako erakunde gisa onar dadin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bat.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.
Bi.– Industria-segurtasunaren arloan norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan ezartzen denez, lan-munduan txertatzeko prestakuntza-baliabideen katalogoaren eremuan, erakunde kolaboratzaile gisa, eskumena duen organoaren baimena izatea lanaren arloan eta norbanakoaren prestakuntzako txartelekin lotutako esparruetan, prestakuntza ikastaroak emateko aintzatetsiak izan ahal izango dira.
Hiru.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera izapidetu da espediente hau. Instalazio Termikoen Ikuskatzailearen espezialitatea Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez eman da –Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EIT) garatzen duena–. Agindu horren azken xedapenetako lehenengoan Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduan –63/2006 Dekretua garatzen duena– dagoeneko bilduta zeudenei eransten zaio espezialitate hori.
Lau.– Ondorioz, egiaztatuta geratu da IEFPS Repélega GLHBI erakundeak badituela aipatutako dekretuaren 22. artikuluan eskatzen diren gutxieneko instalazioak; zehazki, aitortutako erakundearen akreditazioa jasotzeko behar direnak. Instalazioak, bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoan daude.
Bost.– Laburbilduz, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26.2 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez izapidetu da prozedura.
Aipatutako legezko aginduak eta oro har ezar daitezkeen gainerako aginduak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– IEFPS Repélega GLHBI erakundearen izendapena zabaltzea eta berritzea, baimendutako profesionalak prestatzeko erakundea izan dadin, espezialitate hauetarako:
Barneko ur-instalazioak: IA.
Gas-instalazioak: IGA / IGB / IGC.
Instalazio termikoak eraikinetan: IMT.
Industri galdaren maneiatzailea: MIC.
Fluordun gasak dituzten ekipoen maneiatzailea: GF1 / GF2 / GF3.
Instalazio termikoen ikuskatzailea: ITI.
Petrolio-ekoizkin likidoak: ICL1 / ICL2.
2.– Erakunde honek baimena du Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden eta akreditazioa duten instalazioetan ikastaroak emateko. Eskolak beste instalazio batzuetan eman nahi baditu, nahitaezko baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, eta egiaztatu egin beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.
3.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.
4.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte betetzen aipatu dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Bilbao, 2019ko urtarrilaren 8a.
Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.
RSS