Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2019ko urtarrilaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
332

169/2018 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Onkologikoa Fundazioarekin sinatutako atxikimendu-hitzarmena, zerbitzu sanitarioak emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Onkologikoa Fundazioarekin sinatutako atxikimendu-hitzarmena, zerbitzu sanitarioak emateko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 28KO 169/2018 EBAZPENARENA
OSASUN SAILAREN ETA ONKOLOGIKOA FUNDAZIOAREN ARTEKO ATXIKIMENDU-HITZARMENA ZERBITZU SANITARIOAK EMATEKO

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 27a.

BILDURIK

Alde batetik, Jon Darpón Sierra jauna, Osasun sailburua, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta ordezkaritzan, zerbitzu sanitarioak emateko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak izenpetzeko betekizunei eta prozedurari buruzko irailaren 4ko 127/2018 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bestetik, Ander Aizpurua Susperregui jauna, Onkologikoa Fundazioaren izenean eta ordezkaritzan, bat etorririk Onkologikoa Fundazioaren Patronatuak 2018ko abenduaren 19an Fundazioaren Estatutuetako 19. artikuluan xedatutakoaren babesean hartutako erabakiarekin.

ADIERAZTEN DUTE:

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak zehazten duenez, Osasun Plana dela osasungintza planifikatzeko eta programatzeko lanabes gorena, berorren bidez ezartzen baitira osasun-politikarako oinarrizko helburuak eta berak zehazten baititu plana indarrean den artean izango diren baliabideekin artatu beharreko lehentasunak.

Egun indarrean dagoen 2013-2020 aldirako Osasun Planak jarduketarako lehentasuna duten eremuen artean ezartzen duela minbizia duten pertsonak artatzea, eta helburu zehatz hau jartzen duela: minbizia duten pertsonak artatzeko eredu bat sustatzea, arreta oso, integratu, pertsonalizatu eta koordinatu batera zuzendutako diziplina anitzeko taldeen bidez.

Aipatutako Osasun Planaren helburuarekin bat eginik, Osasun Sailaren 2013-2016 aldirako ildo estrategikoek arreta integratuko eredu bat formulatu zuten erakunde sanitario integratuen (ESI) bidez, eta berorietan txertatu dira, modu egituratuan, betiere, aldez aurretik indarrean zeuden osasun-erakundeak, bai erietxe edo ospitale mailakoak eta bai lehen mailako arretakoak.

Geroztik, 2017-2020 aldirako ildo estrategikoetan, aipatutako helburua lortzeko bidean aurrera egitearren, eta behin osasun-zerbitzuetako erakundeen integrazio estrukturala gauzaturik zela, integrazio klinikoa planteatu zen helburu modura.

Helburu horretako osagai giltzarrietako bat Euskadiko Plan Onkologiko Integrala da. Plan Onkologiko horren barruan, minbizia duten pertsonak artatzeko eredu bat ezarri beharko da arreta oso, integratu, pertsonalizatu eta koordinatu batera zuzenduko dena, diziplina anitzeko taldeen bitartez eta, era berean, Euskadiko osasun-sistemaren barruan, artatze onkologikoan inplikatuta dauden baliabide eta erakunde desberdinen arteko sareko lankidetzan sakondu beharko da.

Azkenik, azaldutakoarekin bat etorririk, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak 2017-2020 aldirako zehaztutako proiektu estrategikoen artean, garrantzi berezia hartzen dute Euskadiko Plan Onkologiko integrala hedatzeak eta integrazio klinikoa potentziatzeak.

Onkologikoa Fundazioaren helburua dela pertsonen bizitza eta herritarren osasuna sustatzea, kalitateko osasun-zerbitzua ematearen bitartez, eta espezializatuta dagoela jatorri onkologikoa duten gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan eta kalitate kontrastatuko zerbitzu-zorroa eta prestazioak dituen osasun-zentroa duela horretarako, indarrean dagoen Osasun Planean aurreikusitako lehentasunen arabera.

Gaur arte, Onkologikoa osasun-zentroaren eta osasungintza-administrazioaren arteko lankidetza bost urtean behin berritzen ziren osasun-hitzarmenen bitartez gauzatzen zela.

Osasun Planaren helburuekin bat eginik, kontsideratu dutela Euskadiko herritarrei arreta onkologiko integrala eskaintzeko, atxikimendu-hitzarmena bi ospitale-egituraren funtzionamendu integratua erraztuko duen mekanismoa izango dela, ikuspuntu operatibotik eta funtzionaletik, hori bai, betiere, bai instalazioen eta bai lan-harremanen titulartasuna errespetatuko direlarik.

Zerbitzu sanitarioak emateko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak izenpetzeko betekizunei eta prozedurari buruzko irailaren 4ko 127/2018 Dekretuaren 7. artikuluan eskatzen diren betekizunak behin egiaztatuta geratzen direnean, eta berorretan aurreikusitako prozeduraren arabera, Gobernu Kontseiluak, 2018ko abenduaren 18ko bilkuran, atxikimendu-hitzarmena onartu eta baimendu zuen.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, bi aldeek atxikimendu-hitzarmen hau sinatu dute. Honako hauek dira hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren osasungintzako zerbitzuetan integratutako funtzionamendua lortzeko xedearekin, Onkologikoa Fundazioaren jabetzakoa den eta Donostiako Begiristain doktorea pasealekuko 121 zenbakian kokaturik dagoen Onkologikoa osasun-zentroak Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hartzen dituzten plangintza-erabakietara doituko ditu bere jarduerak.

Bigarrena.– Hitzarmenaren eraginpean geratzen den Onkologikoa osasun-zentroaren jarduera.

1.– Atxikimendu-hitzarmen honen eraginpean geratzen dira Onkologikoa osasun-zentroaren instalazioetan gauzatzen diren eta pazienteei zuzentzen zaizkien prebentzio-, diagnostiko-, tratamendu-, errehabilitazio-, informazio- eta segimendu-zerbitzuak.

2.– Atxikita geratzen den zerbitzu-zorroa hitzarmen honen I. eranskinean dago jasota. Berorren eguneratzea edo aldaketa hitzarmena izenpetu duten organoek onartuko dute, Gobernu Kontseiluak eta Onkologikoa Fundazioaren Patronatuak aurrez baimendurik.

Hirugarrena.– Onkologikoa osasun-zentroko beste jarduera batzuk.

1.– Onkologikoa osasun-zentroak jarraitu ahal izango du Onkologikoa Fundazioaren estatutuetan aurreikusitako beste funtzio edo zerbitzuak ematen, I+G+b garatzeko gaitasuna barne, betiere aurreko klausulan xedatutakoa urratzen ez badute.

2.– Onkologikoa osasun-zentroak asistentzia onkologikoa eman ahal izango du araubide pribatuan, beste zeinahi entitate, erakunde edo pertsona fisikoren kontura.

3.– Oraingoz, Onkologikoa osasun-zentroak jarraitu ahal izango du asistentzia-jarduera pribatu ez-onkologikoa ematen, harik eta hitzarmen hau izenpetu aurretik hartutako kontratu-obligazioek irauten duten arte.

Onkologikoa Fundazioak jakinaraziko die aipatutako erakunde pribatuei, dagozkien kontratuen indarraldia amaitzearekin batera, amaitutzat emango direla kontrataturiko jarduera ez-onkologikoak.

Laugarrena.– Artatuko den biztanleria eta Onkologikoa osasun-zentroak ematen dituen zerbitzuetarako sarbidea.

1.– Eskatzen duten arretaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek Onkologikoa osasun-zentroko zerbitzuek emandako osasun-asistentzia jasoko dute Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erabakitzen eta zehazten dituzten prozedurekin bat eginez.

2.– Onkologikoa osasun-zentroaren zerbitzuetara heltzeko arauak, izaera orokorrez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arreta espezializatuko zerbitzuetarako sarbidea arautzen duten berberak izango dira.

3.– Edonola ere, hitzarmen hau gauzatzean hartzen diren akordioen arabera, zerrenda bakarren bidez egingo da zerbitzu integratuetarako sarbidea.

Bosgarrena.– Onkologikoa osasun-zentroko instalazioen erabilpena.

Onkologikoa osasun-zentroko instalazioen erabilpenerako arauak guztientzat berdinak izango dira, araubide pribatuan edo publikoan dauden kontuan hartu gabe.

Seigarrena.– Instalazioen eta lan-harremanen titulartasuna.

1.– Onkologikoa Fundazioak segituko du Onkologikoa osasun-zentroko instalazioen jabe izaten eta, era berean, bere plantillako langileen lan-harremanen titulartasuna ere Onkologikoa Fundazioarena izango da.

2.– Hitzarmen hau sinatu ondoren Onkologikoa osasun-zentroaren titulartasunekoak izango diren instalazioen zerrenda II. eranskinean dago jasota.

3.– Onkologikoa osasun-zentroan lan egiten duten eta hitzarmenean sartzen diren pertsonen zerrenda III. eranskinean dago jasota.

Zazpigarrena.– Hitzarmena indarrean jarri aurreko zorrak eta obligazioak.

Atxikimendu-hitzarmen hau indarrean jarri baino lehenagoko egitateak direla eta, obligazioak edo zorrak existitzen diren kasuan, berorien ordainketa Onkologikoa Fundazioaren kargura joango da.

Zortzigarrena.– Finantzaketa eta fakturazioa.

1.– Urtero, iraila amaitu baino lehen, Zuzendaritza-organoak Onkologikoa osasun-zentroaren finantzaketarako aurrekontua onartuko du, hurrengo ekitaldirako, non zehaztu beharko baitira zerbitzu-zorroa, prestazio bakoitzaren kasuan aurreikusitako jardueraren bolumena eta haietako bakoitzarentzat estimatzen diren kostuak.

2.– Osasun Sailak finantzatuko du Onkologikoa osasun-zentroak osasun-arreta emateko behar dituen giza baliabideen eta baliabide materialen urteko kostua, dagokion ekitaldiko urteko aurrekontuetan aurreikusita dagoena; ez dira sartuko araubide pribatuan ematen den osasun-arretatik eta inbertsioen amortizazioetatik eratorritako gastuak.

3.– Osasun Sailak egin beharreko ekarpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiarekin urtero sinatzen duen programa-kontratuaren bidez mamituko da, edota, kasua hala denean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak erabakitzen duen programa-kontratuaren bidez.

4.– Hasieran ezarritako aurrekontua eguneratu ahalko da, Zuzendaritza-organoaren erabakiaren bitartez, baldin eta aurrez Osasun Sailak onartu badu programa-kontratuari dagokion gehigarria egitea, eguneratu den igoera atxikimendu-hitzarmenaren finantzaketarako kontu-sailean barnean hartuta gera dadin.

Hasierako aurrekontuaren handitzea ondorengo arrazoitako batean soilik oinarritu ahalko da:

– Aurrekontua onartu ostean izenpetutako akordioen ondorioz lan-kostuak igotzea edo garrantzi ekonomiko bereziko beste baldintza batzuen ondoriozko igoerak, bereziki sendagai berrien kostuetatik eratorritakoak.

– Hasierako aurrekontuan sartutakoa baino jarduera handiagoagatik.

5.– Hitzarmen honen finantzaketarako Onkologikoa osasun-zentroak 2019ko ekitaldian jasoko duen finantza-ekarpen publikoa hogeita hiru milioi, zortziehun eta hirurogeita hamabost mila (23.875.000) eurokoa izango da.

6.– Aurreikusitako finantzaketa Onkologikoa osasun-zentroari igorriko zaio, honek, aldez aurretik, aurreko hilean emandako zerbitzuei dagokien faktura aurkeztu ostean, hura ongi interpretatzeko eta jarraipena egiteko behar den informazio osagarri guztia lagun duela.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak faktura jaso ondorengo 5 egunen barruan egingo du ordainketa.

7.– Atxikitako zentro sanitarioko asistentzia-informazioaren sistemek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoekin bat egiten ez duten bitartean, dagokion Osasun Sailaren Lurralde Zuzendaritzak atxikitako zentro sanitarioek bidalitako hileko fakturazioa balidatuko du, bai fakturatutako prozesuak benetan egiteko, bai jardueraren estaldura publikoa gauzatzeko.

8.– Ekitaldia itxi eta hurrengo ekitaldiko urtarrilean erregularizatu egingo da egindako jarduerari dagokion fakturazioaren eta hamabi hileko ordainketetan ordaindutako zenbatekoaren arteko diferentzia.

Ekitaldiaren finantzazioaren muga izango da atxikitako zentro sanitarioak egindako benetako kostua, amortizazio-kostuak kanpoan utzita eta jarduera pribatuak egindako fakturazioa kenduta.

Jarduera pribatuaren fakturazioa ezingo da izan jarduera hori gauzatzean egindako kostua baino txikiagoa, eta hitzarmen honen bederatzigarren klausulako 2. atalean aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko da.

9.– Onkologikoa osasun-zentroak ekitaldi bakoitzerako aurreikusitako fakturazioaren % 8raino eskatu ahal izango du aurrerakin gisa, eta, ezohiko egoeren aurrean, bigarren aurrerakin bat ere eman ahal izango da. Haien baliogabetzea ekitaldiaren amaieran egingo da.

10.– Onkologikoa osasun-zentroak ezingo du hitzarmenaren xede diren asistentzia-jarduera edo -zerbitzuak asetzera bideratutako diru-laguntzarik jaso. Ondore horietarako, oro har, nola eta laguntzen deialdiak berak ez duen bestelakorik ezartzen, ez dira atxikimendu-hitzarmenaren xedean sartuko I+G+B jarduerak.

Bederatzigarrena.– Kontrol ekonomiko-finantzariorako prozedura.

1.– Onkologikoa osasun-zentroaren jarduera pribatuak sortutako gastuaren segimendua egiteko kostuen kontabilitate-prozesua Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak baliozkotu beharko du eta berorretan zehazki adierazi beharko dira zuzeneko kostuak, zeharkakoak eta kostu estrukturalak kalkulatzeko metodoa, erabilitako egozte-irizpideak eta zer informazio-sistema erabili den haiek lortzeko.

2.– Hileroko maiztasunez eta datuak metatuz, Onkologikoa osasun-zentroak ondorengo hauei buruzko informazio zehatza igorriko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari:

– Diru-sarrera publikoak, prestazioen arabera banakatuta.

– Diru-sarrera pribatuak, prestazioen arabera banakatuta.

– Kontabilitate-kontu bidezko gastuen xehetasunak, adostutako egituraren arabera.

– Jarduera pribaturako egindako gastuaren xehetasunak, aurreko apartatuan aurreikusitakoaren arabera kalkulatua.

3.– Atxikitako zentro sanitarioari urtean behin egingo zaio finantzako eta kudeaketako kanpoko auditoretza bat.

Hamargarrena.– Inbertsioak eta ondasun eta zerbitzuen erosketa.

1.– Zentroaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren inbertsioak Onkologikoa Fundazioaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren artean finantzatu ahalko dira, hala badagokio. Helburu horretarako, alde biek garaiz adostu beharko dituzte inbertsioak, Osasun Sailak aurrekontu-aurreproiektuaren partida izendunean esleitu ahal izan dezan inbertsioak gauzatzeko behar besteko zenbateko gehigarria.

2.– Eraikin, instalazio, altzari, tresna eta era guztietako aparatuetako inbertsioei dagokionez, baita higiezinari lotuta era iraunkorrean instalatzen diren eta Onkologikoa Fundazioaren kargura egiten direnei dagokienez ere, Onkologikoa osasun-zentroa pertsona fisiko edo juridiko titularraren titulartasunekoak izango dira. Hitzarmena izenpetu den momentuan existitzen ziren ondasun horien zerrenda II. eranskinean dago identifikatuta. Zuzendaritza-organoak berorri buruz hartzen dituen erabakien arabera ekingo zaio ondasun horien eguneratzeari.

Aurreko inbertsioek ahalbidetzen dutenean, Onkologikoa Fundazioaren aurrekontu-baliakizunen arabera, honek funts gehigarriak bideratuko ditu onkologiako I+G+Bra, Zuzendaritza-organoak Biodonostiaren aholkularitza zientifikoarekin onartzen dituen ikerketa-ildoetan.

3.– Edonola ere, Onkologikoa osasun-zentroak ondasunak eta zerbitzuak eskuratu baldin baditu, eta beroriek Osasun Sailak finantzatu baditu osotasunean edo partzialki, finantzaketa hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari aplikatzen zaion kontratazio publikoko printzipioetara egokitu beharko da. Ondore horietarako, Onkologikoa osasun-zentroa, eskuratze zentralizatuko espedienteetan edo Ente Publikoak estrategikoak deklaratu dituenetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko osasun-zerbitzuen erakundetzat hartuko da.

Onkologikoa osasun-zentroak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak elkarrekin kontratazio espezifikoak egitea adostu ahalko dute, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako terminoetan.

Hamaikagarrena.– Zuzendaritzako organoak.

Hitzarmen hau indarrean den bitartean, Onkologikoa osasun-zentroak zuzendaritzako organo hauek izango ditu atxikitako asistentzia-jarduna kudeatzeko:

– Zuzendaritza-organoa.

– Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaria.

Hamabigarrena.– Zuzendaritza-organoaren eginkizunak.

1.– Zuzendaritza-organoa da Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaritza- eta kudeaketa-organo gorena.

2.– Atxikitako jarduerari dagokionez, Zuzendaritza-organoaren eginkizunak dira:

a) Ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean egongo den jardueraren fakturazio-tarifen koadroa onartzea.

b) Onkologikoa osasun-zentroaren aurrekontua onartzea.

c) Zentroaren balantzeak eta kontuak onartzea.

d) Jardueren urteko memoria onartzea.

e) Urtero egin behar den finantzaketari eta kudeaketari buruzko kanpoko auditoretzak, hala badagokio, zehazten dituen neurriak ezartzeko behar diren erabakiak hartzea.

f) Asistentzia-zerbitzuen eta, oro har, instalazioen egituran aldaketak onartzea.

g) Onkologikoa osasun-zentroko plantilla propioa onartzea, baita langileak kontratatzeko baimena ematea eta hautaketarako irizpideak eta prozedurak ezartzea ere.

h) Onkologikoa osasun-zentroko langileen hitzarmena onartzea, goragoko beste esparru batekoa aplikatzekoa zaienean salbu.

i) Materialaren edota produktuen besterentzea onartzea, baita material inbentariagarriaren baja ere.

j) Zentroaren funtzionamendurako behar diren kontserbazio- eta mantentze-lanak egiteko onarpena ematea.

k) Onkologikoa Fundazioari proposatzea Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaria izendatzea eta kargutik kentzea.

l) Hitzarmen honetan aurreikusitako Kudeaketa Klinikoko Unitatearen buru izango den pertsona izendatzea.

m) Kudeaketa Klinikoko Unitatearen Buruzagitzari eskumena ematea Onkologikoa osasun-zentroko izaera osagarriko edo Kudeaketa Klinikoko Unitatearen jarduera sostengatzeko jarduera guztiaren Asistentzia-zuzendaritza egikaritu dezan.

n) Biodonostiaren jarduera diruz laguntzeko partidak onartzea, Osasun Sailak ezarritako I+G+B politika globalari jarraituz.

ñ) Erreklamazioak adostea, eta osasun-zentroari dagozkion ondasunak, eskubideak edota ekintzak epaiketan edo epaiketatik kanpo defendatzea, edozein auzitegi edo agintaritzaren aurrean, egikaritzen diren ekintzak edo errekurtsoak onartzeko, arbitraje pean ipintzeko edo, hala badagokio, atzera egiteko ahalarekin.

o) Zentroaren barne-erregelamendua elaboratzea.

Hamahirugarrena.– Zuzendaritza-organoaren osaketa.

1.– Onkologikoa Osasun-zentroaren Zuzendaritza-organoa Onkologikoa Fundazioak izendatutako 6 kidek osatuko dute:

– Bi pertsona Osasun Sailak proposatuta izendatuko dira.

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak proposatutako pertsona bat.

– Onkologikoa Fundazioak proposatutako hiru pertsona.

2.– Lehen Zuzendaritza-organoa, hauek osatuko dute:

a) Osasun Sailaren ordezkaritzan:

– Jon Darpón Sierra jauna, Osasun Saileko sailburua.

– Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui jauna, Osasun Saileko sailburuordea.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ordezkaritzan:

– Juan Luis Diego Casals jauna, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaria.

c) Onkologikoa Fundazioaren ordezkaritzan:

– Manuel Isidoro Beraza Olabarrieta, Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko presidentea.

– Natalia García de Albizu Gárate andrea, Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko idazkaria.

– Ander Aizpurua Susperregui jauna, Kutxa Banku Fundazioko zuzendari nagusia.

3.– Hemendik aurrerako izendapenak Zuzendaritza-organoaren lehendakariari jakinaraziko dizkio ordezkaritzaren aldaketa egiten duen organoaren titularrak.

4.– Onkologikoa Fundazioak izendatuko du Zuzendaritza-organoko idazkaria.

Hamalaugarrena.– Zuzendaritza-organoaren jardute-araubidea.

1.– Zuzendaritza-organoak lehendakari bat hautatuko du bere kideen artean, eta barneko jardute-arauak onartuko ditu.

2.– Zuzendaritza-organoa lehendakariak deituta elkartuko da, edota organoko kideen erdiek eskatuta; hiru hiletik behin, gutxienez, elkartu beharko dute.

3.– Gutxienez 48 ordu lehenago egingo da deialdia; edota lehendakariak egoki deritzonean, premiazko kasuetan. Aztergaien zerrenda aurrez finkatu beharko da. Nolanahi ere, ez da deialdia egin beharrik izango, baldin eta kide guztiak bertan egonik, aho batez bilkura egitea onartzen bada.

4.– Zuzendaritza-organoa baliozkotasunez osatuta geratuko da bilerara, gutxienez, hiru kide agertzen badira.

Zuzendaritza-organoaren bilkuretara bertaratuko dira, ahotsarekin baina boto gabe, Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaria eta Donostialdeko osasun-zerbitzu integratuen Erakundeko Kudeaketako zuzendaria.

5.– Zuzendaritza-organoko kideek beste kide batu eskuordetu ahalko diote botoa. Eskuordetze hori idatziz formalizatu beharko da, eta boto eskuordetua baiezkoa ala ezezkoa izango den zehaztu beharko da bertan. Eskuordetze-idatzi hori zuzendaritza-organoko presidenteari entregatuko zaio saioa hasi aurretik.

6.– Zuzendaritza-organoak bildutako kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza-organoaren eskumenen ordezkaritza iraunkorrak lau organo-kideren aldeko botoa eskatuko du gutxienez.

7.– Beren funtzioak egikaritzean, zuzendaritza-organoa osatzen duten pertsonek euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, organoak hala erabakitzen duen guztian, euskaraz egin ahal izango dira deialdiak, gai-zerrendak, aktak eta, oro har, pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztiak. Edozein modutan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da beti.

Hamabosgarrena.– Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaria.

1.– Onkologikoa Fundazioari dagokio Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaria izendatzea eta kargutik kentzea, Zuzendaritza-organoak proposatu ostean.

2.– Izendapena hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera egiten ez den bitartean, Onkologikoa osasun-zentroaren zuzendaritza-funtzioak atxikimendu-hitzarmen hau indarrean jartzen den momentuan Kudeaketako zuzendari den pertsonak hartuko ditu bere gain.

Hamaseigarrena.– Zuzendaritzaren funtzioa.

Zuzendaritza-organoaren mendean, Onkologikoa osasun-zentroko zuzendariak honako funtzio hauek garatuko ditu:

a) Onkologikoa osasun-zentroaren ordezkari ofiziala izango da.

b) Zentroko zerbitzu eta langile guztien buru gorena izango da; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak Kudeaketa klinikoko unitate partekatuari atxikitako langileen buruzagitza funtzionalaz ere bera arduratuko da, aipatu unitatearen buruzagitza barne.

c) Onkologikoa osasun-zentroko langileak kontratatuko ditu.

d) Zentroaren administrazioarekin lotutako ohiko kudeaketaz arduratuko da.

e) Zentroaren beharrizanen proposamena, aurrekontu-proiektua, kontabilitate-dokumentuak eta jardueren urteko memoria prestatuko ditu, Zuzendaritza-organoak onar ditzan.

f) Hiru hiletik behin, zentroaren bilakaera ekonomikoari eta jarduerari buruzko txosten bat prestatuko du, Zuzendaritza-organoari aurkezteko.

g) Zentroaren gastuak eta ordainketak aginduko ditu. Zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa bada, zuzendaritza-organoak izendatzen duen pertsonarekin batera baimendu beharko ditu gastu eta ordainketa horiek.

h) Zuzendaritza-organoak baimendutako obrak kontratatuko ditu, baita premiaz behar diren bestelakoak ere, eta Zuzendaritza-organoaren lehendakariari emango dio berorien berri.

i) Onkologikoa osasun-zentroa ordezkatuko du mota guztietako ekintza eta errekurtsoetan, Zuzendaritza-organoaren jarraibideen arabera.

j) Oro har, indarrean den legeriak egozten dizkion funtzio guztiak beteko ditu, baita Zuzendaritza-organoak haren esku utziak ere.

Hamazazpigarrena.– Onkologikoa osasun-zentroan lan egiten duten langileak.

1.– Atxikimendu-hitzarmena indarrean jartzen den datatik aurrera, Onkologikoa osasun-zentroan emandako zerbitzuak euskal sektore publikoaren esparruan emandako zerbitzu gisa zenbatuko dira eta giza baliabideen esparruko prozesuetan konputatu ahalko dira.

2.– Onkologikoa osasun-zentroak langileak kontratatu behar dituenean aldi baterako hainbat premia estali behar dituelako, falta direnak ordezteko, adibidez (ordezkapenak), edo eskaini beharreko asistentziaren arloko beharrizan puntualei aurre egiteko, langile horien hautaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko sistemen arabera egin beharko da, hau da, Ente Publikoan indarrean dauden kontratazio-zerrendetara jo beharko da, nahiz eta lan-kontratua atxikitako zentroarekin formalizatuko duten eta zentro horrekin izango dituzten lan-harremanak eta, hortaz, atxikitako zentroaren lan-baldintzak izango zaizkien aplikatzekoak.

3.– Onkologikoa osasun-zentroko langileen artean gertatzen diren behin betiko bajek, erabateko erretiroagatik, enpleguari uko egiteagatik, heriotzagatik, aplikatzekoa den lan-araudiaren arabera behin betiko baja dakarren ezintasun iraunkorragatik edo lanpostua gordetzea eskatzen ez duen beste zeinahi bajak, atxikitako zentroko kideak gutxitzea ekarriko dute eta, beharrezkoa ikusten bada, dagozkien plazak hornitzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, aldez aurretik, Ente Publikoaren plantilla estrukturala aldatzeko espedientea izapidetu ostean, zeina Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu beharko baitu eta gero Gobernu Kontseiluari aurkeztu beharko baitzaio, Kontseilu horrek, kasua hala baldin bada, dagokion talde profesionaleko kideen gehieneko kopuruaren aldaketa onar dezan.

4.– Onkologikoa osasun-zentro atxikiko langileek bete egin beharko dute administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruzko legeriak ezartzen duen bateraezintasun-araubidea.

5.– Onkologikoa osasun-zentro atxikiko langileek bete egin beharko dituzte Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikotik eratortzen diren betebeharrak, eta konfidentzialtasunez tratatuko dituzte beren lanpostua dela-eta eskuratu ahal dituzten datu pertsonal guztiak; betebehar horiek urratuz gero, dagozkion ondorio zehatzaileak ezarriko zaizkie.

Hemezortzigarrena.– Kudeaketa Klinikoko Unitate partekatua.

1.– Hilabeteko epean, atxikimendu-hitzarmena indarrean jartzen den egunetik zenbatuta, Onkologikoa osasun-zentroko zuzendaritzak eta Donostialdeko osasun-zerbitzu integratuen erakundeko gerentziak elkarrekin egindako proposamenaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiari eskatuko zaio eratu dezala Erradioterapia eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea. Berorren ezaugarriak, egitura eta funtzionamendua Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 23ko Akordioaren aurreikuspenetara egokituko dira.

2.– Unitatearen antolakuntza jardunbide kliniko integratuaren ereduan oinarrituko da eta printzipio hauek izango ditu jarduteko orduan: autonomia, eraginkortasuna, efizientzia eta zerbitzuen kalitatea.

3.– Onkologikoa osasun-zentroko onkohematologia-, erradioterapia- eta erradiofisika-zerbitzuetako baliabide multzoak eta Donostialdeko osasun-zerbitzu integratuen Erakundeak sortutako –eta, gaur egun, Onkohematologiako Donosti Institutua deritzan– Kudeaketa Klinikoko Unitatea eratzen duten baliabideek osatuko dute aipatutako unitatea.

Klausula honetan aurreikusitako Erradioterapia eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea eratzen denean, desegin egingo da, beste gabe, Onkohematologiako Donosti Institutua deritzan Kudeaketa Klinikoko Unitatea, salbu utzirik unitate horretan aurrera eramaten ari diren proiektuek beren jarduerari eutsiko diotela kudeaketa klinikoko unitate sortu berrian.

4.– Zuzendaritza-organoak, bere kideen aho bateko akordio bidez, erabaki ahalko du Onkologikoa osasun-zentroko eta Donostialdeko zerbitzu integratuen Erakundeko profesionalek beren jarduerak elkarrekin garatu ahal izatea kudeaketa klinikoko unitate partekatuaren barruan.

5.– Partekatutako Kudeaketa Klinikoko Unitatearen zerbitzu-zorroko asistentzia-zerbitzu eta -prozesuek behar dituzten jarduketak garatzeko, Zuzendaritza-organoak baimendu ahalko du profesionalen aldi baterako lekualdatzeak egitea Onkologikoa osasun-zentroaren eta Donostialdeko osasun-zerbitzu integratuen Erakundearen artean, baina horrek ez du ezer aldatuko lan-harremanen titulartasunean, eta ez du esan nahiko bateraezintasunei buruzko araudia betetzen ez denik.

6.– Halaber, Zuzendaritza-organoak baimendu ahalko du partekatutako Kudeaketa Klinikoko Unitatean integratutako profesionalek prestakuntza-prozesuetan eta atxikitako bi instituzioetatik edozeinetan aurrera eramaten diren ikerketa-proiektuetan parte hartzea.

7.– Zuzendaritza-organoak, aipatutako Kudeaketa klinikoko unitatearen eraketari atxikita, Kudeaketa klinikoko unitatearen Buruzagitza sortzea erabaki ahalko du.

Postua desagertu egingo da Kudeaketa klinikoko unitatea indargabetzen den kasuan.

Kudeaketa Klinikoko Unitate integratuko Buruzagitzarako pertsonaren hautaketa deialdi publiko bidez egingo da eta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioetara doituko da.

Hemeretzigarrena.– Hitzarmena indarrean jartzea eta iraupena.

1.– Atxikimendu-hitzarmen hau 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean eta 3 urteko iraupena izango du.

2.– Esan gabe luzatu ahal izango da hitzarmena beste urtebetez, Osasun Sailaren aurrekontuetan kontsignatutako kreditu izendunen arabera, eta aldez aurretik Zuzendaritza-organoak aldeko ebaluazioa egin ostean.

Hogeigarrena.– Indargabetzeko arrazoiak.

Atxikimendu-hitzarmen hau indargabetu ahal izango da kausa hauetako batengatik:

a) Bi aldeek horixe adostea.

b) Indarraldia amaitzea, bi aldeetako edozeinek aldez aurretik hala salatu ostean.

c) Bi aldeetatik batek hitzarmena ez betetzea.

Hogeita batgarrena.– Batzorde paritarioa.

1.– Hitzarmen honen aplikazioan sor litezkeen gorabeherak ebazteko, batzorde paritario bat sortuko da, sei pertsonak eratuko dutena; horietatik hiru Osasuneko sailburuak izendatuko ditu eta beste hiru pertsonak, berriz, Onkologikoa Fundazioak.

2.– Honako hauek dira batzorde paritarioko kide modura hasieran izendatu diren pertsonak:

a) Osasun Administrazioaren ordezkaritzan:

– Osasun Sailaren Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendaria.

– Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria.

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendaria.

b) Onkologikoa Fundazioaren ordezkaritzan:

– Onkologikoa Fundazioko Giza Baliabideen Sailaren arduraduna.

– Onkologikoa Fundazioko Finantza Sailaren arduraduna.

– Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko idazkariordea.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Txanda-kontratua sinatu duten Onkologikoa osasun-zentroko langileen araubide iragankorra.

1.– Onkologikoa zentro atxikiko langileek, baldin eta hitzarmena indarrean sartzen den egunean txanda-kontratu bat formalizatua badute erretiro partziala hartu duen zentroko beste langile bat ordezkatzeko, zentro horretan eta adierazitako datan kontratu horiei aplikatzen zaizkien lan-baldintzak izango dituzte.

2.– Kasu horietan, ez da aplikatu beharko hitzarmen honen 17.3 klausulan adierazitakoa, salbu eta edozein arrazoi dela-eta behin betiko baja hartzen badu txanda-kontratua duen langileak; kasu horretan, 17.3 klausulak dioena aplikatuko da.

3.– Hitzarmen honen IV. eranskin gisa jaso da txanda-kontratua duten Onkologikoa zentro atxikiko langileen zerrenda, haietako bakoitzak ordezkatzen duen langile erretiratua adierazita.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kudeaketa Klinikoko Unitate partekatua eratu arte indarrean egongo diren egituren mantentzea.

1.– Hitzarmen honen hemezortzigarren klausulan adierazten den Kudeaketa Klinikoko Unitate partekatu berria behin betiko eratzen den arte, indarrean egongo dira lanpostuen gaur egungo egiturak, hala Onkohematologiako Donosti Institutua deritzan Kudeaketa Klinikoko Unitatean –Donostialdeko osasun-zerbitzu integratuen Erakundeak sortu zuen– nola Onkologikoa osasun-zentroan.

2.– Kudeaketa Kliniko Partekatuko Unitateko Buruzagitza hautatu artean, Onkohematologiako Donosti Institutuko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buruaren funtzioak bete izan dituen pertsonak beteko ditu buruzagitza berri horri dagozkion funtzioak.

Eta, adostasun-froga gisa, aldeek atxikimendu-hitzarmen hau sinatzen dute, aurretik adierazitako lekuan eta datan.

Fundación Onkologiokoa Fundazioa,

ANDER AIZPURUA SUSPERREGUI.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

HITZARMENAREN I. ERANSKINA
ZERBITZU-ZORROA
(Ikus .PDF)
ERANSKINA
MEDIKUNTZA NUKLEARRA

Ohiko determinazioak.

– TSH.

Gammagrafia bereziak.

– Miokardioaren gammagrafía.

– Hezur-gammagrafia.

– Ekorketa I-131rekin (gorp.).

– Tiroidea I-131rekin.

– Bolumen eritrozitarioa.

Gammagrafia sinpleak.

– Biriken gammagrafía.

– Giltzurrunen gammagrafía.

– Listuaren gammagrafía.

– Urdailaren gammagrafia (Meckel-en dibertikulua).

– Gammagrafia TC 99rekin.

– Kolangiogammagrafiak (gibel eta behazunaren gamm.).

Beste proba berezi batzuk.

– Zistografia isotopikoa.

– Gammagrafia galio-67rekin.

– Biriken gammagrafia konbinatua.

– Errenograma Mag-3-TCrekin.

– Garunekoa ez den spect-a.

– Bentrikuluaren gammagrafia, oreka.

Prestazio bereziak.

– Leukozitoen markajea.

– Garuneko spect-a.

– Esfortzuko perfusioko gammagrafia Tc-99m MIBIrekin.

– I-131 dosibakarrak.

– Muin suprarrenala I-131rekin.

– Gammagrafia metaiodobenzilguanidinarekin.

– Tumoreen erradioimmunolokalizazioa.

– Gongoil zelatariaren lokalizazioa.

– Dat scan.

– Tratamendua radio 223 dikloruroarekin.

HITZARMENAREN II. ERANSKINA
ATXIKIMENDU-HITZARMENEAN SARTZEN DIREN ONKOLOGIKOA OSASUN-ZENTROKO INSTALAZIOAK
(Ikus .PDF)
HITZARMENAREN III. ERANSKINA
HITZARMENAREN ERAGINPEAN GERATZEN DEN ONKOLOGIKOA OSASUN-ZENTROKO LANGILEAK
LAN-HARREMAN MUGAGABEA
(Ikus .PDF)
ESZEDENTZIAN DAUDEN LANGILEAK
(Ikus .PDF)
BEHIN-BEHINEKO BAME-AK
(Ikus .PDF)
DUO ERRADIOTERAPIA AREAGOTZEAGATIK SINATUTAKO KONTRATUAK, ETA EGITURAZKOAK
(Ikus .PDF)
ABE-EN ORDEZKAPENAK
(Ikus .PDF)
ZEREGINAK METATZEAGATIK SINATUTAKO KONTRATUAK
(Ikus .PDF)
HITZARMENAREN IV. ERANSKINA
TXANDA-KONTRATUA DUTEN ONKOLOGIKOA ZENTRO ATXIKIKO LANGILEEN ZERRENDA, ORDEZKATZEN DUTEN LANGILE ERRETIRATUA ADIERAZITA
LANGILE ORDEZKATUEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
LANGILE ORDEZKARIEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala