Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2019ko urtarrilaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
324

HUTS-ZUZENKETA, honako dekretu honena: «177/2018 Dekretua, abenduaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoiztekoa».

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.a) artikuluak xedatzen duenez, aldizkariaren argitalpena prestatzerakoan egiten diren hutsak, baldin eta dokumentuaren edukia aldatzen badute edo zalantzak sortzen badituzte, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, ofizioz nahiz organo edo entitate interesdunak eskatuta.

Era horretako hutsak aurkitu dira honako dekretu honetan: «177/2018 Dekretua, abenduaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoiztekoa» (2018ko abenduaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 237. zk.). Hori dela eta, dagokion zuzenketa egiten da hemen.

Dekretua osatzen duten artikuluetan, atal eta azpiatal bereizten duten zenbaki eta letra guztiak ez dira agertzen, horregatik berrito argitaratzen da dekretua zuzenduta, eranskina izan ezik, berori ondo argitaratua izan baitzen.

177/2018 DEKRETUA, abenduaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoiztekoa.

Hazitarako patataren ekoizpena, urte askoan, Arabako Lurralde Historikoaren ikurra izan da. Hala ere, hazkuntza horrek krisi handia izan zuen, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko araudi erregulatzailea egokitu behar izan zen, hazkuntzari eutsi eta desagertu ez zedin.

Une kritikoenak gainditu eta hazkuntza egonkortu ondoren, aurreko arauaren ordez azaroaren 12ko 273/2002 Dekretua ezarri zen. Horrek normaltasun-egoerari hobeto erantzuten zion, eta hazitarako patataren laborariei baldintza zorrotzagoak ezartzen zizkien –batez ere, hazitarako patata lantzeko baimendutako eremuaren barruan kontsumorako patata ekoitzi nahi zutenei–, bukaerako produktuaren kalitatea eta osasuna handitzeko eta, hedaduraz, horren lehiakortasuna.

Hazitarako patata ekoizteko baimendutako eremuak definitu zirenean, kanpoan utzi ziren klima-baldintzengatik gaixotasun birotikoak zabaltzea eragin zezaketen eta –ondorioz– hazitarako patataren egiaztagiria eskuratzeko moduko tuberkulu osasuntsuak lortzea oztopatuko zuketen eskualdeak.

Gaur egun, erabilera fitosanitarioa hobetu denez, birosien transmisio-bektoreen kontrola eraginkorragoa da. Gainera, hazi ziurtatuaren erabilera orokortzearen eraginez, erabiltzen den haziaren kalitatea duela urte batzuetakoa baino nabarmen hobea da. Dena den, badira iraganean erabakigarriak ez ziren baina gaur egun eremu jakin batean hazitarako patata lantzea komenigarria den edo ez erabakitzeko teknikoki garrantzitsuagoak diren bestelako alderdi fitosanitario batzuk.

Horregatik, dekretu honek herri esklusiboen eta lehentasunezkoen arteko bereizketa ezabatzen du eta arau-hauste eta zehapenen atalaren ikuspegia aldatzen du. Hala, landare-osasunarekin lotutako auziei garrantzi handiagoa ematen die, nagusiki haziak ezkutuan zabaltzea saihesteko helburua zuen ereduari baino.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10. artikuluko 9. paragrafoan, Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen zaio nekazaritzan eta abeltzaintzan, ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera, eta hori kontuan izanda eman da dekretu hau.

Dekretu hau egiteko, erakunde profesionalak eta sektoreko elkarteak kontsultatu dira, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan hazitarako patata ekoiztearen inguruko araudia garatzea eta osatzea.

2.– Dekretuaren helburuak hauek dira: laborantza hori gordetzea eta bere kalitatea eta osasuna handitzea.

2. artikulua.– Eremu geografikoen mugaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko hazitarako patata ekoizteko baimendutako eremu geografikoa izango da hemen mugatzen den Arabako Lurralde Historikoko zatia:

Iparraldeko muga: Isurialde kantauriarraren eta mediterraneoaren arteko uren banalerroa.

Hegoaldeko muga: Kantabriako mendilerroa.

Ekialdeko muga: Nafarroako Foru Komunitatearekiko lurralde-muga.

Mendebaldeko muga: Gaztela eta Leongo Erkidegoarekiko lurralde-muga.

3. artikulua.– Herrien sailkapena.

1.– Baimendutako eremuaren barruan, hazitarako patata ekoitziko duten herriak mugatzen dira eta horietan kontsumorako patata ekoizteko mugak ezartzen dira. Ekoitziko duten herritzat joko dira dekretu hau argitaratu eta aurreko 5 kanpainetako batean hazitarako patata ekoiztu den herriak.

2.– Era berean, hazitarako patata ekoitziko duten herriak bitan zatitzen dira: lehentasunezkoak eta lehentasun mugatukoak. Azken 6 urteetan patataren kistearen nematodoa (Globodera rostochiensis eta Globodera pallida) izan duten herriak lehentasun mugatukoak izango dira; gainerako herriak lehentasunezkotzat joko dira.

3.– Nekazaritzako eskumena duen zuzendariak herrietako batzuk baztertu ahal izango ditu, behar bezala justifikatutako arrazoi fitosanitarioengatik edo agronomikoengatik. Baztertzea edozein momentuan agindu daiteke, aurreko atalean aurreikusten den ebazpena eman ostean ere.

4. artikulua.– Herrien sailkapenean egindako aldaketak.

1.– Beren ustiategia hazitarako patatak ekoizten dituzten herrien zerrendan agertzen den herriren batean kokatua duten nekazariek, herri hori zerrendatik baztertzea nahi badute, urte bakoitzeko apirilaren 15a baino lehen eskatu beharko dute. Eskaera hori kontuan hartzeko, herri horretan patata ekoizten duten nekazarien % 50etik gorako babesa izan beharko du eta horiek landutako azalerak herri horretan hazkuntza horretara bideratutako azalera osoaren % 75etik gora hartu beharko du.

2.– Herri bat hazitarako patatak ekoizten dituzten herrien zerrendan sartzeko, urte bakoitzeko apirilaren 15a baino lehen eskatu behar da, eta, ekoizleek, proposamenarekin batera, konpromisoa aurkeztu behar dute, eraginpean dagoen herriko edo lurralde-unitate txikiago bateko patata-hazleen % 50ek baino gehiagok sinatua, eta horiek hazkuntzarako erabiltzen den azaleraren erdiaren baino gehiagoren ustiatzaileak izan behar dute.

3.– Herriaren sailkapena aldatzeko eskaera nekazaritzako eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari igorriko zaio, eta horrek baietsi edo ezetsiko du eskatutako aldaketa.

5. artikulua.– Hazitarako patatak ekoiztea baimentzeko prozedura.

1.– Hazitarako patatak ekoizteko baimena duten entitateek hurrengo kanpainan zer herritan ekoitzi nahi dituzten jakinaraziko diote nekazaritzan eskumena duen zuzendaritzari. Horretarako, ekoizpen horretan zer nekazarik eta zer esparruk jardungo duten zehaztu beharko dute, SIGPAC kodearekin identifikatuta. Eskaera irailaren 15etik aurrera aurkezten bada, entitateak arrazoi justifikatu bat alegatu beharko du eta 3. atalean aipatzen diren laginketak egiteko langile kualifikatuak jarri beharko ditu.

2.– Eskaerak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da.

3.– Derrigorrezkoa izango da, hazitarako patata hazi aurretik, lurraren analisia egitea. Eskaera irailaren 15etik aurrera egiten bada, entitateak langile kualifikatuak jarri beharko ditu laginketak egiteko.

4.– Lur-analisien emaitzak ekartzen badu entitateek eskaera berri bat egin beharra, esparru ezberdinekin, eskaera ez da joko epez kanpokotzat.

5.– Nekazaritzako eskumena duen Zuzendaritzak urtero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpena emango du; horretan, datorren kanpainan hazitarako patata ekoitziko duten herrien zerrenda bilduko da. Zehaztuko dira lehentasun mugatuko herriak; ez badago aldaketarik, ez da beharko zerrenda argitaratzea.

6.– Ebazpenaren epemuga otsailaren lehena izango da. Data horretan ez bada argitaratu, indarrean jarraituko du joan den urtean argitaratuak.

6. artikulua.– Hazitarako patatak ekoizten dituzten herrietatik kanporako baimena.

1.– Baimendutako eremu geografikoan hazitarako patatak ekoizten dituzten herrien zerrendan jaso gabeko herri batean hazitarako patatak ekoitzi nahi baditu Erakunde Ekoizle batek, urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen eskatu ahal izango zaio nekazaritzako eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari.

2.– Eskaerarekin batera, landu nahi dituen esparruetako hazkuntza-bermeak azaltzen dituen memoria bat aurkeztu beharko du.

3.– Baimenean hazkuntzarako baldintza zehatzak ezarri ahal izango dira.

7. artikulua.– Lehentasunezko herrietan patata ekoizteko baldintzak.

Hazitarako patatak ekoizten dituzten herrietan, patata beste erabilera batzuetarako haztea honako baldintzen arabera egongo da baimenduta:

a) Laboreak izurrien eta gaixotasunen aurka babestuko dira, beharrezko prebentzio- eta sendaketa-tratamenduak eginez.

b) Ekoizpen integratu edo ekologikorako edo bestelako ekoizpen-sistema ziurtatuetarako erabiltzen diren lurzatien kasuan, izurri eta gaixotasunen kontrako babesa ekoizpen horiek arautzen dituzten arau eta erregelamendu teknikoen araberakoa izango da.

c) Ofizialki ziurtatutako haziak erabiliko dira.

d) Nekazariak berak eskatzen badu patatak hazitarako eta beste erabilera batzuetarako ekoizteko baimena, erabilera bakoitzerako barietate ezberdin bat onartu beharko da, eta makineriak ezberdina izan beharko du edo uzta bakoitza jaso ondoren ondo desinfektatu beharko da. Aurretik eskaera bat egin beharko da, eta zer barietate erabiliko diren eta kutsadura gurutzaturik ez gertatzea nola bermatuko den azaldu. Ebazpenak eskaeran aurreikusitako neurrien osagarri batzuk ezarri ahal izango ditu. Salbuespen moduan, arrazoi fitosanitarioengatik edo norberaren patata hazien kontsumo kasuetan, Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak baimendu dezake barietate berdina erabiltzea xede desberdinetarako, betiere baimenean ezarri diren kontrol-neurriak aplikatuta.

8. artikulua.– Lehentasun mugatua duten herrietan patata ekoizteko baldintzak.

1.– Edozein xedetarako patata hazi baino lehen, lurren analisi bat egin beharko da; kisteko nematodoa antzematen bada, ezingo da hazitarako patata ekoitzi lur-zati ukituan; Eusko Jaurlaritzako Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak baimentzen badu patata haztea, Zerbitzuak adierazitako kontsumorako patata-barietatea bakarrik ekoitzi ahal izango da, eta ezarriko dituen baldintzetan.

2.– Lurren laginketarako, hazitarako patatak ekoizteko interesa duten entitateek zer esparrutan ekoitziko dituzten jakinaraziko diote nekazaritzan eskumena duen zuzendaritzari, erein aurretiko urteko irailaren 15a baino lehen, SIGPAC kodearekin identifikatuta. Eskaera irailaren 15etik aurrera aurkezten bada, arrazoi justifikatu bat alegatu beharko dute eta laginketak egiteko langile kualifikatuak jarri beharko dituzte. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da. Lur-analisien emaitzak ekartzen badu entitateek eskaera berri bat egin beharra, esparru ezberdinekin, eskaera ez da joko epez kanpokotzat.

3.– Herri mugatuetan hazitarako ez beste erabilera baterako patatak ekoitziko dituzten pertsonek erein urte bakoitzeko otsailaren 15a baino lehen egin beharko dute eskaera. Erein aurretiko urteko irailaren 15a baino geroago eskatuz gero, laginketak egiteko langile kualifikatuak jarri beharko dituzte. Erein urteko otsailaren 15etik aurrera eskatuz gero, gainera, erabili beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak baimendutako patata-barietate bat, kisteko nematodoari erresistentea.

9. artikulua.– Norberaren kontsumorako patata haztea.

Norberaren kontsumorako patatak hazteko lurzatiak, 2.000 m2 baino gutxiagokoak baldin badira, 6. artikuluan jasotako baldintzak betetzetik eta kisteko nematodoak antzemateko lurren laginketa egitetik salbuetsita egongo dira, betiere 12.1.a) artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.

10. artikulua.– Patata hainbat ekoizpen-entitaterentzat haztea.

1.– Hazitarako patata hainbat ekoizpen-entitaterentzat ekoitzi nahi denean, alderdien arteko idatzizko hitzarmen bat izan beharko da, ekoizpen osoa ekoizpen-entitateen bitartez merkaturatuko dela bermatzeko.

2.– Barietate bakoitzeko ekoizpen osoa entitate bakar bati emango zaio.

11. artikulua.– Laborea babesteko neurriak.

Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak eremu jakin batzuetan patatari eragiten dioten landare-izurrien kontrako neurri zehatzak ezarri ahal izango ditu –izurriak edozein landare- edo animalia-espezie, -arraza edo -biotipotako organismo kaltegarritzat hartuta, edo landareetarako edo landare-produktuetarako kaltegarria den edozein gai patogenotzat–, eta, bereziki, honako hau egin ahal izango du:

a) Eremu jakin batzuetan izurri jakin batzuekiko kalteberak diren patata edo bestelako landare-espezieen barietateak landatzea edo haztea baldintzatu edo debekatu.

b) Esparru batean patata-barietate jakin bat hazteko betebeharra ezarri.

c) Hazitarako patataren kasuan, bestelako erabileretarako erabiltzen diren lokal, tresna eta makineria ez bestelakoak erabiltzeko betebeharra ezarri.

d) Hazitarako patatak ekoizteko erabiltzen diren lanabes, tresna, makina eta biltegiak garbitzeko eta desinfektatzeko protokoloak ezarri.

e) Ureztatzearen inguruko baldintza edo muga zehatz batzuk ezarri, izurriek kalterik ez eragiteko eta horiek ez zabaltzeko.

f) Gauzatze-aldiaren arabera izurri bat garatzea eragin dezaketen laborantza-lanak –uzta biltzea eta gordetzea barne– hasteko eta bukatzeko datak zehaztu.

g) Hazitarako eta kontsumorako patata biltzeko eta manipulatzeko baldintzak ezarri, kutsadurak saihesteko.

h) Landaketak erauzi, ondoko landaketetarako arrisku fitosanitarioa eragiten badute edo izurri jakin bat kontrolatzeko beharrezkoa bada, laborearen hedapena eta helmuga edozein izanda ere.

i) Izurria kontrolatzeko teknikoki edo zientifikoki beharrezko gisa justifikatzen den beste edozein neurri ezarri.

12. artikulua.– Ikuskatzeko ahalmena.

1.– Dekretu honetan xedatutakoa betetzen den egiaztatzeko, nekazariek honako hau egin beharko dute:

a) Nekazaritza eskumena duen zuzendaritzako langileei patata haztera zuzendutako lursailetara sartzen utzi, hedapena eta helmuga edozein dela ere, egokitzat jotzen diren egiaztapenak egiteko, baita eskatzen zaien informazio guztia eman ere.

b) Erabilitako haziaren etiketa ofizialak eta horiek eskuratu izanaren fakturak edo entrega-agiriak nekazaritzan eskumena duen zuzendaritzaren eskura jarri, baita laboreak izurri eta gaixotasunetatik babesteko eskuratutako produktu fitosanitarioen fakturak edo entrega-agiriak ere. Horretarako, aipatutako dokumentuak gutxienez hiru urtez gorde beharko dira.

2.– Esparru batean patatari eragiten dion landare-izurri bat atzeman eta deklaratu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak hura ikuskatzeko eta ezarritako neurriak betetzen diren kontrolatzeko ahalmena izango du, nahiz eta ordurako hazitarako patata haztera bideratuta ez egon.

13. artikulua.– Zehapen-araubidea.

1.– Dekretu honetan xedatutakoa urratuz gero aplikatu behar den zehapen-araubidea haziei eta mintegiko landareei nahiz baliabide fitogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legearen VI. tituluan eta landare-osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluan xedatutakoa izango da.

2.– Halaber, dagokion neurrian, 2/1998 Legea aplikatuko da, otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa.

3.– Dekretu honetan xedatutakoa urratzeagatik irekitako zehapen-espedienteak ebazteko eskumena nekazaritza-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariarena izango da.

14. artikulua.– Ekoizle titulua lortzea.

1.– Hazitarako patatak ekoizteko baimena duten entitateak kategoria hauetako batean edo batzuetan sailkatuko dira:

a) Sortzailea.

b) Hautatzailea.

c) Ugaltzailea.

2.– Entitateak eskatu ostean, titulua Eusko Jaurlaritzako hazien eta mintegiko landareen arloan eskumena duen zuzendariak emango du, eta emateak ekarriko du dagozkion hazien eta mintegiko landareen ekoizleen erregistroetan inskribatzea.

3.– Hazitarako pataten ekoizle ugaltzailea titulua eskuratzeko, hazitarako patata ekoiztera urtero bideratuko den azalerak gutxienez 50 hektareatakoa izan behar du.

4.– Titulua galduko da hazitarako patata ekoiztera bideratzen den azalera bataz besteko % 30 murrizten bada hiru urte jarraian, murrizketa ez bada ezinbesteko kausengatik izan.

5.– Azalera txikiagoa onartu ahal izango da norberaren kontsumorako haziak ugaltzeko; eskatu beharko da, eta ondoko eskakizunak bete:

a) Bermatu beharko da ekoitzi den hazia ez dela erabiltzen ekoitzi duen ustiategitik kanpo.

b) Norberaren kontsumorako patata-haziaren azalera ustiategiaren patata-haziaren beharra betetzeko baino ez da izango.

c) Ofizialki ziurtatutako haziak erabiltzeko betebeharra, 7.c) artikuluan ezarrita, ordezkatu ahal izango da Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak beteko duen kontrol batekin, hazien autokontsumorako hazitarako patata ekoizpenekoa.

15. artikulua.– Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzua.

Eusko Jaurlaritzako Hazien eta Mintegiko Landareen Zerbitzuak honako auzi hauei buruzko erabakiak hartuko ditu:

a) Kontsumorako pataten uzta baten ondoren hazitarako patata biltzeko baimena, baimenean zehazten diren prebentziozko neurriak ezarrita.

b) Kontsumorako patata manipulatzeko erabili beharreko makineria baimentzea, hazitarako patatarako ere erabiltzekoa denean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hazitarako patatak ekoizten dituzten herriak, dekretu hau indarrean sartu ostean, I. eranskinean adierazitakoak dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau argitaratze datan ekoizle titulua daukaten ekoizpen-entitateek mantenduko dute, egun daukaten kategoria edo kategorietan. Titulua mantentzeko eskakizunei dagokienez eta azalerari dagokionez, erreferentziatzat hartuko da hazitarako patata ekoiztera bideratutako azalera dekretu hau argitaratze datan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 273/2002 Dekretua, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoizteko arauak ezartzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala