Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2019ko urtarrilaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
252

AGINDUA, 2018ko abenduaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena; Alkizako Euskal Girotze Barnetegia Hondarribiko aterpetxera lekuz aldatzen duena, Hondarribiko Euskal Girotze Barnetegia sortuz; eta Plentziako Euskal Girotze Barnetegia Lemoizko Goikomendi baserrira lekuz aldatzen duena, Lemoizko Euskal Girotze Barnetegia sortuz.

Euskal Girotze Barnetegien sorrera eta jardute-modua arautzen duen maiatzaren 29ko 147/1990 dekretuaren (EHAA, 1990-06-06) bigarren atalak ezartzen duenarekin bat etorriz, Alkiza, Euba eta Gazteluko euskal girotze barnetegiak sortu ziren 1990eko ekainaren 19ko Aginduaren bidez (EHAA, 1990-06-27). Agindu horretan zehazten da, halaber, langile-osaera. Aipatutako barnetegien kokagunea, berriz, Hezkuntza Sailak erabaki zuen, goian aipatutako maiatzaren 29ko 147/1990 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak ezartzen duen baimenari esker eta kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenen bidez.

1991ko ekainaren 28ko Aginduaren (EHAA, 1990-06-27) bidez, Eubako Euskal Girotze Barnetegia lekuz aldatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak Plentzian zuen aterpetxean jarri zen. Gaur egun, 2011ko irailaren 1etik hona, barnetegi hori Lemoizko Goikomendi baserrian dago kokatua.

Alkizako Euskal Girotze Barnetegia, berriz, 2017ko irailaren 1ean Hondarribiko GFAren aterpetxean kokatu zen, Alkizako etxean nahitaezko obrak egin behar zituztelako eta horrek barnetegia handik ateratzera behartu zuelako.

Hauek dira, beraz, gaur egun dauden euskal girotze barnetegiak eta horien kokapena:

– Lemoizko Euskal Girotze Barnetegia: Lemoizko Goikomendi baserria.

– Hondarribiko Euskal Girotze Barnetegia: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Juan Sebastián Elkano aterpetxea.

– Segurako Euskal Girotze Barnetegia: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Segurako aterpetxea.

– Elgoibarko Euskal Girotze Barnetegia: Elgoibarko Aubixa baserria.

– Barriako Euskal Girotze Barnetegia: Arabako Foru Aldundiaren Barriako aterpetxea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1990eko ekainaren 19ko Aginduz (EHAA, 1990-06-27) sortutako Alkizako eta Plentziako euskal girotze barnetegiak lekuz aldatzea eta bi toki hauetan kokatzea hurrenez hurren: Alkizakoa zena GFAren Hondarribiko aterpetxean, eta Plentziakoa zena Lemoizko Goikomendi baserrian.

2. artikulua.– Alkizako Barnetegia eta Plentziako Barnetegia lekuz aldatzean, haietako bakoitzean geratzen diren lau lanpostuak ere Hondarribiko eta Lemoizko euskal girotze barnetegietara eramatea, hurrenez hurren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Bide administratiboa agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, esandako egunetik hasi eta bi hileko epean.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala