Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2019ko urtarrilaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
248

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez txostena egiten baita Baņu-Etxe SL enpresa Aretxabaletan (Gipuzkoa) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruz.

AURREKARIAK

2017ko urriaren 9an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Baņu-Etxe SL enpresak egindako eskaera bat jaso zen, honekin lotuta: hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera handitzeko proiektua, Aretxabaletan. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko maiatzaren 4an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza) (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza (bi horiek Gipuzkoako Foru Aldundikoak); Uraren Euskal Agentzia, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, Ihobe, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Parkeen Lagunak ĢHaritzaldeģ elkarte naturalista eta Eguzkizaleak elkartea.

Kontsulta-izapidea bukatu ondoren, zenbait erantzun jaso dira: zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendaritzarena, Uraren Euskal Agentziarena, IHOBErena, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarena eta Aretxabaletako Udalarena. Kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan xedatutakoa aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. multzoaren b) apartatuan dago jasota: Hondakinak ezabatzeko edo baliarazteko diren eta I. eranskinean sartu ez diren instalazioak baldin eta ez bada egiten industrialderen bateko pabiloi baten barruan, edo edozein ahalmenekoak baldin eta industrialdeetatik kanpo edo kanpoaldean egiten bada. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Baņu-Etxe, SLk Aretxabaletan sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera handitzeko proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez ere.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Baņu-Etxe SL enpresak Aretxabaletan sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera handitzeko proiektuaren gainean, baldintza hauetan:

A) Proiektuaren helburua da Baņu-Etxe SL enpresaren hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioan kudeatu beharreko hondakin ez-arriskutsu mota handitzea, Aretxabaletan, enpresak kudeatu beharreko hondakinen kopurua handituta.

B) Baņu-Etxe SL enpresak Aretxabaletan sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera handitzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektuaren helburua da Baņu-Etxe SL enpresak Aretxabaletan hondakinak balorizatzeko duen instalazioan kudeatu beharreko hondakin ez-arriskutsuen kopurua handitzea.

Gaur egun, enpresak baimena du urtean 40 tona hondakin kudeatzeko R3 eragiketarako, urtean 10.833 tona R12 eragiketarako, urtean 16.502 tona R13 eragiketarako eta urtean 1.221 tona D15 eragiketarako.

Proiektuan LER kode hauek kudeatuko dira:

12 01 05 (Plastikozko txirbilak eta bizarrak)

16 01 03 (Erabiltzen ez diren pneumatikoak)

17 01 01 (Hormigoia)

17 01 02 (Adreiluak)

17 01 03 (Teilak eta zeramikazko materialak)

17 05 04 (17 05 03 kodean zehaztu ez diren lurra eta harriak)

17 08 02 (Igeltsuzko eraikuntza-materialak, 17 08 01 kodean zehaztutakoak ez direnak)

20 01 38 (Zura, 20 01 37 kodekoaz bestelakoa)

Kontuan izanda enpresak jada baimenduta dituen hondakinak eta kopuruz handitu nahi dituen hondakinak, Baņu-Etxe S.L. enpresak aurreikusten du urtean, guztira, 31.663 tona kudeatzea.

Ebaluazio honen xede diren hondakin berriei aplikatuko zaizkien balorizazio-eragiketak R12 eta R13 izango dira, 22/2011 Legearen ĢBalorizazio-eragiketakģ II. eranskinean zehaztuta daudenak:

– R12: Hondakinak trukatzea, R1 eta R11 artean zerrendatutako eragiketak aplikatzeko.

– R13: Hondakinak biltegiratzea R 1etik R 12ra zerrendatutako edozein eragiketaren zain (eragiketa horietatik kanpo dago hondakina sortu zen tokian behin-behinean biltegiratzea, jasotzeko zain).

Hondakin berriak balorizatzeko, enpresak gaur egun Aretxabaletako Markole auzoan dituen instalazioak erabiliko dira. 2.583 m2-ko partzela bat da. Erabat hormigoituta dago partzela hori eta elementu hauek ditu:

– 98 m2-ko eraikina, aldagela gisa erabiltzen dena. Eraikin horren gainean modulu prefabrikatu bat dago lan administratiboetarako.

– Aldagelen mendebaldean eta horien ondoan 170 m2-ko pabiloi bat dago eta, bertan, jasotako kartoia paketatzen da.

– Partzelaren iparraldean 570 m2-ko pabiloi bat dago. Bertan, metalezko hondakinak biltegiratzen dira eta txirbilen zentrifugagailua dago.

– Hondakinak biltegiratzeko 1.740 m2-ko zelaia, hormigoizko zolata duena.

Enpresaren gaur egungo instalazioak ez dira aldatuko kudeatu beharreko LERak gehitzeagatik.

Txosten honen xede diren hondakinen kasuan, guztiak kanpoko zolatan biltegiratuko dira.

Enpresak egiten duen ekoizpen-prozesua hau da:

1.– Karakterizazioa: Hondakina onartzeko aukera zehazten denean, onarpen-dokumentu bat egiten da.

2.– Biltzea eta garraiatzea: Kasu batzuetan, enpresak bildu ditzake hondakinak eta instalazioetara eraman, edo, beste batzuetan, ekoizleek entregatuko dituzte Baņu-Etxeren instalazioetan.

3.– Sailkatzea eta/edo transformatzea: Hondakina enpresaren instalazioetara iristen denean, baskula elektriko batean pisatzen da eta deskargatu egiten da iraulki, beso, olagarro, zubi-garabi, eskorgaren bidez edo eskuz, dena delako materiala kontuan hartuta. Hondakinak nahasita iristen badira, eskuz bereiziko dira. Material desberdinak banatu egingo dira eta bereizi egingo dira, batetik, bidali arte biltegiratzen direnak eta, bestetik, tratamenduren bat, txirbilen zentrifugagailua esaterako, aplikatu behar zaienak.

4.– Nahastea eta biltegiratzea: Hondakinak motaren arabera biltegiratzen dira eta taldekatu egiten dira LER kodeen arabera, horretarako ezarritako guneetan. Kopuruz handitzeko baimena eskatzen den hondakinen kasuan, horiek guztiak kanpoan biltegiratuko dira. Dena delako hondakinen arabera edukiontzietan, bidoi, big-bag zaku edo soltean biltegiratuko dira.

Lixibiatu kutsatzaileak sor ditzaketen hondakinak gune estali batean biltegiratuko dira. Enpresak zentrifugagailu bat du lubrifikatzailea eta txirbilak bereizteko.

5.– Bidalketa: Materiala tratatu/hautatu ostean, amaierako balorizatzaileei eta/edo kudeatzaile baimenduei merkaturatzen zaie.

6.– Prozesu osagarriak: Makineria eta lantegia mantentzeko lanak, baita bulegoko lanak ere.

Erabili beharreko makineria hau da: txirbilen zentrifugagailu bat, metalezko uhal garraiatzaile bat, olagarroak, hondeamakinak, hidrokarburo bereizle bat (betetze-alarma dauka). Era berean, enpresak instalazio sanitarioak, argia eta indarra eta suteen aurkako neurri aktiboak ditu.

Lehengai gisa, makineriarako hauek erabiliko dira: erregaia (A eta B gasolioa), motor-olioa eta olio hidraulikoa, propanoa eta oxigenoa. Gasolioa 3.000 l eta 2.000 l-ko bi depositutan biltegiratzen da. Depositu horiek kanpoan daude teilatupean, hurrenez hurren, eta horma bikoitza dute. Behar den ura industrialdearen hornidura-saretik lortuko da. Bestalde, erabiliko diren beste substantzia arriskutsu batzuk estalpean biltegiratuko dira eta lurzoru estankoak ezarriko dira kanpora ez isurtzeko.

Jardueraren ondorioz, hondakin ez-arriskutsuak sortuko dira. Horiek hasieran biltegiratu ostean, kudeatzaile baimenduek kudeatuko dituzte (tonerra, pneumatikoak, papera, kartoia, plastikoak...). Sortutako hondakin arriskutsuak (erabilitako olioa, plastikozko ontzi kutsatuak, metalezko ontzi kutsatuak, xurgatzaileak eta trapuak, erabiltzen ez diren ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak, bateriak, olio-iragazkiak, ebaketa-likidoa eta argiak) teilapean biltegiratzen dira eta hormigoizko zolatan, eta era indibidualean etiketatzen dira. Kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie.

Bestalde, jarduerak 3 isuri mota sortuko ditu:

– Euri-uretatik bereizten diren ur sanitarioak eta saneamendu-sare orokorrera isurtzen direnak.

– Euri-ur garbiak (teilatuan erortzen direnak) industrialdeko sare orokorrera bideratzen dira. Sare hori Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen du.

– Lixibiatuak dituzten euri-urak. Kanpoko zelaian sortzen dira euri-ura biltegiratutako materialekin kontaktuan jartzean. Zolataren inklinazioaren eta kanalizazioen bidez bideratzen dira instalazioko hidrokarburoen bereizlera eta solidoen dekantagailura. Ondoren, Deba ibaiaren ibilgura isurtzen dira.

Jardueraren soinu-iturri gisa nabarmendu behar dira hondakinak garraiatuko dituzten ibilgailuak (14 ibilgailu egunean) eta horiek kudeatzeko makineria; horri dagokionez, adierazi behar da zentrifugazio-jarduera lehen aipatutako pabiloiaren barnean egiten dela.

2.– Proiektuaren kokapena:

Baņu-Etxe SL enpresaren balorizazio-instalazioa Aretxabaletako Markole auzoan dago. Antropizazio handiko eta industria-erabilerako leku batean dago, eta inguruan ez dago bizileku-eraikinik.

Istiltze-arazoak, sostengu-ahalmena eta asentuak dituen tokia da. Halere, tokiari ez dio eragiten 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuak. Iragazkortasun baxua du eta akuiferoen kalteberatasuna oso baxua.

Partzelaren hegoaldean (10 metrora) Deba ibaia dago eta bertara isurtzen dira euri-urak, aurrez hidrokarburoak bereizteko tratamendua aplikatuta.

Bestalde, lurzoruak kutsa ditzaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioan, 20013-00048 kodearekin, dagoen kokapen batean daude instalazioak, kokaleku horretan aurrez izandako jardueraren ondorioz, eta Lurzoruaren egoeraren aurretiazko txosten bat du.

3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak ustiaketa-fasearen ondorioz sortuko dira, hau da, jarduera bera garatzearen ondorioz. Azpimarratzekoak dira:

– Hala hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuek (kalkulatzen da egunean 14 ibilgailu kargatu eta deskargatzea) nola hondakinak kudeatzeko erabilitako makineriak (olagarroak, txirbilen zentrifugagailuak, nahiz eta hori txatarraren pabiloian egin, uhal garraiatzailea, kartoia paketatzea...) sortuko duten soinua. Gaur egun ere badaude soinu-iturri horiek, beraz, ebaluatzen den proiektuak ez du ekarriko beste soinu-iturririk, nahiz eta soinua areagotu egingo den baliarazi beharreko hondakinen kopurua handitu egingo delako.

– Airearen kalitatea murriztea, sortutako hautsaren ondorioz, hala hondakinak manipulatzeagatik (kargatzea, deskargatzea, bereiztea) nola ibilgailuen joan-etorriagatik, makinek eta kamioiek sortzen dituzten gas-igorpenen ondorioz.

– Lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua, ustekabeko isurtzeengatik edo hormigoitutako azalera narriatzeagatik.

– Ibilgurako isuriak egiteko arriskua, baliarazteko instalazioa hurbil dagoelako.

– Sute-arriskua papera, kartoia eta zura biltegiratzeagatik.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:

– Airea babesteko neurriak:

Ingurumen-baimen integratua eguneratzeko orduan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarduera garatzeko, arreta berezia jarriko da hondakinak baliarazteko lanetan ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Honako neurri hauek hartuko dira kontuan horretarako:

– Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

– Materialaren zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira horiek; hala bada, honako neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste: materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxitzea; materiala hartu ondoren, koilara edo atzaparrak guztiz ixtea; etab.

– Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da, eta, behar izanez gero, ihinztatzeko, lainoztatzeko eta langartzeko sistemak erabiliko dira. Aire zabaleko biltegien kasuan, behar izanez gero, haize-babes artifizial edo naturalak erabiliko dira, haizearen abiadura eta turbulentzia murrizteko; babes hori haizearen norabidearekiko zut jarriko da, biltegiratutako materiala babesteko.

– Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.

– Zamalanak, biltegiratzeak eta abar egiten dituzten bideak eta eremuak hauts-itxurako materialik gabe edukiko dituzte; erraztatu aurretik eremua hezetu edo busti beharko dute haiek garbitzeko, metodo horiek lehorrean garbitzea baino eraginkorragoak direlako.

– Uda garaian edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

– Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Zarata prebenitzeko behar diren neurriak hartuko dira, eragin akustiko txikiena duten teknologiak erabiliz, kontuan izanik eskuragarri dauden teknikarik onenak –halakotzat hartuko dira gutxien kutsatzen duten teknologiak baldintza tekniko eta ekonomiko bideragarrien barnean– eta kasuan kasuko igorgailu akustikoaren ezaugarriak aintzat hartuz.

– Jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Urak eta lurzorua babesteko neurriak:

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzoruaren Kutsadura Prebenitzeko eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.

– Deba ibaira egiten diren euri-ur Ģzikinenģ kasuan, alde batera utzi gabe Uraren Euskal Agentziak isuriaren baimenean ezartzen dituen mugak eta kontrolak, tratamendu aurreko sistema (hidrokarburo-bereizlea eta dekantagailua) aldian-aldian kontrolatuko da. Sistema mantentzeko lanak egingo dira, ondo funtzionatuko duela bermatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia eta hidrokarburoak kentzea eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzea.

– Kudeatu beharreko hondakin ez-arriskutsu berriak soilik biltegiratuko dira horietara bideratutako kokapenean eta bertako hormigoizko zolata baldintza optimoetan mantenduko da.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratu eta kontserbatzeko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

– Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baliarazteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.

– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea (arriskutsuak izan ala ez), haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

– Gainera, hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira, gutxienez: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta errefusa.

– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraiki, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isuriren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte bilketa-sistemek, eta hondakin arriskutsuak dituzten ontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, hondakinok isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legeriaren arabera.

– Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraiki.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Baņu-Etxe SL enpresak Aretxabaletako Markole auzoan sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala