Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2019ko urtarrilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
204

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 9koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin den Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren instalazioetan tunel-labe berri bat ezartzeko eta ekoizpen-gaitasuna handitzeko proiekturako; instalazio horietan, zeramikazko produktuak fabrikatzen dira, Hernaniko udalerrian (Ibaiondo industrialdea), Gipuzkoan.

EGITATEZKO AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko uztailaren 24ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena birformulatu eta Krosaki AMR Refractarios SA enpresari Hernaniko udalerrian (Ibaiondo industrialdean) produktu zeramikoak fabrikatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion.

2015eko abenduaren 1ean, Carlos Briz Iceta jaunak, Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren izenean eta haren ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen bateratua emateko eskatu zion, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, tunel-labe berri bat ezartzeko eta, bi prentsa berri ezarrita, urteko ekoizpen-gaitasuna 50.000 tonako gehienekora handitzeko proiekturako. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

2015eko abenduaren 11n, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-baimen integratuaren eskabidea zuzentzeko eskatu zion sustatzaileari; eskabide hori tunel-labe berri bat ezartzeko eta, Hernaniko fabrikan bi prentsa berri ezarrita, urteko ekoizpen-gaitasuna 50.000 tonako gehienekora handitzeko proiekturako zen. Eskakizun horri erantzuteko, 2016ko otsailaren 22ko eta 2016ko otsailaren 15eko datarekin, Carlos Briz Iceta jaunak, Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren izenean, informazio gehigarria eman zuen.

Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2016ko martxoaren 4an eman zuen ebazpenaren bidez, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen 30 laneguneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen hura, 2016ko martxoaren 15ean. 2016ko martxoaren 11n eta apirilaren 6an alboko auzotarrei jakinarazi zitzaien, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 59.5 eta 61. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, 2016ko maiatzaren 4an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2016ko maiatzaren 6an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez. Halaber, formatu elektronikoan zegoen espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren esku jarri zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren web-orrian.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

2016ko maiatzaren 30ean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginak, bere 18. eta 19. artikuluetan, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legeak (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 37. artikuluan xedatua aplikatuz, Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak irizpena eskatu zien Osasun Sailari, IHOBEri, Añarbeko Urak enpresari, Hernaniko Udalari eta Ekologistak Martxan elkarteari.

2016ko uztailaren 21ean, egindako jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen entzunaldi-izapidearen emaitza helarazi zitzaion sustatzaileari, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 38. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

2017ko urriaren 31n Krosaki AMR Refractarios SA enpresak, eragindako Administrazioei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean jasotako txostenen edukia ikusita, une horretara arte aurkeztutako dokumentazioa aldatzeko beharrik ez zegoela adierazi eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen. Dokumentu beraren bidez, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak hainbat fokutatik aireratutako igorpenen baldintzak aldatzeko eskabidea aurkeztu zuen.

2018ko apirilaren 26an, sustatzaileak hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena eskatu zuen, ingurumen-baimen integratua aldatzearen eta ingurumen-inpaktua ebaluatzearen harira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, funtsezko aldaketa da Hernaniko udalerrian (Gipuzkoa) produktu zeramikoak fabrikatzeko Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren instalazioetan planteatzen den aldaketa.

21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoak, 1. artikuluan xedatzen duenaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburutzat hartuta.

Era berean, 3/1998 Lege Orokorrak, otsailaren 27koak, ingurugiroa babestekoak, 42. artikuluan dioenarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatu behar dute besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea ingurumenean dauzkan ondorioen analisia, alternatibarik egokienak hautatzeko helburuarekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko aipatutako 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa egingo zaie I. eranskinean edo II. eranskinean zehaztutako proiektu baten ezaugarrien aldaketa orori, aldaketa horrek, bere kabuz, I. eranskinean ezarritako atalaseak betetzen baditu. Labea erabiliz zeramika-produktuak egiten dituzten instalazioak, eta, bereziki, teilak, adreiluak, adreilu erregogorrak, azulejoak, gresa edo portzelana egitekoak, baldin eta egunean 75 tonatik gora ekoizteko gaitasuna badute, 4 metro kubiko baino gehiago laberatzeko gaitasuna baldin badute, eta labe bakoitzean 300 kg-tik gorako karga-dentsitatea baldin badute metro kubikoko; aurreko guztiak, aipatutako arauaren I. eranskineko 4.K taldearen barruan daude.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Ingurumen Sailburuordetzak, organo substantibo gisa, Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren instalazioen aldaketari buruz, tunel-labe berri bat ezartzeko eta, Hernaniko fabrikan bi prentsa berri ezarrita, urteko ekoizpen-gaitasuna handitzeko proiekturako, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da 3/1998 Legearen, otsailaren 27koaren, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera, baita 77/2017 Dekretuaren, apirilaren 11koaren, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren arabera ere.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Krosaki AMR Refractarios SAk sustatutako proiektuari dagokionez ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea, Ebazpen honen Bigarren eta Hirugarren ataletan ezarritako baldintzetan. Proiektuaren proposamena tunel-labe berri bat ezartzea eta urteko ekoizpen-gaitasuna 50.000 tonako gehienekora handitzea da, Hernaniko udalerrian (Ibaiondo industrialdea) dauden instalazioetan bi prentsa berri ezarrita.

Jarduera hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean jasota dago. Talde honetan: 4. K taldea, labea erabiliz zeramika-produktuak egiten dituzten instalazioak, eta, bereziki, teilak, adreiluak, adreilu erregogorrak, azulejoak, gresa edo portzelana egitekoak, baldin eta egunean 75 tonatik gora ekoizteko gaitasuna badute, 4 metro kubiko baino gehiago laberatzeko gaitasuna baldin badute, eta labe bakoitzean 300 kg-tik gorako karga-dentsitatea baldin badute metro kubikoko.

Instalazioa Ibaiondo industrialdean dago, Hernaniko udalerrian, Gipuzkoan. Lursailak 26.846 m2-ko azalera osoa dauka. Azalera horretatik, 25.103 m2 (% 98,4) zolatuta dago eta instalazioko eraikinei, bideei eta aparkalekuei dagokie.

Oinarrizko aldaketa egiteko proiektua 4 m3 baino gehiagoko laberatze-ahalmena duen tunel-labe berri bat ezartzean eta urteko ekoizpen-gaitasuna 50.000 tonako gehienekora handitzean datza, bi prentsa berri ezarrita.

Krosaki AMR Refractarios SA enpresak bi motatako produktu erregogor basikoak eta ez-basikoak fabrikatzen ditu, hurrenez hurren, konformatua (adreiluak eta bestelakoak) eta konformatu gabea (morteroa), hainbat gai mineraletatik abiatuta, hauetatik, esaterako: magnesita, kromita, espinela eta grafitoa. Produktu motaren arabera, erabilitako lehengaiaren zati bat material birziklatutik eratorria izan daiteke.

Krosaki AMR Refractarios SA enpresak produktu erregogorrak fabrikatzeko gauzatzen duen prozesuan, biltegiratutako lehengaia birrindu eta ehotzen da (lehengai hori altzairuaren, zementuaren eta karearen sektoreetatik ekarritako magnesita-oinarridun estalduretatik etor daiteke), gero prentsatzeko dosifikatu eta nahasten da, eta piezak lehortzen eta egosten dira. Hala, prozesuak fase hauek ditu:

1. prozesua: biltegiratzea, birrintzea eta sailkatzea.

Lehengaia soltean jasotzen da, 1.000 eta 2.000 kg-ko big-bag poltsetan, eta tobera pisatzaile batera iraultzen da. Bertatik, materiala uhal garraiatzailearen bidez birrintzeko eta ehotzeko zirkuituetara garraiatzen da. Altzairuaren, zementuaren eta karearen sektoreetatik ekarritako magnesita-oinarridun estaldurak ere birrintzeko eta ehotzeko zirkuituan sartzen dira.

Errota jaurtigailuan materiala birrindu ondoren, jasogailu batekin bahera eramaten da, materiala tamainaren arabera hautatzeko. Mugen barruan sartzen diren tamainako materiala biltegiratzeko toberara pasatzen da eta gainerakoa zirkuitura itzultzen da. Toberetako bakoitzak material eta granulometria mota bat du.

Birrinketan, ehotzean eta sailkapenean sortutako igorpenak mahuka-iragazki baten bidez jasotzen eta tratatzen dira, atmosferara igorri aurretik.

2. prozesua: dosifikatzea eta nahastea.

Birrindutako materiala baskula-organ dosifikatzen da, osaeraren arabera. Baskula-orga karga-jasogailuaren bidez nahasgailuraino igotzen da, bertan materiala irauli eta zenbait gehigarri eta aglomeratzailerekin nahasten da.

Hor amaitzen da produktu mortero basikoaren prestaketa, masa homogeneo bat lortu eta zakuratu ondoren.

3. prozesua: prentsatzea.

Nahasketa-prozesuaren ostean, masa prentsetara bidaltzen da uhal garraiatzailearen bidez. Prozesu hau fabrikatu nahi den piezaren forma duten metalezko moldeak betetzean oinarritzen da. Zirkuitu hidraulikoa hozteko, zirkuitu itxian ura erabiltzen dute prentsek.

Prentsatu ondoren, pieza atera egiten da, eta eragile desmoldekatzaileak irtetea errazten du.

Hurrengo prozesura pasatu aurretik, brotxa bidez emandako margo oretsu batzuekin markatzen dira, identifikatzeko.

4. prozesua: lehortzea.

Lehortzeko prozesuan, pieza 150 ºC-ra lehortzen da; horretarako, prentsatutako pieza gas naturaleko errekuntza bidez berotzen da. Prentsatutako pieza guztiak prozesu horretatik pasatzen dira (grafitorik gabeko erregogor basikoa, grafitoa duen materiala eta erregogor ez-basikoa [SN]).

5. prozesua: egostea.

Egoste-prozesua grafitorik gabeko produktu basiko prentsatuei aplikatzen zaie eta lehortze-prozesuaren ondoren egiten da. Prozesu horretan, pieza 1.750 ºC-ra berotzen da. Pieza berotzeko, gas naturaleko labeak erabiltzen dira.

Lehortze- eta egoste-prozesuen ondoren, piezak arrabol dosifikatzailea batez markatzen dira, kalitateak identifikatzeko.

6. prozesua: mekanizazioa.

Piezak lehortu edo egosi ondoren, eta hala badagokio, mekanizatu egiten dira, artezteko makinen, zulagailuen eta zerren bidez.

Piezen mekanizazioa hozteko, zirkuitu itxiko ura erabiltzen da.

7. prozesua: ontziratzea eta igortzea.

Amaitutako produktua enpresako zenbait sailetan paketatzen dute: orokorrean, lehortu eta egositako adreiluak lehorketa-egosketa gunean, adreilu arteztuak artezteko gunean eta SN produktua SN gunea izeneko lekuan.

8. prozesua: zerbitzu orokorrak.

Prozesu honetan, eragiketa hauek biltzen dira: hozketa (prentsetako talde hidraulikoen hozketa eta piezaren hozketa mekanizazioan), tailer mekanikoa/mantentze-lanak, laborategi kimikoa eta mediku-zerbitzuak.

Tunel-labea eta bi prentsak instalatu ondoren, aurreikusten da instalazioak urteko 50.000 tonako ekoizpen-gaitasuna izango duela konformazioko lerroan eta 500 tonakoa konformaziokoa ez den lerroan.

Ekoizpen-prozesurako erabilitako energia-baliabideak energia elektrikoa, gas naturala eta gasolioa dira. Gasolioa orgatiletan erabiltzen da eta urtean 53.846 litro kontsumitzen direla zenbatesten da. Gas naturala lehortze- eta egoste-labeetan beroa sortzeko erabiltzen da eta urtean 61.538 Mwh kontsumitzen direla zenbatesten da. Bestalde, energia elektrikoa fabrika osoan erabiltzen da eta urtean 13.077 Mwh kontsumitzen dira.

Ura industria-erabilerarako (prentsak hozteko eta mekanizatuan piezak hozteko) zein erabilera sanitariorako erabiltzen da eta gehiena udalaren saretik hartzen da. Urteko kontsumoa 7.228 m3 izatea aurreikusi da.

Enpresan sortutako efluenteak honela sailkatzen dira: hondakin-urak (prozesu-urak eta sanitarioak) eta euri-urak (estalkien zorrotetatik datozenak). Hondakin-urak (hozte-urak eta ur sanitarioak) Añarbeko Uren Mankomunitatearen kolektorearen sistemara isurtzen dira; euri-ur garbiak, berriz, zuzenean isurtzen dira Urumea ibaira.

Instalazioak atmosferara igortzen duten 21 igorpen-foku ditu; horietako 17 honako igorpen-foku sistematiko hauei dagozkie: birrinketa- eta ehotze-zirkuituak (3), bola-errotak (2), mekanizazioa (1), tunel-labeak (6), lehortegiak (5). Bestalde, 4 foku igorpen-foku ez-sistematikoei dagozkie.

Instalazioan sortzen diren hondakin esanguratsuenak, alde batetik, zerbitzu orokorren eragiketen ondorioz sortutako erregogorren eta plastikoen hondarrak dira, eta bestetik, SN mekanizazio-prozesuko araztegiko lohiak. Hondakin arriskutsuei dagokienez, mantentze-lanen eragiketetatik eta zerbitzu orokorretatik sortzen dira.

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak Hernaniko udalerrian (Ibaiondo industrialdea) tunel-labe berri bat eta bi prentsa instalatzeko egokitzapena eta muntaketa egiteko.

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Makineria berria ezartzen den bitartean, jardunbide egokien kontrola gauzatuko da, bereziki hondakinen kudeaketari dagokionez; hala, Ebazpen honen Hirugarren B.3.1 atalean jasotako neurriak aplikatu beharko dira.

C) Erantzukizun zibileko aseguru bat egin beharko da gutxienez seiehun mila (600.000) euroko zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo haien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatutako ingurumena konpontzeko eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

Hirugarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak Hernaniko udalerrian (Ibaiondo industrialdea) sustatutako produktu zeramiko erregogorrak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko eta amaitzeko.

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Krosaki AMR Refractarios SA enpresak sustatutako instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: igorpen atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako igorpenen muga-balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, igorpen horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpen ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Halaber, disfuntzio-aldien eta erabilezintasunen iraupena ahalik eta gehien murriztu beharko dira.

Instalazioaren titularrek abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituenaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Produktu zeramikoak fabrikatzeko Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren instalazioak urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) katalogoan bildutako 03 03 19 01 jarduerari lotutako honako foku konfinatu hauek ditu:

(Ikus .PDF)

Bestalde, lehengaiak manipulatu eta biltegiratzeko eremuan igorpen barreiatuak sortzen dira. Igorritako kutsatzaileak partikula solidoak dira. Bestetik, gas- eta hauts-erauztailuen 4 foku ditu, zeinak laborategitik eta kalitate-kontroletik datozen:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, igorpenen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondorengo urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Igorpenen muga-balioak.

Planta diseinatu, ekipatu eta ustiatzean, atmosferara egiten diren igorpenetan ez dira gaindituko igorpenen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273.º C-ko tenperatura eta 101,3 kPa-eko presioa, gas lehorra eta % 18 (v) oxigenoa.

Igorpenen muga-balioak betetzea atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera ebaluatuko da. Ikusten bada igorpenen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta horien epeen berri eman beharko zaio ingurumen-arloko eskumenak dituen sailari.

B.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

a) Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

b) Fokuetako hondar-gasak husteko tximiniak ez dira egongo Hirugarren B.1.2 apartatuan ezarritako kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

c) Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta.

d) Igorpen barreiatuak gutxitzeko, lehengaiak estalitako nabe batean biltegiratuko dira eta materialekin eskuz aritzean, eta horiek kargatzean eta deskargatzean, neurriak hartuko dira partikulen igorpena gutxitzeko, esaterako: materiala toki garaietatik ez botatzea; pisatzeko sistema automatikoak txertatzea eta arazketa-sistema izatea lotuta; eta deskargen abiadura gutxitzea.

B.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

– 1 Isurketa: industria-uren eta osasun-erabilerako uren isurketa.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Igorpenen muga-balioak.

Kolektorera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili igorpenaren muga-balioak lortzeko.

B.2.4.– Arazketa- eta ebakuazio-instalazioak.

Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek elementu hauek hartuko dituzte barne funtsean:

– Prentsak hozteko zirkuitu itxia, hozketa-dorre batekin.

– Mekanizazioko piezak hozteko zirkuitu itxia, ondorengo oinarrizko elementuak dituen ur-garbiketako instalazioarekin:

– Ur zikinen 2,0 m3-ko uharka batean biltzea.

– Irabiaketa mekanikoa duen 6 m3-ko orrizko dekantagailu batera ponpatzea eta malutapen-erreaktiboak gehitzea.

– Lohiak loditzeko eta metatzeko 13 m3-ko andela.

– Ur garbiak berrerabiltzeko 10 m3-ko andela.

– Automatismo- eta kontrol-sistema.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kutxeta bat jarri beharko da eta kutxeta horrek lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko diren ezaugarri guztiak izango ditu. Kutxeta ikuskatu ahal izateko sarbide zuzeneko lekuan kokatuko da.

B.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

B.3.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.

a) Instalazioetan sortutako hondakin guztiak 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa, eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

b) Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

c) Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne hartuta. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

d) Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan, hondakin jakin batzuk tratatzeko instalazio baimenduak badaude, halako hondakinak lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

e) Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiak, 2002ko abenduaren 19koak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

f) Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Abenduaren 16koak, onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d atalean) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

g) Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek zola estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

h) Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

i) Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Hernaniko Udalari.

j) Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoak, 25.2 artikuluan dionaren arabera.

k) Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, 25. artikuluan aurreikusten dituen, eta 180/2015 Errege Dekretuak, matxoaren 13koak, 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakiz, garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

l) Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1013/2006 Erregelamenduan, 2006ko ekainaren 14koan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

B.3.2.– Hondakin arriskutsuak.

a) Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

b) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste kode batzuk, beren izaera dela-eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jarduerak iraun bitartean, hala nola hondakinaren osagai arriskutsuak eta mota zehazten dituztenak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balidazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

c) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

d) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Sanitarioen Kudeaketari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura garatzeko geroztiko araudietan ezarritakoak.

f) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino luzaroago gorde. Salbuespenetan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

g) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

h) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Krosaki AMR Refractarios SA enpresak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

i) Hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko da.

j) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako industriako olio erabilia.

k) Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute (106/2008 Errege Dekretua, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa). Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

l) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak PKB daukaten gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretua (poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

m) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan zehaztutako gai erabiliak bere egiten dituen heinean, berreskuratu egingo dira aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez deuseztatzeko, edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz, edota birziklatzeko edo birsortzeko xedez, aparatuak berrikusi edo mantentzeko eragiketetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

n) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

o) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

p) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Krosaki AMR Refractarios SA enpresak hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

q) Baldin eta Krosaki AMR Refractarios SA enpresa Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) Lehen Xedapen Gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

r) Atal honetako g) eta h) letretan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEkoak badira) eta n) eta p) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa) xedatutakoari jarraituz.

s) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.3.– Hondakin ez-arriskutsuak.

a) Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

b) «Arazketako lohiak» eta «gainerako erregogorrak», gaur egun indarrean dagoen Europako hondakinen zerrendan zeharka islatzen direnez, hondakin ez arriskutsu gisa hartu ahal izatea zerrenda honetan ezarritako irizpideen aurretiko ezaugarriek baldintzatuko du: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen erabakiaren bidez argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Emaitza horiek Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharko zaizkio, proposatutako kudeaketaren egokitasuna egiaztatzeko xedez. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako Hirugarren B.3.2 atalean zehaztutakoa aplikatu beharko da.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio –hornitzaileari–, erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

d) Hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, hustu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Krosaki AMR Refractarios SA enpresak onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

f) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik dagokion kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoaren arabera.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 25.2 artikuluaren arabera.

h) Baldin eta Krosaki AMR Refractarios SA enpresa Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) Lehen Xedapen Gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

i) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak, bilketaren maiztasuna eta garraiobidea. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

j) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira e) eta f) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta n) letran aipatutakoak, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Krosaki AMR Refractarios SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

Era berean, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Krosaki AMR Refractarios SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Krosaki AMR Refractarios SA enpresak, urte natural baten zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen ontzien hondakinak prebenitzeko enpresa-plana egin beharko du. Plan horrek hiru urteko iraunaldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

a) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak ezohiko jarduneko prebentzioari eta esku-hartzeari buruz ebazpen honen Hirugarren D.4. atalean jasotako neurriak, eta hondakinak biltegiratzeari eta horien zamalanei buruzko Hirugarren B.3. atalean jasotako neurriak hartuko ditu.

b) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak jarraipena eman beharko die instalatutako piezometroetan egindako aldizkako kontrolei eta lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren Ebazpenean eta Pedro Orbegozo enpresaren zabortegi ohia itxi ondorengo baldintzak ezartzen dituen Ebazpenean adierazitako kontrolei, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako aginduak betetzeko, lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera.

– Gasolioa deskargatzean tanta-jarioak saihesteko neurriak hartu beharko dira. Gasolio-biltegiak petrolio-instalazioei aplikatzeko araudian jasotako babes-neurriak beteko ditu, eta ezarritako azterketak eta ikuskapenak egingo zaizkio.

– Produktu kimikoak biltegiratzeko gunean euri-ura sartzea saihestuko da, estalkia luzatuz.

– Lur zatian isurketa, jario edo ihesen eraginpean dauden gainazal guztiak zolatu eta iragazgaiztu egingo dira.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegiratzeek beharrezko segurtasun-neurriak izango dituzte, lurzoruari egin diezaioketen kaltea saihesteko. Oro har, isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan biltegiratuko dira lehengaiak, erregaiak eta produktuak. Era horretan, ontzi mugikorretan zein finkotan biltegiratutako produktu kimiko likido guztiek (batez ere gai eta prestakin arriskutsuak) eta biltegiratutako erregai likidoek jarioak biltzeko sistema izango dute.

– Hondakinak ebazpen honi dagozkion ataletan adierazitako jarraibideen arabera biltegiratuko dira.

c) Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.euskadi.eus/informazioa/lurzoru-kutsatuen-eta-lurpeko-uren-gaineko-arauzko-eskakizunak-aplikatzea-ingurumen-baimen-integratua-behar-duten-instalazioetan/web01-a2ingkut/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen aritzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenak, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar balira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

d) Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lur-zatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 25. artikuluaren 1.c) atalean ebazten duenarekin bat etorriz, jardueraren sustatzaileak hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu beharko ditu, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

– Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m³ gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

– Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

– Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu ondoren.

– Oro har, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Lurretan ez badira gainditzen ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-A parametroak, edo TPHetarako 50 mg/kg balioaren azpitik badaude, lur garbitzat joko dira, eta, beraz, onargarritzat baimendutako beteleku batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. atalaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e atalari jarraikiz betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula.– Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharbidez, eratortzen diren efektu gehituek gainditzen dituztenean 1367/2007 Errege Dekretuak, urriaren 19koak, 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa, garatzen duenak 14. eta 16. artikuluetan zehazten dituen kalitate akustikoko helburuak zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokionez, behar besteko neurriak hartu beharko ditu jarduerak gainditze hori gerta ez dadin.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

d) Labe birakari berriaren instalazioarekin lotuta dauden bi zarata-iturri berrietarako (tunel-labe berria eta bi prentsa), Krosaki AMR Refractarios SA enpresak beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

– Muga-balio horiek aplikagarriak dira, orobat, inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkiolarik, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-an gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

B.7.– Hondakin ez-arriskutsuen balorizazio-prozesurako baldintzak eta kontrolak.

Krosaki AMR Refractarios SA enpresaren Hernaniko instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko egiten den jarduera beste materia ez-organiko batzuk biltegiratu eta berreskuratzean datza (R5 eta R13 kudeaketa-lanak). Hondakin ez-arriskutsuen tratamendua honetan datza: altzairuaren, zementuaren eta karearen sektoreetatik etorritako magnesita-oinarridun estaldura erregogorra biltegiratzea eta birrintzea, gero lehengai modura txertatzeko ekoizpen-prozesuan.

Hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko gehieneko gaitasuna urtean 22.500 tonakoa da.

Gehieneko biltegiratze-gaitasuna 1.408 m2-koa da, hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko.

B.7.1.– Hondakin onargarriak.

a) Krosaki AMR Refractarios SAk hondakin hauek onar ditzake tratatzeko:

(Ikus .PDF)

b) Kudeatu beharreko hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

c) Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edo hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin-mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

B.7.2.– Hondakinen sarrera-kontrola.

a) Instalazioak funtzionatzen duen bitartean, bertan tratatuak izateko iristen diren hondakin ez-arriskutsuen kontrola egin beharko da, hondakin horiek ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko. Kontrol horretan, Ingurumen Sailburuordetza honek onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.

b) Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri berri bakoitzeko, eragileak tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasoko baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak tratamendu-kontratua bidaliko dio hondakinaren titularrari, non ezarriko baitira baldintzak eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

c) Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Krosaki AMR Refractarios SA enpresak ezingo du kudeatu beharreko hondakinik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan posizionamendu berariazkorik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

e) Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko xedearekin, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak hondakin horiek onartzeko parametroen egiaztapena ahalbidetuko duten baliabide tekniko eta giza baliabideak eskuragarri izan beharko ditu une oro.

f) Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren HEZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

B.7.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek egokitutako lursaila izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko isuririk edo isuri lausorik ez egoteko, edo, bestela, isuri horiek ahalik eta txikienak izan daitezen. Alde horretatik, ekipamenduen estankotasuna funtsezkoa da.

B.7.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

b) Balorizatu beharreko hondakin ez-arriskutsu horiek 2 urtez gorde ahal izango dira gehienez.

c) Instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da.

d) Hautsezko hondakinak eta soltean hartutakoak siloetan eta pabiloiaren barruan biltegiratuko dira, tratatu arte.

e) Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Hernaniko Udalari.

f) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak B.7.1. atalean adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

B.7.5.– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.

a) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste jazoera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

b) Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko da, eta urtero bidaliko da Ingurumen Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan, betiere uztailaren 28ko 22/2011 Legearen (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) 41. artikuluarekin bat etorriz.

B.7.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

a) Hirugarren herrialdeetatik datozen hondakinak kudeatzeko, hondakinen lekualdatzeari buruzko ekainaren 14ko 1013/2006 EE Erregelamendua betetzen dela egiaztatu beharko da. Erregelamendu horrek Europako estatu kideen barruko lekualdatzeak eta Europako Batasunak hirugarren herrialdeetara egiten dituen esportazioak arautzen ditu.

b) Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destino instalazioan aurreikusitako balorizatze- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:

C.1.– Igorpen atmosferikoak kontrolatzea.

a) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak igorpenak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) idatzi-zatian aipatutako neurketa guztiak II. mailako administrazioarekiko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, dekretu honetan xedatuaren arabera: 212/2012 Dekretua, urriaren 16koa, ingurumen-lankidetzako erakundeak arautzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Lankidetzako Erakundeen Erregistroa sortzen duena. Neurketa horiei dagozkien txostenek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan jasotako baldintzak bete beharko dituzte, batez ere gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua, banako neurketa bakoitzaren iraupena eta erreferentziazko metodoen hautapenerako irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

d) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko ditu eskatutako kontrolen txostenak, zeinen edukia jarraibide teknikoetan ezarritakoaren araberakoa izango baita. Agiri horiek Ingurumen Sailburuordetzara bidaltzea transakzio elektroniko bidez egingo da, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

C.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, 100/2011 Errege Dekretuaren (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) 8. artikuluan eta 278/2011 Dekretuaren (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena) III. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta Hirugarren B.2.3 atalean aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketaren lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurien kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzari igorriko zaizkio, ebazpen honen Hirugarren C.6 atalean ezarritako epeetan eta baldintzetan.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek Ebazpen honen Hirugarren B.2.3 atalean ezarritako mugak betetzen dituztenean.

C.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lortutako emaitzen arabera, ondorengo neurketetarako beste aldizkakotasun bat zehaztu ahalko da.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren (zonifikazio akustikoari, kalitatearen helburuei eta igorle akustikoei dagokienez, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) IV. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, eta bertan, ebaluazio-puntuak adierazi. Proposamena ebazpen honen Hirugarren C.7 atalean aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuko da.

C.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazle hauen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko ingurumen-zainketako programarekin batera aurkeztuko du:

(Ikus .PDF)

C.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen Hirugarren B.5 atalean eskatutako dokumentazioaz gain, datu hauek aurkeztuko dira:

– Aintzat hartutako aldian izan diren jazoerak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurrazpiko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurrazpiko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Krosaki AMR Refractarios SA enpresak, gainera, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egingo du, gutxienez bi zundaketa eginez honako hauetarako: urak karakterizatzeko, ateratako lur-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko. Horiek lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko erabiliko dira. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Atal honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

http://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2ingkut/eu/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgu eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldetik aurretik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu beharko ditu, eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barnean hartu beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ohiz kanpoko egoeretan funtzionatzeko prebentzio-neurriak eta baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urtean behingo mantentze-lanei dagokienez, isurketen eta sortuko diren hondakinen kalkulua egin beharko du enpresak, eta, hala egokituz gero, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hirugarren ataleko B.3 azpiatalean («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (EJSN-93, 1. Ber. 26260 Zeramika erregogorrezko produktuen fabrikazioa), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta noiz hasiko den beranduenez lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen Hirugarren B.3 atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea aurreikusten bada, Industriako Isurketen Erregelamendua Onartzen duen Errege Dekretuaren (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua) 13. artikuluan arautu bezala, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak, nahitaezko aurretiazko jakinarazpenarekin batera, dokumentu bat bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetzara, instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

D.4.– Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Halaber, atmosferara eta uretara egindako isurtzeak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Hozteko urak arazteko prozesuan sortutako lohiak aldizka aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By-pass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Jazoeraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen jazoera edo anomalia baten aurrean, sustatzaileak, berehala, jazoera edo anomalia horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Jazoera-mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Jazoera edo anomalia larriren bat edo ustekabeko isurketaren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Hernaniko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Jazoera-mota.

– Jazoera non, zergatik eta zer ordutan gertatu zen.

– Jazoeraren iraunaldia.

– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean hauteman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

l) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Horretarako, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Sailburuordetzari.

E) E-PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Krosaki AMR Refractarios SA enpresak Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko aurreko urteko datuak, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Informazio hori lekualdatzeko, IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa) ezarritakoa betetzen dela.

F) Instalazioan aldaketak egitea.

Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean.

Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da

www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 10. artikuluan ezarritakoaren arabera eskatuko da organo honen onespena. Egin beharreko aldaketa funtsezkoa bada, ezin izango da egin harik eta ingurumen-baimen bateratua aldatu arte.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren (Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena) 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa) ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 9a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala