Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2019ko urtarrilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
119

193/2018 DEKRETUA, abenduaren 26koa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistrentzat Hezkuntza Sailaren mendeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Urrutiko Heziketako Euskal Institutuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan gordetako lanpostu-zerrendak.

EAEko Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen II. tituluko I. kapitulua irakaskuntzako funtzio publikoaren egiturari eta antolaketari buruzkoa da; bertan, lanpostu-zerrenden figura arautzen da, eta figura horren oinarrizko printzipioak zehazten, baita lanpostu-zerrendak prestatzeko aintzat hartu behar diren prozedura-bideak ere.

Parametro hauen bitartez identifikatzen dira erantsitako zerrendetan jasotzen diren lanpostuak: espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna. Eredu linguistikoen arabera zehazten dira hizkuntza-eskakizunak, Hizkuntza-eskakizunak irakasleen lanpostuei aplikatzea arautzeari buruzko martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan (apirilaren 2ko EHAA) ezarritako proportzioetan. Dekretu hori urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuaren bidez aldatu zen (urtarrilaren 20ko EHAA). Helduen ikastetxeetan, lanpostuei hizkuntza-eskakizunak aplikatzeko, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritako irizpideak jarraitu dira.

Horregatik, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzen dira Maisu-maistren kidegoko funtzionarioentzat eta lan-kontratudun irakasleentzat Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Urrutiko Heziketako Euskal Institutuan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan 2018-2019 ikasturterako gordetako lanpostuen zerrendak. Dekretu honi erantsitako I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan azaltzen dira zerrenda horiek.

2. artikulua.– Irakasle-lana ikastetxe bitan edo gehiagotan egiten bada, lanpostu ibiltari gisa sailkatzen dira lanpostu horiek. Ikastetxea bakarra izanik ere, irakasle-lana herri batean baino gehiagotan kokaturiko egoitzetan egiten bada, lanpostu horiek ere lanpostu ibiltari gisa sailkatzen dira.

Lanpostu horietan jarduteak joan-etorriengatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea sortuko du, araudiak ezarritako zenbatekoetan.

3. artikulua.– Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa sistemaren bidez beteko dira, berezi gisa sailkatzen diren lanpostuen kasuan izan ezik, berariazko lehiaketa bidez beteko baitira horiek.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Maisu-maistren kidegoari dagozkio erantsitako zerrendetan jasotzen diren lanpostuak, eta, berariazko osagarriaren kontzeptu gisa, urteko 11.861,64 euro dute esleiturik; jarraian zehazten den legez banakatuko da kopuru hori:

– Berariazko osagarri orokorra: urteko 8.182,02 euro.

– Dedikazio bereziaren osagaia, bigarren eta hirugarren mailetako kapitalizazioetatik datorrena: urteko 3.679,62 euro.

Dedikazio bereziko osagaiaren lehenengo gradua egiaztatzen dutenek, gorago zehaztutako zenbatekoen osagarri gisa, urteko 1.124,48 euro jasoko dituzte.

Dedikazio bereziko osagaiaren laugarren gradua egiaztatzen duten karrerako funtzionario diren irakasleek urteko 670,74 euro jasoko dituzte, eta, dedikazio bereziko osagaiaren bosgarren gradua egiaztatzen dutenek, aldiz, urteko 555,94 euro, betiere goragoko paragrafoetan zehaztutako zenbatekoen osagarri gisa.

Hilero banatuko dira urteko zenbateko oso horiek, hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 19. artikuluan araututakoa, eta Gobernu Kontseiluaren 2018ko urriaren 9ko erabakia, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioan diharduten langileen ordainsariei dagozkien 2018. urterako ordainsari-igoerak: 2018ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, ordainsari-igoera orokorra ezartzen da, baita % 1,75eko gainerako ordainsari osagarriak ere 2017. urterako ezarritako ordainsari osoekiko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Irakaskuntza-karrera profesionalaren gaineko negoziazioa gertatu arte, indarrean dirau Haur eta Lehen Hezkuntzako tutoretza-egitekoak ordaintzeko pizgarri ekonomiko osagarriak, eta urteko 828,80 euro jasotzeko eskubidea sortuko du, xedapen gehigarrietako lehenengoan zehazten den legez banaturik, hileka.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Irakaskuntza-karrera profesionalaren gaineko negoziazioa gertatu arte, halaber, indarrean dirau zikloko koordinatzaile-egitekoak ordaintzeko pizgarri ekonomiko osagarriak, eta urteko 753,06 euro jasotzeko eskubidea sortuko du, xedapen gehigarrietarik lehenengoan zehazten den legez banaturik, hileka.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetan irakasten diharduten maisu-maistrek urteko 931,28 euroko osagarria jasotzeko eskubidea izango dute, xedapen gehigarrietako lehenengoan zehazten den legez banaturik, hileka.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan zuzendaritza-karguak betetzen dituzten maisu-maistrek berariazko osagarri gehigarri hau izango dute, urteko zenbateko osoetan, xedapen gehigarrietako lehenengoan zehazten den legez banaturik, hileka.

(Ikus .PDF)
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan aurreko xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, ikastetxeko gela-kopurutzat hartuko da hezkuntza arautuetan ikasturtearen hasierako matrikula-datuetan ageri diren taldeak bider 1,6ko adierazle zuzentzailea.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Pertsona berak bi kargu baditu, zenbateko altueneko kargua soilik ordainduko zaio.

Halaber, baldin eta, zerbitzuaren beharrizanak eraginda, pertsona berari esleitzen bazaizkio zuzendaritza-kargu bat edo kargu akademiko bat eta talde baten tutore-egitekoak edo zikloko koordinatzaile-egitekoak, zenbateko altueneko kargua soilik ordainduko zaio kasu bakoitzean: edo karguari dagokion osagarria, edo tutore-egitekoak edo zikloko koordinatzaile-egitekoak ordaintzeko pizgarri ekonomiko osagarria.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehen Hezkuntzako aholkulari-lanpostuak.

Jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek eskatu ahal izango dituzte lanpostu horiek:

a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera gaituta egotea aholkulari-lanpostua betetzeko.

b) Hezkuntza Bereziko Arloan edo Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).

c) Honako lizentziatura, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan ezarritako lanpostu guztietara sartzeko eta horietan jarduteko, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluaren araberako ziurtagiri negatiboa eskatzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala