Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2019ko urtarrilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
117

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko «(UB) AK.04 Akarregi» lurzatiko 8. partzelaren xehetasun-azterketa aldatuaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko martxoaren 9an, Hernaniko Udalak eskaera osatu zuen «(UB) AK.04 Akarregi» lurzatiko 8. partzelaren xehetasun-azterketa aldatuaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaera horri atxiki zitzaizkion azterketaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko irailaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, hauei egin zaie kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak biak), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Errepideen Azpiegitura Saila, Ura-Uraren Euskal Agentzia, IHOBE-Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa eta ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzailea, administrazio publiko ukitu gisa eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa eta Eguzkizaleak elkarteak, interesdun gisa.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren, eta IHOBE-Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

«(UB) AK.04 Akarregi» lurzatiko 8. partzelaren xehetasun-azterketa aldatua (aurrerantzean Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko Udalak sustatutako «(UB) AK.04 Akarregi» lurzatiko 8. partzelari buruzko xehetasun-azterketa aldatuaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Akarregi industrialdeko 8. partzelaren xehetasun-azterketa 2008ko abenduaren 18an onartu zen behin betiko. Xehetasun-azterketa horrek SUE – 26.6 (Akarregi) Sektore Industrialaren Plan Partzial aldatuaren –2003ko maiatzean onartu zen behin betiko– zehaztapenak osatzen zituen. Ondoren, urbanizazio-proiektuak eta eremuaren birpartzelazio-proiektua onartu ziren eta bere garapenean aurreikusitako urbanizazioa gauzatu zen. Hernaniko arau subsidiarioek (2011ko apirileko Hernaniko arau subsidiarioak berrikusteko testu bategina) plan partzialak eta xehetasun-azterketak ezarritako ordenamendua sendotu zuten; gaur egun, sektoreak (UB) AK.04 Akarregi izena du.

Planak hirigintza-parametro hauek aldatzen ditu:

– Eraikitzeko gehieneko lerrokatzeak, sestra gainean eta beheko aldean.

– Eraikuntzak partzelan izango duen gehieneko okupazioa.

– Eraikina ezartzeko sestra.

– Eraikuntzaren profila eta altuera.

Gainera, aurreikusitako eraikuntzarekin erlazionatutako beste elementu batzuk deskribatzen ditu dokumentuak, esaterako, barneko urbanizazioa, eraikuntzaren barneko banaketa eta sarbideak, aparkalekuak eta barneko bidegintza.

Horrela, Planak, indarrean dagoen antolamenduarekiko, sartzen dituen aldaketa nagusiak hauek dira:

– Aldatzea partzelaren gehieneko okupazioa, beheko solairuan eraikitzeko onartzen den eraikigarritasun guztia, lerrokatzeak partzelaren mugaraino eramanda. Partzelaren gehieneko okupazioa handitu da; hala, 2.386 m2-ko azaleratik 3.977 m2-ko azalerara pasatu da. Solairuarteek eraikigarritasunaren % 50eko gehieneko azalera izango dute: 1.988,50 m2 eta bi mailatan egingo dira.

– Baimena ematea soto-solairu bat eraikitzeko, 3.977 m2-ko gehieneko azalera eraikigarria izango duena (partzelak okupatzen duen azaleraren parekoa).

– Industrialderako ezarritako 12 m-ko altuera gainditzea. Horrela, 20 m-ko altuera onartzen da eraikuntzaren leku jakin batzuetan, biltegiratze automatikorako makineria zehatza kokatze aldera.

– Eraikinaren beheko solairua ezartzeko sestra berri bat jartzea, produktuak behar bezala kargatu eta deskargatzeko kamioien bidez.

Eraikuntza bakarra eraikiko da eta gune hauek izango ditu: salmenta-erakusketa gunea, serigrafia-tailerra, tailerren gunea eta biltegiratzeko gunea beheko solairuan, bulegoen gunea lehenengo solairuan, biltegiratzeko gunea bigarren solairuan eta 75 plazako aparkaleku bat, sotoan.

Planaren xede den eremua antolamendu-eremuaren Ekialdeko muturrean dago, eta Iparralde, Ekialde eta Mendebaldean mugakide ditu proposatutako bide publikoa, gaur egun gauzatuta dagoena, eta Abiadura Handiko Trenaren ibilbide berria, Mendebaldean, eta 6.093 m2-ko azalera du.

B.– Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, plan edo programa bati ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaion zehazteko, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentuak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Uste da Planak garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak barne hartzen dituela, eta baliabideen optimizazioa eta hondakinen kudeaketa egokia proposatzen dituela. Halaber, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» proposatzen da eraikuntzak diseinatzean energiaren erabateko efizientzia lortzeko jarraitu beharreko eredu gisa.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: eremuan ingurumen-balio nabarmenik ez dagoenez, Planak ingurumenean izan ditzakeen ondore esanguratsuenak erlazionatuta daude eremuaren uholde-arriskua aztertzearekin, egoera akustikoarekin eta partzela kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak egon diren lurzoruen inbentarioan jasota egotearekin. Hori horrela, gunea 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuko eremuan dago kokatuta, baina Urumea ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo; eta, kutsadura akustikoari dagokionez, Babes Akustiko Bereziko Eremu deklaratuko da eta kutsadura akustikoa murrizteko gauzatu beharreko konponbide akustikoak ezartzen dituen zonako Plan bat proposatuko da.

Bestalde, eta Planari lotutako proiektuaren eraikuntza- eta hirigintza-obren ondorioz, hauek dira ingurumenean eragina izan dezaketen jarduketak: lur-mugimenduak (historikoki kutsa dezaketen jarduerak egon diren kokaleku batean), makinen joan-etorriak, lurzoruaren okupazioa, istripuzko isuriak, uren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera eta partikulek eragindako kutsadura atmosferikoa. Beraz, ziurta dezakegu aldaketa gauzatzeak ez duela ingurumen-arazo adierazgarririk eragingo, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez ingurumen-balio altuko eremurik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako neurri nagusi hauek hartu behar dira:

– Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea: indusketak ezingo dira hasi ingurumen-organoak onartu arte «Hernaniko (Gipuzkoa) Akarregi Industrialdeko 8. partzelari lotutako indusketa-plana», 2018ko otsailaren 9koa.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Uholde-arriskua: Urumea 2 uholde-arrisku handiko eremuan sartzen da gunea (ES017-GIP URU-01), eta Planean jasotzen diren jarduketa guztiak 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko gunean kokatzen dira. Uraren Euskal Agentzia «Akarregi-Ergobia bitartean, Urumea ibaiaren uholdeen aurkako proiektua» ari da garatzen. Proiektu horren helburua da Ergobia auzoa eta Akarregi ebakidura uholdeetatik babestea eta proiektu horrek aukera emango du uraren xaflak nabarmen jaisteko eta, beraz, Hernaniko behe aldeko eremuen, hala bizilekuen nola Ergobia eta Karabel arteko industrialen (horien artean dago azterketa-eremua), uholde-arriskua ere jaitsiko da. Nolanahi ere, bermatu beharko da partzelan aurreikusitako jarduketak urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren I. eranskineko 40.4 artikuluan xedatutakoa betetzen duela (Honako hauen plan hidrologikoak berrikustea onartzen duena: Kantauri Mendebaldeko, Gualdalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen alderdi espainiarra), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren xedapen arau-emaileak ezartzen dituena.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

Alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute neurri horiek:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten «(UB) AK.04 Akarregi» lurzatiko 8. partzelari buruzko xehetasun-azterketa aldatuak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Hernaniko Udalari jakinaraztea Ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Agindua ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «(UB) AK.04 Akarregi» eremuko 8. partzelaren xehetasun-azterketa aldatua onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala