Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2018ko abenduaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
6416

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita desgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko neurri gisa enplegu lagundurako jardunak garatzera bideratutako 2019ko diru-laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2018ko abenduaren 18ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onartu du laguntzetarako deialdi bat egitea, 2019ko ekitaldirako, enplegu lagundurako jardunak garatzeko, desgaitasunen bat duten pertsonei lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko neurri gisa. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea laguntzetarako deialdi bat, enplegu lagundurako jardunak garatzeko, desgaitasunen bat duten pertsonei lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko neurri gisa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu zen 2019ko ekitaldirako deialdi hori, 2018ko abenduaren 18ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 18a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
2019KO EKITALDIRAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, ENPLEGU LAGUNDURAKO JARDUNAK GARATZEKO, DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONEI LAN-MERKATU ARRUNTEAN SARTZEN LAGUNTZEKO

Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen du desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina, eta araudia desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioaren arabera egokitzen duen abuztuaren 1eko 26/2011 Legearen azken xedapenetatik bigarrenean aurreikusitakoa betez eman da. Egin-eginean ere, integrazio bidez indargabetu du lehenagoko arau batzuetan xedatutakoa: 13/1982 Legea, apirilaren 7koa, desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeari buruzkoa; 51/2003 Legea, abenduaren 2koa, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren, diskriminazio ezaren eta irisgarritasun unibertsalarena, eta 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren gaian arau-hauste eta zehapen-araubidea finkatzen duena.

Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak atarikoan adierazten duenez, ezin ukatua da gizartean aurrerapen asko izan direla, baina, hala ere, desgaitasunen bat duten emakumeek eta gizonek oraindik ere murrizturik dituztela askatasunerako, berdintasunerako eta duintasunerako eskubideak zenbait ingurune, prozesu edo zerbitzu eskuratzeko edo haietan parte hartzeko orduan. Desgaitasunen bat duten pertsonen gizataldea multzo handia da, oso kontu handia behar duena; gainera, gizartearen antolaerak eta jarduteko moduak bazterturik eduki izan du, ezaguna den egoeran. Egoera horretan, murriztuta izan dituzte funtsezko eskubideak eta askatasunak, eta baldintzatuta edo oztopatuta pertsona-garapena, herritar guztien eskura egon ohi diren baliabide eta zerbitzuez gozatzea, eta gizartearen aurrerabideari euren gaitasunekin laguntzeko aukera.

Legegintzako errege dekretu horren I. tituluko VI. kapituluan jasotzen da desgaitasunen bat duten pertsonen lanerako eskubidea, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen aplikazioa bermatzeko moduko baldintzen arabera. Bertan adierazten denez, enplegu-politikaren xedea izango da desgaitasunen bat duten pertsonen jarduera-, enplegu- eta laneratze-tasak handitzea, bai eta haien enpleguaren kalitatea hobetzea eta lan-baldintzak duinagoak izan daitezen lortzea ere, haien diskriminazioaren aurka gogor ekinez. Horretarako, herri-administrazio eskudunek sustatuko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonen enplegu-aukerak eta lanbidean gora egiteko aukerak, lan-merkatuaren barruan; orobat, beharrezko laguntzak prestatuko dituzte horiek enplegua bilatzeko, eskuratzeko, hari eusteko eta utzitako enplegura itzultzeko.

Azken urteotan, araudi, programa eta aurrekontu garrantzitsuak egin dira desgaitasunen bat dutenek enplegua errazago lortzeko, eta emaitza positiboak izan dira, desgaitasunen bat duen gero eta pertsona gehiago sartu baita lan-merkatura. Jarraipena eman behar zaio desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu-politika aktiboak areagotzeari, eta hedapena ere eman behar zaio, formula berriak garatuta, lan-merkatu arruntean laneratzea lehentasuntzat hartuta.

Formula berri horiek kontuan hartu behar dute, noski, desgaitasunen bat dutenek osatzen duten multzoa anitza eta askotarikoa dela, eta desgaitasunen bat duten langileen talde bakoitzaren eskaeren eta premien arabera jokatu behar dela, eta lan-ingurune inklusiboak sustatzeko premia dagoela.

Izan ere, desgaitasunen bat duten pertsonen multzoaren barruan, lan-merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzte zenbait taldek, desgaitasun-motaren edo -mailaren eraginez. Errealitate horrek eragin positiboko neurri espezifikoak hartzea eskatzen du; izan ere, biziago eta bereiziago ekin behar da batzuetan, bai desgaitasunen bat duten langileen artetik laneratzeko zailtasun handiagoak dituztenen enplegagarritasuna areagotzeko, bai enpresa arruntek ematen dituzten lan-erantzunen eremua zabaltzeko gaitasuna sustatzeko.

Lanbide erakunde autonomoak, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean berariaz xedatuta dagoen bezala, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea, eta enplegu-programa bereziak egitea lan-munduan eta gizartean sartzeko zailtasun bereziak dituzten giza taldeentzako, barne hartuta diru-laguntzetarako deialdiak prestatu eta onartzea.

Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiaren baitan, eta bereziki, «Desgaitasuna duten pertsonen enplegu arrunterako sarbidea eta jarduera-tasa hobetzea» orientabide estrategikoaren barruan –Aukera-berdintasunaren ardatzeko 3. gidalerroan dago jasota–, egokitzat jo du, bere eskumenen garapenean, neurriak eta jarduketak sustatzea laneratzeko zailtasun gehien dituzten pertsona desgaituak lan-merkatu arruntean sar daitezen eta lanpostu horietan jarrai dezaten bultzatzeko eta hobetzeko, bai eta enpresei laguntza teknikoa emateko ere, kontratatutako pertsonen integrazio- eta finkatze-prozesuan.

Aurreko guztiarekin bat etorrita, bada neurri bat, desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko oso baliagarria izan daitekeena: Enplegu Lagundua. Lagun egiteko jarduera batzuk biltzen ditu esku hartzeko metodologia horrek, eta kontratazioaren aurretik nahiz dagokion pertsona lanpostuan hasi ondoren garatzen dira: enplegu-aukerak bilatzea; atzemandako enplegu-eskaintzaren ezaugarrien eta baldintzen azterketa zehaztua; postuaren profila eta desgaitasunen bat duen pertsonak postua behar bezala betetzeko eduki behar dituen gaitasunak uztartzea; eskatzen baldin bada, postuaren ezaugarrien eta eskakizunen arrazoizko egokitzea; lanpostuko trebakuntza, eskatzen diren gaitasun profesionalak lortzeko; sentsibilizazioa, prestakuntza eta laguntza ematea enpresaren antolaketari orokorrean, eta, bereziki, desgaitasunen bat duen pertsonarekin funtzionalki diharduten langileei; laneratzeko hasierako laguntza eta epe luzerako bana-banako jarraipena desgaitasunen bat duen pertsonaren eta enpresaren garapena eta gogobetetze-maila ebaluatzeko. Metodologia horri esker, desgaitasunen bat eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lan-merkatu arrunteko enpresetan gauza dezakete beren jarduera, antzeko lanpostuak betetzen dituzten gainerako langileen baldintzen parekoetan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gizonen langabezia-tasak apur bategatik gainditu zuen emakumeena 2018ko bigarren hiruhilekoan. Halere, lan-merkatuan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak oraindik ere nabarmenak dira lan-merkatuaren beste portaera batzuk aztertzen baditugu; horrela, emakumeen jarduera- eta enplegu-tasak % 72,52 eta % 65,76koak dira, eta, gizonenak, % 79,41 eta % 70,69koak, hurrenez hurren.

Desgaitasuna duten pertsonen biztanleria ez-aktiboan, alabaina, diskriminazio bikoitza da emakume eta desgaitu izatea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2018ko abenduaren 18an egindako bileran, laguntzetarako deialdi bat onartu du, enplegu lagundurako jardunak gara daitezen, desgaitasunen bat duten pertsonei lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko neurri gisa. Hona deialdiaren nondik norakoak:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2019an emango dituen laguntza batzuen oinarriak eta arauak ezartzea. Deialdiaren 4. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten erakundeei emango zaizkie laguntzak, enplegu lagundurako jardunak garatu ditzaten, desgaitasunen bat eta laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak lan-merkatu arruntean gehiago sar daitezen.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharko dira lagundutako enplegu-jarduketak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa.

1.– 1.000.000 euro jarri dira deialdi honen xedeko laguntzak finantzatzeko; haietatik, 500.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 2019ko kreditu arruntari egokituko zaizkio, eta beste 500.000 euro, berriz, 2020rako konpromiso-kredituari.

2.– 2019ko ekitaldikoa finantzatzeko laguntzak ebazteko, enplegu lagunduaren jarduerei dagokienez, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2019. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetu zen.

3.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu lagundurako jardunak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntza jaso ahal izango dute 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte egindako enplegu lagundurako jarduketek.

Enplegu lagundurako jarduketatzat hartzen dira desgaitasunen bat eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzea xede dutenak, zeinak 6. artikuluan definitzen baitira laguntza-programa honen azken hartzaile gisa. Erakunde onuradunetako langile espezializatuek egiten dituzte jarduketa horiek, eta, erakunde horiei, deialdi honen ondorioetarako, enplegu lagundurako unitate deritze, eta 5. artikuluan xedatutako osaera eta eginkizunak dituzte; besteak beste, desgaitasunen bat duten pertsonak enpresa arruntean hasi aurreko jarduketak, eta lanpostuan bertan gauzatu beharrekoak, bermatuz tratu- eta aukera-berdintasuneko printzipioen eta genero arloko diskriminazio-ezaren printzipioaren pean garatzen direla jarduketok. Hemen deskribatzen dira:

a) Lanpostuan hasi baino lehen:

– Enpresa arruntean informazioa ematea eta sentsibilizazioa sustatzea.

– Jarduketen xede den taldeari egokitutako enplegu-aukerak bilatzea eta jasotzea, banakoa oinarri hartuta.

– Lanpostuak identifikatzea eta xehetasunez aztertzea, enpleguaren ezaugarriak eta garatze-baldintzak zehazteko, eta beharrezkoa eta esanguratsua den informazio guztia lortzeko.

– Desgaitasuna duten pertsonen artean, lanpostu jakin bat betetzeko behar diren gaitasunak dituzten pertsonak identifikatzea.

– Lanpostu baterako hautatutako desgaitasuna duen pertsona eta lanpostu horretarako profila zenbateraino diren bateragarriak aztertzea.

– Lanpostuaren ezaugarriak eta eskakizunak kontuan hartuta, horien neurrizko egokitzeak egitea zenbateraino izango litzatekeen beharrezkoa aztertzea.

b) Lanpostuan:

– Banakako prestakuntza lanpostuan, langileak eskatzen diren lanbide-gaitasunak lortzeko eta bere lanpostuan nahiz lan-ingurunean ahalik ongien integratzeko.

– Enpresaren antolamenduan eta bereziki desgaitasuna duen langilearekin elkarrekintzan jarduten duten lankideen artean sentsibilizazioa sustatzea, eta horiei prestakuntza eta laguntza ematea.

– Lanpostuaren ezaugarriak eta eskakizunak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo diren neurrizko egokitzeak bideratzea eta gauzatzea.

– Epe luzerako laguntza pertsonalizatua eta banakako jarraipena: kontratatu den pertsona laneratu ondoren, beharrezkoa da haren eta enpresaren jarraipena egitea, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko, eta, lanpostuari dagokion jardunean edo lan-ingurunean aldaketarik gertatzen bada, horrekin batera sortutako prestakuntza- eta egokitze-premiei erantzuteko.

– Ebaluazioa: prozesu guztia nola garatu den baloratu behar da, bai enpresaren bai desgaitasuna duen pertsonaren aldetik, eta bi aldeen gogobetetze-maila ebaluatu behar da.

2.– Enplegu lagunduko jarduketengatiko diru-laguntza eskuratzeko, ezinbestekoa da desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-aukerak bilatzeko eta pertsona horiek enpresa arruntean laneratzeko konpromisoa erakustea, bai eta helburu horiek erdiestea ere, 7. artikuluan xedatutakoa betez, helburu horien lorpenak baldintzatzen baitu diru-laguntza eskuratzeko aukera, eta horren araberakoa baita haren zenbatekoa ere.

Laneratze-helburuak lortutzat emateko, enplegu lagunduko jarduketen xede diren desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arrunteko enpresa batek kontratatu beharko ditu, kontratu mugagabe baten bidez edo gutxienez 6 hilabeteko iraupena izango duen aldi baterako kontratu baten bidez, eta enpresaren egituraren barneko lanpostu batean enplegatu behar dira egiaz. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, lanaldi osoko langile baliokide baten lanaldiaren % 35ekoa izango da, gutxienez, lanaldia.

Halaber, laneratze-helburuak lortutzat joko dira, eta, beraz, diruz lagunduko dira, hasiera batean 6 hilabetetik beherako aldi baterako egin diren kontratazioak, baldin eta gero aldi baterako kontratu horren luzapena edo ondoz ondoko kontratuak egiten badira, eta hasierako kontratuaren eta haren luzapenaren edo ondoz ondoko kontratuen iraupena, guztira, sei hilabetekoa edo gehiagokoa bada, eta beste baldintza hauek betetzen badira:

– Kontratuak enpresa berean eta lanpostu bererako egin izana.

– Kontratuak ondoz ondo egin izana, haien arteko etenik gabe.

3.– Hauek ere jaso dezakete diru-laguntza: 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen enpresa arruntetan kontratatutako pertsonei jarraipena egiteko eta laguntza emateko jardunak, artikulu honetako 1. paragrafoan aurreikusitako denbora-tartean gauzatzen badira, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko, bai eta, postuaren jardueran edo lan-ingurunean aldaketarik gertatuz gero, sortutako prestakuntza- eta egokitze-premiei erantzuteko eta lanpostuei eusten laguntzeko ere.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Hauek izango dira enplegu lagundurako jardunak garatzeko diru-laguntzen onuradunak: irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako erakundeak, eta Enplegu Zentro Bereziak, horrela kalifikatuta eta inskribatuta eta EAEn kokatuta badaude, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

– Haien helburu soziala izatea, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonak laneratzea edota haientzako enplegua sortzea.

– Beren plantillan lan-prospekziogile eta -prestatzaile espezializatuak izatea; enplegu lagunduko unitatea osatzen dute horiek, hurrengo artikuluan xedatutako moduan.

– Esperientzia egiaztatua izatea administrazio publikoek eta/edo Europar Batasunaren Funtsek desgaitasuna izanik zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzeko diruz lagundutako laneratze-programen garapenean.

– Enplegu lagunduko jarduketak doan egitea, langileei eta enpresei tarifarik kobratu gabe edo haiengandik inolako zenbatekorik jaso gabe.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte erakunde onuradunek:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana, eta haiek eskuratzeko legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

c) Ez egotea Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan adierazitako gainerako egoeretariko batean ere, diru-laguntzen erakunde onuraduna izan ahal izateko.

3.– Onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

5. artikulua.– Enplegu lagundurako unitateen osaera eta eginkizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, hauek izan behar ditu gutxienez enplegu lagundurako oinarrizko unitateak: prospekzio-teknikari bat eta lan-prestatzaile bat. Pertsona horiek, enplegu lagunduko unitateko kidetzat har daitezen, hala beren jarduera konputagarria izan dadin eta haren kostua diruz lagundu dadin, gutxieneko ordu kopuru batez aritu behar dute deialdi honetan jasotako jarduketak egiten, diru-laguntzak eman diren ekitaldiari dagokion aldian –3. artikuluan jaso da hori–: zehazki, lan-hitzarmenean edo aplikatzekoa den enpresa-hitzarmenean ezarritako urteko lanaldi osoari dagokion ordu-kopuruaren % 50 gutxienez eman behar dute jarduketa horiek garatzen.

Benetako dedikazioaren denboraren zenbaketa egitean, ez dira kenduko ez opor-egunak ez ordaindutako baimenak. Halaber, ez dira kenduko aldi baterako ezintasunagatiko baja-aldiak, lanaldi-murrizketei dagozkien orduak eta lanpostua gordetzeko eskubidea ematen duten eszedentzia-aldiak, betiere ordu edo aldi horiek ez badute gainditzen aurreko apartatuan adierazitako gutxieneko ordu-kopuruaren % 15.

2.– Enplegu lagunduko lantaldeak osatzen dituzten pertsonek aukera izango dute profil bakoitzaren eginkizunak modu partekatuan eta polibalentean garatzeko, betiere artikulu honetako 4. apartatuan ezarritako esperientzia- eta titulazio-baldintzak betetzen badituzte.

Lantalde bat bi pertsonak baino gehiagok osatzen badute, lantaldeko profesionalen erdiek bete beharko dituzte artikulu honetako 4. eta 5. paragrafoetan ezarritako titulazio- eta esperientzia-baldintzak, eta lantaldearen beste erdiek, berriz, artikulu honetako 4. eta 5. paragrafoetan titulaziorik ez dagoen kasuetarako aipatzen den lanbide-esperientziarekin ordeztu ahal izango dute titulazioaren betekizuna.

3.– Nolanahi ere, enplegu lagundurako unitateetako lantaldeen osaeran, beharrezko oreka gorde beharko da bi lanbide-profil horien artean, laneratze-helburuak lortuko direla bermatzeko.

4.– Gutxienez erdi-mailako edo goi-mailako unibertsitate-titulazioa izango dute prospekzio-ekintzetan diharduten profesionalek, eta gutxienez urtebeteko aurreko esperientzia egiaztatu beharko dute desgaitasunari lotutako enplegu-aukeren prospekzioan eta/edo desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzen laguntzeko prozesuetan.

Erdi-mailako edo goi-mailako unibertsitate-prestakuntzako gutxieneko titulazioaren betekizun hori ez zaie eskatuko hauxe egiaztatzen dutenei: gutxienez 5 urteko esperientzia desgaitasunari lotutako enplegu-aukeren prospekzioan eta/edo desgaitasunen bat eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzen laguntzeko prozesuetan.

Kasu batean zein bestean, hauek aurkeztuta egiaztatuko da esperientzia: proposatutako pertsonak egindako lan-kontratuak, eta enpresaren ziurtagiri bat, zer eginkizun bete dituen egiaztatzen duena.

Desgaitasunen bat duen pertsona lanpostuan hasi aurretik, honako eginkizun hauek bete behar dituzte prospekziogileek:

– Enpresa arruntean informazioa ematea eta sentsibilizazioa sustatzea.

– Jarduketen xede den taldeari egokitutako enplegu-aukerak bilatzea eta jasotzea, banakoa oinarri hartuta.

– Lanpostuak identifikatzea eta xehetasunez aztertzea, enpleguaren ezaugarriak eta garatze-baldintzak zehazteko, eta beharrezkoa eta esanguratsua den informazio guztia lortzeko.

– Lanpostuaren ezaugarriak eta eskakizunak kontuan hartuta, horien neurrizko egokitzeak egitea zenbateraino izango litzatekeen beharrezkoa aztertzea.

5.– Lan-prestatzaileek gutxienez goi-mailako lanbide-heziketako titulua edo haren baliokidea izan beharko dute, eta gutxienez urtebeteko aurretiko esperientzia egiaztatu beharko dute desgaitasuna izanik zailtasun bereziak dituzten pertsonen prestakuntza-jardueretan eta/edo horiei laneratzen laguntzeko prozesuetan.

Gutxienez goi-mailako lanbide-heziketako titulua edo haren baliokidea izatearen betekizun hori ez zaie eskatuko gutxienez 5 urteko lan-esperientzia egiaztatzen dutenei desgaitasuna izanik zailtasun bereziak dituzten pertsonen prestakuntza-jardueretan eta/edo horiei laneratzen laguntzeko prozesuetan.

Kasu batean zein bestean, hauek aurkeztuta egiaztatuko da esperientzia: proposatutako pertsonak egindako lan-kontratuak, eta enpresaren ziurtagiri bat, zer eginkizun bete dituen egiaztatzen duena.

Lan-prestatzaileek honako eginkizun hauek bete behar dituzte lanpostuan:

– Banakako prestakuntza lanpostuan, langileak eskatzen diren lanbide-gaitasunak lortzeko eta bere lanpostuan nahiz lan-ingurunean ahalik ongien integratzeko.

– Enpresaren antolamenduan eta bereziki desgaitasuna duen langilearekin elkarrekintzan jarduten duten lankideen artean sentsibilizazioa sustatzea, eta horiei prestakuntza eta laguntza ematea.

– Epe luzerako laguntza pertsonalizatua eta banakako jarraipena: kontratatu den pertsona laneratu ondoren, beharrezkoa da haren eta enpresaren jarraipena egitea, laneratzea behar bezala garatzen dela bermatzeko, eta, lanpostuari dagokion jardunean edo lan-ingurunean aldaketarik gertatzen bada, horrekin batera sortutako prestakuntza- eta egokitze-premiei erantzuteko.

– Ebaluazioa: prozesu guztia nola garatu den baloratu behar da, bai enpresaren bai desgaitasuna duen pertsonaren aldetik, eta bi aldeen gogobetetze-maila ebaluatu behar da.

6.– Lan-prospekziogileek eta -prestatzaileek honako eginkizun hauek bete behar dituzte elkarrekin:

– Desgaitasuna duten pertsonen artean, lanpostu jakin bat betetzeko behar diren gaitasunak dituzten pertsonak identifikatzea.

– Lanpostu baterako hautatutako desgaitasuna duen pertsona eta lanpostu horretarako profila zenbateraino diren bateragarriak aztertzea.

– Lanpostuaren ezaugarriak eta eskakizunak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo diren neurrizko egokitzeak bideratzea eta gauzatzea.

7.– Enplegu-zentro berezien kasuan, enplegu lagunduko jarduketak egingo dituzten profesionalak ezin daitezke izan lanbide-jardueran laguntzeko unitateak osatzen dituzten profesional berberak, eta erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dute hori.

8.– Kausa justifikatuak direla-eta jarduketak garatu bitartean enplegu lagunduko unitateetan lanpostu hutsak geratzen badira, langile horiek ordezkatu egin beharko dira, betiere artikulu honetan xedatutako irizpideak eta baldintzak betez. Eta, betiere, ordezkatu den pertsona eta haren ordezkatzailea diruz lagundutako jarduketetan aritutako ordu-kopurua, edo bien dedikazio-denbora, batuta, artikulu honen 1. apartatuan zehaztutakoa izango da gutxienez.

Enplegu lagunduko unitatea osatzen duen lantalde profesionalean aldaketarik egin nahi izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar zaio, eta erakunde horrek onartu beharko ditu aldaketak. Lan-prestatzaileak eta/edo -prospekziogileak ordezkatu behar direnean, aldatzeko eskaeran adierazi beharko da zer pertsona ordezkatuko den, eta, lanpostu horretarako proposatzen den pertsonaren curriculumaz gain, haren titulazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, bai eta lan-esperientziaren egiaztagiriak ere: hau da, lan-kontratuak eta betetako eginkizunak egiaztatzen dituen enpresaren ziurtagiria. Lan-prestatzaileak eta -prospekziogileak ordezkatzeko proposatutako pertsonak ordezkatu dituzten pertsonen lanbide- eta soldata-kategoria berekoak izango dira.

6. artikulua.– Azken hartzaileak.

1.– Hona deialdi honen babeseko diru-laguntza jaso duten enplegu lagundurako jardunen azken hartzaileak: desgaitasunen bat izan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile langabe gisa erregistratuta dauden pertsonak, bai eta desgaitasunen bat izan eta enplegu-zentro bereziek kontratatu dituzten langileak ere; betiere, ondoren deskribatuko diren kasuetakoren batean badaude:

– Adimen desgaitasuna, buruko gaixotasunen bat edo garuneko paralisia duten pertsonak, baldin eta % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa aitortuta badute.

– Desgaitasun fisiko edo zentzumenezkoa duten pertsonak, baldin eta % 65eko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta badute, edo gorrak edo entzuteko desgaitasuna dutenak, % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa aitortuta badute.

2.– Enplegu lagundurako jardunen ondorioz enpresa arrunt batean kontratatutako langile desgaituak, aurrez, enplegu-zentro berezi batean lan egiten bazuen, kontratatuak borondatezko eszedentzia hartuko du zentro horretan, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 46.2 eta 5. artikuluetan, eta, hala badagokio, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako baldintzen arabera.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzaren xedea da erakunde onuradunen enplegu lagundurako unitatea osatzen duten profesionalen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzea, bai eta enplegu lagundurako jardunari lotutako gastu orokorrak, administraziokoak, koordinaziokoak eta leku-aldatzeenak ere; betiere, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldian egin badira gastu horiek guztiak.

Gastu horiek finantzaketa izan dezaten, ezinbestekoa da desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-aukerak bilatzeko prospekzioak egiteko eta pertsona horiek enpresa arruntetan laneratzeko konpromisoa erakustea, eta helburu horiek erdiestea.

Gastu orokortzat hartuko dira lokalen erabilerari, jakinarazpenei, material suntsigarriari eta bulegoko materialari dagozkien gastu arruntak.

Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da, era berean, 11.1.b) artikuluan aipatzen den auditoria-txostenaren kostua.

2.– Hauek izango dira diru-laguntzen zenbatekoak, zehaztutako irizpideen arabera:

a) 6.1 artikuluan aipatzen den desgaitasun-mota eta -graduko zenbat langile enplegu lagundurako jardunen hartzaile laneratu den EAEko lan-zentroetan, honako baldintza hauen arabera:

– 7.800 euro laneratze bakoitzeko, desgaitasun intelektualagatik, buru-gaixotasunagatik edo garuneko paralisiagatik % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten pertsonak gutxienez urtebeteko iraupena duen kontratu batekin laneratzea lortzen bada.

– 6.600 euro laneratze bakoitzeko, desgaitasun intelektualagatik, buru-gaixotasunagatik edo garuneko paralisiagatik % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten pertsonak gutxienez 6 hilabeteko iraupena duen kontratu batekin laneratzea lortzen bada.

– 4.700 euro laneratze bakoitzeko, desgaitasun fisikoagatik edo sentsorialagatik % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten pertsonak edota gortasunagatik edo entzumen-desgaitasunagatik % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten pertsonak gutxienez urtebeteko iraupena duen kontratu batekin laneratzea lortzen bada.

– 4.000 euro laneratze bakoitzeko, desgaitasun fisikoagatik edo sentsorialagatik % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten pertsonak edota gortasunagatik edo entzumen-desgaitasunagatik % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten pertsonak gutxienez 6 hilabeteko iraupena duen kontratu batekin laneratzea lortzen bada.

– Kontratatu eta laneratu den desgaitasuna duen pertsona emakumea bada, % 10 handituko dira aurreko paragrafoetan xedatutako diru-laguntzen zenbatekoak.

Zenbateko horiek lanaldi osoko kontratuetarako ezartzen dira; zenbateko horiek proportzionalki murriztuko dira lanaldiaren iraupenaren arabera, baldin eta kontratua denbora partzialekoa bada, 3.2 artikuluan ezarritako lanaldiaren % 35eko gutxieneko mugarekin.

b) Enplegu-aukerak bilatzeko eta jasotzeko prospekzio-jarduketari, osorik hartuta, 39.100 euroko diru-laguntza emango zaio gehienez; hain zuzen, prospekziogile bakoitzak egindako 170 bisita finantzatuko dira gehienez, eta 230 euro emango dira bisitatutako enpresa bakoitzeko. Bisita guztiak behar bezala justifikatu beharko dira eta horiei dagokien dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Lanaldi partzialeko dedikazioa bada, gehienez finantzatuko den bisita-kopurua zehazteko, prospekzio-jardueretarako dedikazioari lanaldi osoaren zer ehuneko dagokion hartuko da kontuan, eta horren arabera ezarriko da zenbatekoa. Nolanahi ere, dedikazioak lanaldi osoari dagokion urteko ordu-kopuruaren % 50aren baliokidea izan behar du gutxienez.

c) 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen enpresa arruntetan kontratatutako pertsonei jarraipena egiteko eta laguntza emateko jardunak. 850 euroko diru-laguntza emango da jarraipena egiten zaion pertsona bakoitzeko, eta egindako jarraipenen zenbateko osoak inoiz ez du gaindituko jarraipen- eta laguntza-jarduera horiek egiten dituen lan-prestatzailearen soldata-kostuaren eta Gizarte Segurantzarenaren % 25, deialdi honetako jarduketetako dedikazio-lanaldiari egotzi dakiokeena prestatzaile bakoitzeko.

d) Zeharkako gastuak (diruz lagun daitezkeen gastu gisa egotz badaitezke); enplegu lagundurako unitatea osatzen duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak batzearen % 15 izango dira, betiere diruz lagun badaitezke eta aurreikusitako helburuak lortuta justifikatzen badira.

3.– Aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan adierazitako kontzeptuengatik emandako zenbatekoak ezin izango ditu gainditu ezein kasutan enplegu lagunduko jarduketetan parte hartzen duten profesionalen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak.

8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko dira, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeko enplegu-bulegoetan.

Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Diru-laguntza hartu nahi duen erakundearen memoria deskribatzailea, zeinean, gutxienez, honako hauek zehaztuko baitira:

– Kokapen fisikoaren xehetasuna eta jarduteko lurralde-eremua.

– Helburu soziala, jardun-eremuak eta erakundearen organigrama.

– Enplegu lagunduko unitatea osatzen duten lan-prestatzaileen eta -prospekziogileen zerrenda, eta horien curriculuma, berariaz aipatuz zer-nolako prestakuntza duten unitate hori osatzen duten pertsonek gizonen eta emakumeen laneratzeko aukera-berdintasunaren esparruan, bereziki desgaitasuna duten pertsonen laneratzearekin lotuta; eta honako hauek egiaztatzen dituen dokumentazioa: eskatutako titulazioa; eta lan-esperientzia eta urteko lanaldia, berariaz zehaztuz lanaldiaren zer ehuneko dagokion enplegu lagunduko jarduketekin loturiko prospekzio-jarduketetan eta/edo lanerako prestakuntzan aritutako denborari edo horretarako dedikazioari. Hauek aurkeztuta egiaztatuko da esperientzia: proposatutako pertsona bakoitzari egindako lan-kontratuak, eta enpresaren ziurtagiri bat, zer eginkizun bete dituen egiaztatzen duena.

– Esparru hauetako esperientzia egiaztatzeko memoria: desgaitasuna izanik zailtasun bereziak dituzten pertsonen laneratzea, enplegu lagunduko prozesuen bidez, eta desgaitasuna duten pertsonak enpresa arruntean laneratzeko eta pertsona horiei prestakuntzan eta lanpostuan bertan laguntzeko programak, administrazio publikoek eta/edo Europar Batasuneko Funtsek diruz lagunduak.

b) Urteko kudeaketa-plana, gutxienez honako hauek zehaztuta:

– Garatu beharreko jarduketak eta lortu nahi diren laneratze-helburuak, barnean hartuta desgaitasuna duten emakumeen eta gizonen laneratzean dagoen generoagatiko desoreka murriztera bideratutako jarduketa espezifikoak eta esparru horretan lortu nahi diren helburuak.

– Desgaitasunen bat izanik laguntza jasoko duten pertsonen tipologia eta kopurua, honela xehakatuta: emakumeak eta gizonak, laneratze berriak eta aurreko ekitaldietan kontratatutako pertsonen jarraipen-prozesuak.

– Garatu beharreko metodologia, zehaztuz zer neurri ezarriko diren laneratze-prozesuetan desgaitasuna duten emakumeen parte-hartzea bermatzeko; batez ere, kalteberatasun-egoera handian dauden emakumeena.

– Ebaluazio-sistema. Garatu beharreko ebaluazio-prozesuei buruzko dokumentuak zehaztu eta aurkeztu behar dira, lan-prozeduren nahiz lorturiko emaitzen kalitatea neurtzeko: ebaluatutako aldagaiak edo dimentsioak, tresnak, parte-hartzaileak eta ebaluazio-faseak edo -motak.

– Jarduketen tenporalizazioa.

– Eskura izango diren azpiegiturak, baliabideak eta bitarteko instrumentalak.

– Zerbitzua emateko baldintzak.

– Eskatutako diru-laguntza, kontzeptuen arabera zehaztuta: enplegu lagunduko unitatea osatzen duten pertsonen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, eta pertsonal-kostu horien % 15, gastu orokorrak eta administrazio-, koordinazio- eta lekualdatze-gastuak finantzatzeko.

c) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren NANaren kopia, edo haren nortasun-datuak bitarteko elektronikoen bidez egiaztatzeko baimena, eta haren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

d) Kontratatuko diren enplegu lagunduko unitateetako langileen soldata-kostuen egiaztagiriak, langile bakoitzaren urteko ordainsari gordinaren kostua eta gizarte-segurantzakoa bereizita, horien kontrataziorako eskatzen baita diru-laguntza.

e) Irabazi-asmorik gabeko elkarteen, fundazioen eta bestelako erakundeen kasuan, haien eraketa egiaztatzen duen dokumentazioa eta, hala egokituz gero, estatutuak, non haien helburu soziala eta kokalekua azaldu behar diren.

f) Enplegu-zentro bereziei dagokienez, erakunde eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita enplegu lagunduko jarduketak egingo dituzten langileak ez direla lanbide-jardueran laguntzeko unitateak osatzen dituzten profesionalak.

g) Erakunde eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adieraziz zenbat langilek osatzen duten erakundearen plantilla, eta zehaztuz ea erakundean baduten berdintasun-plana. Erakundeari diru-laguntza ematen bazaio, edozein unetan eskatu ahal izango zaio plan horren kopia.

3.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. paragrafoan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango dituela.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

9. artikulua.– Organo eskuduna, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Lan Aktibazioko Zuzendaritzak du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak emango dira. Programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira eskatutako laguntza guztiak emateko, onartutako eskabideen artean banatuko dira funtsak, proportzionalki, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe bakoitzari legokiokeen laguntzaren arabera.

3.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo ahal izango da.

4.– Erakunde interesdunak 10 eguneko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori igaro eta esanbidez onespena jakinarazi ez bada, eskabideari uko egin diola ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

Era berean, erakunde onuradunen zerrenda hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan jasotzen den zerrenda publikoan sartuko da.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Bi zatitan ordainduko dira deialdi honetan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko ematen diren laguntzak:

a) Lehen ordainketa: emandako diru-laguntzaren % 50, ebazpena jakinarazi eta erakunde onuradunak diru-laguntza onartu ondoren.

b) Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, edo, benetan egindako eta justifikatutako gastuekin eta, 7. artikuluan nahiz emateko ebazpenean adierazitakoaren arabera, laneratze-helburuak eta prospekzio-jardueraren helburuak betetzearekin bat etorriz egin beharko den doiketatik ateratzen den zenbatekoa. Bigarren ordainketa hori jardunak amaitzean egingo da, hurrengo artikuluan aipatzen den azken memoria aurkeztu ondoren.

11 artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du 2020ko martxoaren 31 baino lehen; memoriak dokumentazio hau izango du:

a) Memoria deskribatzailea, diruz lagundutako aldian enplegu lagundurako unitateak izandako jarduerari buruzkoa, garatutako jardunei buruzko informazio kualitatiboa ez ezik, egindako jardueratik ateratako ondorio nagusiak ere bilduko dituena. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

– Enplegu lagundurako jardunak jaso dituzten pertsona desgaituen izenen zerrenda, laneratze berriak eta aurreko laneratzeen jarraipenak bereiziz, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.

– Desgaitasunen bat duten laneratuei egindako lan-kontratuen kopiak. Dena dela, kontratua bera eta iraupena Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroan kontsultatuz egiaztatuko dira.

– Artatutako pertsonen desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia, dagokion organo eskudunak emana.

– Enplegu lagundurako jardunak gauzatu diren enpresekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.

– Garatutako prospekzio-jardunen eta kontaktatutako enpresen erregistroa, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.

– Enplegu lagundurako jardunetan esku hartu duten prospekziogileen eta lan-prestatzaileen izenen zerrenda, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.

– Enplegu lagundurako jardunetan esku hartu duten prospekziogileek eta lan-prestatzaileek diruz lagun daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzeko orriak, ebazpenarekin batera emango den ereduaren arabera.

b) Memoria ekonomikoa, non laburtuko baitira egindako gastuak, horietariko bakoitzean zehaztuta zein den diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak, 7. artikuluko 2. apartatuan ezarriak, eta, halakorik izan bada, zehatz adierazita zer beste sarrera edo diru-laguntza izan diren diru-laguntzako jarduera finantzatzeko. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

– Diruz lagun daitezkeen jardunak gauzatu dituzten enplegu lagundurako unitateko langileen zerrenda, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak zehaztuz; era berean, justifikatutako jarduerei kontzeptu horiengatik egotzi zaien gastua ere jasoko da. Ebazpenarekin batera emandako eredua bete eta erantsiko da –enplegu lagundurako unitateko langileengatik egotzitako kostuaren kalkuluaren xehetasunari buruzkoa–.

– Enplegu lagundurako unitateko langileen nominak, 2019. urtekoak; nomina horietan zigilu batek adierazi beharko du Europako Gizarte Funtsak, 2014-2020ko aldirako onarturiko Euskadiko programa operatiboaren barruan lagundutako finantzatzea dela. Nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izana ere egiaztatu beharko du erakundeak, agiri bidez. Bankuko kontu-laburpenaren oharra globala bada eta zenbateko hori langile bati baino gehiagori badagokio, beharrezkoa izango da laburpen horrekin batera transferentzia-aginduak ematea, non azalduko baitira enplegu lagundurako unitateko pertsonak, behar bezala identifikatuta, banakako ordainketak argi ikusteko moduan.

– Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuak (kotizazio-likidazioen zerrenda eta langileen zerrenda nominala), 2019koak, ordainagiriekin batera. Bai eta kotizazio-datuen txostena ere (IDC dokumentua), enplegu lagundurako unitateko pertsona bakoitzari buruzkoa.

– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, deialdi honen babesean diruz lagundutako jardueretarako ezarritako langileen kostuak finantzatzeko jaso diren beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen informazio zehatza jasotzen duena.

– Auditore-txosten bat, hauek jasota: azken justifikazio ekonomikoan aitortutako gastuak egozgarriak direla, diruz lagundutako aldiari dagozkiola eta 7. artikuluan aurreikusitako mugei egokitzen zaizkiela. Hain zuzen ere, soldata-kostuei eta gizarte-segurantzako kostuei dagokienez, jasota geratu beharko da gastu horiek nominekin eta gizarte-aseguruekin egiazta daitezkeela, haietan agertzen diren zenbateko berak dituztela, egiaz ordainduta daudela eta ordainketa gauzatu izana jasota dagoela. Hauek ere jaso beharko ditu: kontzeptu hauengatik justifikatutako gastuaren zenbatekoa diru-laguntzari egozten ote zaion osorik edo partez, eta, azken kasu horretan, justifikatutako jarduerei egotzitako zenbateko zehatza zein den. Gastua egozteko irizpideak eta kalkuluak behar bezala dokumentatuta daudela ere egiaztatu beharko du, bai eta diruz lagun daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzeko orriekin bat datozela ere. Kalkulu-irizpide horiek xehetasunez azaldu behar dira auditoretza-txostenean.

Onuradunak nahi duen auditorea aukeratu eta kontratatuko du, Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako jarduneko auditoreen artean, sektoreko merkatu aske eta lehiakortasunezkoaren batez besteko ordainsariak modu nabarmenean gainditu gabe.

2.– Azken memoria osatzen duten justifikazio-agiri guztiak paperezko euskarrian eta euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.

3.– Aurkezturiko justifikazio-dokumentaziotik edo Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroan kontsultatuz ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoa handiagoa dela enplegu lagundurako jardunak egikaritzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, aldaketa- edo itzulketa-prozedura abiaraziko da, 14. eta 17. artikuluetan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

4.– Horretaz gain, desgaitasuna duten pertsonen kontratuak amaitu behar diren baino lehenago edo laguntzaren zenbatekoa emateko oinarria izan den gutxieneko iraupen-aldia amaitzen denean ematen badira amaitutzat, horrek eragingo du kontratu horiengatik emandako diru-laguntzarako eskubidea galtzea, eta aldez aurretik izapidetu beharko da aldaketa-prozedura edo itzulketa, horretarako izapidetua.

Hala ere, diru-laguntza proportzionalki murriztuko da benetako kontratazio-aldiaren arabera, baldin eta enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik iraungitzen bada, eta arrazoi horiek behar bezala egiaztatuta badaude; betiere, probaldia gainditu ondoren.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla diru-laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.

c) Pertsona onuradunei eta enpresei emandako zerbitzu guztiak doan direla bermatzea.

d) Tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak betetzea, baita emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio-ezaren arlokoak ere.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde onuradunei ematen dizkien sistemetan eta erregistroetan eskatzen den informazioa osatzea, bai prospekziogileen jardunari buruzkoa, bai lan-prestatzaileei dagokiena.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze-jarduerak onartzea.

Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

g) Helburu berberarekin administrazio publiko honetatik edo bestelakoetatik edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

i) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari; era berean, jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

k) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barrukoa– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

l) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko, erakundeak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkuntza ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.

13. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako Funtsen Kontrolerako instantziek egin ahal izango dituzte deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko behar diren ikuskatze- eta kontrol-ekintzak.

Horretarako, erakundeak diru-laguntzako jarduketa guztien gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du, gutxienez 2026ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

14. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, eta, betiere, jakinez gero onuradunak helburu bererako beste edozein diru-laguntza edo laguntza jasotzen duela, eta horren zenbatekoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoari batuta, diruz lagundutako jardueraren onartutako kostu osoa gainditzen duela, emandako diru-laguntza aldatu egingo da, betiere laguntzaren onuradun izateko diru-laguntzen inguruko arauak ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz.

15. artikulua.– Aldi berean beste diru-laguntza batzuk jasotzea.

Oro har, deialdi honetan azaldutako laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostu berberei dagozkien beste laguntza batzuei batu ahal izango zaizkie, betiere batura horrek ez badu gainditzen diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunek honako xedapen hauetan oro har aurreikusita dauden betebeharrak betetzen ez badituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, adieraziko du onuradunak galdu egin duela ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, itzuli egin behar dituela jasotako kopuru osoa edo zati bat gehi laguntzak ordaindu ziren unetik aplikatu behar diren berandutze-interesak: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Horretarako, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan jasotako ez-betetze kasuetan jada jaso diren laguntzak itzultzeko prozedura honako hau izango da:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen/duten gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

b) Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez bada edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea. Ebazpen horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.

c) Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo haren zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

d) Borondatezko aldi horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta garraiatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eta xeheagoa kontsulta daiteke web-orri honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

19. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

Diru-laguntzek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa jaso dutenez, bete beharrekoak dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 (EB) Erregelamendua, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren, 1083/2006 (EB) Erregelamendua indargabetzekoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala