Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2018ko abenduaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
6413

AGINDUA, 2018ko abenduaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko 2019ko ekitaldiko laguntzak, erakunde publikoei zuzenduak (Erein Publikoak).

Landa Ingurunearen Garapenerako apirilaren 8ko 10/1998 Legearen landa-garapeneko politikaren xede orokorrak honako hauek dira: euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren funtzio-aniztasuna eta iraunkortasuna, landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea eta nekazaritzak eta landa-eremuko enpresek eta ekonomia-egiturek lehiatzeko duten gaitasuna sustatu eta hobetzea.

Hori kontuan izanik, agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntza ekonomikoen deialdia egiten da 2019ko ekitaldirako, hain zuzen ere «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko.

Beraz, 2019ko ekitaldia, aurrekoa bezala, trantsizio-urtetzat har daiteke, Europar Batasunak ezartzen dituen 2007-2013 eta 2014-2020 programazio-aldien artean. Horrek aldaketa orokorra ekarri du Europar Batasuneko araudian, baita nekazaritzaren eta landa-garapenaren arloan ere, eta, beraz, horren ondorioz, estatuetako eta eskualdeetako administrazioek arau-esparru berrira egokitu behar dute.

Lortu gura diren helburu zehatzak hauek dira: gizarteratzea sustatzea; pobrezia murriztea; landa-eremuen garapen ekonomikoa bultzatzea; baliabideen efizientzia sustatzea, eta, oro har, bizi-kalitatea hobetzea.

Kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen jarduerek tokiko izaera nabarmena daukatela, ez direla egiten merkatu-ingurune batean eta laguntza horien onuradunak administrazio publikoak izango direla –administrazio publikoak, euren eskumen propio eta legitimoen barruan, interes orokorrean oinarritu behar dira–, agindu honetan jasotako laguntzak ez dira estatuko laguntzak, betiere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluen arabera, eta, beraz, ez zaie haien berri eman behar Europar Batasuneko zerbitzuei.

Agindu honetako deialdiko diru-laguntzak emateko, ezinbestekoa da kreditu egokia eta behar bestekoa behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea, izaera eta esparru geografikoa.

1.– Agindu honen xedea da 2019. urterako diru-laguntza deialdi bat egitea, helburu duena G4, G5 eta G6 landatartasun-mailako landa-eremuetan ekonomia garatzea eta dibertsifikatzea. Eremu horiek zehaztuta daude «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean, eta agindu honetako I. eranskinean jasota daude.

Hala ere, agindu honetan oinarriturik diruz lagundu ahal izango dira honako inbertsio hauek: landa-eremuak ez diren eremuetan egindakoak, baldin eta esku-hartze eremuetako herritarrei zerbitzuak emateko badira. Kasu horietan, hitzarmenen bidez bermatu egin beharko da: landa-eremuetako biztanleek –aukera-berdintasunean– baliatu ahal izatea sustatutako zerbitzuaz. Kasu horietan, landatartasun-maila hauxe izango da: zerbitzu ematen zaien udalerrien landatartasun-mailen batezbestekoa.

Bigarrena.– Laguntza-motak eta erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen xedeak hauek dira: landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetuko dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak eskuratzen laguntzea; enplegua sortzea, edo deialdi honen xede diren landa-inguruneetan turismoa bultzatzea.

2.– Hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun:

a) Toki-erakundeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, hau da:

i) Udalerria.

ii) Kontzejuak eta udalerriarena baino eremu txikiagoko beste lurralde-erakundeak, lurralde bakoitzean dagoen foru-araudian eta toki-araubidearen gaineko oinarrizko legerian xedatutakoaren arabera.

iii) Udal-mankomunitateak.

iv) Arabako lurralde historikoko kuadrillak.

v) Beste zeinahi erakunde, baldin eta tokiko lurralde-erakunde zenbait biltzen baditu, dagokion izendapen bereziarekin, 2/2016 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

b) Tokiko erakundeen sektore publikoa, a) apartatuko erakundeei dagokiena.

c) Landa Garapeneko Elkarteak, baldin eta toki-erakundeekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzen badituzte esku-hartze eremu baten aldeko proiektuak martxan jartzeko.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Laguntzaren xedea da inbertsioak sustatzea mota guztietako azpiegiturak sortu, hobetu edo handitzeko, jarduketa hauen esparruan:

a) Energia berriztagarriak, energia-aurrezpena, biomasa eta district heating.

b) Oinarrizko zerbitzuak: ura eta saneamendua (azpiegitura berriak baino ez, eta 300.000 euroko gehieneko diru-laguntzak), elektrifikazioa, argiteria, gasifikazioa, telekomunikazio-zerbitzuen kanalizazioa.

c) Enpresa-ekimenen egoitza izan daitezkeen industrialde txikiak eta lokalak prestatzea.

d) Turismoari lotutako eskala txikiko azpiegiturak.

e) Eraikinak eta zerbitzuetarako lokalak: gizarte-zentroak, kultura-zentroak, haurrentzako zentroak, eguneko zentroak, liburutegiak, erabilera anitzeko zentroak, kirol-ekipamenduak eta/edo aisialdikoak.

f) Biztanle-guneak egokitzea, biztanleak dituzten ingurune hondatuak lehengoratuz eta haien hirigintza egokituz: irisgarritasuna, lorategiak jartzea, argiteria eta hiri-altzariak.

g) Zerbitzu berritzaileak emateko proiektuak, honako hauekin lotuak: gazteak, emakumeak, zahartze aktiboa edo gizarteratzea.

Laugarrena.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.

1.– Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz gero, honako kasu honetan kontsideratzen da onuradunak azpikontratatu egin duela: diru-laguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean (887/2006 Errege Dekretuz onartzen da Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

2.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak diru-laguntzaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

Diruz lagundutako jarduerak beste administrazio publiko baten diru-laguntza jaso duenean, ulertuko da administrazio horrek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen dituela.

3.– Ezin da kontratua zatikatu, zenbatekoa murrizteko eta aurreko ataleko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuarekin.

4.– Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

Bosgarrena.– Diruz lagun daitezkeen kostuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira proiektuari lotutako inbertsio edo gastuak, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eginak.

2.– Oro har, hauek hartuko dira diruz lagun daitezkeen kostutzat.

a) Ondasun higiezinak eskuratzea.

b) Urbanizazio-lanak burutzea.

c) Eraikitze-lanak burutzea.

d) Zaharberritze- edo birgaitze-lanak burutzea.

e) Haiei lotutako beste azpiegitura batzuk.

f) Aurreko bost apartatuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak, adibidez: arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

g) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

h) Makinaria eta ekipamendu berriak erostea eta haien finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.

i) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute.

j) Tresneria.

k) Altzariak.

l) Informatika eta komunikaziorako ekipamendua, bai hardwarea bai softwarea.

m) Programa eta aplikazio informatikoak eta web-orri eta -plataformak eskuratu edo garatzeko egindako inbertsioak.

n) Patenteak, lizentziak, autore-eskubideak eta erregistratutako markak eskuratzeko edo erregistratzeko egindako inbertsioak: 20.000 euro gehienez ere.

o) Legeria nazionalaren arabera berreskuratu ezin den BEZa.

3.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Mantentze-gastuak eta funtzionamenduko beste edozein gastu.

b) Etxebizitzak, ibilgailuak edo etxean erabiltzeko ondasunak.

c) Lursailak eskuratzea.

d) Berezko langileen gastuak.

e) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

f) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak eta prozedura judizialen gastuak.

g) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidera eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

h) Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

i) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

j) Ekipamendua eta makinak berritzeko edo soilik ordezteko inbertsioak, non eta erositako berria aurrekoekin alderatuta desberdina ez den, erabiltzen duen teknologiaren zein errendimenduaren aldetik.

k) Finantza-errenta, baldin eta kontratuan zehazten ez bada eragiketa amaitzean ondasuna erosi beharra dagoela. Bestalde, ez dira diruz laguntzekoak izango errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.

l) BEZa ez da diruz lagunduko, non eta berreskuraezina ez den, BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera.

4.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta diru-laguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira eskaintzak) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

Seigarrena.– Finantziazioa.

Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 5.000.000 euro dira; horietatik, 1.900.000 2019ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 2.300.000, 2020ko ekitaldirako konpromiso-kredituari.

Zazpigarrena.– Onuradun izateko betekizunak.

Laguntzak eskatzeko, agindu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte pertsona juridiko eskatzaileek, bai eta xedapen hauetan ezarritakoak ere: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan.

a) Agindu honen I. eranskinean zehaztuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan burutzea diruz lagun daitezkeen jarduerak.

b) Egunean ordainduta izatea foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Egunean ordainduta izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak.

Zortzigarrena.– Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.

1.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak.

2.– Bide elektronikoz aurkeztuko dira, euskadi.eus-en egoitza elektroniko honen bidez: https://www.euskadi.eus/y22-home/es/

3.– Inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da eskabideak aurkezteko, helbide hauetan eskuragarri dagoena: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (Erein públicos); http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Erein publikoak).

4.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/micarpeta, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Eskatzailearen ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.

b) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, hala badagokio.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Proiektua baloratzeko memoria, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egina. Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jasoko ditu memoriak; eta, informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira, Jasotzen diren alderdiak bakarrik hartuko dira kontuan.

e) proiektuak kudeaketa-plana behar baldin badu, hura ere aurkeztu egin beharko da;

f) Aurrekontuak eta/edo proformako faktura.

g) Nahitaezkoa denean, proiektu teknikoa edo aurreproiektua, aurkeztu beharko da, bai eta proiektua gauzatzeko behar diren baimenak eta lizentziak ere, edo baimen eta lizentzia horiek lortzeko eskabidea.

7.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.

8.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskabidea aurkeztuta, baimena ematen zaio organo kudeatzaileari dokumentazio hori lor dezan; horrek ez du esan nahi berariaz uko egin ezin diezaiokeenik baimena emateari (kasu horretan, aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du).

9.– Onuradun bakoitzeko, proiektu bakar bat lagunduko da diruz; hala ere, hori ez da eragozpena izango eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezteko. Proiektu horietatik, betiere, balorazio-irizpideen arabera puntu gehien lortzen duena lagunduko da diruz.

10.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

11.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

12.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko ditu dekretu honetan aurreikusitako laguntzak, eta, halaber, diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua egingo du. Horretarako, egoki irizten dien ikuskatzeak egin ahal izango ditu, betiere diruz lagundutako proiektuak egoki exekutatzen direla egiaztatzearren, eta, hartarako, pertsona onuradunek eman egin beharko dute eskatzen zaien informazio eta dokumentazio oro.

Hamargarrena.– Balorazio-batzordea eta -irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu: landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako hiru teknikari, zuzendaritza horretako titularrak ebazpen bidez izendatuak.

2.– Ebazpenean zehaztuko da zein izango den batzordeko idazkaria eta zein batzordeko presidentea.

3.– Balorazio-batzordeak, bere eginkizunak betetzen diharduela, eskatuko du Haziko adituak bere bileretara bertaratu daitezen. Batzordeak, era berean, arloko adituei aholkularitza emateko eska diezaieke beharrezko irizten dion guztietan.

4.– Honako taula honetako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak, eta horretarako, Proiektua Baloratzeko Memorian bildutako datuak eta informazioa bakarrik hartuko dira aintzat, bai eta dokumentazio bidez frogatutakoak ere, hala dagokionean.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

5.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte.

Hamaikagarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

Lortutako puntuazioaren arabera, proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren portzentajea honela gauzatuko da:

(Ikus .PDF)

Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.

1.– Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak, hala ezarrita baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluan.

2.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertu, eta, aurreko ebazpen-ataleko irizpideei jarraituz, puntuak esleituko ditu. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.

3.– Gero, zerrenda bat prestatuko du, beheranzko hurrenkeran, jarduketa-proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta hurrenkera horri jarraituz emango dira laguntzak, harik eta funtsak bukatu arte. Arau hori aplikatuz ateratzen den zenbatekoa laguntza-eskabidean adierazitako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada, azken hori emango da.

4.– Laguntza esleitu eta hiru hilabeteko epean emandako zenbatekoak gutxitzen badira edo diru-laguntza jasotzeko eskabideari uko egiten bazaio, zenbateko horiek honako hauei esleituko zaizkie: hurrenkera zorrotz gordeta, kreditu faltagatik laguntzarik jaso ez duten eskabideei, betiere Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarritako mugen barruan.

5.– Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Eskualdeko Landa Garapenerako Programara egokitzea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Landa-garapenaren arloko zuzendariak ebatziko ditu eskabideak, Balorazio Batzordearen proposamena ikusirik. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu, arrazoitu beharko du (izan ere, proposamen hori ez da loteslea). Hala ere, laguntzak emateko, kreditu egoki eta behar bestekoa egon beharko da.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

– Erakunde onuradunen izenak.

– Diruz lagundutako proiektua.

– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

– Diruz lagundutako zenbatekoa, urtekotan banaturik.

– Jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.

– Onuradunari honako dokumentazio hau aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: proiektua egiteko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatuko dituen dokumentazioa.

– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, hura amaitu egin beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

– Erakunde eskatzaileen izenak.

– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

4.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) apartatuko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio ebazpen osoaren berri. Betiere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.

6.– Alde batera utzi gabe hirugarren apartatuan aipatzen den jakinarazpena, EHAAn argitara emango da agindu honen babespean emandako laguntzen onuradun izan direnen zerrenda, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez. Zerrenda horretan, halaber, emandako zenbatekoak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.

Hamalaugarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Alde horretatik, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Diruz laguntzen den gastua egin behar dute, laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean.

4.– Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei 5 urtez eutsi behar diete, gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta diru-laguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen diren kasuan, onuradunak diru-laguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz.

5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinarazi behar diote inbertsio osoa edo inbertsioren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

6.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html). Horretaz gainera, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak memoria bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.

7.– Jasotako laguntzak zertarako erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren fiskalizatzeko lanean dihardutela eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

8.– Agindu honetako zortzigarren ebazpen-zatiak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinarazi behar diote horren berri, eta, hala badagokio, eman dizkietela ere jakinarazi behar diote, idazki bidez, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

9.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.

10.– Jasotako funtsak aplikatu izana justifikatzeko agiriak kontserbatu behar dituzte, barne direlarik agiri elektronikoak, kontrol- eta egiaztapen-jarduketen helburu izan badaitezke. Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinarazi behar diote, idatziz, diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatu izana. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin behar dute, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

11.– Xedapen hauetan ezarritako betebeharrak betetzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.

Hamabosgarrena.– Gauzatzeko epeak.

1.– Proiektuak deialdiaren urtean hasi beharko dira, eta, bukatu, gehienez 2020ko abenduaren 31n bukatu beharko dira.

2.– Salbuespenez, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epea luzatzeko ebazpena eman ahal izango du landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak, baldin eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez idatzizko eskabidea egiten bada horretarako. Kasu horretan, dena den, epea ezin izango da izan hasieran emandakoa baino luzeagoa.

Hamaseigarrena.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikazio-agiriak.

1.– Diru-laguntza honelaxe ordainduko da:

a) % 38 diru-laguntzaren xedea den proiektua hasterakoan. Lehenengo ordainketa hori egiteko, erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzan: obraren kasuan, lehen ziurtapena eta faktura, eta, gainontzeko proiektuetan, lehen faktura.

b) % 42 obra-ziurtagiriak eta/edo fakturak aurkeztu direlarik, behar bezala onartuta, diruz lagundu daitekeen aurrekontu onetsiaren % 50eko edo hortik gorako zenbatekoagatik.

c) Gainontzekoa, proiektua amaitzean; eta, betiere, in situ egindako kontrol administratiboren bidezko ziurtapena egin aurretik, zeina landa-garapenaren arloan eskumena duten teknikariek egingo baitute. Justifikazio-agiriak entregatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, hain justu ere laguntza emateko ebazpenean gastua edo inbertsioa amaitzeko ezarritako epemugatik hasita edo azken luzapenaren epemugatik hasita.

– Amaiera egiaztatzeko ziurtagiria, obren kasuan, edo, gainerako kasuetan, eginiko jardueren justifikazio-memoria (laguntzaren xedea den proiektua bete izanari buruzko informazioarekin), dagozkion fakturekin batera.

– Erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, edo, kasua bada, diruz lagundutako zein programari egotzi zaizkion, eta faktura bakoitzari dagokionez diru-laguntzaren zer portzentaje jaso den.

– Laguntza jasotzeko manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira eta laguntza-eskabide egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.

2.– Lehenengo ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, idazkariak, fede-emaileak edo pertsona eskudunak egina. Agiri horretan ziurtatu egingo da erakundeak bermatu egiten duela diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren funtsen berehalako erabilera esklusiboa. Horrez gain, agiri horretan konpromisoa hartuko du kontratistari/hornitzaileari ahalik eta arinen ordaintzeko diru-laguntza modura jaso dituen zenbatekoak, gehienez ere 20 eguneko epean, zenbateko horien bidez estal daitezkeen fakturak eta/edo obra-ziurtagiriak jaso eta gero.

Eraikitze, eskurapen edo birgaitzearen kasuan, erakunde onuradunak, azken ordainketa egin aurretik, emakida-ebazpena jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Agindu honetan zehaztutako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen banaketarekin bat etorriz, 2020ko ekitaldiari dagokion aurrekontu-zuzkiduraren kontura egingo dira 1.b) eta 1c) puntuetako ordainketak; beraz, 2019. urtea amaitutakoan egingo dira.

4.– Erakunde onuradunak egin diren ordainketen justifikazioa bidali beharko du, bi hilabeteko epean, laguntzaren hirugarren eta azken ordainketa egin denetik hasita.

5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duten teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta egin diren ordainketei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla modu automatikoan egiaztatuko du organo kudeatzaileak, baimena eskatu beharrik izan gabe ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala eta guzti ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

7.– Landa-garapenaren arloan eskumena duten zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.

8.– Onuradunei diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

9.– Diru-laguntzaren xede den proiektua ezarritako gehieneko epeen barruan egiten ez bada edo egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten ez bada diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Hamazazpigarrena.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, betiere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen –betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza emandako helbururako erabiltzen bada–, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, horren berri eman eta justifikatu beharko zaio landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, idatziz, eta, horren ondorioz, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa bada onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpen bidez. Ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hamazortzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

Hemeretzigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hogeigarrena.– Bateraezintasunak.

Hemen araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publikok, sailek, erakunde publikok zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntzak metatuta ez bada eskuratzen laguntzaren xedea den proiektutik diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 baino gehiago. Kasu horretan, hamazazpigarren ebazpen-zatiko 1. apartatua xedatutakoa errespetatu beharko da.

2.– Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2019ko ekitaldian bere jardun-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.

Hogeita batgarrena.– Datuak babestea.

Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, betiere Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala