Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2018ko abenduaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6294

AGINDUA, 2018ko urriaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena; horren bidez, «Fundación Ipar-Hegoa» fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu da.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko uztailaren 13an jaso zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean «Ipar-Hegoa» fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea, 9/2016 Legea (ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzkoa) betetze aldera. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskaera-idazkiari.

Bigarrena.– Halaber, bilera berean, fundazioaren patronatuak erabaki zuen fundazioaren helburuak aldatzea gizartearen errealitatera egokitzeko, baita fundazioaren osaketa aldatzea ere.

Hirugarrena.– 2018ko abuztuaren 23ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak eskatu zion fundazioari zuzen zitzala atzemandako akatsak; 2018ko urriaren 18an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean fundazioak bidalitako dokumentazioa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa) 3.1 artikuluan.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorrak ezartzen du fundazioek lege horrek ezartzen duenera egokitu behar dituztela estatutuak, legea indarrean jartzen denetik urte biko epearen barruan.

Era berean, Lege horren 37.1 artikuluak honako hau xedatzen du:

«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

Patronatuak onetsitako estatutu-aldaketek fundazioaren helburua errespetatzen dutela ulertuko da, eta ez da beharrezkoa izango aldaketa horiek babesletzak onestea erregistroan inskribatu aurretik.

Hala ere, estatutuak aldatzen badira fundatzaileek ezarritako helburuak aldatzeko edo ezabatzeko, fundatzaileen onespena lortu beharko da ahal den kasuetan, baita babesletzaren berariazko onespena ere, aldaketa erregistroan inskribatu aurretik.»

Kasu honetan, fundazioak bizi duen errealitatera egokitzeko asmoz aldatu nahi dira fundazioaren helburuak, eta aldaketa horrek ez du eraginik izango fundazioaren bideragarritasun ekonomikoan.

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako hauetan eskatutakoak: ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta lehen xedapen iragankorrean (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa), ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena), ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena). Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundazioaren helburuei eta patronatuaren osaketari buruzko artikuluak alda daitezen onartzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Bilboko (Bizkaia) «Fundación Ipar- Hegoa» fundazioaren estatutuen aldaketa, 9/2016 Legera (ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa) egokitu dadin, baita fundazioaren helburuen eta patronatuaren osaketaren aldaketak ere, Fundazioko Patronatuak 2018ko maiatzaren 2an adostutakoaren arabera. Inskripzioa agindu hau ematen den egunean egingo da, 2018ko uztailaren 4an Juan Ramon Manzano notarioaren aurrean (protokolo zk.: 869) egin zen eskritura publikoan eta notario beraren aurrean 2018ko irailaren 26an (protokolo zk.: 1.108) gehigarri moduan egin zen beste eskritura publiko batean ezarritakoa betez.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala