Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2018ko abenduaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
6202

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 4koa, Euskadiko Prezioen Batzordearena, Transportes Urbanos de Vitoria SA (Tuvisa) enpresak 2019. urterako aurkeztutako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifak onartzekoa.

Euskadiko Prezioen Batzordeak, 2018ko abenduaren 4an egindako bileran, erabaki bat hartu zuen, eta, jende guztia jakinaren gainean egoteko, segidan transkribatzen da haren xedapen-zatia.

ERABAKIA:

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan sartu da Transportes Urbanos de Vitoria SA (Tuvisa) enpresak 2019. urterako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifak aztertzeko aurkeztutako eskaria.

Hiri barruko bidaiari-garraioari dagozkion tarifek prezioak kontrolatzeko arautegia bete behar dute, «autonomia-erkidegoen eremuan baimendutako prezioen» modalitatean, hala ezarrita baitago Zerga-arloko eta Jarduera Ekonomikoa Sustatu eta Liberalizatzeko ekainaren 7ko 7/1996 Errege Dekretuaren 16.4 artikuluan (ekainaren 8ko BOE, 139. zk.).

Euskadiko Prezioen Batzordeak du prezioen kontrolaren inguruko eskumena, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuarekin bat etorriz (otsailaren 16ko EHAA, 31. zk) eta Baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedura ezartzen duen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko ekainaren 15eko Aginduari jarraituz (uztailaren 6ko EHAA, 128. zk.).

2010eko ekainaren 15eko Aginduak 9.1 artikuluan ezartzen duenez, baimendutako tarifen indarraldia urtebetekoa izango da, gutxienez; hala ere, 2. paragrafoan, honako hau adierazten du: «nolanahi ere, espedientean behar bezala egiaztatutako egoera berezietan, Euskadiko Prezioen Batzordeak aukera izango du tarifak berrikusteko, ofizioz edo alderdiren batek eskatuta, nahiz eta 1. paragrafoan ezarritako epea igaro ez.»

Aipatutako arauen helburua da nolabaiteko ekonomia-oreka bat lortzea, premiazkoa baita prezioak ezartzeko mekanismoak kontrolatzea, bizitzaren kostua aintzat hartuta.

2019. urterako aurkeztu diren tarifak berrikusteko espedientea aztertu ondoren, tarifak nahikotzat jotzen dira, eta zerbitzua emateagatiko kostuen egituraren barruan sartzen diren kontzeptuetara egokiturik daudela uste da.

Hori guztia kontuan hartuta, Euskadiko Prezioen Batzordeak honako erabaki hauek hartu ditu:

Lehenengoa.– Onartzea hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzuari dagozkion 2019. urterako tarifak, Transportes Urbanos de Vitoria SA (Tuvisa) enpresak eskatutakoak, Balio Erantsiaren Gaineko Zerga eta Bidaiarien Derrigorrezko Asegurua barne direla. Hona hemen tarifen kontzeptuak eta zenbatekoak:

(Ikus .PDF)

1.– BAT tituluaren barruan, lehenengo ibilaldia bukatu eta 50 minutuko epean autobus-aldaketa egiteko eskubidea sartuta dago. Zerbitzu hori doan izango da hiri barruko autobus-garraio kolektiboaren sareko lineen artean, bai eta tranbiaren lineetara aldaketa egiteko ere; horrela, bi moduetan, bi ibilaldiren prezio pilatua titulu orokorreko prezioen baturaren % 55 izango da. Beste tituluek ez dute autobus edo tranbia aldaketa egiteko eskubidea jasotzen.

2.– 30D hilabeteko bonuak balio du 30 egun jarraian garraio-publikoaren eguneko sarean egiten diren bidaietarako. Ez du balio gaueko Gautxori zerbitzurako, ezta Andra Mari Zuriaren festetan erakustazokara hurbiltzen den zerbitzurako ere, ez eta kultura edo kirol-ekitaldietara joateko erabiltzen diren ezohiko zerbitzuetarako ere. 30D Gaztea hilabeteko bonuak gaueko Gautxori zerbitzurako balio du.

3.– Dirutan ordaintzeko diren txartelak 0,05 euroren multiploak izan daitezen biribildu dira, gutxiago itxaron beharra izan dadin; izan ere, biribiltzerik egiten ez bada, 0,01 eta 0,02 euroko txanponak beharko dira (ordaintzeko denborak maiztasunean, puntualtasunean eta abiadura komertzialean du eragina, puntako orduetan).

4.– Familia ugariko edo familia ugari bereziko karneta duten bidaiariek % 20tik % 50era bitarteko legezko beherapenak izango dituzte, titulu guztietako tarifetan. Dirutan ordaintzeko txartelen prezioak beherantz biribildu dira, 0,05 euroren multiploak izan daitezen. Gainerako erabiltzaileentzat txartelaren prezioa gorantz biribildu bada, familia ugarientzako kalkulua biribildu baino lehenagoko prezioaren gainean egingo da (ordaintzeko denborak maiztasunean, puntualtasunean eta abiadura komertzialean du eragina, puntako orduetan).

5.– Udalaren Garraio Txartelaren (soziala) onuradunek Vitoria-Gasteizko Udalaren Gizartegintza Zerbitzuaren arautegiaren arabera erabakitako baldintzak izango dituzte.

6.– Erabiltzaileei Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) bider 2,5 baino diru-sarrera txikiagoak izan beharko dira 65 urtetik gorakoen tituluak, % 66ko desgaitasuna edo hortik gorakoa dutenen tituluak eta % 33tik gorakoa baina % 66tik beherako desgaitasuna dutenen tituluak erabiltzeko eskubidea ematen duten karnetak eskuratu edo berritzeko.

7.– Bonobux titulua eskaeraren araberako zerbitzu bati dagokion titulua da. Zerbitzu horren bidez, udalerriko herrigune txikiak Vitoria-Gasteizko hiriarekin lotzen dira. Bidaiako autobus-aldaketa bat egiteko aukera ematen du du Tuvisako eguneko lineetan, eta aldez aurretik 10 unitateko bono bat eskuratu behar da; kasu honetan ez dago txartel arruntik.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 4a.

Euskadiko Prezioen Batzordeko lehendakaria,

JORDI CAMPÁS VELASCO.


Azterketa dokumentala