Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2018ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6178

AGINDUA, 2018ko azaroaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Donostiako Anoetako Arte Martzialen auzo-etxea Kirol Teknifikaziorako Zentro gisa sailkatzeko eskaera baiesten duena.

Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuak 31. artikuluan eta hurrengoetan, goi-mailako kirol zentroek bete beharreko baldintzak, haien ezaugarri teknikoak eta sailkatzeko prozedura ezartzen ditu.

Dekretu horren 33. artikuluak dio Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuaren agindu bidez egingo dela goi-mailako kirol-zentroen sailkapena, hurrengo lerroaldeetan zehazten den sailkapen-prozedura izapidetu ondoren.

2018ko abenduaren 27an, Donostiako Judo Klubeko presidenteak eskaera eta behar den dokumentazioa aurkeztu zuen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan, Donostiako Anoetako Arte Martzialen Auzo-etxea kirol teknifikaziorako zentro gisa sailkatzeko. Zuzendaritza horretako teknikariek ikuskatze-bisita egin zuten, eta beharrezkoa den dokumentazioa osatzeko eskatu; ondoren, osatu zen dokumentazio hori.

Dekretuaren 31. artikuluak bi eratako goi-mailako zentroak bereizten ditu: Goi Mailako Zentroak (GMZ) eta Kirol Teknifikazio Zentroak (KTZ). Artikulu berean, kirol teknifikaziorako zentroen definizioa dago: titulartasun publiko edo pribatuko kirol-instalazioak dira, eta kirol-modalitate jakin batzuetarako entrenamendu-zentro izatea dute helburu; bertan, adin-taldeak eratuko dira kirol-emaitzen arabera, kasuan kasuko kirol-modalitatean prestakuntza intentsiboa lantzeko; helburu nagusia, kirolariak lehiaketa-maila gorenetara errazago ailegatu daitezen lortzea da.

Dekretuko 32.2 artikuluak, halaber, zentro horiek bete behar dituzten baldintzak adierazten ditu:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interes orokorrekoak diren kirol-instalazioak izatea.

2.– Kirol-instalazio espezifiko eta egokiak izatea, kasuan kasuko kirola egiteko.

3.– Kirolarientzako egoitza izan dezakete. Halakorik izan ezean, egoitza bat bilatu beharko diete kirolariei hurbil dagoen zentro egoki batean.

4.– Kirol-talde tekniko kualifikatu bat izatea; taldeko burua Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura edo titulazio akademiko baliokidea duen pertsona bat izango da; zentroak lantzen duen kirol-modalitate nagusian aditua izan beharko du pertsona horrek.

5.– Kirol-zerbitzu mediko bat izatea; zerbitzu horren egitekoa lesio eta gaixotasunak prebenitu eta sendatzea izango da, bai eta ahaleginak egitera berregokitzen laguntzea ere.

6.– Zentroa behar bezala kudeatzeko beharrezko administrazio-zerbitzuak izatea.

Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta ikuskatze bisita egin ondoren, ikusi da baldintza horiek betetzen direla.

Zentroak sailkatzeko prozedura Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 33. artikuluan xedatutakoak da. Artikuluak dio Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuaren agindu bidez egingo dela goi-mailako kirol-zentroen sailkapena, bertan zehazten den sailkapen-prozedura izapidetu ondoren. Alegia:

a) Kirol-zentroaren entitate titularra zein den azaltzen duen idazkia; han, adieraziko da entitate horrek sailkapen horretan sartzeko interesa duela.

b) Lur-sailen eta instalazioen kokalekuaren planoa, eta horien gaineko titulartasuna egiaztatzen duten agiriak.

c) Zentroaren antolamendu funtzionala eta helburuak jasotzen dituen azalpen-txostena.

d) Kirol-erabilerari buruzko plangintza. Aurreikuspenen arabera, zentroaren erabiltzaile diren edo izan daitezkeen goi-mailako kirolarien zerrenda.

e) Zentroak dituen kirol-instalazioen eta zerbitzuen inguruko xehetasunak.

f) Ustiapen- eta inbertsio-aurrekontua, uneko urtekoari dagokiona.

Izapidetzeari dagokionez, entitate eskatzaileak erreferentziako dekretuak eskatzen dituen baldintza guztiak bete ditu.

Espedientea ikusi ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua den Fadurako (Getxo) Teknika Hobekuntzarako Zentroko zerbitzu teknikoek ikuskatze bisita egin eta gero, ondorioztatu da aurkeztutako eskaerak baldintza guztiak betetzen dituela eta izapidetzeko bidezko prozedura jarraitu dela.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baiestea Donostiako Judo Klubeko Presidenteak egindako eskaria, Anoetako Arte Martzialen Auzo-etxea kirol teknifikaziorako zentro gisa sailkatua izateko aurkeztua, uztailaren 20ko 2013/2010 Dekretuaren 32.2 artikuluaren baldintzak betetzen dituelako, eta dekretu horren beraren 33. artikuluan ezarritako prozedura jarraitu duelako.

Bigarrena.– Goi-mailakotzat jotzen duen deklarazioaren indarraldia urtebetekoa izango da. Beste urtebeterako luzatu daiteke urtero, pertsona edo entitate interesdunak hala eskatuta, eta epemugarik gabe, dagokion kirol-auditoretza egin ondoren, Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuak, 34.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Hirugarrena.– Interesdunari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten denetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazten denetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala