Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2018ko abenduaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6113

178/2018 DEKRETUA, abenduaren 11koa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez egindako akordioa, Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.

Irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez Transferentzien Batzorde Mistoaren akordio bat onartu zen, eta akordio horren 2. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz eta bertan eskatutako formalizazio-izapideak betetzeko, dekretu honek, batetik, akordio hori onartu eta argitaratzen du, eta bestetik, eskualdatutako baliabideak atxikitzen ditu. Izan ere, abenduaren 7ko 1434/2018 Errege Dekretuaren terminoetan jasota dago Transferentzien Batzorde Mistoak 2018ko azaroaren 26ko Osoko Bilkuran egindako akordioa, zeina Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa baita.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, aurretiaz Lehendakaritzak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 11n egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea, abenduaren 7ko 1434/2018 Errege Dekretuan ezarritako terminoetan, Transferentzien Batzorde Mistoak 2018ko azaroaren 26an egindako akordioa, zeina Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa baita, eta agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitara dadila Dekretu honen eranskin gisa.

2. artikulua.– Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak eta horien baliabide materialak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita geratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ABENDUAREN 11KO 178/2018 DEKRETUAREN ERANSKINA
ABENDUAREN 7KO 1434/2018 ERREGE-DEKRETUA, BASURTUKO OSPITALEA-ARIZ ETA IRAUREGI-LUTXANA-BARAKALDO TRENBIDE-LINEEI DAGOKIENEZ ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK TRENBIDEEN ETA TRENBIDEKO GARRAIOAREN ARLOETAN DITUEN EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEARI BURUZKOA

Konstituzioaren 149.1.21 artikuluan ezarrita dago Estatuak duela eskumen esklusiboa autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean.

Horrez gain, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du trenbideen eta lurreko garraioen arloetan. Bestalde, 12.9 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, orobat, jatorria eta helmuga Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan dituen salgai- zein bidaiari-garraioaren antolamenduari buruz Estatuak duen legeria betearaztea.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 2. artikuluan hainbat helburu daude bilduta, hala nola Estatuan trenbideko garraio-sistema komun bat bermatzea eta trenbideko garraioaren politika europar erkidearen garapena erraztea, trenbide-sistemen interkonexio eta elkarreragingarritasuna eta garraio-zerbitzuen intermodalitatea lagunduz.

Irailaren 29ko 38/2015 Legeak 4. artikuluan ezartzen du ezen, trenbide-azpiegitura jakin bat Interes Orokorreko Trenbide Sarean sartzea justifikatu zuten interes orokorreko arrazoiak desagertutakoan, azpiegitura hori dagokion autonomia-erkidegoari eskualdatu ahal izango zaiola, Ministro Kontseiluak horri buruzko espedientea ebatzi ondoren.

Ondorioz, Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 23ko 124/2016 Epaiaren edukiaren arabera, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu behar zaizkio, Interes Orokorreko Trenbide Saretik kanpo geratu baitira.

Abuztuaren 25eko 2488/1978 Errege Dekretuaren bidez, trenbideak ezartzeko, antolatzeko, ustiatzeko eta ikuskatzeko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusiari eskualdatu zitzaizkion.

Azkenik, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dituzte Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Batzorde Mistoak, zeina Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean jasota baitago, akordio bat egin zuen 2018ko azaroaren 26ko bilkuran; hain zuzen ere, erabaki zuen Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea. Akordio hori Gobernura bidali da, hark errege-dekretu bidez onar dezan.

Ondorioz, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroaren proposamenez eta Ministro Kontseiluak 2018ko abenduaren 7ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Batzorde Mistoaren akordioa onartzea.

Onartzea Batzorde Mistoak –Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean jasoa– 2018ko azaroaren 26ko Osoko Bilkuran egindako akordioa, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. Akordio hori errege-dekretu honen eranskin gisa agertzen da.

2. artikulua.– Eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea.

Horrenbestez, eskualdatu egiten dira Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak, Batzorde Mistoaren akordioan ageri denari jarraituz eta han jasotzen diren termino eta baldintzen arabera.

3. artikulua.– Gehikuntzaren eraginkortasuna.

Batzorde Mistoaren akordioan adierazten den egunetik aurrera izango ditu ondoreak eskualdatzeak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko abenduaren 7an.

FELIPE E.

Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa,

MERITXELL BATET LAMAÑA.

ABENDUAREN 7KO 1434/2018 ERREGE-DEKRETUA ERANSKINA
TRANSFERENTZIEN BATZORDE MISTOAREN 2018KO AZAROAREN 26KO AKORDIOA

Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, zeinak Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoko idazkari baitira, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2018ko azaroaren 26ko Osoko Bilkuran erabaki bat hartu zuen, zeina Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa baita; eskualdatzea baldintza hauetan egingo da:

A) Eskualdatzea babesten duten Konstituzioko, estatutuetako eta legezko arauak.

Konstituzioaren 149.1.21 artikuluan ezarrita dago Estatuak eskumen esklusiboa duela autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean.

Horrez gain, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du trenbideen eta lurreko garraioen arloetan. Bestalde, 12.9 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, orobat, jatorria eta helmuga Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan dituen salgai- zein bidaiari-garraioaren antolamenduari buruz Estatuak duen legeria betearaztea.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 2. artikuluan hainbat helburu daude bilduta, hala nola Estatuan trenbideko garraio-sistema komun bat bermatzea eta trenbideko garraioaren politika europar erkidearen garapena erraztea, trenbide-sistemen interkonexio eta elkarreragingarritasuna eta garraio-zerbitzuen intermodalitatea lagunduz.

Irailaren 29ko 38/2015 Legeak 4. artikuluan ezartzen du ezen, trenbide-azpiegitura jakin bat Interes Orokorreko Trenbide Sarean sartzea justifikatu zuten interes orokorreko arrazoiak desagertutakoan, azpiegitura hori dagokion autonomia-erkidegoari eskualdatu ahal izango zaiola, Ministro Kontseiluak horri buruzko espedientea ebatzi ondoren.

Ondorioz, Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 23ko 124/2016 Epaiaren edukiaren arabera, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu behar zaizkio, Interes Orokorreko Trenbide Saretik kanpo geratu baitira.

Abuztuaren 25eko 2488/1978 Errege Dekretuaren bidez, trenbideak ezartzeko, antolatzeko, ustiatzeko eta ikuskatzeko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusiari eskualdatu zitzaizkion.

Azkenik, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dituzte Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Horiek horrela, arau-aurreikuspenok oinarri hartuta, formalizatu egin behar da Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko Administrazioak trenbideko garraioaren arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko akordioa.

B) Eskualdatzen diren zerbitzuak:

1) Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo lineei dagokienez orain arte Estatuko Administrazioak garatzen zituen administrazioko eta trenbide zerbitzuetako eginkizunak eta zerbitzuak.

2) Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak hauek dira: aipaturiko zerbitzuen erregulazioa, plangintza, kudeaketa, koordinazioa eta ikuskapena, eta, bereziki, esandako lineetako trenbide-zirkulazioaren segurtasuna kudeatzearekin zerikusia duten eginkizunak.

3) Autonomia-erkidegoak eginkizun horiek bere gain hartutakoan, operadoreek bermatuta izan behar dute eskualdatu diren lineetarako eta linea horien geltokietarako irispidea; izan ere, aukera izan behar dute horiek guztiak erabiltzeko, Estatuaren Interes Orokorreko Trenbide Sarean trenbide-zerbitzuak eskaintze aldera.

C) Lankidetzako formula instituzionalak:

1) Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren organo eskudunek izan behar duten koordinazioa ziurtatzeko, bi administrazioek lankidetza-hitzarmenak egin ditzakete, trenbide-zerbitzuak eskaintzeko behar diren lankidetza eta baterako jarduketa erraztuko dutenak egoki diren arloetan.

2) Lankidetza horrek arreta berezia ipiniko dio trenbide-azpiegitura horien eta Interes Orokorreko Trenbide Sarearen arteko konexioa bultzatzeari, sare guztien elkarreragingarritasuna sustatzea baita helburua. Trafikoaren erregulazioarekin eta segurtasun-instalazioen mantentze-lanekin zerikusia duten alderdiak ere zehaztuko dira.

D) Eskualdatzen diren ondasun, eskubide eta betebeharrak:

1) Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzen zaizkio eskualdatzearen xede diren eginkizun eta zerbitzuak direla-eta berari dagozkion ondasunen titulartasuna eta ustiaketa, bai eta eskubideak eta betebeharrak ere, 1. zerrendan ageri diren terminoetan.

Ministro Kontseiluak erabaki baten bidez ezarri eta onartutako arau-aurreikuspenak betetzearen baldintzapean jarri da eskualdatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak beharrezkoa den tresna juridikoa sinatuko dute, eta han zehaztuko dute 0/000 kilometro-puntutik –lineak igarotzen direnetik– geltokietan sartzeko seinale aurreratua kokatuta dagoen kilometro-punturaino trafikoa erregulatzeko, segurtasun-instalazioak mantentzeko eta bestelako nahitaezko alderdiak zaintzeko betebeharra.

Edozein kasutan, Basurtuko eta Irauregiko geltokiek Interes Orokorreko Trenbide Sarearen barruan egoten jarraituko dute; dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoak sustatutako zerbitzuek eskualdatu diren azpiegituratik zirkulatzen badute, jatorria edo helmuga geltoki horietan izanik, aukera izango dute geltoki horietan sartzeko eta estazionatzeko, bai eta haietan sartzeko eta jarduteko erabili behar duten trenbide-lineako bide-zatia erabiltzeko ere. Horretarako, ordea, azpiegitura-administratzaileen artean akordioa egin behar da, trafiko-jardueren lankidetza egokia bermatze aldera.

Aintzat hartuta Lutxanako geltokiaren titularkidetasuna eta geltoki hori Estatuaren Interes Orokorreko Trenbide Sarearen eta Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako trenbide-lineen zerbitzu publikoari lotuta dagoela, bi administrazioek hitzarmen bat sinatuko dute, zeinean ezarriko baita geltokiaren titularkidetasunaren eta baterako kudeaketaren erregimena; horretarako, besteak beste, azpiegituretako bakoitzaren zirkulazio-ehunekoa hartuko da kontuan.

2) Hauek dira Sustapen Ministerioak, FEVEk, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Bilbao Ría 2000k 2010eko ekainaren 17an sinatu zuten hitzarmenaren ondoriozko aktiboak eskualdatzeko baldintzak: hitzarmenetik etorritako betebeharrak beteko dira; hura likidatuko da, eta aurrez ADIFek jasotako obrak Euskal Autonomia Erkidegoari entregatuko zaizkio akordio hau sinatu eta sei hilabete igaro baino lehen.

3) Akordio hau onartzen duen errege-dekretua indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean sinatuko dira, hala badagokio, entregatze- eta harrera-aktak.

4) Aipaturiko zerrendan zuzenketarik egin behar izanez gero, bi administrazioek egiaztatu beharko dute puntu hori, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak emandako ziurtagiriaren bitartez.

5) Euskal Autonomia Erkidegoa orain arte Estatuak trenbide-linea horien titular izateagatik izan duen egoera juridikoan subrogatuko da. Horrek ez du kentzen Estatuak bere kargu mantentzea eskualdatzearen eraginkortasun-egunera arte galda daitezkeen betebeharrak eta eskubideak,

E) Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.

Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei lotutako estatu-mailako urteko kostu osoa, 2018ko ekitaldian, 2. zerrendan jasotakoa izango da.

F) Dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.

Eskualdatzen diren eginkizunen eta zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak hilabeteko epean entregatu behar dira, akordio hau onartzen duen errege-dekretua argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

G) Eskualdatzearen eraginkortasun-eguna.

Akordio hau onartzen duen errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina akordioaren xedeko eginkizun- eta zerbitzu-eskualdatzeak.

Eta hala ager dadin, ziurtagiri hau ematen da, Bilbon, 2018ko azaroaren 26an. Batzorde Mistoaren idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.

1. ZERRENDA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEN ZAIZKION ONDASUN, ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaio Basurtuko Ospitalea-Ariz (0/000 KPtik 7/906 KPra) eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo (0/000 KPtik 5/810 KPra) trenbide-lineen titulartasuna.

Bi administrazioek eta, hala badagokio, trenbide-administratzaileek zirkulazio-baldintza batzuk ezarriko dituzte, eta haietatik eratorriko dira hala kudeaketa nola eragiketak; edozein kasutan, kontuan hartu behar da Basurtuko Ospitaleko geltokiko lineen arteko konexio-puntua 1/236 KP (ASFA baliza) izango dela eta Irauregiko geltokikoa, berriz, 0/020 KP.

Harik eta zirkulazio-baldintzak ezarrita egon arte, ADIFek jarraituko du behin-behinean lineak kudeatzen, eskualdatzen diren bide-zatien abiapuntutik hasi eta ASFA baliza dagoen kilometro-punturaino –baliza Basurtuko Ospitaleko eta Irauregiko geltokietako seinale aurreratuekin lotuta dago, zeinak Basurtuko Ospitalea-Ariz linearen 1/507 KPn eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo linearen 1/748 KPn kokatuta baitaude, hurrenez hurren–.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala