Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2018ko abenduaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
6048

AGINDUA, 2018ko abenduaren 3koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena 2019rako.

Baliabide genetikoen, batez ere autoktonoen, kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza eredua izan dira Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko. Eredu horrek laguntza-mekanismoak ezartzea eskatu du, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.

Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu-genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, lortutako emaitzak jakinarazten dituzte, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; modu horretan, produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea lortzen dute, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuz apurka-apurka. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen eta mendi-nekazaritzako inguruen garapen eta sustapenean laguntzen dute.

Neurriak erabat eraginkorrak direla ziurtatzeko, hartzaile izan daitezkeenek laguntzak eskuratzeko eta gozatzeko aukera berberak dituztela bermatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza-garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Dekretu arautzaile horren 13. artikuluak xedatzen duenez, urtero deialdi bat egingo da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko. Dekretu horren arabera, deialdi-aginduan zehaztuko da zenbat diru bideratuko den diru-laguntza horietara eta zer epe dagoen eskaerak aurkezteko, eta, hala behar izanez gero, azaldu egingo da zein den Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren edukia.

Deialdi honetan, gastu-espedientea aldez aurretik izapidetzea erabaki da, eta, hortaz, deialdiko laguntzak bideratzeko, beharrezkoa izango da kreditu egoki eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontu orokorretan.

Diru-laguntza ematekoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen diru-laguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.

Hori dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei laguntzak emateko deialdia egitea 2019ko ekitaldirako. Laguntza horiek urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarrita daude.

Bigarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarritako laguntzen 2018ko deialdian eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza-garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen da.

2.– Eskatzaileek bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak honako helbide elektroniko hauetan egongo dira eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (gaztelaniaz)

http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (euskaraz)

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/misgestiones (gaztelaniaz) / https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ (euskaraz) webgunearen bidez egingo dira.

4.– Eskaerak, 1. atalean adierazitako helbidetan eskuratu daitekez, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren eranskinean ageri diren inprimaki normalizatuetara egokituta, eta elkarte eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak sinatuta aurkeztuko dira, dekretu horren 11. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan zehazten diren agiriekin batera.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte diru-laguntza eskaera eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, elkarte eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Eskaera aurkezten duen elkarteak aurreko deialdietan aurkeztu badu, konstituzio-aktako kopiak, elkarteko estatutuak, ezta «Calidad en la Gestión Lingüística Bikain - Euskararen Kalitate Ziurtagiria» edo euskararen normalizazio planaren ziurtagiria aurkeztea ez da beharrezkoa izango.

Hirugarrena.– Diru-hornidura eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzak hauek 2019an finantzatzeko gehieneko aurrekontu osoa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-orokorretatik aterako da, eta, guztira, 350.000 eurokoa izango da.

2.– Baldin eta 350.000 euroko diru-zuzkidura nahikoa ez bada elkarte onuradun guztien gastu diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa estaltzeko, diru-laguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

1.– Eskaerak baloratzeko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c) artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituko zaio. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa dekretu horretako 6., 7. eta 8. artikuluetan finkatutako mugen barruan egongo da, eta, zenbatekoa zehazteko, dekretu horretako 10. artikuluan bildutako irizpideak aplikatuko dira. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ezin da diruz lagundu, betiere BEZari buruzko legeriak agintzen duen moduan berreskura ezina denean ezik.

2.– Elkartearen zuzendaritza-organoetan emakumezkoak baldin badaude, 15 puntu emango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tramitazio aurreratua.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen da. Bada, agindu horretako 5.3 artikuluan zehaztutako ondorioetarako, prozedura ebazteko eta deialdiko laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: urriaren 24ko 240/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 3a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala