Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2018ko azaroaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5906

AGINDUA, 2018ko azaroaren 13koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baitira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 20ko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak. Agindu horrek goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen ditu.

AURREKARIAK

1.– 2018ko uztailaren 5ean EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 20ko Agindua, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

2.– 2018ko ekainaren 20ko Aginduaren 10.1 artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak dirulaguntza-eskabideen gaineko Aginduaren proposamena egin zuen 2018ko azaroaren 13ko bilkuran, baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, hura ikusita, aurkeztutako dirulaguntza-eskabideen gaineko erabakia har zezan.

Horrela bada, balorazio-batzordeak egindako aginduaren proposamena ikusita eta Aginduaren 13. artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean jakinarazten diren entitateei dagozkien diru-laguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea bertan agertzen den arrazoia dela eta.

Hirugarrena.– 2018ko ekainaren 20ko Aginduan arautako diru-laguntzak jasotzen dituztenek, testuaren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.– Diru-laguntza bi ordainketetan pagatuko da; lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarri dagokiona, eta esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarrari dagokiona, 2019ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2019ko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.

Hori horrela izateko, emandako diru-laguntza onartu egin beharko da. Diru-laguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badiote diru-laguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

Bosgarrena.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek 2019ko martxoaren 31 baino lehen ondoren zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean sartuta.

a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, gutxienez, 2018ko ekainaren 20ko Aginduan baloratzen diren alderdiak azaldu beharko dira.

b) Lehiaketa dirulaguntza-eskabidea aurkeztu eta gero egin bada, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.

c) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.

d) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

e) Ekitaldiaren kostu-kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita; bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen.

Seigarrena.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko.

Zazpigarrena.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2018ko ekainaren 20ko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) 2018ko ekainaren 20ko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntza likidatzeko Aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

Zortzigarrena.– Interesatu guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, nahiz eta EHAAn ere argitaratuko den.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 13a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala