Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2018ko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5826

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren guneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko apirilaren 18an, Bilboko Udalak eskaera bat bete zuen, Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren guneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskaera horri planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezkotzat joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta URA-Uraren Euskal Agentziari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ekologistak Martxan eta Eguzkizaleak elkarteei egin zitzaien kontsulta, interesduntzat hartzen baitira.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Behin ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta URA-Uraren Euskal Agentziaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren guneari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta berau aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Udalak sustatutako Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren guneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualaren (aurrerantzean, Aldaketa) ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketak helburutzat du Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren gunearen hirigintza-eraikigarritasuna areagotzea, zuzkidura-jarduketa baten bidez, Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak eskatzen dituen berdegune eta espazio libreetarako gordeko den lurzoruaren kokapenarekin eta jarriko diren zuhaiztiekin. Jarduketa hauek aurreikusten dira:

– Ospitalizazio-zuzkidura handitzea. Hori egiteko, orain dagoen instalazioen estalkiaren zati bat hartzea aurreikusten da, oraingo profilaren barruan, solairu bat gehiago egiteko; hala, 8 solairu izango ditu.

– Eraiki gabe dagoen gainerako lurzatian, eraikin berri bat egin nahi da (beheko solairua, 8 solairu eta instalazioen solairua/estalkia), oraingo eraikinarekin konektatuko den bi solairuko eraikin batekin.

Aldaketaren eremua Deustu auzoan dago, Nerbioi ibaiaren (Ibaizabal ibaiaren trantsizioko ur-masa) eskuineko ertzetik 130 metrora eta itsas-lehorreko jabari publikoko babes-zortasunetik kanpo. Hegoaldeko aurrealdean, Deustuko ubidea irekitzeko obrak gauzatzen ari dira, Zorrotzaurreko penintsula uharte egiteko.

Eremuan ez da garrantzi bereziko ingurumen-baliorik antzeman; hau da, ez dauka ingurumen-babeserako erregimenen bat duen espaziorik, ezta natura- edo kultura-balioengatik garrantzirik duen elementurik ere.

B) Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, Lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Aldaketaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aldaketaren helburu nagusia da Bizkaiko hiriburuaren ingurunean osasun-ekipamenduak areagotzeko beharrei erantzuna ematea. Hori guztia eraikuntza- eta hirigintza-proiektu elkartu baten barnean gauzatuko da.

Aurkeztutako agiriak ikusita, aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer-nolako eragina duen aldaketak beste plan edo programa batzuetan: aldaketak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.

c) Aldaketa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: aldaketak garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzen dituela irizten da, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteagoa, baliabideen erabilera eta hondakinen kudeaketa. Organo sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan, ingurumen-jasangarritasuna areagotzeko eta aldaketa gauzatzeak klima-aldaketan izan litzakeen ondorioak murrizteko neurriak proposatzen dira. Adibidez, eraikinen diseinuan «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarria» gidan ezarritako energia-efizientziako neurriak jarraitzea proposatzen da.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: eremuan ez dagoenez garrantzi berezia duen ingurumen-baliorik, aldaketak ingurumenean izan ditzakeen ondorio nabarmenenak planifikazio-fasean zerrendatuta daude, eremuaren uholde-arriskuarekin eta bere egoera akustikoarekin bateragarriak diren adierazita. Hori horrela, gunea 100 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuko eremuan dago kokatuta, baina Nerbioi ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo; eta, kutsadura akustikoari dagokionez, 2017ko martxoan Bilboko Udalak onartu zuen Zorrotzaurreko Babes Akustiko Bereziko Eremuan dago (kanpoko zarata murrizteko gauzatu beharreko konponbide akustikoak ezartzen ditu).

Bestalde, eta aldaketari lotutako proiektuaren eraikuntza- eta hirigintza-obren ondorioz, hauek dira ingurumenean eragina izan dezaketen jarduketak: lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak, istripuzko isurketak, uren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera eta partikulek eragindako kutsadura atmosferikoa. Beraz, ziurta dezakegu aldaketa gauzatzeak ez duela ingurumen-arazo adierazgarririk eragingo, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko Europar Batasuneko edo nazio mailako legeria txertatzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik kaltetuko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk ez ingurumen-balio altuko eremurik.

3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

– Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea: induskatutako lurzoruen kontrola: Bilboko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen Errege Dekretuaren (urriaren 19ko 1367/2007) 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Uholde-arriskua: Bilboko itsasadarreko uholde-arrisku handiko eremuan sartzen da gunea (ES017-BIZ-IBA-01), eta aldaketan jasotzen diren jarduketa guztiak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko gunean kokatzen dira. Dena den, Deustuko ubidearen irekieraren ostean eta URA-Uraren Euskal Agentziak egin dituen azterlanak kontuan harturik uholde-arriskua ekidin ahalko dela aurreikusten den arren, eremuak 500 urteko errepikatze-denborako (T500) uholde-arriskua izaten jarraituko du. Horretarako, bermatu beharko da aurreikusitako jarduketak urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren I. eranskineko 40.d artikuluan xedatutakoa betetzen duela (Honako hauen plan hidrologikoak berrikustea onartzen duena: Kantauri Mendebaldeko, Gualdalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen alderdi espainiarra), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren xedapen arau-emaileak ezartzen dituena.

Halaber, Aldaketaren gunea itsas-lehorreko jabari publikoko babes-zortasun eremutik kanpo dagoenez, Plan Hidrologiko horren 41.2 artikulua aplikatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

2020rako IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren guneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik ez duela aurreikusten adieraztea, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bilboko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Zorrotzaurreko osasun-ekipamenduaren guneko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala