Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2018ko azaroaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5719

AGINDUA, 2018ko azaroaren 12koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio 60 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari Bilboko udalerrian, Arangoitin.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza hauen esleipen-prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezarritakoari jarraituko dio (agindu hori Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak nahiz Araubide Autonomikoko Zuzkidura-bizitokiak Esleitzeko Prozedurei buruzkoa da), hala ezarrita baitago Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako orduko Enplegu eta Gizarte Zerbitzuetako Sailak eta Bilboko Udalak 2013ko uztailaren 23an lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Bilboko udalerrian, Iturrigorri, Gardeazabal, Armotxabidea, Penaskal bidea, Arangoitiko 130.02 egikaritze-unitatea eta Txurdinaga alorretan, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko. Agindu honi Arangoitiko 130.02 egikaritze-unitatearen inguruan zehaztutakoak eragiten dio. Aipatu hitzarmenaren seigarren atalean zehazten dira etxebizitzak esleitzeko irizpideak, eta ezartzen da Bilboko Udala dela sustapen honetako udal interesdun bakarra, ondorioz, «Bilboko Udalerrian erroldatutako eta etxebizitza-eskatzaileen erregistro publikoan erregistratutako lagunek baino ezin izango dute etxebizitzak esleitzeko prozesuan parte hartu. Eta betiere, Viviendas Municipales erakundearekin adostutako irizpideak kontuan hartuta».

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu alokatzeko araubide autonomikoko 60 zuzkidura-bizitoki, Bilbon, Arangoiti alorrean, eta beraien titularra da. Sustapenaren espediente-zenbakia EB2-1744/13-AA-000 da. Zuzkidura-bizitoki horietako 52 logela bakarrekoak dira eta 51,61 m2 eta 38,71 m2 arteko azalera dute; 6 zuzkidura-bizitoki bi logelakoak dira eta 55,15 m2-ko azalera dute; gainera, zuzkidura-bizitokietako logela bakarreko 2 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude eta 50,75 m2 eta 50,92 m2 azalera dute.

Laugarrena.– Bilbao Etxebizitzak, aipatu berri dugun hitzarmenean jasotzen den eskubidea baliatuz, 2018ko urriaren 24ko idatzi baten bidez Etxebizitza Sailburuordetzari eskatu dio gazteei eta Bilbon erroldatutakoei lehentasuna ematea sustapen honetako zuzkidura-bizitokiak esleitzerakoan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak du agindu hau emateko ahalmena, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua); Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan xedatutakoari buruz (aurrerantzean 2012ko urriaren 15eko Agindua).

Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona orori onartzen dio etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea. Legearen laugarren xedapen iragankorra ezarriko da erregelamendu-xedapenak argitaratu arte; alegia, eskubidea gradualki ezarriko da.

Aipatutako xedapen horrek honako baldintza hauek betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.

Eskubide subjektibo hori onartzeak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko garaian; beraz, prozedura honetan lehentasun hori kontuan hartu beharko da.

Hirugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura hau kide bakarreko, bi kideko edo hiru kideko bizikidetza unitateei zuzenduko zaie.

Laugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeko 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta beren erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

Bosgarrena.– 39/2008 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokiak arautzen ditu, eta honakoa ezartzen du: bizitokiak hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan. Bizitoki hauen truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari eta eskuratzeko baldintzei dagokienez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoak aplikatuko dira; alegia, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. Tituluan araututako prozedura.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Bilboko udalerrian, Arangoitiko alorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasuneko 60 zuzkidura-bizitoki alokairuan esleitzeko prozedurari.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena epe baterako izango da. Hileka emango da, gehienez urtebete baterako eskuratu ahal izango direlarik nahiz eta epe hori urtero luzatu ahal izango den lau alditan.

Hirugarrena.– Hileko kanona babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2010eko azaroaren 3ko Aginduaren arabera kalkulatuko da. Kanon hori ezin izango da bizikidetza unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiagokoa izan.

Laugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honako hauek gordeko dira:

a) 2 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, honako lehentasun-ordena hau hartuko da kontuan:

1) Gurpil-aulkian ibili behar duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

2) Gurpil-aulkian ibili behar duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

3) Bi bastoiren mendekotasuna duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

4) 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

5) Bi bastoiren mendekotasuna duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

6) 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

7) Mugikortasun urri iraunkorrik ez duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

8) Mugikortasun urri iraunkorrik ez duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

b) 6 etxebizitza, agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileentzat. Gisa honetako eskatzailerik ez balego, etxebizitza hori gainontzeko eskatzaileen artean esleituko da.

c) 52 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.

Bosgarrena.– Agindu hau argitaratzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dira esleipen-prozeduran parte hartzeko:

a) Titularretako bat etxebizitza eskatzaileen erregistro publikoan erregistratuta izan beharko da agindu hau argitaratzen den egunean.

b) Agindu hau argitaratzen den egunean Bilboko udalerrian erroldatuta egon behar da behintzat bizikidetza unitateko eskatzaileetako bat, gutxienez urte beteko antzinakotasunez.

c) Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Bilboko udalerrian edo Bilbao metropolitanoko eskualde egiturako edozein udalerritan alta emanda egon behar da (Abanto y Ciérvana Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbao, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopelana, Ugao-Miraballes, Urduliz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena).

d) Bizikidetza unitateko partaideek 35 urte baino gutxiago izan behar da agindu hau argitaratzen den egunean.

e) 2017. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatu behar da. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.

f) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez da eduki behar agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

g) Kide bateko, bi kideko edo hiru kidekoak bizikidetza-unitateko kidea izan behar da.

Seigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute, 2018ko azaroaren 30etik abenduaren 14ra bitartean (biak barne), leku hauetan:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao.

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 Bilbao.

– Telematikoki, http://www.etxebide.euskadi.eus web-orriaren bidez.

Zazpigarrena.– Esleipen prozedurari dagozkion onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula) argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.

1) Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).

2) Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 15, gutxienez 5).

3) 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie, 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei diru-sarrera haztatuak dituztenei, eta 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituztenei.

4) 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherako pertsonak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.

Bederatzigarrena.– Logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak kide bakarreko edo bi kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie nagusiki eta bi logelakoak hiru kideko bizikidetza-unitateei.

Hamargarrena.– Esleipenaren ondoren zuzkidura-bizitokirik eskuratu ez dutenekin itxarote-zerrenda osatuko da, zortzigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta, eta baremazio ordenaren arabera; itxarote-zerrenda hori esleipendunek uko egiteagatik edo esleipena baliogabetzeagatik hutsik geratzen diren zuzkidura-bizitokiak esleitzeko erabiliko da.

Itxarote-zerrenda agortzen bada 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko dira etxebizitzak.

Hamaikagarrena.– Esleipendunen zerrendak egokitutako zuzkidura-bizitokiak barne, eta dagozkien itxarote-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Hamabigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 12a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala