Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2018ko azaroaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
5666

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko irailaren 27ko bilkuran hartua, Gernika-Lumoko Udalaren 2016ko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko irailaren 27an egindako bilkuran honako hau

ERABAKI DU:

Gernika-Lumoko Udalaren 2016ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 27a.

HKEEko lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEko idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
GERNIKA-LUMOKO UDALAREN FISKALIZAZIO-TXOSTENA, 2016

Laburdurak.

BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.

HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.

PGPN: Publikotasunik Gabeko Prozedura Negoziatua.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorena.

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programari jarraikiz, Gernika-Lumoko Udalaren 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

HKEEk gauzatutako Gernika-Lumoko Udalaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio lana 2008ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida, azterketa lan hau fiskalizazio-gai den ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea eragotzi gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak Udalaren, bere erakunde autonomoen eta udal sozietatearen balantzeak, ekonomia-ondarearen emaitzen kontuak, oroitidazkiak eta aurrekontuen likidazioak besarkatzen ditu.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Gernika-Lumoko Udalak 16.869 biztanle zituen 2016ko urtarrilaren 1eko biztanleen udal erroldaren arabera, eta Udalean udal administrazioaz gain ondoko erakunde autonomoak barne hartzen ditu:

– Gernika-Lumoko Kultur Etxea (Kultur Etxea): kultur jarduerak antolatu eta liburutegia eta musika eskola kudeatzen ditu.

– Kirolaren Erakunde Autonomoa (Kirol Patronatua): Udalaren Santanape, Urbieta, Maloste eta Jai Alaiko kirol instalazioak kudeatzen ditu.

– Lanbide Ekimenetarako Zentroa (LEZ): oinarrizko lanbide heziketako ikastaroak antolatu eta lan-orientazioko zerbitzuak ematen ditu.

– Aita Luis Villasante Udal Euskaltegia (Euskaltegia): euskarazko ikastaroak antolatzen ditu.

Gainera, Busturialdeako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko eta Busturialdeako Uren Partzuergoko kide da eta Busturialdeko Industrialdea, SAn parte hartzen du (% 11). Azkenik, alkateak buru egiten du honako patronatu hauetan: Calzada Egonetxea Fundazioa, adinekoentzako egoitza baten jabe dena, eta Bakearen Museoa Fundazioa.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Langileria.

1.– Administrazioarekiko auzietarako epaitegiak deuseztzat eman zuen 2017ko abenduaren 5eko epai bidez 2016ko urtarrileko Udalbatzaren erabakia, zeinak 2015eko ordainsarien % 0,6ko produktibitate-osagarriaren ordainketa onartu zuen; izan ere, 2016ko aurrekontu-araudian finkatutako muga gainditzen zela iritzi zitzaion. Udalak eta 4 erakunde autonomoek, hurrenez hurren, 19.480 eta 11.907 euro ordaindu zituzten kontzeptu honen izenean. Gainera, Udalak eta erakunde autonomoek Udalbatzak onartutako % 1en gainetik gehitu zituzten 2016ko ordainsariak, ekitaldian ordaindutako berariazko osagarriari produktibitatearen zenbatekoa txertatzean.

Kontratazioa.

2.– Udalak hornidura bat zuzenean eta zerbitzu bat publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu zituen, 461.587 euroren kostukoak 2016an; ordea, prozedura ireki bidez esleitu behar ziratekeen, publikotasun eta lehia printzipioak aplikatuta. Kirolaren Patronatuak ere urratu zituen printzipio horiek zuzenean edo PGPN bidez 2 hornidura eta zerbitzu bat esleitzearekin, 2016an 391.354 euroren kostua eragin zutenak.

3.– Udalak indarrean eutsi zien 2011 eta 2012an amaitu ziren bi kontraturi, 2016an 533.061 euroren kostua izan dutenak. Kirolaren Patronatuak eta Kultur Etxeak beste hainbeste egin zuten 2006 eta 2015ean iraungi ziren beste bi kontraturekin, 2016an, hurrenez hurren, 213.112 eta 108.874 euro egin zutenak. Kontratu hauek guztiak prozedura ireki bidez lizitatu behar ziratekeen, publikotasun eta lehia printzipioak beteta.

Epaitegi honen iritzira, Gernika-Lumoko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1etik 3ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete dute 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1.– Hona hemen Udalaren eta Kultur Etxearen 2016ko abenduaren 31n Diruzaintza Geldikinean eta data horretan itxitako Egoera Balantzean eragina duten doiketak:

(Ikus .PDF)

2.– Udalak ez du ibilgetua eragiten duten egintza ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten eta zehazki, ez du ibilgetuaren elementu bakoitzeko xehapenik, ez amortizaziorako zuzkidurarik egiten. Horregatik guztiagatik, ezin esan daiteke Udalaren eta bere erakunde autonomoen Balantzeko aktibo ez arruntaren saldoek, guztira 137,9 milioi eurorenak, islatzen duten Udalaren eta bere erakunde autonomoen ondasun eta eskubideen egiazko egoera 2016ko abenduaren 31n.

Epaitegi honen iritzira, aurreko 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Gernika-Lumoko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa, 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

Ondoko gertakariak.

Iritzian eraginik izan gabe, atxikitako Kontuak onartu osteko gertakari bat nabarmendu nahi dugu: 2017ko abenduan, 2016ko uztaileko kontratu bat amaitutzat jo zen, zeinaren indarrez Udalak 668.277 euroren lursail bat esleitu zuen, eta zegokion kobratzeko saldoa baliogabetu.

III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– 2016ko ekitaldirako aurrekontua hasiera batean Udalbatzak 2016ko martxoaren 30ean onetsi zuen; ordea, arautegiak behin betiko urtea hasi aurretik onestea aurreikusten du. Aurrekontuaren diru-laguntzen eranskinak ez zuen gastu kapitulu hau osatzen duten kontu-sailen emakida prozedura adierazten.

– 2 diru-laguntza izendun nagusiak, 130.000 eurorenak, 2016ko aurrekontua onartu aurretik eman zituzten. Komeniko litzateke zehaztapenak jasotzea egikaritzaren oinarri-arauetan aurrekontuaren luzapenari dagokionez.

– BFAk OHZ eta JEZ kudeatzen ditu eta Udalari jakinarazten dizkio Udalak sarrera modura onartu eta erregistratu behar lituzkeen urteko errolden zenbatekoa. Berebat, komeniko litzateke zaborren tasari dagozkion hiruhileko erroldak onartu eta erregistratzea, bariazioak eta tarifak, hobariak eta salbuespenak zuzen aplikatzen direla egiaztatu ondoren. Gainerako tasei dagokienez, komeniko litzateke horien araudia berrikustea eta horien autolikidazioa edo borondatezko ordainketa epeak finkatzea.

– Busturialdeko Ur Partzuergoak zabor tasaren diru-bilketa zerbitzua ematen du, 2016an 56.709 euroren kostua izan duena; horren baldintzak dagozkion hitzarmenean arautu behar lirateke. Tasaren zenbatekoa etxebizitza edo areto motaren arabera finkatzen da eta kobrantza Partzuergoko tasei lotzen zaie, horrek atzerapena eragiten du zorpetzen den hiruhileko naturalaren lehenengo egunarekiko.

– Udalaren lan baldintzak arautzen dituen erabakiak bertako langileen aldez aurreko erretiroagatiko 6 eta 21 hilekoren ordainsarien ordainketa ezartzen du; 2016an 4 langile erretiratu dira. Kontu Orokorraren Oroitidazkian ordainsari osagarri mota hau existitzen dela jakinarazi beharko litzateke.

– TAO zerbitzua kudeatzeko kontratuak aurreikusten du txartelak emateko makinek bildutako dirua kontzesiodunak emandako zerbitzua ordaintzeko baliatzea; Udalak ez du Memorian ordaindutako konpentsazioa erregistratu edo jasotzen, 2016an 281.149 euro egin zituena.

– Udalaren aurrekontua egikaritzeko arauak kasu jakin batzuetan faseak metatzeko aukera ematen du (ADO); ordea, oker aplikatzen zaie aurrez zehaztutako urteko kostua duten zerbitzu-kontratuei.

Erakunde autonomoak.

– 2016ko Lanbide Ekimenetarako Zentroaren Zuzendaritza Batzordearen bilerak Udalaren idazkaririk gabe egin ziren; Kirol Patronatuko Batzordeak egin zituen bileretarik 4tara ere ez zen bertaratu.

– Erakunde autonomoek kudeatzen dituzten prezio publikoei dagokienez:

● Zinemarako eta kultur jardueretarako sarreren prezio publikoa arautzeko ordenantza 2007an eman zen argitara; komenigarria da prezioak eguneratzea eta urteko abonuak gehitzea.

● Euskaltegiaren prezio publikoak salbuespenak aurreikusten ditu eta 2016-17ko ikasturtean 63 ikaslek baliatu zituzten horiek; ordea, lehendakariaren dagokion ebazpenarekin aplikatu behar dira.

● Urbieta, Maloste eta Jai Alaiko instalazioak erabiltzeagatiko hobariak prezio publikoetan ordenantzan jaso behar lirateke eta berariaz argitaratu.

– Lanbide Ekimenetarako Zentroak eskualdeko 15 udaletatik jasotzen ditu transferentziak, 34.941 euroen zenbatekoan, dagokion hitzarmen bidez arautu behar zatekeena.

– Kirolaren Patronatuak ADO faseak metatzen ditu erosketa guztietan; komenigarria da esleipen esanguratsuenak kontrolatzea gastua gauzatu aurretik.

– Erakunde autonomoetatik bik duten tamaina txikia aintzat hartuta, komenigarria da zerbitzuak Udaletik bertatik emateko aukera aztertzea, pertsona juridiko bereiziak izateak eragiten dituen kostuak saihestearren.

III.2.– Langileria.

– 2009an eta 2010ean Udalak eta 2 erakunde autonomok mugagabe bihurtu zuten aldi baterako 21 langilerekin zuten lan-harremana, gure aurreko txostenean adierazi genuen moduan. Lanpostu berriak sortu ziren 2014an onartutako lanpostu zerrendan eta langile hauei lanpostu berriak eman zitzaizkien edo betetzen zituzten haietan gelditu ziren. 2011n eta 2013an egoera bera gertatu zen 2 langilerekin Kultur Etxean eta Kirolaren Patronatuan. Honenbestez, erakunde autonomoen eta Udalaren 2016ko abenduaren 31ko plantillan, hurrenez hurren, 16 eta 8 kontratupeko langile mugagabe ez finko jaso ziren; horiek etorkizuneko Enplegu Eskaintza Publikoetara aurkeztu beharko dira indarreko araudiak horretarako bide ematen duenean.

– 2016an indarrean eutsi zitzaion 2010ean egindako bitarteko funtzionario baten izendapenari; ordea, araudiak 3 urtera mugatzen du programak betetzeko izendapenen iraupen aldia.

– Udalaren eta erakunde autonomoen lanpostu zerrendak lanpostuak kategoria eta kidegoaren arabera zerrendatzen ditu, baina ez ditu ordainsari oinarrizko (soldata eta antzinatasuna) eta osagarriei dagozkien kreditu zuzkidurak xehatzen eta ez ditu aparteko ordainsariak eta bestelako hartzekoak kuantifikatzeko gauzatutako balioespen globalak adierazten. Gainera, azken hauen izendapen banakoa alkateak edo zinegotzi ordezkariak egin behar luke.

– 24 udaltzainei hilabeteko kopuru finkoak ordaindu zitzaizkien, lanaldia 93 orduz luzatzeagatik eta jai egunetan egindako lanagatik. Bi kontzeptuok, haien ordainsarien % 26 egiten dutenak, berariazko osagarriari eta LZri gehitu behar litzaizkioke edo hilero ordainsari modura kitatu.

– Udalaren eta Kirol Patronatuaren 2016ko LZk, hurrenez hurren, dedikazio bereziko 10 eta 3 lanpostu barne hartzen zituzten, baina zenbatekoa finkatu gabe, ordainsarien % 7 eta % 22 bitartekoa izan zena.

– Udalak 2008an Udalhitz aplikatzea onartu zuen, zenbait alderditan aldatutakoa eta eranskin batean jasoa, zeinari publikotasuna eman behar zitzaiokeen. Aldaketen artean, besteak beste, Udalean 30 urte egiteagatiko saria jasotzen da; osagarri honek ez zuen 2016an funtzionarioei ordainketarik eragin eta ez dago araudian aurreikusia. Berebat, ez zitzaion dagokion publikotasuna eman 2016ko urtarrileko erabakiari, langileen ordainsariak igotzen zituena.

Erakunde autonomoak.

– Kultur Etxearen (musika eskola), LEZen eta Euskaltegiaren lanpostu zerrendek ez dituzte 3 langileri esleitutako osagarriak jasotzen, zuzendaritza egitekoak betetzen dituztenak.

– Kultur Etxeko musika eskolak ez du musika irakasleen lan-poltsarik eta 2016an 3 kontratazio egin dira, beste erakunde batzuei izangaiak eskatuta. Kontratazioetako bat lanpostu huts bat bitartekotasunez betetzeko egin zen, titularrak uko egiteagatik; egokiagoa zatekeen berariaz dei egitea.

III.3.– Kontratazioa.

Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 6 kontratu nagusiak aztertu ondoren –24,4 milioi euroren esleipenei dagozkienak– honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:

– Guztira 2,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 2 kontratutan (1 eta 2 espedienteak), ez zen aintzat hartu prezioaren osagai aldakorra (materialak eta eraikuntza ekipoak eta landareen hornidura) kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko. Lehenengo kasuan prezioaren osagai aldakorrak 138.090 euro egin zituen 2016an eta aleko prezioen eranskin baten bidez arautzen zen, guztira egikaritutako unitateak aurreikusten ez zituena. Bigarren kasuan, osagai aldakorrak 78.400 euro egin zituen eta pleguek ez zituzten aleko prezioak jasotzen, kontratua bete ahala finkatzea aurreikusten zutela (A1 akatsa).

– Aurreko paragrafoko 2 kontratuetan esleipen irizpide modura jasotzen zen balizko hobekuntzak egitea, zein alderditan egin zitezkeen hobekuntzak zehaztu gabe, ez eta horiek balio-neurtzeko erabiliko zen sistema ere (A2 akatsa).

– 22,9 milioi euroren zenbatekoa egin zuten hiru kontraturen esleipena (1, 2 eta 3 zk. espedienteak) eskaintzak ireki eta 2 eta 6 hilabete beranduago egin zen, araudiak 2 hilabeteko epea finkatzen duen arren. 3 zenbakiko kontratuan, gainera, atzeraldia izan zen kontratuaren egikaritzan eta aurreko kontratuari eutsi zitzaion 2016ko urrira arte, indarraldia 2015eko maiatzean amaitu zitzaion arren; 2016an 2 milioi euroren kostua izan da (B1 akatsa).

– Kale garbiketa, zabor bilketa eta gune garbia kudeatzeko kontratua 20,1 milioi euroren zenbatekoan esleitu zen 8 urteko aldirako eta zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu modura izendatu zen, arrisku eta zori ezaugarriak ez zituen arren. Hori dela eta, iraupenak ez zukeen zerbitzu kontratuen gehiengo epea gainditu behar, 6 urtetan finkatua dagoena (C akatsa).

– HAPO berria idazteko kontratuak, 338.800 euroan esleitutakoak, 80 puntu ematen zizkien irizpide subjektiboei eta honenbestez, adituen batzorde baten beharra aurreikusten zuen; batzorde honek espedientea bideratu zuen arearen mendeko pertsona bat barne hartzen zuen; ordea, araudiak proposamena egiten duen atalarekiko independente izatea agintzen du. Kontratua esleitzean, 2016ko aurrekontuaren kontura kredituak hitzartu ziren kontratuan aurreikusten zirenetatik lehenengo ordainketa (% 20) kontzeptuan; ordea, ez zen aurretik zegokion urteanitzekoa onetsi, ondoko urteetan kontratuaren egikaritza finantzatu beharko lukeena (C akatsa).

– 507.908 euroren zenbatekoan esleitutako aztertutako obraren azken ziurtagiriak esleitutako zenbatekoaren % 10 obra unitate berrietarako bereizten zuen, gauzatu aurretik kontratazio atalak onartu behar zituzkeenak (C akatsa).

Alderdi orokorrak eta erosketa txikiak.

– Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana sailkatzeko eskatutako jarraibideak ebatzi.

– Kontratu guztietan prezioa balioztatzeko baliatutako formulak mugatu egiten zituen eskainitako merkatzeak eta 2 kasutan proportzionaltasun soileko formula baliatu zen, faktore honen egiazko balioa murrizten duena, lizitazio prezioa berdintzen zuten eskaintzei puntuak emanez.

– Beste erosketa batzuk aztertzean ikusi da kontratuak zuzenean esleitu direla, publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu beharrean:

(Ikus .PDF)

Gainera, ikusi dugu Udalaren obra txiki bat, 42.495 eurorena, 128.964 euroan esleitutako obra kontratu baten aldaketei zegokiena eta aldaketa modura izapidetu ez dena.

III.4.– Transferentziak eta diru-laguntzak.

– Udalak ez du Diru-laguntzen Plan Estrategiko nahitaezkoa onartu.

– Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari egindako ekarpenak aurrekontuaren balioespenekin kalkulatzen dira eta ez da dagokion likidazioa eskatzen, zerbitzu mankomunatuen egiazko kostua aintzat hartuta.

– Udalak 41.748 euro ordaindu zizkion Bermeoko Udalari 2015-16 Eskualdeko enplegu plana kudeatzeagatik; lankidetza hau 2012ko hitzarmen bidez dago arautua, berritu behar zatekeena. Gainera, hitzarmenak ez ditu banaketa irizpideak zehazten, onartutako likidazioan ere zehazten ez direnak.

– Udalak 206.729 euroren diru-laguntzak banatu zizkien 2016an kultur, kirol eta gizarte ekintzako 43 elkarteri, aldez aurretik deialdirik egin gabe eta lehiaketa deitzeko ezintasuna justifikatu gabe. Errepikariak diren diru-laguntzak izenez jaso behar lirateke aurrekontuan eta gainerakoetan, deialdia egin edo esleipena justifikatu behar litzateke. Kultur Etxeak ere zuzenean esleitu zizkien 11.303 euroren diru-laguntzak 6 kultur elkarteri, nahiz urtero deialdia egiten den entitate mota honetarako.

– Diru-laguntza izendun nagusia –110.000 eurorena– Bakearen Museoa Fundazioari eman zitzaion eta emakida ebazpenak ez zuen horren xedea zehazten, ez beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna, ordainketa eta bermeen araubidea, ez eta justifikatzeko epea eta moldea ere. Beste hainbeste gertatzen da zuzenean emandako diru-laguntzen ebazpenekin.

– 75.852 euroren 6 laguntza-deialditan, Udalak horien berri eman zien entitate interesdunei; egokiagoa, litzateke, baina, BAOn argitara ematea. Beste hainbeste gertatzen da Kultur Etxea kudeatzen duen deialdiarekin.

– Diru-laguntzen araudiak agintzen du ordainketa egingo dela ekintza gauzatu eta justifikatu ostean. Aldez aurreko ordainketaren beharra egiaztatzen bada soilik eta dagokion bermea eskatuta, aurrera daiteke ordainketa. Aztertu ditugun 11 banakako espedienteetatik 10etan, 219.599 euroren diru-laguntzei dagozkienak, Udalak diru-laguntzen ordainketa aurreratu zuen espedientean justifikatu gabe eta onuraduna dagokion bermea aurkeztetik salbuetsi gabe. Komeni da aurrerakinak mugatzea eta beti azken ordainketa bat egitea, diru-laguntzaren erabilera zuzena izan dela egiaztatu ostean.

Erakunde autonomoak.

– Kirolaren Patronatuak 42.857 euroren diru-laguntzak eman zizkien 10 kirol elkarteri beren urteko programak garatzeko; laguntzak kirolari eta ekipo kopuruaren arabera banatu dira eta laguntzak banatzeko baliatutako datuen egiazkotasuna frogatu da, ez, ordea, laguntzaren norakoarena.

III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.

– Toki erakundeak gardentasun eta informazio publikorako irispideari buruzko araudira egokitzeko prozesua 2015eko abenduan amaitu behar zatekeen. Informazio ekonomikoari dagokionez, udalaren web-orrian aurrekontuan barne hartu dira, baina horien egikaritzari buruzko informazioa gaineratu behar da. Berebat, Udalaren jabetzako diren ondasun higiezinen zerrenda ere barne hartu behar litzateke, baliatutako kontratazio moldeei buruzko estatistikak, emandako diru-laguntzen xehapena kopuruak eta onuradunak adieraziaz, goi kargudun eta udal arduradun gorenen ordainsariak eta zinegotzien ondasun eta jardueren gaineko aitorpenak.

– Udalak 2011ko abenduan gerorapen bat eman zion sustatzaile bati Santa Luzian urbanizazio kuoten ordainketarako; 2016ko abenduaren 31n 575.426 euro gelditzen dira kobratzeko, oso-osorik zuzkitua dagoen saldoa. Gerorapena 2 urtetarako eman zen, nahiz aurkeztutako berme errealek ez zuten baliorik, aldez aurreko hipoteka kargak zituelako. Honezaz guztiaz gain, 2012ko apirilean iraungi egin ziren erregistroko izen-emateak, Udalari urbanizazio kuoten kobrantza bermatzen ziotenak eta ez zuten 2017ko azarora arte abiarazi diru-bilketarako betearazte-bidea.

IV.– Finantza analisia.

Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: % 0,7 egin dute behera hirurtekoaren lehenengo urtearekiko.

– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: ez dute aldaketarik izan zerga nagusien tarifak aldatu ez direlako, nahiz azpimarratzekoak diren honako zerga hauetan beheratzeak: Eraikuntzen gaineko zergan; Ekonomia Jardueren gaineko zergan eta zabor-bilketa zergan; horiek beste hauetan izandako igoerekin berdintzen dira: Gizarte Segurantzaren eskuordetutako ordainketetan eta aseguruen kalte-ordain kontzeptuan 2016an izandako diru-sarrera ezohikoetan.

– Transferentziak eta diru-laguntzak: % 1 egin dute behera 2014-2016 aldian, osagai nagusi den Udalkutxa antzeko ehunekoan murriztu baita.

Funtzionamendu gastuak: % 4,7 egin dute gora 2014 eta 2016 bitartean, ondoko xehapenarekin:

– Langileria-gastuek % 13 egin zuten gora aztertutako aldian eta ordainsariek antzeko ehuneko bariazioa izan zuten honako hauen ondorioz: 2016ko soldata igoera, 2012ko abenduko aparteko soldataren % 50 ordaintzea eta langileria atalak izandako bariazioak. Gizarte prestazioen atalean igo egin dira funtzionarioen erretiro aurreratuagatiko sariak.

– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketak % 1,8 gehitu dira 2014koarekiko eta gastu handiagoak gertatu dira mantentze-lanen eta enpresek egindako lanen kontu-sailetan eta murriztu egin dira hornidura energetikoenetan.

– Transferentzia eta diru-laguntzak % 0,6 gehitu dira osagai nagusiak gora egin izanaren ondorioz, eta erakunde autonomoei egindako ekarpenak % 1,5.

Aurrezki gordina: Erakundearen autofinantzaketa maila neurtzen duen aldaki honek 2014an sarrera arrunten % 13,1 egiten zuen eta behera egin du hirurtekoan; honenbestez, Udalak 2016an sarrera arrunten % 8,4 du finantza zamari aurre egiteko eta inbertitzeko.

Aurrezki garbia eta zorpetzea: finantza zamak bere horretan eutsi dio eta aurrezki gordinaren laurdena behar du; honela, bada, inbertsioak finantzatzeko aurrezki garbi erabilgarria sarrera arrunten % 6,3koa izan da 2016an. Zorpetzeak behera egin du eta 2016ko sarrera arrunten % 18,8koa izan zen.

Kapital eragiketen emaitza: aztertutako aldian egindako 4,5 milioi euroren inbertsioek sarrera arrunten gainean % 9 egin dute; azpimarratzekoa da 2015ean izan duten beheraldia. Batik bat baliabide propioekin finantzatu dira.

Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina: 2015eko inbertsio-ahalegin txikiagoak goratu egin du urte horretako Diruzaintza geldikina eta iraunkor eutsi dio fiskalizatutako urtean, 2,1 milioi euro egin dituela, sarrera arrunten % 13, hain zuzen ere. Alabaina, HKEEk egindako doiketak aintzat hartuz gero, 1,6 milioi euroren zenbatekoan, kopuru hori murriztuko luke; gogoan izan behar da, gainera, 2016ko abenduaren 31n hitzartutako kredituak 416.883 eurorenak izan direla.

Ondorioa: Aurrezki garbiak behera egin du hirurtekoan gastu arruntek gora egin izanaren ondorioz eta 2016an 1,1 milioi eurorena izan da. Diruzaintza geldikinak behera egingo luke HKEEren doiketen ondorioz eta 498.597 eurorena izango litzateke. Zorpetzeari bagagozkio, sarrera arrunten % 18,8 inguru egin du, EAEko udalen batez bestekoaren pareko (% 17,7, 2015ean).

Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalaren Kontu Hartzailetzak txostena jaulki zuen adieraziaz aurrekontuaren egonkortasunaren arautegia bete dela likidazio kontsolidatuari dagokionez, eragiketa ez finantzarioetan superabita izan duelako, gastuaren araua bete duelako eta udalaren zorra kontsolidatutako sarrera arrunten % 17 izan delako.

V.– Urteko kontuak.

V.1.– Udala.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

V.2.– Erakunde autonomoak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)
GERNIKA-LUMOKO UDALA ETA BERE AUTONOMIADUN ERAKUNDEAK AINTZAT HARTUTA 2016 EKITALDIRAKO FISKALIZAIO TXOSTENAREN INGURUKO ARRAZOIBIDEAK

Txostenaren ondorioei egiten zaizkien arrazoibideak.

II.2.– Urteko Kontuei buruzko iritzia.

Abenduaren 31ko Diruzaintzako gerakinaren inguruan eta data horretan itxitako Balantzearen inguruan proposatzen dituen doiketen inguruan, bai Udaletxean eta bai Kultur Etxea Autonomiadun Erakundean, ondorengo puntuak argitu behar ditugu:

a) 2016ko Udalkutxaren likidazioagatiko doiketa, 2017an kontabilizatu izanagatik.

Gernika-Lumoko Udalak 2017ko martxoaren 14an jaso zuen 2016ko Udalkutxaren behin betiko kitapenari buruzko jakinarazpena. Bestalde, 2016ko Udalaren eta bere Autonomiadun Erakundeen kitapena onesten duen Alkatetzako Dekretua 2017ko otsailaren 23koa da. Beraz, Udalkutxaren kitapenaren jakinarazpena 2016ko kitapenaren onespena baino beranduago jaso zen.

b) Egoera Balantzean doiketa TAO zerbitzuaren likidazioagatik, 2012tik 2014ra.

Doiketa hau egiten da, edo hala ulertzen dut, 2015eko abenduko Tokiko Gobernu Batzarreko erabakiaren ondorioz. Erabaki honetan onetsi egin zen zerbitzua kudeatzen duen enpresak egindako erreklamazio bat, zerbitzua ematerakoan izandako kalteengatik. Kalte edo galera hauek kalkulatzeko 2001ean beraien eskaintza egiterakoan erabili zituzten irizpideen arabera kalkulatu zen, eta erabaki hartan zuzendu egin zen enpresaren erreklamazioa, amortizazioa kentzeko, zerbitzuari aplikatuta zegoelako.

Epaitegiak berak dioen moduan, Tokiko Gobernu Batzarreko erabaki hark ez du eragin ez kreditu erabilerarik ez ordainketarik, zerbitzuaren likidazioaren gaineko negoziazioak daudelako, aurreko kopurua aldaraz dezaketenak eta, ondorioz, doiketa hipotetiko horren zenbatekoa ere bai.

c) 2016ko gastuak izanik ondare kontabilitatean erregistratuak baina aurrekontuari aplikatu gabe daduden gastuengatiko doiketa.

Doiketa hau bai Udaletxean eta bai Kultur etxea Autonomiadun Erakundean proposatzen da. Zehazki, 2016ko abenduaren 31n Aurrekontura aplikatu gabeko eragiketak dira (OPA-k).

Eragiketa hauek modu egokian islatu dira kontabilitateko SICALWIN aplikazioan, eta aplikazio honetan OPA hauek konfiguratuta dauden moduan eragina dute ondare kontabilitatean, baina ez aurrekontuan. Hori dela eta, aplikazioak ez du uzten hauek aintzat hartzen Diruzaintzako Gerakina kalkulatzerakoan.

Aurrekontu emaitza eta ondarekoaren arteko kontziliazioa Kontu Orokorraren espedientean egiten da.

Bestalde, aurrekontu egonkortasuna betetzen den ala ez aztertzen denean egiten diren txostenetan behar diren doiketak egiten dira kalkuluak «Sistema Europeo de Cuentas» delakoaren arabera egiteko, hau da, urte bakoitzari urte horretakoak diren eragiketak bakarrik aplikatzeko. Zentzu honetan, aintzat hartzen dira 2016ko abenduaren 31ko OPA-k, bai egonkortasuna eta bai gastu araua kalkulatzerakoan. Zehazki, aurrekontu egonkortasunari buruzko txostenean 2016ko abenduaren 31ko OPA-k duten zenbatekoa deskontatu egiten da, zeinu negatiboarekin, eta era berean doiketa positibo bat egiten da 2016 ekitaldiari egotzi arren benetan aurreko ekitaldietakoak ziren eragiketen zenbatekoarekin. Gastu arauaren kasuan gehitu egiten zaio aurrekontuari egotzitako gastuaren zenbatekoari OPA hauen zenbatekoa, aurrekontuan egindago gastua balitz bezala, eta aldi berean deskontatu egiten da benetan aurrekontuari egotzi arren 2016 ekitaldia baino lehenagokoei dagokien gastua, ulertzen baita ez dela aintzat hartu behar gastu konputagarriaren muga kalkulatzerakoan.

OPA eragiketen zenbatekoa ahal den neurrian desagertarazteko, urtero ematen den egoera baita, neurri handi edo txikiagoan, 2018ko Aurrekontua lantzerakoan partiden aurreikuspenak gehitzeko ahalegina egin da, benetako beharrizanez gain aurreko ekitalditik onartzeke gelditu diren zenbatekoei ere aurre egiteko.

d) Kobratzeko dauden saldoen zuzkiduraren defizitagatiko doiketa, aurrekontuz kanpokoak eta 2015ekoak.

Kasu honetan doiketa negatibo bat egiten da, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko 10/2003 Foru Arauak ezarritakoa baino irizpide murriztaileago bat jarraitu delako saldo kobragaitzak kalkulatzerakoan.

Gernika-Lumoko Udalak, 2016ko ekitaldiko kitapenera arte, zorrozki aplikatu izan du aipatu Foru Arauak ezartzen duen irizpidea. Hala bada, saldo kobragaitz moduan hartu ditu behar bezala aintzatetsi eta kontuetan hartu eta 24 hilebete baino gehiagoko antzinatasuna duten eskubideak.

Baina irizpide hau aldatu egin da 2017ko kitapenean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako gomendioari jarraituz. Honela, 2017ko saldo kobragaitzen kalkulua modu murriztaileagoan egin da. Alde batetik aurrekontuko zorra eta aurrekontuz kanpoko zorra aintzat hartu dira. Horrez gain, 2015eko saldoari 2015eko kobratzeke dagoen saldoaren % 10eko aparteko zuzkidura egin zaio. Azkenik, kontutan izanda 24 hilabete baino gehiagoko antzinatasuna duten zorren artean badagoela bat dirulaguntza batek eragin dueta, honen finantzaketa desbideraketa metatua Gastu Orokorretarako Diruzaintzako Gerakinetik kendu dena, 5.605,89 euroko zenbatekoarekin, deskontatu egin da zuzkiduratik zenbateko berdina. Hala bada, Foru Arauko irizpidea zorrozki aplikatuta zuzkidura 2.175.280,46 eurokoa izango litzatekeen arren, benetan egin dena 2.296.329,79 eurokoa izan da.

II.2 ataleko Bigarren paragrafoari dagokionez, adierazi behar dugu Gernika-Lumoko Udalak ez duela behar bezala eguneratu eta aprobatutako inbentariorik, Udalaren eta Autonomiadun erakundeen ibilgetuko saldoetara balio eguneratuak eraman ahal izateko, eta amortizazioak egin ahal izateko.

Ondoko gertakariak atalari dagokionez, txostenak azaltzen du 2017ko abenduan 2016ko uztaileko kontratu bat amaitutzat jo zela, zeinaren indarrez Udalak 688.277 euroren truke lursail bat esleitu zuen, zegokion kobratzeko saldoa ere baliogabetu egin zelarik. Logikoki, honek eragin negatiboa zuen 2016ko Diruzaintzako Gerakinean. Kontutan izanda 2017ko irailetik jadanik zalantzan zegoela kontratua azkenean ez ote zen amaitutzat eman beharko, Udalak, zuhurtziaz jokatuz, ulertu zuen Kreditu Gehigarrien finantzaketarako erabilgarri zegoen Diruzaintzako Gerakina hasieran kalkulatutakoa baino txikiagoa izan behar zela, 668.277 euroko zenbatekoan. Zuhurtziazko irizpide hau aplikatu zen jadanik 07/2017 kreditu aldaketa espedientea tramitatzerakoan, 2017ko irailaren 27an.

III. Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak atalaren inguruko arrazoibideak.

III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.

Lehen paragrafoan adierazten da «Aurrekontuaren diru-laguntzen eranskinak ez zuen gastu kapitulu hau osatzen duten kontu-sailen emakida prozedura adierazten».

Hau izan da hobetu nahi izan den puntuetako bat, Epaitegiak egindako gomendioei jarraituz, 2018ko Aurrekontu Orokorraren espedientean. Dirulaguntzen eranskina aldatu da, aurreikusten diren dirulaguntzak multzokatuz beraien izaera eta hauek ematerakoan jarraitutako prozedura aintzat hartuta.

Hirugarren atalean adierazten da komenigarria litzatekeela tasen araudia errebisatzea, hauen autolikidazioa edota borondatezko ordainketa epeak finkatuz. Hau da 2019rako Ordenantza Fiskalak onartzeko espedientean aurrera eraman nahi den aldaketetako bat.

Bosgarren atalean adierazten da Kontu Orokorraren Memorian informatu beharko litzatekeela aldez aurretiko erretiroagatiko aparteko ordainsariak existitzen direla.

Puntu honetan aipatu behar dugu 2018ko Aurrekontuko espedienteko Memorian, 1.go kapituluari buruz ari denean, ondorengo paragrafoa txertatu dela:

«Ez da aurreikusi gastuen kontuan behar baino lehenagoko jubilazioengatik ordaindu beharreko zenbatekorik. Edonola ere, kuantifikatu gabeko pasibo bat dago, behar baino lehenagoko jubilazioengatiko azterketa aktuariala behar delako.»

Seigarren atalari dagokionez. Esaten da Udalak ez duela Memorian informatzen TAO zerbitzuko makinetan jasotako dirubilketa eta zerbitzu honengatiko emakidadunari egindako ordainekaren artean konpentsazio bat egiten dela. 2018ko Aurrekontuaren espedientean, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako gomendioari jarraituz, ondorengo paragrafoa txertatu da:

«Udalak sinatuta dituen kontratuei dagokienez, adierazi behar dugu, TAO zerbitzuaren kontratuaren kasuan, Gernika-Lumoko Udalarentzat zerbitzu honen urteko kostua 276.544,43 eurokoa izan dela, hau izan baita enpresak kobratu eta udalean ingresatzen ez den diruaren zenbateko konkretua.»

V.– Urteko kontuak.

Udalaren Aurrekontu Emaitzari dagokion kuadroan aurreko ekitaldietan kitatutako aurrekontuko eragiketen emaitzatzat hartu da (-111)-ko (milaka eutotan) zenbatekoa. Baina Gernika-Lumoko Udalak Bizkaia osoan aplikatzen ari den irizpidea jarraitu du, hau da, zorrozki aplikatu du 139/2015 Foru Dekretuak, bere Hirugarren Zatian, Urteko Kontuak, 1) atala, Urteko Kontuak prestatzeko arauak, 10. Aurrekontuaren likidazioaren egoera-orria, egiten duen aurrekontu emaitzaren definizioa.

Puntu honetan aipatu Dekretuak adierazten du aurrekontu itxietako Aurrekontu Emaitza osatzen dutela ekitaldian anulatutako aurreko ekitaldietako aintzatetsitako obligazioen eta ekitaldian baliogabetutako aurreko ekitaldietako aintzatetsitako eskubideen arteko aldeak.

Bizkaiko Foru Aldunditik adierazi digute 139/2015 Foru Dekretuak ezarritako kontabilitate marko berria SICALWIN aplikaziora eramateko sortu zen lantaldeak aztertu zuela anulazioak eta deuseztapenak (cancelaciones) baziren aintzat hartu beharrekoak, kontabilitatean eragiketa kode ezberdina baitute.

Azkenik, eta Bizkaia maila osorako, erabaki zuten anulazioak bakarrik aintzat hartzea, ulertzen baitzuten araua anulazioei buruz ari dela zorrozki, eta ez deuseztapenei buruz, eta deuseztapenak aintzat hartu nahi izan balitu adieraziko luke.

Guzti honen ondorioz, Aurrekontu Emaitzako aurreko ekitaldietan kitatutako aurrekontu eragiketen emaitza 2016an -17.974,02 eurokoa da, eta ez -110.853,69 eurokoa.

Txostenaren ondorioei egiten zaizkien arrazoibideak.

III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.

Hirugarren atalean adierazten da Udalak 2011ko abenduan gerorapen bat eman ziola sustatzaile bati Santa Luciako urbanizazio kuoten ordainketarako. Gerorapena 2 urterako eman zen, nahiz eta aurkeztutako berme errealek ez zuten baliorik, aldez aurreko hipoteka kargak zituelako. Horrez gain, 2012ko apirilean iraungi egin ziren erregistroko izen-emateak, Udalari urbanizazio kuoten kobrantza bermatzen ziotenak, eta 2017ko azarora arte ez zen abiarazi diru-bilketarako betearazte bidea.

Udalaren arrazoibidea: goian aipatzen den ordainketa bermatzen zuen etxebizitzen bahitura mandamendua Gernika-Lumoko Jabetza Erregistroan aurkeztu zen 2011ko abenduaren 19an, sustatzailea eta Udalaren artean hitzarmena sinatu osteko laugarren egunean. Hitzarmen honetan, beste gai batzuen artean, zorraren gerorapena ebatzi zen, eta bahituraren idazpena egitea berme bezala. Erregistroak bahitura idazpen hau 2012ko urtarrilaren 9an burutu zuen, eta idazpen hauek, HL-aren 86. Artikuluaren arabera, ez dira iraungitzen 4 urte igaro arte, hau da, 2016ko urtarrilaren 9ra arte. Beraz, akats bat ageri da Epaitegiak idazpenen iraungitze datari buruz egiten duen aipamenean.

Bestalde, nahiz eta aurkeztutako berme errealek itxura batean ez zuten baliorik, aldez aurreko hipoteka kargak zeudelako, adierazi Hitzarmena sinatu zen egunetik gaur egunera arte eragiketa ezberdinen bidez zorra gutxitu ahal izan dela. Hala bada, Hitzarmena sinatzerakoan zorra 910.964,25 eurokoa izanik, gaur egun 575.425,75 eurokoa da. Horrez gain, derrigorrezko dirubilketara pasatu zen momentuan martxan jarri dira bide honi dagozkion dirubilketarako baliabideak, hauen artean bahituraren idazpen berria, eta epe laburrean beste eragiketa bat ixtear dago berriz ere zorraren zenbatekoa murriztuko duena.

III.3.– Kontratazioa atala egindako alegazioak.

1.– Gernika-Lumoko udalerriko espaloiak, plazak eta oinezkoen zein autoen guneak eta baita ere kaleko egitura eta hornidura elementuak mantentzeko, kontserbatzeko eta konpontzeko zerbitzu-kontratuari dagokionean, esan behar da 2011n esleitutako kontratua txostenean aztertzen denean materialak eta eraikuntzarako ekipamenduak kontuan hartu ez diren arren, aintzat hartu direla lizitazio berrian eta 2017ko abenduaren 20an esleitutako kontratu berrian. Beraz, puntu hori zuzendu egin da, aipatu horniketak prezio zenbatetsian kontuan harturik.

2.– Gernika-Lumoko lorategiak, parkeak, arboladiak, lorontziak eta setoak kontserbatu eta mantentzeari buruzko zerbitzu kontratuari dagokionean, aipatu behar da 2018ko ekitaldian landare erosketa-kontraturako horniketa kontratu berezia egin dela, prozedura irekiaren bidez eta irizpide bakarrari eutsiz, hau da, prezioarenari.

Hargatik, lorategiak kontserbatu eta mantentzeri buruzko zerbitzu kontratuaren lizitaziorako pleguetan ez da kontuan hartuko landareak erosteari dagokion kostua.

3.– Hobekuntzak zehaztu eta baloratzeko sistemari gagozkiola, aurreko bi kontratuetan izandako hutsunetzat jotzen da, baina esan behar da zuzendu egin dela udalerriko espaloiak, plazak eta oinezkoen zein autoen guneak eta baita ere kaleko egitura eta hornidura elementuak mantentzeko, kontserbatzeko eta konpontzeko zerbitzu-kontratuaren lizitazio berrian, ez zelako hobekuntza baloraziorik aintzat hartu eta, era berean, kontuan hartuko da lorategietako kontserbaziorako eta mantenurako plegu berriak moldatzerakoan.

4.– Kontratuak esleitzeko bi hilabete baino gehiagoko atzerapenaz txostenak dioenari buruz, uste dugu forma aldeko ez-betetzea dela, administrazio honentzat edo lizitazioan partaide izan direnentzat aipatzeko ondoriorik izan ez duena; aurreikusitako bere ondorio legal bakarra da adjudikaziodunerako proposatu denak aukera izango lukeela eskaintza atzera botatzeko. Atzerapenaren arrazoi bakarra da parte hartu duten udal sailetako barne antolaketa arazoak izan direla eta legez ezarritako epeak betetze aldera atzerapenak saihesteko beharrezko baliabideak jarriko dira.

Gernika-Lumoko kale garbitasun, hiri hondakin bilketa eta garraio zerbitzurako eta industria hondakin banalen transferentzia planta ustiatzeko kontratuaren exekuzioaren atzerapenari dagokionean, espedientera jotzen dugu. Bertan jasotzen diren agirietan daude zurigarriak, baldintza berrien arabera exekuzioa atzeratzeko arrazoiak argitzen dituztenak.

Bestalde, aipatu behar da funtsezko zerbitzu baten kasuaren aurrean gaudela, administratuei ezin zaiena eten, kontratu bietan adjudikaziodun enpresa berbera dugula eta aurreko kontratua luzatu egin zuela Udalbatza Osoak adjudikazio berria gauzatu arte.

5.– Kale garbitasun, hiri hondakin bilketa eta garraio zerbitzurako eta industria hondakin banalen transferentzia planta ustiatzeko kontratuaren izaera dela eta, epaitegiak uste du zerbitzu kontratua izan beharko litzatekeela, 6 urtekoa gehien jota; izaera horri buruz sortu diren zalantzak azpimarratzeaz gain (jurisprudentzia eta doktrina ugari bitartean), eta inbertsio handiak eskatzen dituen kontratua izanik (kamioak, barredorak, zabor ontziak...), ekonomia ikuspegitik amortizazio jasangarria izateak eramaten gintuen 8 urteko epera. Hori horrela, ezinezkoa zen 6 urteko zerbitzu kontratura jotzea.

Kontratuei buruzko legedi berriak, 2018tik aurrera indarrean dagoenak, kasu honetako zerbitzu kontratua bezalakoetan 5 urte baino gehiagoko iraupena izateko bidea ematen du –honelako kontratuetarako orokorrean jarritako epea dugu– egin beharreko inbertsioak berreskuratzeko epe luzeagoa behar denean (Kontratu Lege berriaren 29.4 artikulua).

6.– Esan behar dugu Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria idazteko kontratazio espedientean jasotzen den adituen batzordearen jarduera eta osaerari dagokionez, ez dela aurkeztu aurkaratzerik edo oharrik, ez lizitatzaileen aldetik ez hirugarrenen aldetik ere.

7.– Santa Luzia auzoko Hiri Parke berrirako Hiri-lanei eta Paisaia-lanei buruzko azken obra-ziurtagiria dela eta, esleitutako prezioaren % 10erainoko obra berriko unitateak jasotzen zituen, Kontratazio Organoak aurretiaz onartu gabeak.

Aipatu behar da Udalak eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela, obrak kontrolatu eta ikuskatzeko exekuzio-zuzendaritza kanpoko profesionalei agindu eta izandako errakuntzak saihesteko, eta aplikagarria den legedian aurreikusitako tramiteen arabera espedienteak osatu daitezen.

Alde orokorrei dagokienean, hauxe aipatu:

– Prezioaren faktorea baloratzeko formulari buruz esan behar formula desberdinak aztertu izan direla, prezioaren garrantzia baloratzeko lizitatu daitezkeen kontratu desberdinen arabera, ez delako derrigortzen formula bat erabiltzeko.

– Zuzen-zuzenean adjudikatutako kontratu desberdinei dagokienean, euretako batzuk zuzenduak izan dira eta beste batzuk legeztatze bidean daude, ezarrita dauden legezko kontratazio prozeduren bitartez.

– Udal eraikinen garbitasuna dela eta, aipatu behar da zerbitzu hau kontratatzeko espedientea 2017ko irailaren 27an Udalbatza Osoak onartu zuela, iragarkiak bidezko buletinetan argitaratuz. Gero, 2017ko urriaren 16an, «OARC» erakundean errekurtso berezia aurkeztu zen eta, erakunde honek, 2017ko azaroaren 14an ebatzi zuen errekurtso horren ebazpenerako eta jakinarazpenerako epea etetea. Aipatu ebatziaren kopia erantsita doa.

Gaur egun errekurtso hori ez da oraindik ebatzi. Beraz, espedientearen tramitazioarekin ezin da jarraitu, lizitazioaren funtsezko alderdi batzuk zalantzan jarri direlako.

– Kontratu bat 128.964 eurotan adjudikatu eta obra txikitzat jota 42.495 eurotan (%33) aldatu behar izan zenari dagokionean, esan behar da Udalak eskura dituen bitarteko guztiak jarriko dituela horrelako errakuntzak saihesteko.

Alegazioak II.1 apartatuari dagokionez legea betetzeari buruzko iritziari buruzkoa.

Langileria.

Apartatu honetan adierazten da Udalak eta erakunde autonomoek Udalbatzak onartutako % 1en gainetik gehitu zituztela 2016ko ordainsariak, ekitaldian ordaindutako berariazko osagarriari produktibitatearen zenbatekoa txertatzean.

Udalaren alegazioa:

Zalantzarik gabe, EUDELek Udalei bidalitako gomendioaren interpretazio okerra da, 2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorren onarpenaren ondoren egin beharreko ordainsarien gehitzeari buruzkoa. Gomendio horretan, besteak beste, adierazten zen, «Ekitaldi honetan ahalegin berezia egin denez eta konpromiso publikoak bete direnez, neurri batean aurre egin ahal izan zaio langile publikoek azken ekitaldiotan galdutako erosketa-ahalmenari. Hori dela eta, 2015ean oinarrizko ordainsarien eta ordainsari osagarrien soldata-masaren % 0,6ko funtsa zuzkitu beharko litzateke, zerbitzugintza publikoa modernizatzeko eta arrazionalizatzeko eta erakundearen produktibitatea hobetzeko. Hartara, ekitaldi honetan bertan betearazi liteke, ahal dela; edo aurrekontuaren arabera halakorik egiterik dagoenean, besterik adierazi ezean, 2016 urtearen barruan saiatuz.»

Aldi berean, EUDELen I. eranskinean – Ordainsarien proposamenean jasotzen da «2012-2015 urteetan % 5 galdu da erosteko ahalmena. Ildo horretatik, alderdiek hitzartu dute 2015eko azken hiruhilekoan ahalmen hori berreskuratzeko formulak aztertuko dituztela, 2019ko denbora mugarekin.» Eta hirugarren paragrafoan adierazten da «Aurrekoari kalterik eragin gabe, alderdiek % 0,6 ordaintzea hitzartzen dute, aipatutako % 5 zordunduz 2015. urtean zehar.»

Adierazitakoaren ondorioz, ulertu zen ordainsarien gehitzea egin zen bezala egin ahal zirela.

Kontratazioa.

Apartatu honetan adierazten da Udalak hornidura bat zuzenean eta zerbitzu bat publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu zuela 11.000 euroko kostukoa, 2016an, prozedura ireki bidez esleitu behar zena.

Udalaren alegazioa:

Merkatari eta elkarteentzako euskararen sustapenerako zerbitzua bi (2) urterako + bi (2) luzapenerako kontratatu zen baina bi urteko epea igaro ondoren Udalak luzatu egin du bi hilabetez bakarrik, 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, publikotasunik gabeko prozedura negoziatuen kontratuena, ezartzen duen 60.000 eurotako limitea ez gainditzeko. Halaber, euskara zerbitzua pleguak lantzen ari da merkatari eta elkarteentzako euskararen sustapenerako zerbitzua kontratatzeko prozedura ireki sinplifikatu bidez.

Alegazioak III apartatua, barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpideari buruzkoa.

III.2.– Langileria.

Apartatu honetan, adierazten da:

– 2016an indarrean eutsi zitzaion 2010ean egindako bitarteko funtzionario baten izendapenari; ordea, araudiak 3 urtera mugatzen du programak betetzeko izendapenen iraupen aldia.

Udalaren alegazioa:

Egoera hau erregularizatu egin da Alkatetzak uztailaren 4an emandako 506/2018 Dekretuaren bitartez.

– Udalaren eta erakunde autonomoen lanpostu zerrendak lanpostuak kategoria eta kidegoaren arabera zerrendatzen ditu, baina ez ditu ordainsari oinarrizko eta osagarriei dagozkien kreditu zuzkidurak zehazten eta ez ditu aparteko ordainsariak eta bestelako hartzekoak kuantifikatzeko gauzatutako balioespen globalak adierazten. Gainera, azken hauen izendapen banakoa alkateak edo zinegotzi ordezkariak egin behar luke.

Udalaren alegazioa:

Aparteko ordainsarien ordainketa erregularizatu egin da zerbitzuaren zinegotzi arduradunaren sinadura edo oniritzia jasotzen delako.

– 24 udaltzainei hilabeteko kopuru finkoak ordaindu zitzaizkien, lanaldia 93 orduz luzatzeagatik eta jai egunetan egindako lanagatik. Bi kontzeptuok berariazko osagarriari eta LZri gehitu behar litzaizkioke edo hilero ordainsari modura kitatu.

Udalaren alegazioa:

2018ko ekainaren 27an onartutako Lzren aldaketan jasotzen da udaltzainen lanaldi luzatua.

Aurreikusita dago jai egunetan egindako lanaren ordainketaren erregularizazioa, kontuan izanda udaltzainburuak egin beharreko likidazioa benetan burututako lanari buruz.

– Udalaren eta Kirol Patronatuaren 2016ko LZk, hurrenez hurren, dedikazio bereziko 10 eta 3 lanpostu barne hartzen zituzten, baina zenbatekoa finkatu gabe, ordainsariaren % 7 eta % 22 bitartekoa izan zena.

Udalaren alegazioa:

2018ko ekainaren 27an onartutako LZn jasotzen da zenbatekoa daukaten lanpostuetan.

Erakunde Autonomoak.

– Kultur Etxearen (musika eskola), LEZren eta Euskaltegiaren lanpostu zerrendek ez dituzte 3 langileri esleitutako osagarriak jasotzen, zuzendaritza egitekoak betetzen dituztenak.

Udalaren alegazioa:

Adierazten den osagarria LEZko hiru langilek dutena da irakaskuntza-funtzioengatik.

Euskaltegian eta Musika eskolan badaude lanpostu-mailako osagarri handiagoak, 2018ko ekainaren 27an onartutako LZren aldaketetan jasotzen direnak, bertan zehazten delarik zuzendaritzako eginkizunak betetzeagatik direla.

Alegazioak III.4 apartatua, transferentziak eta diru-laguntzei buruzkoa.

Apartatu honetako laugarren paragrafoan adierazten da «(...). Kultur Etxeak ere zuzenean esleitu zizkien 11.303 euroren diru-laguntzak 6 kultur elkarteri, nahiz urtero deialdia egiten den entitate mota honetarako.»

Udalaren alegazioa:

Egitasmoak eta ekintza kulturalak finantziatzeko, Kultur Etxea erakunde autonomoak diru-laguntzak emateko araudian jasotzen da ez ohiko edo aldian behingo ekitaldietarako diru-laguntzak aurretiaz emateko aukera (adierazitako 8.artikuluan), eta honen arabera egiten da emakida Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazten dituen 6 elkarte kulturalei.

Diru-laguntzen deialdi orokorrean bere xedea da udal elkarte-ehunaren mantenuari laguntzea eta lehia prozedura bitartez ematen dira puntuen baremazioarekin, kontuan izanik, kasua balitz, aurretiaz jasotako zenbatekoa.

Udal Kirol Patronatua – Alegazioak.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea ez betetzeari buruzkoa.

Kontratazioa.

2.– Zera batzen da: «Kirol Patronatuak horiek printzipioak (publizitatea eta konkurrentzia) hautsi zituen 2016an, zuzenean edota publizitate gabeko prozedura negoziatuaren bitartez, hornikunzta kontratu bi eta 391.354 euroko aurrekontupeko zerbitzu bat adjudikatu zituen.»

Horri buruz honako hau adierazi:

2016an Kirol Patronatuak Santanape Polikiroldegiko gimnasioak atondu zituen enpresa desberdinei zenbat material erosi ostean. Argi utzi behar da, Kirol Patronatuak ez zuela, 391.354 euroko aurrekontupean, enpresa bakar bati esleipenik egin; hori kantitatea gimnasioak atontzeko enpresa ezberdinei erositako materialaren gaineko faktura guztien batuketari dagokio.

Erositako material eta ekipamendu ezberdinak, nahiz eta Kiroldegiaren leku zehatz batean (gimnasioak) jarri, ezaugarri eta funtzionalitate guztiz ezberdinak dituzte beraien artean. Muskulazio makina batek ez du zerikusirik spinnig-eko bizikleta batekin, edota erremurako den ergometro batekin edo ezgaitasuna duten pertsonek solik erabiltzeko den aparatu batekin, adibide batzuk jartzearren.

Arestian adierazitako kontuan izanda, hornitzaile desberdinei aurrekontu ezberdinak aurkezteko eskaera luzatu zitzaien, gimnasio guztiak atontzeko erosi nahi zen kirol material ezberdinaren arabera. Horrez gain, adierazi baita ere erositako ekipamendu eta material guztiak saltzen zituen enpresa/hornitzaile bat bera ere ez genuela aurkitu.

Azkenik, gaineratu produktu bakoitzeko aurkeztu ziren aurrekontu ezberdinen eta horien balorazio ekonomiko baten bitartez burutu zirela esleipen guztiak, momentu oro, indarrean dagoen legeria betez.

Kontratazioa.

3.– Batzen da, Kirol Patronatuak 2006an amaitu zen kontratu bat indarrean izan zuela 213.112 euroko kostupean.

Garbitasun kontratua da kontratu hori.

Honako zerbitzua kontratatzeari dagokionean, EKAO erakundeak 2017ko azaroaren 14an ebatzi zuen udal eraikinak garbitzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartzearen aurka errekurtso bereziaren ebazpena eta jakinarazpena gauzatzeko epea etetea. Gaur egun, errekurtso hori ez da oraindik ebatzi eta, beraz, lizitazioa ezin da bideratu, errekurtso horretan zalantzan jartzen direlako kontratazioaren funtsezko aspektuak.

III.4.– Transferentziak eta Diru Laguntzak.

Erakunde Autonomoak.

Batzen da: «Kirol Patronatuak hamar (10) elkarteen artean 42.857 euroko diru-laguntzak banatu zituen urteko programetarako, kirolari eta talde kopuruaren arabera, diru-laguntza horiek banatzeko erraztu diren datuak egiaztatu ondoren, baina ez zertarako/arrazoia».

Kirol Patronatuak diru laguntzak eskaintzen ditu ondoko bi kontzeptuen arabera: bata, entitate batek antolatzen dituen ekintza puntualak kontuan izanda; eta, bestea, Kirol Patronatuko Zuzendaritza batzordeak ezarritako baremo batzuk kontuan izanda (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuak).

Entitate batek antolatzen dituen ekintza puntualak aztertzeko, antolatzaileari diru-laguntza justifikatzen duen gastu-sarreren gaineko memoria bat eskatzen zaio, eta diru-laguntza hori «zertarako» erabiltzen da? Bada, ekintza zehatz horrek dituen antolaketa gastuen parte bati aurre egiteko erabiltzen da.

Baina kasu honek, bigarren kontzeptuari eusten dio, hots, talde kopuruari, lizentzia-kopuruari (derrigorrezko gutxieneko fitxa kopurua), lurralde eremuko konpetizioari, modalitatearen izaera autoktonoari eta denboraldi baterako derrigorrezko ohiko konpetizio izaerari eusten dien baremo batzuen araberako diru-laguntzak kontuan dituen kontzeptuari. Kirol entitate batzuei diruz laguntzea da helburua, federazio ezberdinek araututako konpetizio batzuetan parte hartzeak dakarren gastuari aurre egin ahal izateko (arbitrajea, desplazamendua, federazio-lizentziak, etab.).

Kirol Patronatuak Klub bakoitzari emandako diru-laguntza ohiko konpetizioetan parte hartzeko beharrezko aurrekontuaren zati bati erantzuten dio bakarrik eta klub bakoitzak bidezkotzat jotzen duen konpetiziorako gastuen atalerako erabiliko du; Hori izanik diru-laguntzaren «arrazoia/zertarako» horri erantzuten diona.


Azterketa dokumentala