Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2018ko azaroaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5645

AGINDUA, 2018ko azaroaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita diru-laguntzak emateko honako zeregin honetan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei: premia bereziak dituzten ikasleen inklusioa eta parte-hartzea sustatzea eskolaz kanpoko jardueretan eta kirol- eta aisialdi-jardueretan.

Inklusioaz aritzean, zehazki, gizarteak aniztasun-adierazpen guztiei (linguistikoa, kulturala, gaitasunak, sexu-joerari eta generoari buruzkoak, sozioekonomikoa, etab.) erantzuteko izan behar duen moduaz ari gara. Justizia sozialeko paradigma etiko batetik abiarazten da, eta diskriminazio eta bazterkeria mota guztiak gainditzea esan nahi du. Erdigunean ditu guztion eskubide-berdintasunaren printzipioa eta, ondorioz, eskubide horiek pertsona guztientzat eta testuinguru sozial eta pertsonal guztietan gauzatzeko gizarte-betebeharra.

Aniztasuna aberastasun sozial eta pertsonaleko faktoretzat hartu behar da, berezkoa baita etengabe aldatzen ari den gizartean, eta halako gizarte batek dituen erronkei aurre egiten laguntzen baitu. Eskolak, gizartearen parte den eta horren osaeran eta garapenean garrantzi handia duen heinean, lagundu behar du inklusio-printzipioak esparru guztietan garatzen, eta, bereziki, prestakuntzaren eta bizikidetzaren alorretan.

Eskolan, gainera, badira eskola-orduz kanpoko testuinguru eta espazioak, eta, horietan ere, bermatu beharra dago ikasle guztiek parte-hartze osoa izango dutela; batik bat, premia bereziak dituzten ikasleek.

Lan-ildo horri jarraituz, Hezkuntza Sailak deialdi bat egiten du diru-laguntzak emateko honako zeregin honetan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei: Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen inklusioa eta parte-hartzea sustatzea ikastetxeetan egiten diren eskolaz kanpoko jardueretan eta kirol-, jolas- eta aisialdi-jardueretan.

Horregatik, bat etorriz Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuan xedatuarekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin, lege hori garatzen duen Erregelamenduarekin eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan), eta aintzat hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean onartutako kredituen arabera, eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da diruz laguntzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek egiten dituzten zenbait jarduketa, helburu dutenak premia bereziak dituzten ikasleen inklusioa eta parte-hartzea sustatzea ikastetxeetan egiten diren eskolaz kanpoko jardueretan eta kirol- eta aisialdi-jardueretan, 2018-2019 ikasturtean.

Inklusioa eta parte-hartzea sustatzen duten jardueratzat hartuko dira diseinua, ingurunea, materiala eta garapen-baldintzak egokitzen dituztenak desgaitasun fisikoa, psikikoa edo zentzumenena duten ikasleen premietara, modua izan dezaten jarduera horietan parte hartzeko gainerako ikasleekin batera.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Deialdi honetako helburua lortzeko, guztira 250.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Aurrekontu-funtsak agortuko balira, horiek eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, eskaera guztiei erantzuteko behar den guztizko zenbatekoa kontuan izanda bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berdinean.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Izaera pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetako diru-laguntzak, legez eratuak badaude, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan jarduten badute eta deialdi honen xede diren jarduerak ikastetxeetan garatzen badituzte.

4. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute erakundeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 6. artikuluan xedatuarekin bat etorriz.

2.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, edo horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

Alde horretatik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Honako hauek egiaztatuko dira eskabideari erantsitako erantzukizunpeko aitorpenaren bidez:

– Ez duela jaso xede bererako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik, Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diruz lagundutako deialdi edo programetatik datorrenik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik, eta, halaber, ez duela debekurik diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean ez izateagatik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela eta ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira eskolaz kanpoko jardueren eremuan premia bereziak dituzten ikasleen inklusioa sustatzen duten eta ikasle horiek parte-hartzeko dituzten oztopoak ezabatzen dituzten jarduerak, hala nola kirol-, jolas- eta aisialdi-jarduerak eta eskolaz kanpoko izaera duen beste edozein, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko haur-, lehen- eta bigarren-hezkuntzako ikastetxeetan garatzen badira.

2.– Gastu hauek finantzatzeko emango dira agindu honetan aipatzen diren laguntzak:

a) Jarduerak antolatu, koordinatu eta burutzeko langileak kontratatzeko gastuak, barnean hartuta premia bereziak dituzten ikasleei parte hartzen laguntzeko langile espezializatuak edo laguntza pertsonala ematekoak.

b) Jolas- edo kirol-jarduerak edo ekitaldiak garatzeko espazio publiko edo pribatuak alokatzeko gastuak, baldin eta jarduerak hainbat ikastetxetako ikasleentzat zuzenduta badaude, eta haiek gauzatzeko ikastetxeetan ez dauden instalazioak beharrezkoak badira, hala nola igerilekua duten kirol-instalazioak edo ekitaldiak gauzatzeko espazioak.

c) Jarduera edo ekitaldia garatzeko materiala alokatu edo erosteko gastuak.

d) Jardueren edo ekitaldien publizitatea eta zabalkundea egiteko gastuak (afixak, informazio-liburuxkak, beste ikastetxe batzuk gonbidatzeko gutunak...).

3.– Erakunde onuradunek jardueraren exekuzioa azpikontratatu ahal izango dute, finantzatzen diren gastuen % 50eraino gehienez.

4.– Ez dira inondik ere finantzatuko izaera kurrikularra duten jarduerak edo ikastetxearen jarduera osagarriak. Bazter geratuko dira, halaber, Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bultzatutako bestelako deialdien babespean diruz lagundutako edo burututako jarduerak.

5.– 2018-2019 ikasturtean garatu beharko dira diru-laguntza hauen xede diren jarduerak, zehazki 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean.

6.– Onartutako aurrekontuaren % 80 lagunduko da diruz gehienez.

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, 2018ko azaroaren 26ra arteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua eta 5.3 artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak eskuragarri egongo dira egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/inclusion/y22-izapide/es/

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/micarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai ea justifikazio-izapidea ere.

4.– Ofizioz egiaztatuko da eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion elkarte-erregistroan inskribatuta eta alta emanda daudela. Administrazio honetan inskribatuta ez dauden erakundeek dagokion erregistro publikoan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

5.– Dokumentazio tekniko hau aurkeztu behar da eskabidearekin batera:

a) 2018-2019 ikasturtean egindako edo egin nahi diren jardueren deskribapen zehatza, betiere diru-laguntzen deialdi honen xedearekin lotuta eta ekintzak bereizita. Jarduera bakoitzari buruz, zehaztu beharko da zein diren helburuak, zertan diren, zein izan daitezkeen jarduera horien hartzaileak eta zenbat, ekintzek zenbat iraungo duten, eta noiz eta non egingo diren.

b) Ekintza bakoitzaren aurrekontu xehatua, aurreikusten diren gastuak eta, hala badagokio, diru-sarrerak adierazita (sarrerak kobratuta lortutakoak, beste erakunde publiko edo pribatuek emandako diru-laguntzak...).

7. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Aurkeztutako eskaeran ikusten bada akatsen bat edo datu okerren bat dagoela edo agiriren bat falta dela, 10 egun balioduneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari arazoa zuzen dezan. Zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko du agindu honetan ezarritako diru-laguntzak emateko prozedura.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, sei hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

2.– Ebazpena argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/es/), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera du interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzeko, SMS edo mezu elektronikoak bidaliz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko da, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen babespean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egiten dituen beste deialdi batzuetatik xede bererako lor daitekeen beste edozein diru-laguntzarekin. Hala ere, bateragarriak dira beste diru-laguntza batzuekin, baldin eta, helburu bera izanik, beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu.

2.– Nolanahi ere, emandako laguntzek eta diru-laguntzek, jarduera bererako beste diru-laguntza batzuek eta finantzatutako ekintzaren bidez lortutako diru-sarrerek, denek batera, ezin izango dute gainditu burututako jarduerak guztira sortzen duen gastuaren % 100.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzen erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte (finantzaketa publikoa jaso dutela egoki jakinarazteko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat); horiez gainera, betiere, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo diru-laguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hori hartu.

b) Kalte materialak, fisikoak edo erantzukizun zibilekoak estaltzeko aseguru bat izenpetzea, deialdi honetako laguntzen xede diren jarduerak gauzatzean sor litezkeen gorabeherak estaltzeko adinakoa.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

f) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Ordainketa bakar batean ordainduko da diru-laguntza, onuradunak diru-laguntza onartu ondoren betiere.

13. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek 2019ko irailaren 16ra arteko epea izango dute egindako jardueren justifikazioa aurkezteko. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Burututako jardueren azalpen-memoria. Aurreikusitako plana bete dela erakusteko eta ziurtatzeko behar diren xehetasun guztiak izan beharko ditu.

b) Egiaztagiriak eta fakturak, onartutako aurrekontuan azaltzen diren gastuei dagozkienak eta proiektuan aurreikusitako diru-sarrerei dagozkienak, izan saldutako sarreretatik, lortutako diru-laguntzetatik nahiz gainerako finantzaketa-iturrietatik sortutako diru-sarrerak. Kontzeptu finantzagarriek bereizita eta banakatuta agertu beharko dute faktura horietan. Fakturen edo dokumentuen gastu-datak ezin izango dira 2019ko abuztuaren 31 baino berandukoagoak izan.

2.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.net/micarpeta

3.– Esleitutako diru-laguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako diru-laguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea eta jasotakoa itzuli beharko da.

14. artikulua.– Emateko ebazpena aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzarik aldatuz gero, aldatu ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada; betiere deialdi honetan erakunde onuradun izateko ezartzen diren gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta, hala badagokio, administrazio honetatik edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatutatik jasotako laguntzak edo diru-laguntzak bateragarriak badira. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aldaketak egiteko ebazpena emango du diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko. Erakunde onuradunak, bestalde, itzuli egin beharko du mugaz kanpo jasotako zenbatekoa.

2.– Finantzatutako jarduerari lotutako gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta, jardueraren balantze ekonomikoa aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki doituko zaio benetan sortutako gastuari.

15. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa eta aplika daitezkeen legezko interesak, berandutze-interesak barne direla:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

b) Diru-laguntza ez erabiltzeagatik hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako

c) Diru-laguntza eragin zuen jarduera ez gauzatzeagatik.

d) Ez justifikatzeagatik diru-laguntza erabili dela eman zen helburu zehatzetarako.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan, agindu honetan edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Datuak babestea.

Deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Hori guztia hala egingo da lege hauekin bat etorriz: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Zuzenean aplikatuko dira oinarrizko legedi gisa ematen diren aginduak, bai Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrekoak bai Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretukoak; izan ere, lege horietan agindutakoak lehentasuna izango du agindu honetan bildutako oinarrien aurrean, oinarrizko lege horiekin bat ez datozen alderdietan.

Prozedurari dagokionez agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, xedapen hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala