Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2018ko azaroaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5642

164/2018 DEKRETUA, azaroaren 13koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Foruko Udalak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Foruan, udal bizikleta-bidea/bide publikoa egokitzeko proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak, bide-segurtasuna eta bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko xedearekin.

Foruko Udalak, «Udal bizikleta-bidea/bide publikoa egokitzea, bide-segurtasuna eta bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko» izeneko proiektuaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2018ko ekainaren 20an, Foruko Udalak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2018ko uztailaren 2ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (126. zk.). 2018ko ekainaren 20an ere, Foruko Udalak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, horiek identifikatzeko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Egun, Elexalde Auzoko iparraldean hasten den oinezkoen eta bizikletarien sarrera-irteerak ez ditu gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen, zuzenean foru errepidetik egiten baita, ikuspen gutxiko eta inolako babesik gabeko puntu batean (oinezkoentzako pasabidea, bizikletentzakoa, etab.).

Tarte berri honek sarrera segurua eskainiko du udal bidetik egungo bizikleta bidera, bai bizikletarientzat bai oinezkoentzat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 13ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Udal bizikleta-bidea/bide publikoa egokitzea, bide-segurtasuna eta bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko» izeneko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Foruko Udalak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala