Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2018ko azaroaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5639

EBAZPENA, 2018ko irailaren 3koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Ibilgailuen garajeetako instalazio elektrikoen zerbitzu-abiatzeen, handiagotzeen eta aldizkako ikuskatzeen espedienteak tramitatzeko argibideak ematen dituena.

Behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoari buruzko araudiak, 842/2002 Errege Dekretu bidez onartuak, BT-29 jarraibide teknikoan ezartzen ditu sute- edo lehertze-arriskua duten lokaletako instalazio elektrikoetarako preskripzio partikularrak. Lokal horien artean daude ibilgailuak konpontzeko garaje eta lantegi jakin batzuk.

2006ko apirilaren 27ko Ebazpenak, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarenak, garajeen aireztapenari eta segurtasun elektrikoari dagokienez Behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoko BT-29 jarraibide teknikoa aplikatzeko jarraibideak ematen dituenak, baldintza batzuk ezarri zituen hasiera batean BT-29 jarraibideak I. motako sute- edo lehertze-arriskua pairatzeko duten eremuak desklasifikatu ahal izateko jabetza pribatuko edo jabekidetzako erregimenetako ibilgailuen garajeetako lokaletan, edo erabilera publikoko, konkurrentzia publikoko edo txandatzeetako esparruetan.

2007. urtetik aurrera, garajeetako aireztapen-instalazioei dagokienez, Eraikuntzako Kode Teknikoak osasungarritasuneko (DB HS-3 dokumentua) eta suteen kasuen aurreko segurtasuneko (DB SI dokumentua) baldintzak ezarri ditu, Zuzendaritza honen eskumeneko segurtasun elektrikoaren arloan baino exijentzia-maila handiagoarekin.

Halaber, 1053/2014 Errege Dekretuak, BT-52 jarraibide teknikoarenak, ibilgailu elektrikoak berriz kargatzeko azpiegiturari eta beste jarraibide batzuen aldaketari buruzkoak, karga horiek egiteko instalazio elektrikoak arautu ditu, askotan garajeen lokalen barruan kokatzen baitira. Zirkunstantzia horrek problematika berri bat zehazten du, orain ibilgailuak berriz kargatzeko instalazio berriak egingo direlako garajeen barnealdean, eta garaje horien instalazio elektrikoa aurreko erregelamenduaren arabera gauzatu zelako.

Bestalde, Behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoari - «Sute- edo lehertze-arriskua duten lokaletako instalazio elektrikoetarako preskripzio partikularrak» aplikatu beharreko Gida Teknikoak aplikazio praktikoak eta azalpenak ezartzen dizkio, izaera loteslerik izan gabe, BT-29 jarraibide teknikoan xedatutakoari.

Aipatutako guztia ikusita, eta 2006ko apirilaren 27ko Ebazpenaren aplikazioan agerian geratu diren problematika desberdinak aintzat hartuta, egokia da argibide berriak ematea, egungo errealitatera malgutasun gehiagorekin moldatuta.

Halaber, espedienteen tramitazioa ere egingo da, garajeetako instalazio elektriko berriak zerbitzuan jartzeko, aurrez daudenak aldatzeko eta horiek aldizka ikuskatzeko beharrezkoa den dokumentazioa zein den adieraziz.

Aipatutako lege-xedapenak eta aplikazio orokor eta bateragarrikoak aztertuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aplikazio-eremua.

1.– Ebazpen honetan agindutakoa garajeetako instalazio elektrikoei aplikatuko zaie, eta, dagokienean, garaje horien barnean kokatutako ibilgailu elektrikoak berriz kargatzeko instalazioei.

2.– Garajeetako instalazio elektrikoentzako emandako argibideak ibilgailuak konpontzeko tailerretako instalazio elektrikoei ere aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Garajeen atmosferaren desklasifikazioa. Garaje desklasifikatuak.

1.– Garaje itxi batean sute- edo lehertze-arriskuko atmosfera-guneak egon daitezke, errekuntza osatugabeko gasen eta erregaien lurruntze-gasen metaketaren ondorioz. Hori dela eta, behe-tentsioko erregelamenduak, hasiera batean, I. motako sute- edo lehertze-arriskukotzat jotzen ditu lokal horiek.

Garaje desklasifikatutzat definitzen da arrisku hori desagerrarazteko berariazko neurriak hartu dituena instalazio elektrikoak dauden eremu guztietan, 842/2002 Errege Dekretuarekin bat etorrita.

Desklasifikazio horren helburua da bai instalazio horren diseinua bai funtzionamendua BT-29 jarraibide teknikoan agindutakoaren eraginpean ez gelditzea azkenerako, sute- edo lehertze-arriskua duten lokaletan exijitutako neurriei dagokienez.

2.– Behe-tentsioko instalazioan aditua den teknikariak aurkeztu beharko ditu justifikazioak, eta, dagokion kasuan, desklasifikazioa akreditatzeko kalkuluak.

Kalkulu eta justifikazio horiek proiektuan agertu beharko dute, hartutako irtenbidearen ezaugarriekin batera. Horretarako, laguntza eman ahal izango dio aireztatze-instalazioa diseinatu eta gauzatuko duen aireztatze-enpresako teknikariak.

3.– Behin behe-tentsioko instalazioa jartzen denean eta dagozkion egiaztapenak eta frogak egiten direnean, obra-zuzendaritzak ziurtatuko du proiektatutako neurriak ezarri direla eta horien efikazia probatu dela.

4.– Desklasifikazioa aukerakoa da, eta, hortaz, behe-tentsioko instalazio elektrikoa kokatzen den eremuetan aplikatzen ez denean, instalazio horren diseinua eta funtzionamendua BT-29 jarraibide teknikoan preskribatutako kalkulu eta ezaugarrietara moldatu beharko dira.

Hirugarrena.– Behe-tentsioko instalazioen tramitazioa garaje eraiki berrietan.

1.– Bost plaza baino gehiagoko garaje bateko behe-tentsioko instalazioa abian jartzea espediente bereizi baten bitartez egingo da, eta ez eraikin osoaren behe-tentsioko instalazioaren espedientearen edo loturarik duen beste espediente baten barnean.

Garajearen behe-tentsioko espedientean beste espediente batean jasotzen den dokumentazioari erreferentzia egin ahalko zaio (proiektua, planoak, etab.), eta ez dira zertan berriz aurkeztu. Hala ere, sorbatz bakarreko ziurtagiriek eta eskemek garajeko instalazioari egin beharko diote erreferentzia berariaz, dagokien kasuan haien desklasifikazioa ahaztu gabe.

2.– Behe-tentsioan aditua den teknikariak desklasifikatutzat jo ahal izango ditu honako baldintzetako bat egiaztatutzat ematen duten garaje itxiak:

– Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea (EKT), HS3 atalean, exijitzen diren gutxieneko aire-berriztatzeen diseinuari, emariei eta dimentsionatzeari dagokionez. Kasu honetan, espedientearen ardura duen teknikariak hala adierazi beharko du bere proiektuan, EKTaren arabera garajea diseinatu zuenaren nortasuna eta gaitasuna aipatuta, eta, dagokion kasuan, garajearen aireztatzea, justifikazio gehiago eman beharrik gabe.

– Garajearen desklasifikazioaren justifikazio egokia, behe-tentsioan aditua den teknikariak egoki iritzitako metodologiarekin egina, sona handiko arauekin, esaterako.

Obra-zuzendaritzaren ziurtagirian berariaz agertu beharko du desklasifikazio eraginkorrak, behin hartutako neurrien efikazia frogatutzat ematen denean, aireztatze-sistemena bereziki.

3.– Aireztatze behartua duten garajeen espedienteen kasuan, baita 5 plaza baino gehiagoko aireztatze naturala dutenetan ere, zerbitzua abian jartzeko komunikazioarekin eta gainerako dokumentazioarekin batera, garajeko behe-tentsioko instalazioaren proiektu osoa ere erantsi beharko da, edo, horren lekuan, dagokion eraikineko behe-tentsioko proiektu orokorraren separata.

Energiaren arloko organo eskudunean aurrez emandako agirien kasuan, nahikoa izango da horien espedientearen erreferentzia adieraztea.

Proiektua, edo haren separata, nahitaezkoak baldin badira, obraren bukaerako zuzendaritza-ziurtagiria erantsi beharko da, behe-tentsioko teknikariak sinatua.

4.– 5 plaza edo gutxiagoko aireztatze naturaleko garajeen kasuan, diseinuaren txosten teknikoak ordezkatu ahalko du proiektua.

5.– Konkurrentzia publikoko garajeen kasuan eta 25 plaza edo gehiagoko desklasifikatu gabeko garajeen kasuan, horiek martxan jartzeko, behe-tentsioko kontrol-organismo baten aldeko txostena erantsi beharko da, baita dagokion jarraibide teknikoa ere.

6.– Instalazioak dagozkien jarraibide teknikoen arabera eta ITC-29 jarraibide teknikoaren gidaren III. eranskinarekin bat etorrita egin beharko dira.

Laugarrena.– Garajeetako behe-tentsioko instalazioak handiagotzeko tramitazioa.

1.– Aurrez existitzen den garaje bateko instalazio elektrikoaren handiagotzea diseinatu baino lehen, instalazioa egingo duen enpresak edo behe-tentsioan aditua den teknikariak, hurrenez hurren diseinuaren txosten teknikoa edo proiektua egiteko, aintzat hartu beharko du handiagotuko den instalazio elektrikoa garajea desklasifikatutzat hartuta egin zen ala ez.

2.– Desklasifikatutzat jo ahal izango dira oraindik garajea sute- edo lehertze-arriskua jasateko lokal bat ez dela egiaztatzen den kasuetan, edo hori hala dela ziurtatzen duen dokumentazio teknikoa dagoenean, eta, hortaz, haren instalazioa bat datorrenean oraindik dokumentazio horrekin; edo, bestela, instalazio elektrikoa aipatutako arriskurik ez duten lokaletarako diseinatu eta gauzatu zela egiaztatu beharko da, orduan indarrean zegoen erregelamenduari jarraikiz, eta beti eutsiko zaie orduan ezarritako aireztatzeari buruzko baldintzei.

Bosgarrena.– Konkurrentzia publikoko garajeak.

1.– Konkurrentzia publikoko lokaltzat joko dira, eta, hortaz, BT-28 jarraibide teknikoak ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie, BT-29 jarraibide teknikoaren gidan aipatutako garaje hauek, aurrerantzean, konkurrentzia publikoko garaje izango direnak:

– Erabilera publikokotzat jotzen diren garajeak.

– Konkurrentzia publikoko lokal gisa hartutako eraikinen parte diren garajeak.

– Ordutegi jakin bat duen jarduera bati lotutako garajeak eta 1500 m2 baino gehiagoko azalerakoak.

– Erabilera publikoko aparkaleku itxi eta estaliak, 5 ibilgailu baino gehiagorentzako direnak, dena delakoa okupazioa.

Ondorioz, hasierako eta aldizkako ikuskatzeei buruzko manuak, eta hornikuntza osagarriari edo segurtasunari buruzkoak, aipatutako garajeei bakarrik aplikatuko zaizkie.

Hala ere, aireztatze behartua duten eta 100 plaza baino gehiago dauzkaten lurrazpiko garajeetan derrigorrezkoa den erreserbako hornikuntzarik ez duten konkurrentzia publikoko garajeek, alerta-mekanismo entzungarri bat izan beharko dute aireztatze-sistemak kale egiten duenerako.

Seigarrena.– Ibilgailu elektrikoak berriz kargatzea garajeen barnealdean.

1.– Garajeen barnealdean ibilgailu elektrikoak berriz kargatzeko instalazioetan, BT-52 jarraibide teknikoaren arabera, berriz kargatzeko instalazio elektrikoak proiektua eta kontrol-organismo baten hasierako ikuskaritza eskatzen baditu, Z2 edo Z4 taldekoak, espediente independente bat egingo da, garajearen instalazioaren espedientetik eta eraikinaren espedientetik bereizia. Z5 taldeko barnealdeko instalazioetan, aski izango dira instalatzailearen txostena eta ziurtagiria, espediente independente batean ere bai.

Kasu hauetan, gainera, Ebazpen honetako zati xedatzailearen 3.1 puntuan beste espediente batzuetako dokumentazioari buruz adierazitakoa aplikatuko da.

2.– Proiektua eta hasierako ikuskaritza egiteko betekizunei dagokienez, garajeetako ibilgailu elektrikoak berriz kargatzeko instalazioak eta horien handiagotzeak BT-52 jarraibide teknikoan adierazitakoaren arabera egingo dira, eta Ebazpen honen zati xedatzailearen 4.2 puntuan adierazitakoa aintzat hartuta.

Hortaz, ez da zertan proiekturik egin G edo H taldeari dagozkion instalazioak dauzkaten garajeen barnealdean gauzatuko diren Z5 taldeko berriz kargatzeko instalazioetarako.

Zazpigarrena.– Kontrol-organismoen aldizkako ikuskapenak garajeetako instalazio elektrikoetan.

1.– Oro har, instalazioak martxan jarri ziren datan edo haien handiagotzea gauzatu zen datan aplikatutako erregelamenduetan adierazitako zehaztapen teknikoak eta segurtasuneko zehaztapenak aplikatuko zaizkie.

2.– Hala ere, instalazioaren egoera, kokapena edo ezaugarriak pertsonentzako edo ondasunentzako arrisku larria direnean, edo beste instalazio batzuen ohiko funtzionamenduan nahasmendu nabarmenak eragin ditzaketenean, organo eskudunak ikuskatzearen unean indarrean dagoen erregelamenduan jasotzen diren neurri zehatz batzuk betetzea exiji lezake.

3.– Hasierako ikuskatzea eta bost urteroko aldizkako ikuskatzea egin behar dute hauek:

– Konkurrentzia publikoko garaje guztiak.

– 25 plaza edo gehiago dauzkaten garaje klasifikatuak, sute- edo lehertze-arriskua dutenak.

– 1053/2014 Errege Dekretuaren arabera proiektua behar duten ibilgailu elektrikoak berriz kargatzeko instalazio guztiak.

Bestalde, babes-kaxa nagusi bakoitzeko 100 kW-eko baino gehiagoko etxebizitza-eraikinetako instalazio elektriko komunetako hamar urtean behingo ikuskaritzak garajeko instalazio elektrikoa barnean hartu beharko du beti, beti ere instalazioa kaxa horri lotuta badago.

Kontrol-organismoak garaje desklasifikatu baten aldizkako ikuskatze bat egiten duenean, garajearen desklasifikaziorako berau martxan jarri zen momentuan hartutako neurriak egun eraginkorrak izaten jarraitzen dutela ziurtatu beharko du. Neurri horiei buruzko informaziorik egon ezean, dokumentazioa falta delako, dokumentazioa zaharra delako edo haren eraginkortasuna zalantzan jar daitekeelako, teknikari batek baieztatu edo ezarri beharko du berriz ere desklasifikazioa, hala dagokionean.

Horretarako, ikuskatzea egin baino lehen, kontrol-organismoak hala zehaztuz gero, garajearen titularrak sei hilabete baino gutxiagoko antzinatasun-ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, behe-tentsioko instalazioetan aditua den teknikari batek sinatua. Aireztatze-klimatizazioko instalazioen kasuan, desklasifikazioa egiteko proiektatutako neurrien eraginkortasunaren jarraikortasuna ziurtatu beharko da.

Zortzigarrena.– Aurkeztu beharreko agirien laburpen-taula.

1.– Garaje eta ibilgailuak konpontzeko tailer klasifikatuak eta desklasifikatuak, eta konkurrentzia publikoko garajeak:

(Ikus .PDF)

2.– Ibilgailu elektrikoak berriz kargatzeko behar diren instalazioak:

(Ikus .PDF)

Bederatzigarrena.– Xedapen indargabetzailea.

Xedapen honek Energia eta Meategien zuzendariaren 2006ko apirilaren 27ko Ebazpena indargabetzen du, Garajeen aireztapenari eta segurtasun elektrikoari dagokienez behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoko BT-29 jarraibide teknikoa aplikatzeko jarraibideak emateko dena.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 3a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala