
220. zk., 2018ko azaroaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (442 KB - 33 orri.)
- EPUB (389 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5613
EBAZPENA, 2018ko irailaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen eta berrikusten baita Zubialde SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Aizarnazabal udal-mugartean.
Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko martxoaren 10eko Ebazpenaren bidez eman zitzaion Zubialde SAri ingurumen-baimen integratua, orea fabrikatzeko jarduerarako, Aizarnazabal udal-mugartean (Gipuzkoa).
Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen de Zubialde SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, orea fabrikatzeko jarduerarako, Aizarnazabal udal-mugartean (Gipuzkoa).
2013ko abenduaren 11n, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea argitaratu zen.
2014ko irailaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Emisio Industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia).
2014ko abenduaren 18an, Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua onartu zen, zeinaren bidez 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztu zen; onartu zen, orobat, Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.
2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena, onartu zen.
2015eko martxoan onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana.
Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez aldatu egin zen Zubialde SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, Aizarnazabal udal-mugartean (Gipuzkoa) orea fabrikatzeko jarduerarako.
2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea onartu zen.
2016ko irailaren 22an, kudeatzen zuen hondakin ez-arriskutsuaren (HEZ 030301) onarpen-agiriak (tratamendu-kontratua) eta jarraipen- nahiz kontrol-agiriak (identifikazio-agiria) ematetik salbuesteko eskaera aurkeztu zuen, eta HEZ kodeak hondakinetara egokitzekoa. 22/2011 Legearen 2. artikuluko e) apartatuak honakoak salbuesten ditu legea bera aplikatzetik: «Natura-, nekazaritza- edo baso-material ez arriskutsuak, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan edo biomasan oinarritutako energia ekoizpenean erabilitakoak, giza osasuna arriskuan jartzen edo ingurumena kaltetzen duten prozeduren edo metodoen bidez». Bada, hori horrela, 2016ko urrian eskaera baietsi eta Ebazpenaren bigarren, C.1 eta C.2.3.2 apartatuak aldatu ziren.
2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluak ezartzen ditu baimena berrikusteko baldintzak; hala, lau urteko epean, instalazio bateko jarduera nagusiaren TEOei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik, organo eskudunak bermatuko du berrikusi eta, beharrezkoa balitz, egokitu direla instalazioaren baimen-baldintza guztiak, eta instalazioak aplika daitezkeen TEO dokumentuei buruzko ondorioak betetzen dituela.
2018ko urtarrilaren 15ean, baimena berrikusi ahal izateko, ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenekin instalazioak izandako funtzionamenduaren konparatiba bidaltzeko eskatu zion ingurumen-organoak Zubialde SAri, baita isuriei buruzko dokumentazioa ere.
2018ko otsailaren 15ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Zubialde SAk.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea Zubialde SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2018ko martxoaren 5ean.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari 2018ko martxoaren 19an eta Aizarnazabalgo Udalari eta Osasun Sailari 2018ko apirilaren 26an.
2018ko maiatzaren 16an eta 17an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta URAk txostena bidali zuten, hurrenez hurren, eta espedientean jaso da txosten horien emaitza.
2018ko irailaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Zubialde SAren esku utzi zen espedientea.
Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) ezarritakoarekin bat etorriz, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitateari, saneamendu-sareko isuriei, hondakinak sortzeari eta lurzorua babesteari buruzko apartatuen idazkera eta zaratari buruzko baldintzak eguneratzeko.
Era berean, kontuan hartuta ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu dela, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko martxoaren 10eko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren bosgarren atalean ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Ingurumen-baimen integratuaren berrikusketari dagokion jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, ez da alegaziorik aurkeztu.
Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina), ingurumen-baimen integratua zein kasutan aldatu eta berrikusi behar den zehazten dela, indarraldiari epe zehatzik ezarri gabe, baimenaren laugarren apartatua kendu behar da.
Ebazpen hau emateko ingurumen-organo honek du eskumena, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Honako araudi hau ikusi da: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; isuri industrialen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua; ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berrikustea Zubialde SAri emandako ingurumen-baimen integratua, baimeneko baldintzak, horiek orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioen dokumentura egokituta.
Bigarrena.– Aldatzea Zubialde SAri Aizarnazabal udal-mugartean papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, zeina 2008ko martxoaren 10eko Ebazpenaren bidez eman baitzen. Ondorioz, 2008ko martxoaren 10eko Ebazpen horren lehenengo eta bigarren apartatuak aldatzen dira, eta idazkera hau izango dute:
«Lehenengoa.– Helbide soziala Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) udalerriko Etxezarreta industrialdeko 18. zenbakian eta A-20099321 IFK duen Zubialde SA enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, ore mekanikoa fabrikatzeko jarduerarako, ebazpen honen bigarren atalean zehaztutako baldintzekin.
Jarduera 6.1.a kategorian sartuta dago: "Zuntz birjinezko paper-orea fabrikatzeko instalazioak". Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean zehazten da.
Zubialde SAko ekoizpen-prozesuak zenbait etapa betetzen ditu bi ore mekaniko mota lortzeko: ore gordina, gehigarri kimikorik gabea, eta ore zuritua, tratamendu kimiko baten emaitza dena.
Prozesua hasteko fabrikan jasotzen diren zurei azala eta ezpalak kentzen zaizkie. Hasiera batean, prozesu mekaniko bat egiten da, lehorrean, azala eta enborra bereizteko. Enborrei azala kentzeko dunbal bat erabiltzen da eta enborra igurtziz kentzen da azala. Azala bereizi ondoren, azal-silo batera eramaten da, olio termikoaren galdaran erregai gisa erabiltzeko.
Jarraian, egurraren zati bat zerraz ebakitzen da (metro bateko luzera) eta beste zatia ezpal-makinan txikitzen da, fintzeak elikatzeko. Ezpala ezpal-sailkatzailean ehotzen da, uniformetasuna emateko, eta beste silo batean biltegiratzen da. Egur-zati txikiak, pinaburuak, harriak, eta abar kendu eta gero, metro bateko luzerarekin moztu diren enborrak zuntza askatzeko makinen (lau guztira) karga-kaxoian sartzen dira, goialdetik.
Ezpalak, aldiz, elektroiman baten pean jartzen dira, egon litezkeen metalezko piezak kentzeko (alanbreak, torlojuak, xafla zatiak, etab.), eta, ondoren, garbigailuan sartzen dira prozesuko urarekin garbitu eta partikula astunak kentzeko (harea, harri txintxarrak, etab.). Jarraian, xukatzeko bahean ura kentzen zaio eta aurreberokuntzara bidaltzen da. Lurrunetan jartzen da bertan, biguntzeko, eta lehen faseko fintzea lortzen da. Lehen faseko fintzean, "aurreberotutako ezpala" sartzen da lehenik eta behin eta, ondoren, ur iragaziak gehitzen zaizkio, fintzeko.
Zuntza askatzeko makinetan fabrikatutako orea eta disko-fintzearen bitartez landutakoa disolbatu eta latentzia-askara garraiatzen da; bi ore mekaniko motak nahasten dira bertan eta trinkotasuna doitzen da, ondoren arazteko. Latentzia-askatik bi arazgailutara igarotzen da orea; ore mota gorabehera, 4 arauzgailuak erabiltzen dira.
Orearen % 30 inguru errefustzat jotzen da eta birzirkulatu egiten da. Bigarren faseko finketan fintzen da berriro –lehen fasekoaren berdina da, baina beste mota bateko diskoak erabiltzen dira honetan–.
Ondoren, zuritu behar izanez gero, oreari hidrogeno peroxido (H2O2) eta beste gehigarri kimiko batzuen bidezko zuritze-prozesua aplikatzen zaio. Zuritzeko prozedurari dagokionez, orea % 18-20 loditzen da, zuritze-erreaktiboak gehitzen dira, ordu eta erdiz zuritze-dorrean uzten da, eta prozesu jarraitu baten bitartez, ore zuritua biltegiratze-dorre batera bidaltzen da.
Biltegiratze-dorrean jada zuritu den orea biltegiratzen da, % 4ko trinkotasunarekin, ondoren ore-prentsan prentsatzeko. Orearen azken itxura orri trinko batena da: disko-makina birrintzaile batean sartzen da, bertan xehatu eta haizagailua erabiliz lehortze-zirkuitura bidaltzeko. Ore xehatua bi dorreetatik pasarazten da, haizagailuak erabiliz, eta bertan kanpo-airea injektatzen da. Aire hori serieko bi bero-trukagailuetatik pasa da aurretik; 250 ºC-ra igotzen da tenperatura bertan. Airea eta orea kontaktuan jartzean oreak duen ura lurrundu egiten da, orea "fardel" bihurtzeko beharrezkoa duen lehortasunera iritsi arte.
Amaitzeko, ore "lehorra" trinkotu egiten da, pakete-formako bi prentsa hidraulikoren bitartez, eta paketatzeko eta biltegiratzeko prest uzten da.
Urteko ekoizpen-gaitasuna 100.000 t da.
Ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren energia-baliabideak energia elektrikoa, A gasolioa, C gasolioa eta zur-azalak dira. Ekoizpen-prozesua energia elektrikoz elikatzen da zeharo; kontsumoa, 2005ean, 83.340.490 KWh izan zen. Gasolioa, berriz, barruko garraioan erabiltzen da eta C gasolioa, berriz, biomasa-galdara ordez erabiltzen den gasolio-erregailu osagarrian. A eta C gasolioaren kontsumoa 307.526 eta 137.924 litrokoa izan zen 2005ean, hurrenez hurren. Zur-azalak olio termikoko galdaran erabiltzen dira, eta prozesuan enborrei kendutako azalak eta kanpo-hornitzaileenak erabiltzen dira.
Bestalde, ekoizpen-prozesuan erabiltzen den ura Urola ibaitik hartzen da; komunetan eta giza kontsumorako erabiltzen dena, berriz, udal-saretik hartzen da. Bi iturriak batera hartuta, 2005ean 375.924 m3-ko kontsumoa erregistratu zen guztira.
Enpresan sortutako efluenteak industria-ur, ur sanitario eta kutsadurarik ez duten euri-uretan sailkatzen dira. Industria-ur guztiak isuriak biltzeko putzuan metatzen dira, eta Zubialde SAko instalazioetako hondakin-urak tratatzeko sistemara eraman gero. Ur sanitarioak, berriz, Etxezarreta poligonoko biltodira isurtzen dira.
Igorpen atmosferikoen 11 foku daude instalazioan, horietatik 10 sistematikoak dira, eta bestea, ez-sistematikoa. Sistematikoak olio termikoko galdarari dagozkio (1), eta paper-orearen produkzio-prozesuari loturiko igorpen atmosferikoei (9). Foku ez-sistematikoa gasolio-galdarari dagokio, olio termikoko galdarak funtzionatzen ez duenean soilik erabiltzen dena. Olio termikoko galdarak errendimendu handiko zikloia dauka, igorpen atmosferikoak murrizteko.
Hondakin arriskutsuei dagokienez, olio erabilia eta metalezko ontzi kutsatuak dira esanguratsuenak. Bestalde, instalazioan sortzen diren hondakin ez-arriskutsuei dagokienez, arazteko lohiak, errauts hegakorrak, uhal garraiatzaileak, txatarra, papera eta kartoia, eta abar aipa daitezke.
Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakian, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira; bada, erabaki horretan jasotzen diren teknika erabilgarri onenen artean, uraren kontsumoa gutxitzera bideratuak azpimarra daitezke: hozte-sistema itxietako urak, ura birzirkulatzea ore mekanikoko fabrikazio-prozesuan eta azala kentzeko prozesua lehorrean egitea. Airera egiten diren igorpenak minimizatzeko Teknika Erabilgarri Onenei dagokienez, lehen mailako neurriak azpimarratu behar dira, hala nola energetikoki efizienteak diren teknologiak erabiltzea, galdarak baliabide berriztagarriekin elikatzea (zura edo zur-hondakinak, CO2 fosilaren igorpenak murrizteko), galdara osagarrien errekuntza-baldintzak kontrolatzea eta erregailu bereziak instalatzea NOx igorpenak murrizteko. Bestalde, zuritze-prozesuan ordezkatze-printzipioari jarraitzen zaio; printzipio horrek produktu ez hain arriskutsuak erabiltzea eskatzen du, ahal den guztietan.
Halaber, Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia betetzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta antolaketakoak daude. Erabaki horren bidez, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, eta ondorio horietatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO4, TEO6, TEO7, TEO8, TEO10, TEO12, TEO14, TEO16, TEO17, TEO18, TEO40, TEO41».
«Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, Zubialde SA enpresak Berastegiko udalerrian sustatzen duen ore mekanikoa fabrikatzeko jarduera ustiatzeko:
A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da seiehun mila euroko (600.000) zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta leheneratzeko kostuak.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.
B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonari buruz emandako datuetan aldaketarik badago, Zubialde SA enpresak aldaketa horien berri emango du Ingurumen Sailburuordetzan.
C) Babes eta zuzenketa-neurriak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:
C.1.– Hondakin ez-arriskutsuak hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.
Zubialde SAk hondakin ez-arriskutsuak olio termikoko galdaran balorizatuko ditu, ore-pasta fabrikatzeko prozesuaren barnean.
Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak honako atal hauetan zehazten dira, zeinetan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen baitira.
C.1.1.– Hondakin onargarriak.
Zubialde SAk Europako Hondakinen Zerrendako hondakin ez-arriskutsuak tratatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko).
(Ikus .PDF)
Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.
Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.
C.1.2.– Hondakin ez-arriskutsuen sarrera kontrolatzea.
Balorizazioa egiteko, plantara iristen diren hondakin ez-arriskutsuen kontrol bat eraman beharko da, bermatzeko ezen C.1.1 puntuko baldintzen arabera onargarriak direla plantan.
Jasotako hondakinak HEZ 03 03 01 motakoak direla egiaztatuko da kontrol horretan, eta hondakinok ez daudela nahastuta tratatutako hondakinekin edo bestelako hondakinekin.
C.1.3.– Zamalanak.
Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxeta itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu zehaztugabeko edo kontrolik gabeko igorpenik, edo, bestela, igorpenok ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipoen estankotasuna ziurtatzea ere.
C.1.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.
Hondakinak estankotasun-baldintza egokietan biltegiratuko dira, gerta daitezkeen ihes edo isurien balizko eragina saiheste aldera; hala gertatuz gero, horiek bildu eta karakterizatu egingo dira.
Bi urtekoa izango da balorizatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko gehieneko epea.
C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.
Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Zubialde SAk artxibo kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Artxiboan, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.
Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko dituzte eta urtero bidaliko diote Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 41. artikuluarekin bat etorriz.
C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.
Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.
Horrez gain, baldin eta aurreikusten bada zabortegian deuseztatzea dela inportatu beharreko hondakinak dela inportatutako hondakinak baliarazte- edo deuseztatze-tratamenduaren ondoren helmugako instalazioan lortutako korronte esanguratsuren bat, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planean zehazten diren hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.
C.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.
C.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
C.2.1.1.– Baldintza orokorrak.
Zubialde SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira igorpen atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.
Prozesuan zehar atmosferara igortzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpen ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisiorik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.
Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak.
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
C.2.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Zubialde SAren instalazioak foku itxi hauek ditu ore mekanikoa fabrikatzeko jarduerei lotuta. Fokuen zerrendan, foku aplikagarrietan, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko katalogazioa jarraitu da. Dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen ditu.
(Ikus .PDF)
FE02 foku ez sistematikoa, "Gasolio-galdara", urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, igorpenen iraupena orokorrean hartuta lantegiaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.
C.2.1.3.– Igorpenen muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean, igorpen atmosferikoek ez dituzte gaindituko igorpenen muga-balio hauek:
(Ikus .PDF)
Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
Igorpenen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada igorpenen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.
C.2.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.
Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko D.2.1.2 azpi-zenbakian ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
Igorpen lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.
C.2.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.
C.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
Isurpena sortzen duen jarduera mota nagusia: Paper-orea fabrikatzea.
Jarduera-taldea: Paper-orearen eta papergintzaren industria.
Mota-taldea-EJSN: 2-14-1711.
(Ikus .PDF)
C.2.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.
– 1. isuria:
(Ikus .PDF)
Ekoizpen-jarduketa jarraitua denez, titularrak emaria doitzeko sistemak erabili behar ditu, eguneko batez besteko bolumenaren kopurua orekatzeko (PHCOR, 54.4 artikulua).
C.2.2.3.– Isurien muga-balioak.
a) 1. isuria:
Ondorengo zerrendan ageri dira isurketen kutsaduraren parametroen ezaugarri nagusiak, bakoitzarentzat ezarritako muga-balioekin:
(Ikus .PDF)
Tenperatura: ubideko tenperatura 1,5 ºC baino gutxiago areagotzea.
Gainera, Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia betez, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, urteko batezbesteko hauek bete beharko ditu:
(Ikus .PDF)
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.
Ez da baimentzen 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinetan barne hartutako inongo substantzia arriskutsurik isurtzerik kuantifikazio analitikoaren mugarena baino kontzentrazio handigoan, zeina parametro bakoitzerako ezarritako IKA baino % 30 baino gutxiagokoa izan behar baita.
Isuriek hondakin-ur mota bakoitzak (amonioa, guztizko nitrogenoa, guztizko fosforoa, metalak, etab.) berezkoak dituen kutsadura-parametroak eduki ahal izango dituzte kontzentrazio batzuetan, zeinak ez baitira ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak ez betetzeko arrazoi izango, arau horiek parametro guztietarako bete beharko dira eta. Bestela, titularra behartuta egongo da arazketa-instalazioak osatzera, isurketa izan ez dadin arau horiek ez betetzearen kausa.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.
Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.
C.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.
Enpresa eskatzaileak aurkeztutako agirietan araberakoak izango dira arazteko instalazioak edo hondakin-uren neurri zuzentzaileak, eta elementu eta prozesu hauek izango dituzte funtsean:
ponpatzea, homogeneizazio-aurretratamendua:
– Isurtzeak jasotzeko putzua eta ponpaketa: Isurtzeak grabitate bidez iristen dira eta zuntza bereizteko putzura ponpatzen dira, putzuaren garaiera arabera aldi berean funtzionatzen duten bi ponparen bitartez.
– Zuntza berreskuratzeko dekantazio-ontzia: 14 m-ko diametroa eta 538 m3-ko guztizko bolumen erabilgarria duen andel bat da eta putzuaren hondoan dekantatu den zuntza jasotzeko arraspa-zubi bat du. Ateratako zuntza zuntz berreskuratuaren andelera bidaltzen da eta ur berritua homogeneizazio-putzura irteten da, gainezka eginez. Dekantazio-ontzia hauspo-biltegi gisa erabiltzen da, halaber, puntako emariak xurgatzeko.
– Zuntz berreskuratuaren andela: 31 m3-ko edukiera erabilgarria duen andel bat da. Bertan pilatzen da dekantazio bidez berreskuratutako zuntza, ekoizpen-lerrora bidali eta berriro erabiltzeko.
– Homogeneizazio-putzua: 120 m3-ko andel bat da. Bertan ekualizatzen dira isurtzeak, emariak erregulatuz eta parametro kutsatzaileen kontzentrazioak uniformizatuz, ponpa baten bitartez.
Bolumen hori areagotu egiten da zuntza berreskuratzeko andeleko 130 m3-ekin eta 250 m3-ko bi emergentziazko andelekin; hala guztira, 750 m3-ko metatze-bolumena lortzen da.
Lehen mailako tratamendua.
Aire disolbatuaren flotazio bidezko tratamendu fisiko-kimikoa da eta honako ekipo hauek osatzen dute:
– Tratamendu fisiko-kimikoa, aire disolbatu bidezko flotagailua: Presurizatze-andelean egiten da airea/uraren presiozko nahastea. Andelak hedapen-balbula bat du: bertan sortzen dira flotagailuan malutak flotaraziko dituzten burbuilak. Koagulatzailea eta malutatzailea elikadura-hodi baten bitartez dosifikatzen dira. Era berean, flotagailuak lohi-andeletik ateratako lohi flotaraziak biltzeko sistema bat du.
– Dekantazio-ontzi primarioa: Flotagailuaren efluentea koagulazio-andel batetik pasatzen da eta bertatik malutapen-andelera bidaltzen da. Malutapen-andeletik ura dekantagailu nagusira igarotzen da, grabitate bidez, eta bertan bereizten dira solido esekiak, lohien andelera bidaltzeko.
– Lohien andela: Tratamendu fisiko-kimikoan eta biologikoan sortutako lohia biltzeko erabiltzen da. Andel horretatik, lohia lohiak deshidratatzeko lerrora ponpatzen da.
– Hozte-dorrea: Fabrikako hondakin-uraren tenperatura dela eta (45 ºC), tratamendu biologikoan bakterio termofilikoak ugaritzea gerta daiteke, hortaz, zirkuitu irekiko hozte-dorre bat erabiltzen da egoera hori saihesteko.
– Hauspo-biltegia: Dorrearen irteeran hauspo-biltegi bat dago (1,7 m-ko diametroa eta 1,5 m-ko altuera) eta bertatik emari egokia ponpatzen da erreaktore anaerobioetara. Andelak maila-erreguladore bat du ponpek behar den bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko eta hutsean funtzionatzeko arriskua ekiditeko.
– Elikadura-ponpatzea: Bi ponpa daude (bat erreserban) erreaktore anaerobioak elikatzeko. Ponpa horiek 6 mm-ko igarobidea duten iragazkiak dituzte, solidoak erreaktoreetara iristea saihesteko.
Tratamendu biologiko anaerobikoa.
– IC erreaktorea: Ura hauspo-biltegira iristen da, eta handik erreaktorea elikatzen du behealdetik. Behealdean, lohi pikortuarekin nahasten da, eta bigarren konpartimendura igaro, barne-birzirkulazioa ahalbidetuz. Ura/lohia/biogasa hirukoa tarteko eremu batean biltzen da, eta galdara txiki batera eroaten barne-biltodi batean barrena, goiko aldera, eta, bertan, biogasa bereizten da.
Erreaktoreak 197 m3-ko bolumena eta 16 m-ko altuera du. Gutxieneko elikadura-emaria 50 m3/h-koa da.
– Hauspo-biltegia: Andela birzirkulatzen dago etengabe gainkargak ekidin eta erreaktore anearobioaren alkalinotasunari eusteko. Bi ponpa daude, bat erreserban.
– Biogasaren tratamendua: Tratamendu biologiko anaerobioak eratzen den biogas bereizia erreaktorearen goiko aldean pilatzen da, eta hodi baten bidez irten. Hala, barneko presioa doitzen da. Biogasa bi mintzeko gasometro batera iristen da, eta bertan erre.
– UASB erreaktoreak: Ura behealdetik sartzen da erreaktoreetara, zulatutako sarbideak erabiliz, eta sarrera-emaria ondo banatuko dela ziurtatzen da. Erreaktoreak 5 m-ko diametroa eta 9 m-ko altuera duten 3 andel dira. Goitik itxita eta beroarekiko isolaturik daude. Goialdean kanpai-bereizgailuak daude. Bertan jasotzen da materia organikoaren degradazioan osatutako biogasa, alde batetik, eta tratatu den ura jasotzen dute, bestalde, lau kolektoretan. Lohi biologikoak purgatu egiten dira, lohien andelera ponpatzeko.
Erreserban egon ohi dira, IC erreaktoreak arazorik duenerako.
– Birzirkulazio-andela: 3 m-ko diametroa eta 1,2 m-ko altuera duen andela da; pH-aren neurgailu jarraiki bat eta gutxieneko mailaren erregulatzaile bat ditu.
– Birzirkulazio-ponpatzea: Emariaren zati bat alkalinotasun leheneratzeko birzirkulatzen da; horretarako, bi ponpa daude, bat erreserban.
– Kutxeta biltzailea:
– Biogasaren tratamendua: Prozesu anaerobioan metatutako biogasa dekantatze-kanpaietan metatzen da eta bost tabulagailuetatik irteten da. Biltodi orokor batek biogasa jaso eta errekuntza-zuzira bidaltzen du.
Tratamendu biologiko aerobikoa.
– Ponpatze- eta birzirkulazio-andela: Andel honetan jasotzen dira hozte-dorrearen irteera eta lohien birzirkulazioa (dekantagailu sekundarioa), erreaktore biologikora ponpatzeko.
Lohi biologikoa andel honetan jaso eta erreaktore biologikora ponpatzen da, mikroorganismo-kontzentrazio egokia mantentzeko.
– Erreaktore biologiko aerobikoa: Erreaktore zirkularra da, 8 m-ko altuerakoa eta 29,8 m-ko barne-diametrokoa. 5.500 m3-ko edukiera du, eta 4 oxigeno-hornigailu. Laster, bakterioen oxigeno-eskaria estaltzeko aireztagailu bat instalatuko da (atxikita doa ekipoaren fitxa teknikoa).
– Andel konikoak: Beira-zuntzezko bi andel dira, solidoak dekantazio bitartez kentzeko.
– Bigarren mailako dekantazio-ontzia: 13,2 m-ko barne-diametroa duen andel bat da eta isurtzearen kolorea, solidoak eta OEK murrizten ditu.
– Hirugarren mailako dekantazio-ontzia: Dekantazio-ontzi estatiko konbentzional bat da eta bertan egiten da uren azken berritzea, isuri aurretik.
– Urpeko konpresore eta difusio erradialeko aireztagailu-irabiagailua, erreaktore biologikoan oxigeno-hornidura nahikoa bermatzeko.
– Erreserbako oxigeno-sorgailua, zeolita-oheen bidez.
Lohien tratamendua.
Polielektrolitoa dosifikatzeko ekipo bat eta lohiak deshidratatzeko dekantazio-ontzi zentrifugo bat ditu.
Bulego-eraikineko eta bi etxebizitzetako erabilera higienikoko urak iragazki biologikodun putzu-sistema baten bidez tratatuko dira, zuzenean Urola ibaian isurtzen den Etxezarreta industrialdeko biltodira igaro aurretik.
Industria-efluente nagusira batuko dira isuriok lehenespenez, txandaka, batera tratatzeko.
Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Zubialde SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
Baimendutako isurketak egiteko, kontrol-puntu bat izango da, arazketa-instalazioen ostean kokatua, eta, bertan, Uraren Euskal Agentziak, egoki iritzitakoan, ikuskatu eta laginak hartu ahal izango ditu. Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 252., 333. eta 334. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ahalbidetu egin beharko da, inolako atzerapenik gabe, Administrazioko langileak kontrol-puntu horretan sartzea, baita jabetza pribatuetatik pasatzea ere, baldin eta pertsonen bizileku ez badira.
Kontroleko puntu horrek isuriak neurtzeko gailua izango du, ezaugarrien arabera aplikatu beharrekoa, ARM/1312/2009 Aginduaren 7. artikuluan jasotakoaren arabera. Bestalde, euren funtzionamenduak aipatutako Aginduaren 7. eta 8. artikuluetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.
Huste-sare bat baino ez da egon behar kontrol-puntuaren eta jabari publiko hidraulikoaren zuzeneko isuri-puntuaren artean, efluente araztua inolaz ere aldatu gabe, efluentearen ezaugarriei aldaketarik gabe eusteko moduan bi puntuen artean.
Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko nahitaezkoa da ondorengo elementuak izatea:
– Emari-neurgailua, pH-neurgailua, turbidimetroa eta neurketaren bisore lokala eta neurketen memoria duen termometroa.
– Eguneko lagin konposatuak hartzeko gailu automatikoa.
C.2.2.5.– Isurien kontrol-kanona.
a) Jabari publiko hidraulikorako isurketa.
Uraren Legearen testu bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 291. artikulua (606/2003 Errege/Dekretua) –zeina Estatuaren 2014rako Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen 95. artikuluak aldatu baitzuen– aplikatuz, hau da isurketen kontrolaren kanonaren zenbatekoa:
(IKK): Isurketen kontrol-kanona= V x Pu.
Pu = Pb x Cm.
Cm = C2 x C3 x C4.
Non:
V = Isurketa baimenduaren bolumena (m3/urte).
Pu = Isurketa kontrolatzeko prezio unitarioa.
Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuriaren izaeraren arabera.
Cm = Isurketaren maiorazio edo minorazioko koefizientea.
C2 = Isuriaren ezaugarrien araberako koefizientea.
C3 = Isuriaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.
C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren IV. eranskineko oharrean (*****) jasotzen diren definizioen arabera, horren aplikazioan aintzat hartuta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan, 2013ko ekainaren 7koan, ezarritako helburuak.
Industria-isuria/Paper-fabrika/Aizarnazabal.
(Ikus .PDF)
Cm = 1,09 x 0,5 x 1,00 = 0,545.
Pu = 0,04207 x 0,545 = 0,022928 euro/m3
Isurien kontrol-kanona = 191.000 x 0,022928 = 4.379,25 euro/urte.
Isurketen Kontrolaren Kanona autonomia erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (Uren Legearen testu bateginaren 113.7 artikulua).
Uraren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, urte natural bakoitzarekin dator bat Isurketen Kontrolaren Kanonaren zergaldia. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarrita gelditu da, eta ez da aldatuko isurketa baimentzeko baldintzak edo kalkuluan parte hartzen duten faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.
Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, dena delako urteko ekitaldiko Isurketen Kontrolaren Kanonaren likidazioa dagokion ebazpenean zehaztuko da, baimena indarrean egondako egun kopuruaren arabera, urteko egun kopuru osoarekin alderatuta.
Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 249. artikuluak xedatutako prozeduraren arabera, ebazpen honen bidez jakinarazten zaio titularrari isurketa baimentzeko baldintzak zein diren, Isurketa Kontrolaren Kanonaren (IKK) behin betiko likidazioa barne, eta jakinarazten zaio, orobat, likidazioa ez dela urtero esanbidez adieraziko; aitzitik, aurreko urteari dagokion tasa bidaliko da eta han zehaztuko da zenbat, noiz, non eta nola ordaindu behar den.
C.2.3.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatuan) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.
Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Aizarnazabalgo Udalean.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (zeinaren bidez, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen baita) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.
Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.
C.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.
Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.
b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu.
e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinak beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Zubialde SAk onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.
g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.
h) Zubialde SA enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.
i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– 110/2015 Errege Dekretuak, otsailaren 20koak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoak, xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki Erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.
j) Zubialde SAk, PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.
k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Zubialde SAk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
l) Zubialde SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.
m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.
n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Zubialde SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin gutxienez, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Zubialde SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.
o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Zubialde SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.
q) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Zubialde SA enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
C.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:
(Ikus .PDF)
a) Hirugarren atalean, D.2.3 azpiapartatuan xedatzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, baliaraztaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, dena delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizazioari uko egiten diotela frogatu beharko da.
b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.
c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.
d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Zubialde SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.
e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.
f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Zubialde SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion ingurumena zaintzeko programa –dagokion urtekoa– bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.
i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako d), e) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) eta g) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.
C.2.4.– Ontziak merkaturatzea.
Zubialde SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.
Era berean, Zubialde SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Zubialde SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.
Baldin eta Zubialde SA enpresak, urte natural batean zehar, ontziratutako produktuak merkaturatzen baditu edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu kantitate hauetan baino handiagoetan:
– 250 tona, beira soilik bada.
– 50 tona, altzairua soilik bada.
– 30 tona, aluminioa soilik bada.
– 21 tona, plastikoa soilik bada.
– 16 tona, zura soilik bada.
– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.
– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu. Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da bi agiriok.
C.2.5.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako agindua betez, lurzoruaren egoerari buruz aurkeztu duten aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Zubialde SA enpresak hondakin arriskutsuen biltegian bilketa-kubeta bat edukiko du, produktu kimikoen biltegian olioak biltzeko kubeta bat edukiko du eta gerta daitezkeen DPTA isuriak jasotzeko kanaleta bat edukiko du, bilketa-kubeta batera zuzendua.
Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako "Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan" zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/
Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.
Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:
1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:
a) 4/2015 Legeak, Ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c apartatuan ebazten duenarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m3 gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.
c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.
d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.
e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:
– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.
– Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera (dekretu horren bidez, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen da, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dira).
– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.
– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e zenbakiari jarraikiz betiere.
C.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.
a) Ondorengo indize akustikoak ez gainditzeko behar diren neurri guztiak ezarriko dira:
a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.
a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.
a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.
(Ikus .PDF)
Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.
Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.
b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:
D.1.– Atmosferako isurtzeak kontrolatzea.
D.1.1.– Kanpoko kontrolak.
a) Zubialde SAk botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, ondorengoaren arabera:
(Ikus .PDF)
b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
c) Halaber, a) apartatuan azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.
D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:
(Ikus .PDF)
Gainera, Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakia betetzeko (orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei –TEO– buruzko ondorioak ezartzen dira), analisi hauek egin beharko dira:
(Ikus .PDF)
b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, "erakunde laguntzaile" batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.
c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:
– Uraren Euskal Agentziari, laginak hartzen direnetik hilabeteko (1) epean.
– Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko D.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.
Gainera, sustatzaileak parametro orokorren eguneroko autokontrol-orriak bidaliko dizkio hilero Uraren Euskal Agentziari, kalkulu-orriaren formatuan. Posta elektronikoz bidaliko da informazio analitiko oro, helbide honetara: dkt-gipuzkoa@uragentzia.eus
d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.
e) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak II. mailako administrazioarekiko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
h) Biomasaren P eta N edukiaren, lohi-bolumenaren indizearen eta efluenteko amoniako- eta ortofosfato-soberakinaren urteko analitika bat egingo da, eta lohi biologikoaren azterketa mikroskopiko bat. Ingurumena Zaintzeko Programa ematean erantsiko da informazioa.
g) Hondakin-ur anaerobioen tratamenduan sortutako biogasaren CH4-ren emaria eta edukia modu jarraituan neurtu beharko da.
g) Hondakin-ur anaerobioen tratamenduan sortutako biogasaren H2S-ren eta CO2-ren edukia urtean behin neurtu beharko da.
i) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko C.2.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugek.
j) Parametroen analisia "Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater" txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo "ASTM Water and Environmental Technology" txostenaren azken argitalpeneko 1. sailean jasotako metodo normalizatuetako baten bidez egingo da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena dena hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.
k) Titularrak urtero aurkeztu beharko du lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak barne hartutako substantzia arriskutsuak dituzten isurketak daudela aitortzen duen agiria. Adierazpen horretan ekoizte-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurian ez detektatu.
l) Gutxienez urte oso bati dagozkion kontrolen emaitzen arabera, eta administrazioak berak egin ditzakeenak ere kontuan hartuta, maiztasuna berrikusi ahal izango da isuriaren erakunde titularrak berak berariaz eta modu arrazoituan eskatuta.
m) Administrazioak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Era berean, arazketa-instalazioak ustiatzeko titulazio egokia duen arduradun bat izendatzeko eskatu ahal izango dio titularrari.
D.3.– Plantaren inguruneak ingurune urtarrean duen eraginaren kontrola.
Urtean behin neurtuko da adierazle biologiko hori. Horrenbestez, agorraldia iristean komunitate bentonikoen osaera, ugaritasuna eta dibertsitatea zehaztuko dira, IBMWP eta IASPT adierazle biotikoen bitartez.
Isurketak ingurune hartzailean izan duen eraginaren inguruko ondorioen txostena egingo da, isurketaren uretan gora eta uretan behera, aipatu adierazleen datu konparatiboetan oinarrituta.
D.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Sustatzaileak taula honetan jasota dauden jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazleen urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztu beharko du.
(Ikus .PDF)
D.5.– Zarataren kontrola.
a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Erdietsitako emaitzen arabera, neurketak egiteko beste maiztasun bat erabaki ahal izango da.
b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.
c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
D.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:
https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml
Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik egin beharko da hari dagokion jakinarazpena, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egin ere. Era berean, kontrolak urtean behin baino maiztasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.
Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
D.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua barne hartu beharko du.
Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.
E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurpenen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.
Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko D.2.3 azpiapartatuan ("Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak") ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
E.2.– Jarduera uztea.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (21.1 paper-orea, papera eta kartoia fabrikatzea), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Zubialde SAk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.
Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Zubialde SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren D.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.
Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Zubialde SAk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarri zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.
Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isuri edo igorpen saihesteko.
E.4.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako agirietan proposatzen diren ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ezertan eragotzi gabe, letra hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:
a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jarioak edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko biltodi-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Biltegiratu egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.
Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.
Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Hondakin-ura ezingo da "by pass" bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan nahitaez "by pass" bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. "By pass" horretatik ustekabeko isurketa bat sortuko balitz, titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar duen txostenaren bidez (atal honetako i letran adierazitakoaren arabera), segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke.
b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.
c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.
d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.
g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko ontziak; kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu egokiak.
i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen jazoera edo anomalia baten aurrean, sustatzaileak jazoera edo anomalia horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gertatu dena zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).
– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
– Sortutako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.
Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren edo igorpenen bat egonez gero, SOS Deiak eta Aizarnazabalgo Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
– Mugak gaindituz gero, igorpenei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen balioespena.
– Hartutako neurri zuzentzaileak.
– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
j) Aurreko letran ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.
k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.
F) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, hala babes- eta zuzenketa-neurriak nola ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuz gero edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Zubialde SAk aurreko urteko igorpen atmosferikoen eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.
Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioaren bidez emango da (www.eper-euskadi.net webgunean dago eskueran), hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.
Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.
Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa) ezarritakoa betetzen dela.
H) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/eu/contenidos/informacion/ippc/eu_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc
Erakunde honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
16/2002 Legeak, uztailaren 1ekoak, industriako isurien erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.1 artikuluan ezartzen ditu aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak.
Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen ebaluazioari buruzkoak, 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.»
Hirugarrena.– Alderdi hauei erantzuteko, gehienez sei hilabeteko epea ematea Zubialde SAri:
– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko dokumentuak. Horiek guztiak eskatzen dira «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: D.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari «058» kodea esleituko zaio, eta 6 hilabeteko epean entregatu beharko dute baimena jasotzen denetik hasita.
Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Ebazpen honen edukia jakinaraztea Zubialde SA enpresari, Aizarnazabalgo Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 28a.
Ingurumeneko sailburuordea,
MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.
RSS