
219. zk., 2018ko azaroaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (577 KB - 34 orri.)
- EPUB (386 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5593
EBAZPENA, 2018ko irailaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten eta aldatzen baita Papresa SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, egunkari-papera fabrikatzeko jarduerarako eta kogenerazio-instalaziorako Errenteriako udalerrian.
Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez, (MP6) paper-makina berriaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da, eta egunkari-papera fabrikatzeko jarduerarako eta kogenerazio-instalaziorako ingurumen-baimen integratua ematen zaio Papresa SA sozietateari, Errenteriako (Gipuzkoa) udalerrian dituen instalazioetarako.
2012ko maiatzaren 9an, Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2012/249/EB Erabakia, instalazioak martxan jartzeko eta gelditzeko aldiak zehazteari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren ondorioetarako, industria-emisioei dagokienez.
Ingurumeneko sailburuordearen 2013ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Papresa SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, egunkari-papera fabrikatzeko jarduerarako eta kogenerazio-instalaziorako Errenteriako udalerrian.
2013ko urriaren 19an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako isurketen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
2013ko abenduaren 11n, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea argitaratu zen.
2014ko urtarrilaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen abenduaren 23ko 468/2013 Dekretua, zeinaren bidez aldi baterako eteten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzekoa eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa.
2014ko irailaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren isurketa industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia).
2014ko abenduaren 18an, Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua onartu zen, zeinaren bidez 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztu zen; onartu zen, orobat, Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.
2015eko martxoan onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana.
2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua onartu zen, Estatuko lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.
2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legea (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) onartu zen.
2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluak ezartzen ditu baimena berrikusteko baldintzak; hala, lau urteko epean, instalazio bateko jarduera nagusiaren teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak argitaratzen direnetik, organo eskudunak bermatuko du berrikusi eta, beharrezkoa balitz, egokitu direla instalazioaren baimen-baldintza guztiak, eta instalazioak aplika daitezkeen TEO dokumentuei buruzko ondorioak betetzen dituela.
2017ko maiatzaren 4an, Papresa SA sozietateak eskatu zuen 1 zenbakiko fokuaren (FIVES galdara) funtzionamendu-araubidea aldatzeko, ez-sistematikoa izatera pasatuz. 2017ko maiatzaren 22an, aldaketa hori ez dela funtsezkoa jakinarazi zitzaion.
2018ko urtarrilaren 15ean, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Papresa SA sozietateari: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioaren isurketei buruzko bestelako dokumentuak.
2018ko otsailaren 1ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Papresa SAk.
Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 22ko ebazpenaren bidez erabaki zen Papresa SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2018ko martxoaren 5ean.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2018ko martxoaren 19an, txostena eskatu zion Uraren Euskal Agentziari (URA); 2018ko apirilaren 9an, berriz, Añarbeko Urak sozietateari, eta, 2018ko apirilaren 26an, Errenteriako Udalari eta Osasun Sailari.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txostena bidali zuen 2018ko maiatzaren 16an, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.
2018ko ekainaren 11n, Papresa SA sozietateak hondakin arriskugabeen kudeatzailea izateko eskaera egin zuen; kodeak: LER 030308, 200101, 191201.
2018ko irailaren 28an, Papresa SA sozietateak jakinarazi zuen Babcok-Wilcox galdararen tara berriz ezarri zuela, horren tara-presioa jaitsiz, eta errekuntza-potentzia 46,1 MWra murriztuz.
Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta 2008ko apirilaren 25eko ebazpenaren zazpigarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, egokia dela ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitatea babesteari, saneamendu-sarera isurtzeko baldintzei, hondakinak sortzeari, lurzorua babesteari eta zaratarekin lotutako baldintzei buruzko apartatuen idazketa eguneratzeko, baita ontziak merkaturatzeari buruzko apartatu berri bat sartzeko ere.
Era berean, kontuan hartuta ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu dela, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren baldintzak, ofizioz, aipatutako Ebazpenaren zazpigarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina) ingurumen-baimen integratua zein kasutan aldatu eta berrikusi behar den zehazten dela, indarraldiari epe zehatzik ezarri gabe, egokia da bosgarren eta seigarren apartatuak kentzea.
Kontuan hartuta Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak, besteak beste, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretua indargabetzen duela, egokia da kentzea 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren hirugarren apartatua, G azpiapartatua.
Kontuan hartuta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatzen denez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen eraginpeko enpresek aukera dutela jarduera aldi baterako eteteko, berariazko apartatu bat erantsi behar da etenaldiak dirauen bitartean ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartzearren.
Kontuan hartuta aipatutako abenduaren 23ko 468/2013 Dekretuak aldi baterako eteten duela I. eranskinean jasotako prozedurak IKS-eeM tresnaren bitartez bakarrik izapidetzea –besteak beste, ingurumena zaintzeko programa igortzea–, egokia da aldatzea 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren hirugarren apartatuko F azpiapartatua.
Ingurumen-baimen integratuaren berrikusketari dagokion jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, ez da alegaziorik aurkeztu.
Ebazpen hau emateko ingurumen-organo honek du eskumena, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Honako araudi hau ikusi da: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; isuri industrialen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua; ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berrikustea Papresa SAri emandako ingurumen-baimen integratua, baimeneko baldintzak egokituta orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioen dokumentura.
Bigarrena.– Ez-funtsezko aldaketatzat kalifikatzea, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), Papresa SA sozietatearen jarduera zabaltzeko aldaketa, hondakin arriskugabeak kudeatzeko; kodeak: LER 030308, 200101, 191201. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedurari aplikatu beharreko araubide juridikoaz adierazitakoari dagokionez, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari dagokionez, ez zaie ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egin behar aldaketoi.
Hirugarrena.– Aldatzea Papresa SAri Errenteriako udal-mugartean egunkari-papera fabrikatzeko jarduerarako eta kogenerazio-instalaziorako emandako ingurumen-baimen integratua, zeina 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez eman baitzen. Ondorioz, 2008ko apirilaren 25eko Ebazpen horren bigarren, hirugarren eta zazpigarren apartatuak aldatzen dira, eta honela idatziak gelditzen:
«Bigarrena.– Egoitza soziala Errenteriako (Gipuzkoa) udalerriko Askatasunaren Martiriak Hiribidea kaleko 6. zenbakian duen eta IFK: A48565469 zenbakia duen Papresa SA enpresari ingurumen-baimen integratua ematea, egunkari-papera fabrikatzeko jarduerarako eta kogenerazio-instalaziorako, Errenteriako udalerrian, eta ebazpen honen hirugarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.
Kategoria honetan sartuta dago jarduera: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 6.1.b kategoria, «Parera eta kartoia fabrikatzeko instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena dutenak».
Errenteriako fabrikan, Papresa SA enpresak egunkari-papera fabrikatzen du, fardo eta ore forman jasotako hondakin-paperetik (paperaren hondakinak) abiatuta.
Papresa, SA enpresan burutzen diren prozesu nagusiak hondakin-paperari tinta-kentzea eta papera fabrikatzea dira. Horretarako, hiru paper-makina (MP4, MP5 eta MP6) eta hiru tinta-kentze lerro behar dira. Lehen lerroan (DIP1) hondakin-papera nola ore mekanikoa sartzen dira; gainerako bietan (DIP2 eta DIP3) soilik hondakin-papera erabil daiteke.
Tinta kendutako orea fabrikatzeko prozesuak hainbat etapa ditu, eta lehena, hondakin-papera desintegratzea da. Horretarako, paperaren zatia pulper-ean edo birringailuan sartzen da, eta bertan, lurrunaren bidez berotutako prozesuaren urarekin urtzen da. Beharrezko produktu kimikoak gehitzen zaizkio, tintak bereizteko eta orea biguntzeko.
Jarraian, zatiaren lehen arazketa gertatzen da. Honen helburua da tamaina zehatza duten hondakinak (grapak, plastikoak, hondarrak, eta abar) ezabatzea, eta industria-hondakin arriskugabe gisa prozesutik ateratzen dira. Arazketa horrek 3 fase ditu: arazketa orokorra (Fiberizer eta Trommel izeneko ekipoetan egiten dena), astunen arazketa (Cleaners izeneko dentsitate altuko arazgailu zentrifugoetan egiten dena) eta zuloen arazketa (Multisorters izeneko zuloen arazgailuetan egiten dena).
Ondoren, aurreflotazio-prozesuan, tintak bereizten dira. Horien flotazio-lohiak (tintak, kargak, etab.) aldi baterako biltegiratzen dira, kudeatu aurretik, banda-prentsatik pasatu ostean. Ondorengo arazketa finean, tamaina txikiko errefusak kentzen dira. Ezabatzea arazgailu zentrifugoen bidez lau etapatan (Cleaners) eta arteka-arazgailuen bidez bi etapatan (Multiscreen) gauzatzen da.
Ondoren, orea loditu behar da, eta ura ezabatuz egiten da, diskoen iragazkian % 12ko loditasuna lortu arte. Prentsaren bidez % 30eko loditasuna lortzen da.
Orea loditu ondoren, hondakin-tintak sakabanatzen dira, partikulen tamaina murriztearen bidez. Horretarako, sakabanatzeko tresnan birrindu eta berotzen da orea, eta ondoren, hidrogeno peroxidoaren bidez, orea zuritzeari ekiten zaio.
Jarraian, tintak bigarrenez bereizten dira (flotazio-ondorengoa), orea bigarrenez loditu eta bigarren zuriketa egiten da, hidrosulfito sodikoa erabiliz.
Azkenik, orea zenbait depositutan biltegiratzen da (700 m3-koa DIP3-an eta 500 m3 -koa DIP2-an), paper-makinak elikatzera pasatu aurretik.
Bestalde, papera fabrikatzeko prozesua, oinarrian, euren artean lotuta dauden zelulosa-zuntzezko orri jarraitua, lehorra eta trinkoa lortzean oinarritzen da, orriarentzat aurreikusitako erabilerarako egokiak diren ezaugarriak dituena (pisua edo gramajea, kolorea, distira, inpresio-onarpena, eta abar).
Paper-makinan sartu aurretik, orea prestatuz hasten da prozesua. Tinta-kentzeko lerroetan sortutako orea, hondakinekin (paper-makinan sortzen diren orri zatiak) eta diskoen iragazkiaren ustiapenetik eratorritako pastarekin nahasten da, neurri jakin batzuk erabiliz. Nahasketari eragile kimikoak gehitzen zaizkio, zuntzen flokuloak sortzen laguntzeko eta iragazkiak garbitzeko. Ondoren, diluitu egiten da.
Jarraian, oreari airea kentzen zaio hutsa aplikatuz, eta iragazki-sorta baten bidez arazten da. Fluido hau paper-makinan sartzen da, lanketa gerta dadin.
Paper-makina prozesuaren unitate nagusia eta bereizgarriena da. Han, orri jarraitua osatzen da, ura kentzen zaio, eta prentsatu eta lehortu egiten da. Osatzen duten ataletatik azken atalean biribiltzen da orria. Oinarrian, honako atal hauek osatzen dute:
– Sarrera-kutxa: orea duoformer-era botatzen duen presio bidezko gailua. Diluzio-balbula sorta du barruan, eta lortu nahi den gramajearen arabera, ur gehiago edo gutxiago ematen dute.
– Duoformer-a edo fabrikazio-mahaia: elkarri lotutako zuntzen artean nahikoa ehundura trinkoa lortzea ahalbidetzen du, eta modu naturalean ura kenduz eta hutsaren laguntzaz, orri lehorra eskuratzen da. Horri esker, hurrengo atalera eraman ahal izango da.
– Prentsak: paper-orria prentsatu eta hezetasuna murriztea da atal honen helburua.
– Lehortegia: lerroan dauden hainbat lehorgailuz –horietatik lurruna dabil– eta hutseko arrabolez osatuta dago. Paper-orria ia-ia guztiz lehor geratzen da.
– Lisagailua eta biribilkagailua: berotutako kalandra bigun batez eta mandril motako biribilkagailuaz osatzen da. Kalandraren helburua paper-orriaren gainazaleko ezaugarriak hobetzea da. Mandril motako biribilkagailuak, berriz, bobina-amak fabrikatzea ahalbidetzen du.
– Bobinatzeko makinak: arrabol bikoitzeko bi bobinatzeko makina dira, eta bobina-amak diametro-bobinetan eta zabalera txikiagoetan bereizteko aukera eskaintzen dute.
– Paketatzeko makina: atal automatizatu honek bobinak paketatzea eta etiketatzea ahalbidetzen du.
Bestalde, Papresa SA enpresak gas naturaleko hiru errekuntza-galdaraz osatutako lurrunezko generazio-instalazio bat dauka –BABCOCK (46,1MW), UMISA (34,38MW), funtzionamendu-araubide sistematikoarekin–; horiez gain, FIVES (47,2MW) galdarak funtzionamendu-araubide ez-sistematikoa du, eta osteko kogenerazio elektrikoa lurrun-turbina batean. Errekuntzan sortzen den energia lurruna eta energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen da, eta lurrun-energia kontrako presioa egiten duen turbina batean aprobetxatzen da. Ondoren, papera ekoizteko prozesu desberdinetan erabiltzen da lurruna. Energia elektrikoa bere osotasunean fabrikaren kontsumo propiora bideratzen da.
Gainera, olio termikoa berotzeko galdara txikiago bat du fabrikak, eta gas naturalaren bidez, MP4 paper-makinarentzat lurruna ekoizten du.
Urteko ekoizpen-gaitasuna 385.000 tona egunkari-paper da, honela banatuta: urtean 85.000 tonako ekoizpen-gaitasuna MP4an, urtean 110.000 tonako ekoizpen-gaitasuna MP5ean, eta urtean 190.000 tonako ekoizpen-gaitasuna MP6an.
Tinta kendutako orearen ekoizpen-gaitasuna, zeina instalazioan bertan kontsumitzeko erabiltzen baita, urtean 335.000 tonakoa da, honela banatuta: urtean 19.000 tonako ekoizpen-gaitasuna DIP1ean, 121.000 tonakoa DIP2an eta 195.000 tonakoa DIP3an.
Ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren energia-baliabideak energia elektrikoa eta gas naturala dira. Gas naturala lurruna sortzeko erregai gisa erabiltzen da galdaretan; energia elektrikoa, berriz, fabrikaren prozesu guztietan erabiltzen da. 2005. urtean, gas naturalaren eta energia elektrikoaren kontsumoa 45.532.383 Nm3 eta 250.624 MWh izan zen, hurrenez hurren.
Bestalde, zerbitzuetara eta pertsonen kontsumora bideratutako ura Añarbeko Uren Mankomunitatearen saretik dator. Industria-prozesuan erabiltzen den ura, berriz, Oiartzun ibaitik hartzen da, eta tratatu egiten da prozesuan erabili baino lehen. 2005. urtean, uraren kontsumoa 4.103.907m³-koa izan zen.
Instalazioak sortutako efluenteak, prozesuko eta higiene-erabilerarako industria-uretan sailka daitezke, eta Añarbeko Uren Mankomunitateko kolektorera isurtzen dira. Aldez aurretik, flotazio eta sedimentazio prozesu fisiko-kimikoen bidez, eta lohiak lodituz eta deshidratatuz, arazten dira industria-urak. Euri-urak, aldiz, Oiartzun ibaira isurtzen dira, hiru isurtze-punturen bidez.
Halaber, instalazioak atmosferara bideratutako lau isuri-foku ditu, lurruna sortzen duten galdaretatik eta olio termikoaren galdaratik eratorritako gasen hustuketari dagozkionak. Gainera, hamar isuri-foku ez-kutsagarri ditu, paper-makinetako lurruna erauzteari dagozkionak.
Instalazioak eragiten dituen hondakin adierazgarrienak honako hauek dira: batetik, tinta-kentze prozesuetatik sortutako lohi eta errefusak, eta bestetik, hondakin-uren arazketaren ondorioz sortutako lohiak. Hondakin arriskutsuei dagokienez, mantentze-lanetatik sortutako olio erabilia da adierazgarriena.
2014ko irailaren 26an Batzordeak hartutako betearazpen-erabakiak –orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenen gaineko ondorioak ezartzen ditu– eta 2006ko uztaileko «Reference Document on Best Available Techniques for Large Combustión Plants» dokumentuak jasotzen dituzten teknika erabilgarri onenen artean, honako hauek azpimarra daitezke: uraren kontsumoa murriztera bideratutakoak (horien artean, prozesu-urak birziklatzea eta uraren kudeaketa-sistema bat ezartzea, zirkuituak ixtearen ondorioz sortutako mugak kontuan hartuta) eta ezbeharrez egindako isurketen maiztasuna eta ondorioak murrizteko neurriak ezartzen dituztenak. Era berean, Papresa SA enpresak lehen mailako tratamendu-sistema bat du, hondakin-urak isurtzeari lotutako eragina gutxitzeko. Honela, isuri aurretik, industria-urak bertara bideratzen dira. Airera egindako isurketak gutxitzeari bideratutako Teknika Erabilgarri Egokienei dagokienez, energetikoki eraginkorrak diren teknologiak erabiltzea eta galdara laguntzaileen errekuntza-baldintzak kontrolatzea bezalako lehen mailako neurriak azpimarratu behar dira. Halaber, orea klororik gabe zuritzeko sistemak ditu Papresa SA enpresak. Horretarako, hidrogeno peroxidoa eta hidrosulfito sodikoa erabiltzen ditu.
Instalazioak orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei buruzko (TEO) ondorioak zehazten dituen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakian adierazitakoa betetzeko behar diren baliabide teknikoak eta antolaketakoak ditu. Aipatutako ondorioetatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO5, TEO6, TEO7, TEO8, TEO10, TEO12, TEO17, TEO40, TEO42, TEO43, TEO44, TEO46, TEO47, TEO48, TEO52, TEO53.»
«Hirugarrena.– Papresa SA enpresak Errenteriako udalerrian sustatutako egunkari-papera fabrikatzeko jarduera ustiatzeko eta kogenerazio-instalaziorako ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea:
A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Papresa SA enpresak aldaketa horien berri emango du.
B) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, gutxienez seiehun mila eurokoa (600.000), honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.
C) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:
C.1.– Hondakin arriskugabeak hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.
Papresa SAk birziklatutako hondakin arriskugabeak (R3) balorizatuko ditu paper berria ekoizteko.
Hondakin-paperen tratamendua tinta kentzeko instalazioan egiten da. Hondakin-papera tratatzeko hiru lerro daude, eta horietako bat (DIP1) ez da erabiltzen. 2. eta 3. lerroen tratamendu-gaitasunak dira egunean 400 eta 750 tona hurrenez hurren, eta urteko gaitasun globala 419.750 tonakoa da; bakoitza honako hauek osatzen dute:
Desintegrazioa: pulper-ean edo birringailuan egiten da; horretan, paper-hondakinaren fardelak sartzen dira, honako hauekin batera: lurrunez berotutako prozesuko ura, xaboia eta tintak banatzeko eta orea biguntzeko beste produktu kimiko batzuk.
Lehen arazketa: lehengaiarekin datozen ezpurutasunak kentzea (plastikoak, grapak, hareak, etab.), zeinak tinta kentzearen errefus gisa ateratzen baitira instalaziotik. 3 fase ditu: arazketa orokorra (Fiberirzar, Contaminez eta Trommel izeneko iragazte-ekipoetan egiten dena), astunen arazketa (Cleaners izeneko dentsitate altuko arazgailu zentrifugoetan egiten dena) eta zuloen arazketa (Multisorters izeneko zuloen arazgailuetan egiten dena).
Flotazioa: instalaziotik ateratzen diren eta lehengaitik datozen tintak kentzea, banda-prentsan eta torloju-prentsan deshidratatu ostean, tinta-kentzeko lohi gisa.
Ondorengo arazketa fina: neurri txikiagoko errefusak kentzea, arazgailu zentrifugoen bidez lau etapatan (Cleaners) eta arteka-arazgailuen bidez bi etapatan (Multiscreen).
Loditzea: orea loditzen da, ura kenduz, diskoen iragazkian % 12ko loditasuna lortu arte. Osteko beste prentsa baten bidez, % 30eko loditasuna lortzen da.
Dispertsorea: hondakin-tintak sakabanatzen dira, partikulen tamaina murriztearen bidez. Dispertsorean birrindu eta berotzen da orea, eta ondoren, orea zuritzeari ekiten zaio.
Zuritzea: oreari tinta kendu eta araztu ondoren, zuritu egiten da, hidrogeno peroxidoa erabiliz, zuritzeko dorre batean; horretarako, behar duen denbora egongo da, hidrogeno peroxidoak eragina izan dezan.
Flotazio ostekoa: tinten bigarren bereizketa.
Loditzea: orea loditzen da, diskoen bigarren iragazki baten eta beste torloju-prentsa baten bitartez.
Zuritzea: zuritu egiten da, hidrosulfito sodikoa erabiliz.
Biltegiratzea: orea zenbait depositutan biltegiratzen da (700 m3-koa DIP3-an eta 500 m3 -koa DIP2-an), paper-makinak elikatzera pasatu aurretik.
Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak honako atal hauetan zehazten dira, zeinetan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen baitira.
Instalazioan tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, operadoreak ekoizlearekin tratamendu-kontratu bat izenpetu beharko du eta kontratu horretan hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.
C.1.1.– Hondakin onargarriak.
Papresa SAk Europako Hondakinen Zerrendako (EHZ) hondakin arriskugabeak tratatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko).
(Ikus .PDF)
Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.
Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.
2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua, estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena bete beharko da.
C.1.2.– Hondakin arriskugabeen sarrera kontrolatzea.
Balorizazioa egiteko, instalaziora iristen diren hondakin arriskugabeen kontrol bat eraman beharko da, bermatzeko ezen ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla instalazioan.
Kontrol hori tratamendu-agirian ezarritako egiaztapena izango da. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.
Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da kudeatu beharreko hondakinak zabaltzeko Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea.
C.1.3.– Zamalanak.
a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
b) Plantan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu zehaztugabeko edo kontrolik gabeko isuririk, edo, bestela, isuriok ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipoen estankotasuna ziurtatzea ere.
C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.
Hondakinak estankotasun-baldintza egokietan biltegiratuko dira, gerta daitezkeen ihes edo isurien balizko eragina saiheste aldera; hala gertatuz gero, horiek bildu eta karakterizatu egingo dira.
Bi urtekoa izango da balorizatu beharreko hondakin arriskugabeak gordetzeko gehieneko epea.
Ebakin-fardelak fardel alanbredunetan biltegiratzen dira. Biltegiratzeko azalera 2.500 m2-koa da gutxi gorabehera; lurzoru hormigoiztatua du, eta hesiak eta/edo hormigoizko hormak ditu perimetroan.
Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru estankoak izan behar dituzte, aurreikusitako karga guztiak jasateko eta horien isuri edo ihesei eusteko gaitasunarekin. Hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako biltegiratze-gune bereiziak izango dira.
Haizeak herrestatzea eragozteko moduan biltegiratu beharko dira instalazioan onartutako hondakinak.
C.1.5. Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.
Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Papresa SAk fitxategi kronologiko bat izan beharko du, formatu fisikoan edo telematikoan. Fitxategi horretan, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, destinoa eta tratamendu-metodoa, eta, hala badagokio, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken destinoa eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanei buruzko egiaztagirietan bildutako informazioa sartu behar da.
Urtean behin artxibo kronologikoaren laburpen bat bidaliko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 41. artikuluarekin bat etorriz.
C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.
Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.
Horrez gain, baldin eta aurreikusten bada zabortegian deuseztatzea dela inportatu beharreko hondakinak dela inportatutako hondakinak baliarazte- edo deuseztatze-tratamenduaren ondoren helmugako instalazioan lortutako korronte esanguratsuren bat, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planean zehazten diren hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.
C.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.
C.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
C.2.1.1.- Baldintza orokorrak.
Papresa SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferarako isuriek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Arau orokor horretatik salbuetsi daitezke isuri konfinatu gabeak, baldin eta horiek biltzea ez bada teknikoki edo ekonomikoki bideragarria, edota egiaztatzen bada ingurunean kalte urria eragiten dutela.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztu behar dira disfuntzionamendu- eta erabilezintasun-aldiak.
Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte.
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta segurtasunak eta zerbitzuek.
Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
C.2.1.2.- Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Papresa SAren instalazioak (egunkari-papera fabrikatzea eta kogenerazio-instalazioa) urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren –atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenaren– katalogoan bildutako 03 01 02 00 jarduerari lotutako honako foku konfinatu hauek ditu:
(Ikus .PDF)
Foku ez sistematiko horietako bat urtean bataz beste hamabi aldiz baino gehiagotan funtzionatzera pasatzen bada, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala duela, edo maiztasuna edozein dela ere, isurketen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino gehiagokoa bada, isurketa sistematikoko foku gisa araupetu beharko da.
Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da inguruabar hori.
C.2.1.3.– Isurketaren muga-balioak.
a) Isuri atmosferikoek isurketaren muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da lantegia:
(Ikus .PDF)
Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
Isuri-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Isurketaren muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.
C.2.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo bigarren ataleko C.2.1.2 azpi-apartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta segurtasunak eta zerbitzuek.
Isuri lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.
C.2.2.– Isurketak egiteko baldintzak.
C.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
(Ikus .PDF)
C.2.2.2. Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.
a) 1. isurketa: tratamendu-sistemaren efluentea.
(Ikus .PDF)
Hondakin-uren emariak 1. isurketa-puntuan, tratamenduaren ondoren, batez beste urtean ez du gaindituko produktuaren 15 m3/t.
b) Sustatzaileak 2., 3. eta 4. puntuei dagozkien euri-uren isurketaren emariei buruzko estimazioa (urteko bolumena eta puntako emaria) aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, plubiometria-datu meteorologikoetan eta drainatutako azaleretan oinarrituta, kasu bakoitzean. Kalkulurako, 1.200 mm-ko balioa erabili ahal izango da urteko plubiometriarako, eta dagokion puntako emarirako 20 mm/h-ko gehieneko plubiometria balioa.
C.2.2.3.– Isurketaren muga-balioak.
a) 1. isurketa:
Saneamendu-sarera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:
(Ikus .PDF)
a) 2., 3. eta 4. isurketak: euri-urak, hiru isurketa-puntutatik Oiartzun ibaira:
(Ikus .PDF)
Tenperatura: ubideko tenperatura 3.ºC baino gutxiago igotzea.
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.
Baimen honek ez du onartzen baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantziak isurtzea, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen jabari publiko hidraulikoari buruzko araudia onartzen duena.
C.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.
Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek arazketa-instalazio bat dute. Instalazioa, hondakin-uren tratamendu fisiko-kimikoan oinarritzen da eta ondorengo ekipoez osatuta dago:
– 150 m3-ko arbastuko sareta. Bertan biltzen dira 4., 5. eta 6. paper-makinetatik eratorritako urak.
– 2.000 m3-ko hauspo-depositua.
– 50 m3-ko homogeneizazio-andela. Bertan biltzen dira DIP 1 tinta-kentze lohiak, aldez aurretik pH-a neutralizatzeko polielektrolitoak eta azido sulfurikoa gehitu ondoren.
– Delta Purge klarifikagailua, non jasotzen baitira homogeneizazio-andeleko urak; ur horiek, ondoren, 2. acelator-era (dekantagailua) bideratzen dira.
– DIP2 eta DIP3-ko isurketa-urak, tinta kentzeko instalazioan bertan klarifikagailu batean tratatu ostean, 1. acelator-era (dekantagailua) bideratzen dira, isuriaren kalitatea bermatzeko.
Lohien mikroflotazioa Delta Purge klarifikagailuan egin ondoren, bi lerro bereizten dira:
– Lohien lerroa; ondorengo ekipoez osatuta dago:
– 50 m3-ko lohien andela. Bertan biltzen dira ibaiaren uraren tratamenduaren lohiak eta 6. makinaren lohiak.
– Lohiak deshidratatzeko lerroa; bahe birakari batek eta torloju-prentsa batek osatzen dute, eta polielektrolitoa gehitzen zaio.
– Lohiak deshidratatzeko lerroa; grabitate-mahai batek eta torloju-prentsa batek osatzen dute, eta polielektrolitoa gehitzen zaio.
Orokorrean, lohiak deshidratatzeko, bahe birakaria eta torlojua erabiltzen dira, eta geldialdi edo mantentze kasuetarako uzten da grabitate-mahaiak eta torlojuak osatutako lerroa.
– Ur-lerroa:
– 2. «Acelator» dekantagailua. Bertan biltzen dira Delta Purge-tik eratorritako ur klarifikatuak eta 3 paper-makinen ur iragaziak.
– 1. «Acelator» dekantagailua. DIP 2 eta 3 tinta-kentze lerroetan gertatutako flotazioaren ondorioz landutako urak bertara zuzentzen dira, euren kalitateak horretarako aukera emanez gero.
Ekipo komun gisa, bi lerroek 178 m3-ko purgatze-andela dute, eta bertan biltzen dira bi dekantagailuen purgatzeak eta grabitate-mahaitik eta torloju-prentsatik ateratako ura. Purgatze-andelean jasotako urak bideratzen dira urak arazteko prozesuaren hasierara.
Era berean, lantegietako eta biltegi-guneetako uren garbiketa edo produktu, lehengai, hondakin eta abarrak isolatzeko eta biltzeko segurtasun-neurri eta gailuak prest egongo dira, euri-uren isurbideetatik barrena garbiketen, isurketen edo pitzaduren ondorioz kutsatutako urak edo zoletan, bideetan, eta abarretan euriaren ondorioz pilatutako materialak arrastatzea saihestu ahal izateko. Arraste zuzen edo zeharkakoen ondorioz kutsatuta egon daitezkeen ur guztiak tratamendu orokorrera bideratu behar dira.
Ekoizpen-pabiloiko euri-estolda ixteko balbula bat eduki beharko da. Balbula horri esker, larrialdi-kasuetan, euri-urei eutsi ahal izango zaie, xukatzeko ponpa baten bidez atera arte.
Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Papresa SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketako instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako, eta isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu kutxatila horrek. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.
C.2.3.- Lantegian sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, buruaskitasun- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.
Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.
Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Hondakinek desagertu, galdu eta ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Errenteriako Udalean.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (zeinaren bidez, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen baita) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.
C.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak
Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarritzat hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.
b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi eta arriskutsuago bihurtu daitezkeen edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
d) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Sanitarioen Kudeaketari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura garatzeko ondorengo araudietan ezarritakoak izango dira.
e) Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon. Salbuespenetan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.
f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Papresa SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.
h) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.
i) Papresa SA enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.
j) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko Errege Dekretuan (otsailaren 20ko 110/2015) xedatuaren arabera. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-erakundeei egindako emateak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.
k) Papresa SA enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.
l) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Papresa SA enpresak, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
m) Papresa SA enpresak urtero adierazi beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.
n) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.
o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Papresa SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gutxienez lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Papresa SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.
p) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Papresa SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
q) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, f) eta g) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta m) eta o) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, trantsakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.
r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Papresa, SA enpresak 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
C.2.3.2.– Hondakin arriskugabeak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskugabeak honako hauek dira:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Egiaztapen teknikoa egiteko, beharrezkoa da hondakin hori onartzeko baimena duten hiru kudeatzailek aipatu hondakina ezin dela balorizatu adieraztea.
b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.
c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.
d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Papresa SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.
e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.
f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Papresa SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion ingurumena zaintzeko programa –dagokion urtekoa– bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.
i) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako d), e) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) eta g) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.
C.2.4.– Ontziak merkaturatzea.
Papresa SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituenez, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontzien Gaineko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.
Era berean, Papresa SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Papresa SA enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.
Baldin eta Papresa SAk urte natural batean merkaturatzen dituen ontziratutako produktuek eta, ondorioz, industria- edo merkataritza-ontziek jarraian adierazten diren kantitateak baino handiagoak diren ontzi-hondakinak sor baditzakete:
– 250 tona, beira bakarrik bada.
– 50 tona, altzairua bakarrik bada.
– 30 tona, aluminioa bakarrik bada.
– 21 tona, plastikoa bakarrik bada.
– 16 tona, egurra bakarrik bada.
– 14 tona, kartoia edo material konposatuak bakarrik badira.
– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.
Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.
C.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Papresa SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.
Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:
http://www.euskadi.eus/informazioa/lurzoru-kutsatuen-eta-lurpeko-uren-gaineko-arauzko-eskakizunak-aplikatzea-ingurumen-baimen-integratua-behar-duten-instalazioetan/web01-a2ingkut/eu/
Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.
Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:
1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:
a) 4/2015 Legeak, Ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1c letran ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m³ gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.
c) Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.
d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.
e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:
– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.
– Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten.
– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.
– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.
C.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.
a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:
a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.
a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.
a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.
(Ikus .PDF)
1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.
Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.
Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.
b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:
D.1.– Atmosferako isurtzeak kontrolatzea.
D.1.1- Kanpoko kontrolak.
a) Papresa, SA enpresak isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:
(Ikus .PDF)
(1) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).
* Foku ez-sistematikoa denez, ezarritako periodikotasuna zenbatzeko ez dira kontabilizatuko funtzionamendurik gabeko aldiak. Ingurumena zaintzeko programan, martxan izandako ordu eta egunei buruzko informazioa emango da. Foku honen funtzionamendua ez-sistematikoa den bitartean, neurketak egitetik salbuetsita egongo da.
Etengabe monitorizatu beharko dira FIVES, BABCOCK-WILCOX eta UMISA galdarei lotutako errekuntza-prozesuetako ihes-gasen presioa, tenperatura eta oxigeno-edukia, CO edukia eta ur lurrunaren edukia.
b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, batik bat honako hauei dagozkienak: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta neurketa bakoitzaren banako iraupena eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea. 1. eta 3. fokuen kasuan, isurtzeak kontrolatuko dira apirilaren 7ko PRA/321/2017 Aginduan ezarritakoaren arabera (PRA/321/2017 Agindua, apirilaren 7koa, Errekuntza-instalazio handietatik datozen SO2, NOx, partikulak eta CO airearen kutsatzaileen isurtzeak zehazteko prozedurak, horiek neurtzeko tresnen kontrola eta isurtze horiekin loturiko tratamendua eta informazio-bidalketa arautzen dituena).
c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta isurketaren iraupen globala lantegiaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik beherakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.
D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
D.2.- Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:
(Ikus .PDF)
b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketaren lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.
c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:
– Uraren Euskal Agentziari, (euri-uren analitikaren kasuan) laginak hartzen direnetik (1) hilabeteko epearen barruan.
– Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko D.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.
d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.
e) Puntu honetako a) letran kanpoko kontrol gisa aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
f) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen hirugarren apartatuko C.2.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.
D.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Sustatzaileak jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.
(Ikus .PDF)
D.4.– Zarata kontrolatzea.
a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.
b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.
c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
D.5.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orriko emate-prozedura telematikoari jarraikiz:
https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml
Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, kontrolak urtean behin baino periodikotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.
Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.
D.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.
Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.
E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurketen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.
Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren ataleko C.2.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
E.2.– Jarduera uztea.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (21.1 epigrafea: «Paper-orea, papera eta kartoia egitea»), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Papresa SAk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Papresa SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen hirugarren apartatuaren C.2.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.
Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Papresa SAk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.
Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.
E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurketak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko periodikotasunarekin aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira, hala badagokio, hondoan hustubiderik ez duten depositu iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.
Baldin eta instalazioetan lokatzen tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.
Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by-pass» bidez isuriak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isuriak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horretatik ustekabeko isuri bat sortuko balitz, titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar duen txostenaren bidez (apartatu honetako i) letran adierazitakoaren arabera), segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du.
b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.
c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.
d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur-zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.
g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.
i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen jazoera edo anomalia baten aurrean, sustatzaileak jazoera edo anomalia horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gertatu dena zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera-mota.
– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).
– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
– Sortutako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.
Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Errenteriako Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
– Gorabehera-mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.
– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen zenbatespena.
– Hartutako neurri zuzentzaileak.
– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
j) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.
k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.
F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugak ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Papresa SAk, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.
Informazio hori lekualdatzeko, IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema.
Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.
Ingurumen Adierazpena publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
H) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:
http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc
Erakunde honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.
Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Zazpigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni bada isurketen muga-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.
b) Isurketak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kosturik ezarri gabe.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa bada.
d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, berrikuste-prozesua gehienez ere hogei eguneko epean hasteko.
e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.
f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.
g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.
h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ezen ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak nahikoak ez direla.
i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.
Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.»
Laugarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Papresa SAri:
– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Seigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Papresa, SA enpresari, Errenteriako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 28a.
Ingurumeneko sailburuordea,
MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.
RSS