Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2018ko azaroaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5563

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Villa Narcisako Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko apirilaren 13an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Villa Narcisako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideei ekiteko (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago, eta amaiera-data jasotzen da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko ekainaren 20an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzkizaleak Elkartea. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.

Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostenak jaso dira, eta espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Donostiako Villa Narcisako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, sartu behar diren azken oharrak barne, soilik ingurumen-ondoreetarako.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak; ondorioz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Villa Narcisako Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jasotzen du:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan honen helburua da Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) ezarritako hirigintza-parametroak aldatzea Jose Elosegi Alkatearen hiribidea 209 –Villa Narcisa– helbidean dagoen hiri-lurzoruko lurzatiari dagokionean, baina hiri-lurzoruko tokiko zuzkidura-estandarren ordenamendua beteta.

Donostiako HAPOn zedarritutako «A.U.05 Ategorrieta» eremuari eta, bereziki, Jose Elosegi Alkatearen hiribidea 209 lurzatiaren azpieremuari eragiten die Planak.

Lurzati horrek 3.213 m2-ko azalera du, eta eraikigarritasun haztatua handitzeagatiko kontsolidatu gabeko hiri-lurzoru gisa sailkatua dago, eta dentsitate txikiko bizitegi-eremu kalifikatua. Egun, eraikin nagusi bat du, eta bigarren mailako 2 eraikin. Denak eraitsiko dira.

HAPOko jarduera-eremuko arau bereziak erabiltzeko baldintzek mugatzen dituzte lurzati bakoitzean eraikiko diren 4 etxebizitzak, eta, lurzatiak gutxienez 1.000 m2 izan behar duenez, eraikigarritasunaren eta lurzatiaren neurriaren arteko ezberdintasuna orekatzen duen partzelazioa egin behar da. Era berean, jabe bakarreko partzelazio horrek dakar arau bereziak aplikatzearen ondoriozko lerrokadura berriak agertzea, eta dagoen espazioa optimizatzea zailtzen dute horiek.

HAPOko hirigintza-arau bereziak aldatzen ditu Plan honek bere xede den eremuan, eta sestra-peko erretiroen 3 metroko muga ezabatzen du ondoriozko 3 lurzati berrietarako, lurzati horietarako sarbide eta aparkaleku amankomun bakarra sortzeko xedearekin, baina gainerako indarreko hirigintza-parametroei eusten die. Eraikin berriak lehendik dagoen plataforman kokatzea ere ahalbidetzen du horrek (etxebizitza atxikien 3 multzokatze; 10 etxebizitza, orotara); horrela, lur-erauzketak minimizatzen dira, eta urbanizazio berria lursailaren morfologiari egokitzen, lehendik dauden zuhaitzen gaineko eragina minimizatuz.

Egun sarbidea dagoen toki beretik eta multzoaren gaineko partean dagoen bigarren sarbidetik sartuko dira etxebizitza horietara oinezkoak. Oinezkoentzako sarbidetik hurbil dagoen beheranzko arrapala batetik sartzen da garajera, edo sartzeko guneetan dauden igogailuen bidez.

Hirigintza-baldintzatzaileak betetzea eta bideak eta bestelako hirigintza-zuzkidurak (aparkalekuak, gune berdeak eta espazio libreak, etab.) urbanizatzeko espazioak lagatzea justifikatzen du proposamenak.

B) Behin Plan Bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbaterainoko eragina duen beste plan edo programa batzuetan, are hierarkizatuta daudenetan ere. Plana bateragarria da Donostialdeko Lurraldeko Plan Partzialeko zehaztapenekin, eta Donostiako HAPOn «AU.05 Ategorrieta» eremurako ezarritako hirigintza-arauak betetzen ditu, salbu Plan honen xede diren eta lurzati horientzako aparkaleku amankomun bakarra egikaritzea bermatzeko salbuespenez ezabatuko diren sestra-peko erretiroak; dagokion HAPOko Hirigintza Arau orokorren 36. artikuluan oinarrituz egingo da hori.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plana garatzean aplika daitezke Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiko «1.2 Ingurumen-jasangarritasun Txostena» izeneko agirian zehaztutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriak. Alde horretatik, Plan Berezia egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza.

d) Planarekin zerikusia duten ingurumen-arazo esanguratsuak: azterketa-eremua hiri-ingurune antropizatu batean dago, eta ez dauka natura-balio nabarmenik. Horrenbestez, ez da arazo esanguratsurik atzematen Plana garatzeko, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz burutzen badira eraginpeko eremuan burutuko diren jarduketak eta aktibitateak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak:

Plan honen xede den eremua dentsitate txikiko eremu antropizatu batean txertatzen da: 3.213 m2-ko azalera du, eta hirigintza-asentuz eta bide-azpiegiturez inguratua dago; familia bakarreko etxebizitza batek eta etxebizitzari atxikitako erabilerako bigarren mailako bi eraikinek okupatzen dute eremu hori zati batean; hiru eraikin horiek eraitsi beharko dira.

Lurzatia osatzen duen lursailak goranzko desnibela du (hegoaldetik iparraldera), 25 metroko gehieneko desnibela eta gutxi gorabehera % 30eko batez besteko maldarekin.

Eremuan ez dago ingurumen-babes erregimen bereziko espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balio esanguratsurik duen elementurik, ez eta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-elementu nabarmenik ere, eta ingurumen-arriskurik ere ez da bertan (uholde-arriskua, lurzoru kutsatuak, akuiferoak kutsatzeko arriskua).

Eremuko lorategietan dagoen landaredia erruderala eta apaingarria da, zuhaitz-eiteko ale batzuekin. Helarazitako dokumentazioaren arabera, oso txikia da han dagoen landarediaren natura-interesa, eta ez dago ez intereseko eta/edo mehatxatutako espezie edo landare-komunitaterik, ez interes komunitarioko habitatik. Gainera, Cortaderia selloana espezie exotiko inbaditzailea dago.

«Urumea» Babes Akustiko Bereziko Eremuan sartzen da eremua, zeinaren zonako plana 2017ko urtarrilean onartu baitzen.

Proiektatutako jarduketen eta Planaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, a priori, uste da Plana gauzatzearen ondorioak lehendik dauden eraikinen eraiste-obrek eragingo dituztela (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea) eta giza habitataren kalitatea jaistea zarata, hautsa eta abarrak areagotzearen ondoriozkoak izango direla, obrek dirauten artean; espezie aloktono inbaditzaileak hedatzeko arriskua ere hor dago, zehazki, eremu horretan badagoen Cortaderia selloana.

Obrak amaitu ostean, eta etxebizitza-kopurua handitzeagatik, trafikoa ere pixka bat handitzea espero da, eta, ondorioz, baliabide gehiago erabiltzea eta hondakin gehiago sortzea.

Bestalde, aurkeztutako Azterlan Akustikoarekin bat, ez da uste gaindituko direnik hirigintza-garapenetako zaratari buruzko indarreko araudian ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Ikusirik planteatutako jarduketak eta Planaren eremuaren ezaugarriak, ez da aurreikusten ingurumen-inpaktu negatibo azpimarragarririk sortzerik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan azaldu bezala.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira Planaren xede den proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

Eraikin eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Donostiako Villa Narcisako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.- Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du. eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako Villa Narcisako Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

I. ERANSKINA

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Ekintzak burutuko dira landare inbaditzaileak (Cortaderia selloana, esaterako) zabaltzea eragozteko. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.


Azterketa dokumentala