Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2018ko azaroaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5446

EBAZPENA, 2018ko urriaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Sestaoko (Bizkaia) AIS-Ballonti eta AIS-Las Canteras industria- eta zerbitzu-eremuei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa ematen duena.

AURREKARIAK

2018ko apirilaren 6an, Sestaoko AIS-Ballonti eta AIS-Las Canteras industria- eta zerbitzu-eremuei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera bete zuen Sestaoko Udalak. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko ekainaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritzari, bai eta URA Uraren Euskal Agentziari, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari ere.

Era berean, Sestaoko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Bestalde, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritzaren, IHOBEren eta URAren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Sestaoko AIS-Ballonti eta AIS-Las Canteras industria- eta zerbitzu-eremuei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, HAPB) kasu horietako bat da. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira HAPBren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sestaoko AIS-Ballonti eta AIS-Las Canteras industria- eta zerbitzu-eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, HAPB) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Sestaoko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

HAPBren helburua da eremutik gertu dauden ingurumen-elementuak sustatzea eta oraingo erabilerak ekitate-irizpideen arabera antolatu eta banatzea.

Hauek dira aurreikusita dauden jarduketa nagusiak:

– Ballonti ibaiaren ertza leheneratzea, oinezkoentzako bide bat eginda.

– Zerbitzuan jartzea espazio libreetako toki-sistemen eremua.

– Aparkaleku berriak sortzea (ekipamendutzat kalifikatutako guneetan).

– Espazio libreak berrantolatzea, Ballonti ibaira konektatuta.

– Bide publiko bat ezartzea, orain dauden beharren arabera.

– Uren arazketa bermatzea: proposatzen da eremuaren barruko saneamendu-sarea udaleko edo eskualdeko sare orokorrera konektatzea, arazketa behar bezala gauzatzeko.

– Proposatzen da gas konprimituko hornitegi bat eraikitzea.

Eremuaren ezaugarri nagusiak:

Ballonti (AIS_BA) eta Las Canteras (AIS_LC) industria- eta zerbitzu-eremuak hartzen ditu HAPBk. Eremuak 13.775,00 metro koadroko azalera du, eta Sestaoko udal-mugartearen hegoaldean dago kokatuta. Zenbait eremu urbanizatuta daude, eta eraikinak dituzte eremu osoan nahiz zati batean. Intereseko natura-elementu bakarra Ballonti erreka da, baina ibaiertzeko landaredia oso hondaturik dago.

Muga hauek ditu: iparraldean, Ballonti ibaia; hegoaldean, Productos Tubulares enpresa; ekialdean, BI-664 foru-errepidea, eta, mendebaldean, Productos Tubulares enpresa eta Iberdrolaren azpiestazio elektrikoa.

HAPB honen eremuko hiru lurzati lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude (48084-00085, 48084-00014 eta 48084-00004 kodeak). Lurzati horietako zenbait zatiren lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena eman da; industria-erabilerarako bateragarri den lurzoru eraldatutzat hartu da.

Aztertu den eremuko zati handi bat 100 urteko errepikatze-denborako uraldien eraginpean dago; beste zati batek 500 urteko errepikatze-denborako uraldien eragina du, eta zati txiki batek, 10 urteko errepikatze-denborako uraldien eragina. Eta hortik igaroko da, hain zuzen, oinezkoen pasealekua. Uholde Kalteragin Potentzial Esanguratsuko Gune (UKPEG) gisa sailkatuta dagoen zona baten barruan sartzen da eremua.

Eraginak: espero diren eragin nagusiak lurzoru eraldatuen lur-mugimenduekin loturikoak dira, bai eta eremuaren uholde-arriskuaren inguruko efektu posibleekin loturikoak ere.

Halaber, beste eragin batzuk izango ditu; esaterako, giza habitataren kalitatea murriztuko da, behin-behinean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondorioz zarata eta hautsa areagotuko direlako. Horrez gain, Ballonti ibaira isurketak egiteko arriskua dago, proposatutako jarduketak hortik gertu baitaude.

Sestaoko Udalak aurkeztutako dokumentazioan HAPB garatu aurretik eta eraikuntza- eta ustiapen-fasean hartzeko zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile biltzen dira (lurzorua eta urak babestera, partikulen isuriak murriztera, hondakinak kudeatzera, zaratek eta isuri atmosferikoek eragindako eragozpenak murriztera eta abarrera zuzendutako neurriak).

B.– Proposatutako HAPBren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, HAPBk ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, HAPBk ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da antzeman bateraezintasunik plangintza nagusiarekin. Ingurumen-dokumentu estrategikoan (IDE) jasotzen da HAPBk soilik Sestaoko eta Trapagarango Ibarzaharra industrialdeko udal-plangintza bateragarri egiteko planean jasotzen diren erabilera xehatuak ezartzen dituela, eta, beraz, ez du eraginik Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialean, ez eta Sestaoko udal-mugarteari eragiten dioten onartutako Lurralde Plan Sektorialetan ere, hala nola Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana (UAKP).

c) HAPB egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: HAPBko proposamenen artean daude Ballonti ibaiaren ertza leheneratzea, oinezkoentzako bide bat eginda; espazio libreak berrantolatu eta konektatzea, eta erabat urbanizatua dagoen eremu batean bide publikoari lotutako beharretara egokitzea.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honen aurreko apartatuetan aipatu den bezala, espero diren eragin nagusiak lurzoru eraldatuen lur-mugimenduekin loturikoak dira, bai eta eremuaren uholde-arriskuaren inguruko efektu posibleekin loturikoak ere.

Halaber, beste eragin batzuk izan ahalko ditu; esaterako, giza habitataren kalitatea murriztuko da, behin-behinean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondorioz zarata eta hautsa areagotuko direlako. Horrez gain, Ballonti ibaira isurketak egiteko arriskua dago, aurreikusitako jarduketak hortik gertu baitaude.

Dena den, ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketa eta jarduerak.

e) HAPB egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak:

HAPBren zehaztapenak kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio adierazgarririk izango denik HAPB gauzatzearen ondorioz, eta, bereziki, uholde-arriskuaren aurreko babesari dagokionez. Gainera, Ebazpen honetako aurreko apartatuetan aipatu denez, kontuan izan behar da HAPBren eremuko zenbait lurzati lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daudela, 48084-00085, 48084-00014 eta 48084-00004 kodeekin (lurzati horietako zati batzuen lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpen-izapidea egin zen).

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den edozertan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Dagoen landaredia babestea:

● Ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

● Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

● Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

● Gomendatzen da landareztatzeko plan bat egitea, barne hartzen duena haltzadi kantauriarreko espezieak erabiltzea eremua lehengoratzeko.

● Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, HAPBren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

● Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

● Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

● Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

● Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

● Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

● Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: espedientean dagoen dokumentazioarekin bat etorriz, kanpo-materialak eman eta materialak ateratzea behar ez duen lur-mugimendu orekatua aurreikusi da. Dena den, hori ez bada aurreikusitakoaren arabera gauzatzen, Sestaoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

● Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

● Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

● HAPBren eremua BI-628 eta BI-644 foru-errepideen Zortasun Akustikoko Eremuan (ZAE) dago, beraz, foru-organo eskudunaren nahitaezko txostena izan beharko da aurreikusitako jarduketak gauzatzen hasi aurretik.

● Gomendatzen da berdegune gehiago jartzea, hala, helburu bikoitza betetzeko: batetik, errekaren eta oinezkoentzako bidearen inguruko natura lehengoratzea, eta, bestetik, hesi bisuala egin eta soinu-maila murriztea.

– Urak babestea:

● Ballonti ibaiaren eskuineko ertzeko oinezkoentzako bidea eta aparkaleku berriak baloratuko dituen baimen administratiboaren helburu izan beharko dira; besteak beste, Udalak sistema hidrologikoa eta uren kalitatea babestu eta zaintzeari lotuta proposatutako neurriak.

● Uholde-arriskua:

○ Eremuko uholde-arriskuari kalterik ez eragiteko, gomendatzen da oinezkoentzako bidea orain dagoen maldan eta aldaketarik egin gabe diseinatzea.

○ Aparkaleku berriak eta gas konprimituko hornitegirako eraikin berria 100 urteko errepikatze-denborako uraldiko zati batean daude. Jarduera instalatzeko egitea aurreikusten den ikerketa geoteknikoan, behar diren neurriak zehaztu eta justifikatu beharko dira, jarduketek uholdeak gertatzeko aukerak eta ingurunean lehendik dagoen arriskua okerragotu ez ditzaten. Neurri horiek bat etorri beharko dute Uholde Arriskua Kudeatzeko Planarekin (UAKP).

○ Era berean, baloratu beharko da ea komeni den andelak 500 urteko errepikatze-denborako uraldien gainetik geratzea, eta, hala badagokio, justifikatu beharko da ezohiko uraldiengatik edo andelek ondo funtzionatzen ez badute, kutsaduraren edo materialak herrestatzearen ondorioz, ez duela inolako kalterik eragingo ur-ingurunean.

● Plan Bereziak aurreikusitako ur-eskakizun berrien zenbaketa sartu beharko du, bai eta dauden sistemek behar berriei zerbitzua emateko duten gaitasuna justifikatu ere. Nahikoak izango ez balira, konponbide posibleak jasoko ditu HAPBk.

● Era berean justifikatu beharko da oraingo saneamendu-sistemak nahikoak direla aurreikusitako jarduketengatik izan daitezkeen beharrei zerbitzua emateko.

● Kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen (http:// http://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=EC1F62B8-A941-4C9A-9280-E4202E656A69&Idioma=eu-ES).

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Sestaoko AIS-Ballonti eta AIS-Las Canteras industria- eta zerbitzu-eremuen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean eragin garrantzitsurik izaterik, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Sestaoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Sestaoko AIS-Ballonti eta AIS-Las Canteras industria- eta zerbitzu-eremuen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala