Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2018ko urriaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5354

EBAZPENA, 2018ko irailaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatu egiten baita Papelera del Oria SA sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, iztukatu gabeko paper grafikoak fabrikatzeko, Zizurkil udal-mugartean.

Honako hauek ikusirik: Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko ebazpenaren bidez, Papelera del Oria SAri Zizurkil udalerrian (Gipuzkoa) inprimaketarako offset papera fabrikatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion.

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko apirilaren 10eko ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Papelera del Oria SAri Zizurkil udalerrian (Gipuzkoa) inprimaketarako offset papera fabrikatzeko jarduerarako eman zitzaion ingurumen-baimen integratua.

2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua argitaratu zen, industriako isurpenen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

2013ko abenduaren 11n, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea argitaratu zen.

2014ko urtarrilaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen abenduaren 23ko 468/2013 Dekretua, zeinaren bidez aldi baterako eteten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzekoa eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa.

2014ko irailaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren isurketa industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia).

2014ko abenduaren 18an, Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua onartu zen, zeinaren bidez 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztu zen; onartu zen, orobat, Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.

2015eko urtarrilaren 26an, sustatzaileak jakinarazi zuen aldaketa bat egin zuela; zehazki, gas natural bidezko galdara pirotubular berri bat instalatzea, bertan dauden kogenerazio-lerroetako bat geldituz gero Papelera del Oria SAk ekoizten jarraitzeko beharrezkoa den lurruna sortzeko. 2015eko otsailaren 2an, aldaketa ez zela substantziala jakinarazi zitzaion Papelera del Oria SAri.

2015eko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana onartu zen.

2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua onartu zen, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.

2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legea (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) onartu zen.

2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Testu bategin horretako 26. artikuluak baimena berrikusteko baldintzak finkatzen ditu. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiarekin lotutako TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla, eta beharrezkoa bada, egokituko direla bermatuko du, baita instalazioak aplikatzekoak diren erreferentziazko TEO agirien ondorioak betetzen dituela ere.

2018ko urtarrilaren 15ean, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Papelera del Oria SAri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioaren isurketei buruzko bestelako dokumentuak.

2018ko urtarrilaren 29an, Papelera del Oria SAk ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 22ko ebazpenaren bidez erabaki zen Papelera del Oria SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2018ko martxoaren 5ean.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, urriaren 18an, txostena eskatu zion Uraren Euskal Agentziari (URA); 2018ko apirilaren 26an, berriz,Zizurkilgo Udalari eta Osasun Sailari.

2018ko maiatzaren 16an eta 2018ko ekainaren 29an eta 2018ko maiatzaren 15ean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, Zizurkilgo Udalak eta Uraren Euskal Agentziak, hurrenez hurren, txostena helarazi zuten, eta espedientean jaso da txosten horien emaitza.

2018ko irailaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, Papelera del Oria SAren esku utzi zen espediente osoa.

Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta 2008ko apirilaren 30eko ebazpenaren bosgarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, egokia dela ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitatea babesteari, saneamendu-sarera isurtzeko baldintzei, hondakinak sortzeari, lurzorua babesteari eta zaratarekin lotutako baldintzei buruzko apartatuen idazketa eguneratzeko, baita ontziak merkaturatzeari buruzko apartatu berri bat sartzeko ere.

Kontuan hartuta, era berean, baimena aldatzeko jakinarazpenean emandako informazioa nahikoa zela.

Kontuan hartuta ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenari dagokion jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, ez dela alegaziorik aurkeztu.

Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina) ingurumen-baimen integratua zein kasutan aldatu eta berrikusi behar den zehazten dela, indarraldiari epe zehatzik ezarri gabe, eta beraz, baimenaren laugarren apartatua ezabatu eta bosgarrena aldatu behar direla.

Kontuan hartuta Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak, besteak beste, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretua indargabetzen duela, eta beraz, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpeneko bigarren apartatuko G azpiapartatua ezabatu behar dela.

Kontuan hartuta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatzen denez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen eraginpeko enpresek aukera dutela jarduera aldi baterako eteteko, berariazko apartatu bat erantsi behar da etenaldiak dirauen bitartean ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartzearren.

Kontuan hartuta aipatutako abenduaren 23ko 468/2013 Dekretuak aldi baterako eteten duela I. eranskinean jasotako prozedurak IKS-eeM tresnaren bitartez bakarrik izapidetzea –besteak beste, ingurumena zaintzeko programaren igorpena– 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bigarren apartatuko F azpiapartatua aldatu behar da.

Kontuan hartuta ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena duela, araudi hauetan ezarritakoaren arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Honako araudi hauek ikusita: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen, eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Papelera del Oria SAri emandako ingurumen-baimen integratua berrikustea, eta baimenaren baldintzak orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioen dokumentura egokitzea.

Bigarrena.– Papelera del Oria SAri 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez Zizurkil udal-mugartean inprimaketarako offset papera ekoizteko eman zitzaion ingurumen-baimen integratua aldatzea, eta ildo horretan, aipatutako 2008ko apirilaren 30eko Ebazpeneko lehen, bigarren, bosgarren eta zazpigarren apartatuak aldatzea.

«Lehenengoa.– Papelera del Oria Sari –helbide soziala Zizurkil udalerriko (Gipuzkoa) Ernio Bidea kaleko 8 bis zenbakian du eta IFK zenbakia A20003224– Zizurkil udal-mugartean iztukatu gabeko paper grafikoak ekoizteko ingurumen-baimen integratua ematea, ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzetan.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. eranskinaren arabera, jarduera 6.1.b kategorian dago sartuta: "Papera eta kartoia fabrikatzeko industria-instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena dutenak".

Papelera del Oria SA enpresaren instalazioa Zizurkil udalerrian dago (Gipuzkoa) eta 17.588,2 m2-ko azalera betetzen du.

Urtean, inprimaketara, idazketara eta packagingera zuzendutako 62.100 tona iztukatu gabeko paper grafiko ekoizteko ahalmena dauka.

Ekoitzitako papera hainbat zelulosa motaren nahasketa batez osatuta dago (zuntz motza, zuntz luzea eta CTMP). Horri gehigarriak eransten zaizkio –adibidez, kaltzio karbonatoa, kola eta almidoia–, paperari ezaugarri fisiko gehigarriak emateko, esaterako: opakutasuna, leuntasuna, porositatea, zuritasuna, kolatzea, etab.

Zelulosatik abiatuta konposizio bat prestatzean eta, garbitu ondoren, horrekin paperezko orria eta gero bobina osatzean datza prozesua.

Lehenik eta behin, hornitutako eta ondoren metatutako lehengaia (zuntz laburreko zelulosa, zuntz luzekoa eta CTMP) pulperretan sartzen da (depositu metalikoak, hondoan zuntzak izpitzeko helize bat daukate). Han, urarekin disolbatu eta desegin egiten da. Zelulosa desegina deskargatzeko deposituetara igarotzen da, fintzeko tratamendua egiteko (orea bi fintze-lerro independentetan izpitzea, bata zuntz motzerako da eta bestea zuntz luzerako).

Mota guztietako zelulosak tratatu ondoren, proportzio ezberdinetan nahasten dira, ekoitzi beharreko paperaren arabera, eta gehigarri kimikoak eransten zaizkie, adibidez: koloratzaileak, optikoak, almidoia, kola, kaltzio karbonatua...

Jarraian, nahasketa findua disolbatu egiten da eta arazgailu zentrifugoen multzo batek eta SP motako arazgailu batek osatutako instalazio batean arazten da. Horietan, nahasketaren ezpurutasunak desagerrarazten dira, eta hala, paper-makinara sartzea saihesten da.

Ondoren, disolbatutako konposizioa paper-makinara igarotzen da, paper-orria sortu eta papera lehortzeko. Hasieran, disolbatutako konposizioa ekoizpen-mahaian banatzen da eta ura grabitatearen eta hutsaren eraginez kentzen da (kutxa xurgatzaileak eta zilindro xurgatzailea). Ondoren, paper-orriari prentsen atalean ateratzen zaio ura, presioa eta hutsa konbinatuz. Jarraian, paper-orria aurrelehortegian sartzen da –papera lehortzeko ur-lurrunez elikatutako zilindro hutsez osatuta dago–. Paperaren gainazaleko tratamendua (almidoian oinarritua) Film Press baten bidez aplikatzen da eta papera berriz lehortu behar da, postlehortegian (aurrelehortegiaren antzekoa). Azkenik, gainazaleko akabera ematen zaio paperari, Soft Calander baten bidez; hau da, presioaren eta tenperaturaren bidez paperari nahi ditugun gainazaleko ezaugarriak (leuntasuna, distira...) ematen dizkioten prentsak.

Makinak ekoitzitako orria Popean bilduz paper-bilkaria sortzen da. Horri bobinatze prozesu bat egin behar zaio bobinagailuan, bezeroen eskakizunetara egokitzeko (zabalera, diametroa, mandrila...).

Bezeroak eskatutakoaren arabera, bobinagailuan lortutako bobinak ebakigailuan ebakitzen dira. Hala, hainbat neurritako formatuak lortzen dira eta palet-bloketan banatzen dira.

Papera, dela bobinan dela formatuan, bildu egiten da bezeroari igortzeko.

Era berean, energia elektrikoa kogeneratzeko instalazio bat dago. Kogenerazioaren potentzia elektriko nominala 9,25 MW-koa da; potentzia termiko nominala, berriz, 25.704 kW-koa.

Papelera del Oria SAko kogenerazio-instalazioan gas natural bidez funtzionatzen duten 2 gas turbina daude (Centrax eta Turbomeca). Horien potentzia elektrikoa 3,7 MW-koa eta 3,8 MW-koa da, hurrenez hurren, eta sarera esportatzen da.

Gas-turbinetako errekuntzaren ondorioz, tenperatura altuko ke-ihes batzuk sortzen dira. Horiek 2 berreskuratze-galdaratan aprobetxatzen dira. Horietako bakoitza gas-turbina batera lotuta dago eta turbina horietan 40 barreko lurruna sortzen da.

Horrez gain, 1,75 MW-ko lurrun-turbina bat dago, lurrunaren presioa 40 barretik kontsumo-presiora (4,5 bar) egokitzeko, eta trukean ematen duen energia elektrikoa sarera esportatzen da.

Kogenerazioa ekonomikoki bideragarria ez den kasuetarako, gas naturalaren bidezko galdara pirotubular bat dago, guztira 5.626 kW-eko potentzia termikokoa eta 8 barreko gehieneko presioan orduko 8 tona lurrun ekoizteko ahalmenekoa, 2 gas-turbinetako 1 eta horrekin lotutako berreskurapen-galdara geldituz gero ekoizpen-prozesuan behar den lurruna sortu ahal izateko.

Instalazioetan kontsumitutako lehengaiak eta osagarriak honako hauek dira: zelulosa, kaltzio karbonatua, almidoia, kola, optikoa, azido klorhidrikoa, hidroxido sodikoa eta alumina sulfatoa.

Energia hornitzeko iturri gisa, gas naturala erabiltzen da kogenerazio-instalaziorako –urtean 240.000 MWh kontsumitzen da (BAH)–; gasolioa fabrikako barne-garraiorako –urtean 35 m3 kontsumitzen dira– eta energia elektrikoa –urtean 35.000 MWh-ko kontsumoa–.

Lurrazaleko urak hartzeko 2 emakida daude: Ubillos iturburua eta Asteasuko errekastoa. Ubillos iturburutik datorren ura abiapuntutik instalaziora bideratzen da, eta beste alde batetik, Asteasuko errekastoko ura zuzenean dekantazio-tangara ponpatzen da.

Ubillos iturburutik datorren ura kogenerazio-plantan lurruna sortzeko erabiltzen da; Asteasuko errekastotik datorren ura, berriz, papera ekoizteko prozesuan erabiltzen da.

Gainera, sareko ura kontsumitzen da, instalazio barruko erabilera sanitarioetarako.

Prozesuko urak birzikulatzeko zirkuitu bat dago, eta % 30eko birzirkulazio-portzentajea erregistratzera iritsi daiteke.

Instalazioak hiru isurketa-foku sistematiko ditu, horietako bi kogenerazioko lurrun-galdaretara lotuak eta beste bat galdara pirotubularrera. Horrez gain, bi foku ez-kutsatzaile ditu, lehortegira sartu aurreko eta ondorengo kanpaietan pilatutako lurruna kanporatzeko.

Papelera del Oria SAren instalazioetan sortutako efluenteak honako hauek dira: industria-urak, ur sanitarioak eta euri-urak. Guztiak Oria ibaira isurtzen dira, isurketa-puntu bakar batetik, enpresako arazketa-sisteman tratatu eta gero.

Sistema hori tratamendu biologiko bat ematean eta ondoren lohiak flotarazi eta deshidratatzean datza. Horren gehieneko arazketa-ahalmena 200 m3/h-koa da (erregimen jarraitua).

Industria-uren kasuan, gainera, arazketa-sistemara sartu aurretik aurretratamendua egiten da, disko-iragazkien instalazio batean.

Instalazioan sortzen diren hondakin ez-arriskutsu nagusiak arazketa-lohiak dira, eta hondakin arriskutsuak, berriz, zerbitzu orokorren prozesuan sortutakoak (olio erabilia, olio-iragazkiak, disolbatzaile organiko ez-halogenatua, xurgatzaileak, plastikozko ontziak, fluoreszenteak, eta abar).

Proiektuak, besteak beste, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknika erabilgarri onenei buruzko (TEO) ondorioak zehazten dituen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakian jasotako honako neurri hauek barne hartzen ditu: prozesuko urak hobeto birziklatuz ur-kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, ur zurien sistema orekatua, ur berrituak eta hausturen sistema, ustekabeko isurketen maiztasuna eta ondorioak murrizteko neurriak ezartzea, hozte-urak eta estankotasun-itxituretakoak jaso eta berriro erabiltzea (edo ur horiek bereizirik isurtzea), isurtzeak homogeneizazio-putzu baten bitartez tratatzea, tratamendu primario eta/edo sekundario biologikoa izatea, gas bidezko multzo turbosortzaileak, post-errekuntza duten lurrun-sorgailuak, lurrun bidezko multzo turbosortzailea, gasgabegailu termikoa eta ur gasgabeturako andela, erregai-sistema eta ura-lurruna zirkuitua.

Instalazioak orea, papera eta kartoia ekoizteko teknika erabilgarri onenei buruzko (TEO) ondorioak zehazten dituen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakian adierazitakoa betetzeko behar diren baliabide teknikoak eta antolaketakoak ditu. Aipatutako ondorioetatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO5, TEO6, TEO8, TEO10, TEO12, TEO14, TEO17, TEO18, TEO47, TEO52, TEO53».

«Bigarrena.– Papelera del Oria SA enpresak Zizurkil udalerrian sustatutako iztukatu gabeko paper grafikoa fabrikatzeko jarduera ustiatzeko honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Papelera del Oria SA enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Papelera del Oria SAren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferarako isuriek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako isurien muga-balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurketa ahalik eta gutxienak izateko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztu behar dira disfuntzionamendu- eta erabilezintasun-aldiak.

Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta segurtasunak eta zerbitzuek.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Papelera del Oria SAren instalazioak beherago agertzen diren foku konfinatuak ditu bere instalazioan egiten duen iztukatu gabeko paper grafikoa ekoizteko jarduerarekin lotuta. Fokuen zerrendan, dagozkion fokuetarako, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko Katalogoan jasotako katalogazioa biltzen da:

(Ikus .PDF)

1. eta 2. fokuek by-pass sistema bat daukate, instalazioko segurtasun-elementu gisa. By-pass hori, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, isurtzeen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, isurtze-foku gisa araupetu beharko da.

Foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu (urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzera pasatzen bada, eta bakoitzak ordubete baino gutxiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta isurien iraupen globala lantegiaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik beherakoa bada), urte jakin batean, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Isurketaren muga-balioak.

Isuri atmosferikoek isurtzeko muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da lantegia:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Isurpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak ezartzen duena hartuko da aintzat. Isurtzeko muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko B.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta segurtasunak eta zerbitzuek.

Isuri lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurpena sortzen duen jarduera mota nagusia: Papergintza.

Jarduera-taldea: Paper-orearen eta paperaren industria.

Mota-taldea-EJSN: 2-14-1712.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

1. isuria: Ekoizpen-prozesua, isuriak, euri-ur kutsatuak eta erabilera higienikoa.

(Ikus .PDF)

Etengabeko ekoizpen-jarduera denez, titularrak emaria erregulatzeko sistemak erabili behar ditu, batez besteko eguneko bolumena egonkorra izan dadin (KEPHaren 54.4 artikulua)

B.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

Ibilgura egiten den isurketaren ohiko kutsadura-parametroak honako hauek izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:

NO2000026 – Prozesua-Papertegia-Zizurkil.

Ekoizpen-prozesua, isuriak, euri-ur kutsatuak eta erabilera higienikoa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Tenperatura: ubideko tenperatura 1,5 ºC baino gutxiago igotzea.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak betetzeko.

Gainera, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknika erabilgarri onenei buruzko (TEO) ondorioak zehazten dituen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakian adierazitakoari jarraituz, honako urteko neurri hauek bete beharko ditu:

(Ikus .PDF)

(1) Urteko batezbestekoa: Urtebetean lortutako eguneko batezbesteko guztien batezbestekoa, eguneko ekoizpenaren arabera haztatuta, eta isuritako substantzien masa gisa adierazita, ekoizpen-masa unitatearen/sortutako edo prozesatutako materialen arabera.

Ez da baimentzen isurpenetan 817/2015 Errege Dekretuko IV. edo V. eranskinetan jasotako substantzia arriskutsuen kuantifikazio analitikoko mugatik gorako kontzentraziorik izatea; kontzentrazioak parametro bakoitzerako zehaztutako IKAren % 30etik beherakoa izan behar du, hain zuzen.

Isuriek hondakin-ur mota bakoitzak berezkoak dituen bestelako parametro kutsatzaileak izan ahalko dituzte –esaterako, amonioa, nitrogeno totala, fosforoa, metalak, eta abar–, betiere kontzentrazioek ez badute ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak ez betetzea eragiten, arau horiek parametro guztietarako bete beharko dira eta. Bestela, titularra behartuta egongo da arazketa-instalazioak osatzera, isurketa ez dadin arau horiek ez betetzearen kausa izan.

B.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Industria-instalazio guztietarako hondakin-urak arazteko instalazioak edo neurri zuzentzaileak enpresa eskatzaileak aurkeztutako agirietara egokituko dira, eta jarduera hauek izango dituzte funtsean:

Ezarritako neurriak.

– Industria-urak instalazioko araztegira eraman aurretik, disko-iragazkien instalazio batera eramaten dira eta hiru iragazte mota egiten dira bertan: iragazte uherra, argia eta superargia. Ur berrituen tangan soberan dagoen ura hondakin-urak biltzeko kutxetara eramaten da eta bertatik araztegiko homogeneizazio-putzura ponpatzen da ondoren.

– Sortutako fluxu guztiak (industria-urak, ur sanitarioak eta euri-urak) instalazioko arazteko sisteman tratatzen dira. Hain zuzen ere, urei tratamendu biologikoa ematen zaie eta lokatzak flotarazi eta deshidratatzen dira ondoren. Arazketa-sistemak honako etapa hauek ditu:

• Ponpatze-putzua. Bertan jasotzen dira fabrikako hondakin-urak, homogeneizazio-putzura ponpatzeko, eta tratamendu biologikora eramaten dira ondoren.

• Serieko bi erreaktore biologiko. Puzgailu bidez elikatutako aireztapen-parrilak dauzkate.

• Solidoak flotazio bidez bereizteko sistema: presurizatze-zirkuitu bat eta dosifikazio-sistema bat, koagulatzailea eta malutatzailea ditu.

• Sortutako lohiak zentrifugo baten deshidratatzen dira eta xukatutakoa ponpaketa-putzura bidaltzen da.

Ekarpeneko uren dekantagailuko lokatzak tratamendu orokorrera bideratu behar dira, ubidera zuzenean eraman ordez.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Papelera del Oria SAk behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio aurretik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, baimendutako industria-uraren isurketa kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da; kutxatila horrek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu. Kutxatila zuzeneko sarbidea dagoen leku batean kokatuko da, behar denean ikuskatu ahal izateko.

Aurreikusitako neurri osagarriak:

– Flotazio bidezko tratamendu biologikoaren aurretik tratamendu primario bat ezartzea.

– Gaur egungo biologikoaren irteerako flotagailuaren ordez ahalmen eta eraginkortasun handiagoko bat jartzea, lohi biologikoak atxikitzeko.

2018ko abenduaren 31ra arteko epea emango da neurri horiek ezartzeko.

Baimendutako isurketak egiteko, kontrol-puntu bat izango da, arazketa-instalazioen ostean kokatua, eta, bertan, Uraren Euskal Agentziak, egoki iritzitakoan, ikuskatu eta laginak hartu ahal izango ditu. Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 252., 333. eta 334. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ahalbidetu egin beharko da, inolako atzerapenik gabe, Administrazioko langileak kontrol-puntu horretara sartzea, baita jabetza pribatuetatik pasatzea ere, baldin eta pertsonen bizileku ez badira.

Industria-uren kontrol-puntuan isuriak neurtzeko gailua barne hartzen da, ezaugarrien arabera aplikatu beharrekoa, ARM/1312/2009 Aginduaren 7. artikuluan jasotakoaren arabera. Bestalde, euren funtzionamenduak aipatutako Aginduaren 7. eta 8. artikuluetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

Kontrol puntuaren eta jabari publiko hidraulikorako isurketa zuzeneko puntuaren artean ez da kanporaketa sare bat baino gehiago egon behar, araztutako efluentearen aldaketarik gabe. Gauzak horrela, efluentearen ezaugarriak aldaketarik jasan gabe mantenduko dira bi puntuen artean.

Kasu honetan, efluentea kontrolatzeko nahitaezkoa da ondorengo elementuak izatea:

– Neurri puntualen eta egunerokoen neurketaren adierazle lokala eta metaketa digitalizatua dituen emari-neurgailua.

– Lagin-hargailu automatikoa, eguneroko lagin bateratuak hartzeko.

– Ponpaketa-putzuaren mailaren kontrola, paper-makinaren alarmen zentralarekin konektatuta, kontrolik gabeko isurketak saihesteko.

Horrez gain, 2018ko abenduaren 31 baino lehen, nahitaez, isurketen pHa, uhertasuna eta tenperatura etengabe neurtzeko zundak eduki beharko dira. Horiek ere neurketen adierazle lokala eta metaketa digitalizatua izan beharko dituzte.

B.2.5.– Isurien kontrol-kanona.

Uraren Legearen testu bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 291. artikulua (606/2003 Errege/Dekretua) –zeina Estatuaren 2014rako Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen 95. artikuluak aldatu baitzuen– aplikatuz, hau da isurketen kontrolaren kanonaren zenbatekoa:

(IKK): Isurketen kontrol-kanona = V x Pu.

Pu = Pb x Cm.

Cm = C2 x C3 x C4.

Non:

V = Isurketa baimenduaren bolumena (m3 urtean).

Pu = Isurketa kontrolatzeko prezio unitarioa.

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuriaren izaeraren arabera.

Cm = Isurketaren maiorazio edo minorazioko koefizientea.

C2 = Isuriaren ezaugarrien araberako koefizientea.

C3 = Isuriaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.

C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren IV. eranskineko oharrean (*****) jasotzen diren definizioen arabera, horren aplikazioan aintzat hartuta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan, 2013ko ekainaren 7koan, ezarritako helburuak.

N02000026 – Prozesua-Papertegia-Zizurkil.

Ekoizpen-prozesua, isuriak, euri-ur kutsatuak eta erabilera higienikoa.

(Ikus .PDF)

Cm = 1,00 x 0,5 x 1,25 = 0,681250.

Pu = 0,04207 x 0,681250 = 0,028660 euros/m3.

Isurien kontrol-kanona = 0,028660 x 770.000 = 22.068,20 euro/urte.

Isurketen Kontrolaren Kanona autonomia erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (Uren Legearen testu bateginaren 113.7 artikulua).

Uraren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, IKKren zergaldia urte natural bakoitzarekin dator bat. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarrita gelditu da, eta ez da aldatuko isuria baimentzeko baldintzak edo kalkuluan parte hartzen duten faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.

Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, dena delako urteko ekitaldiko Isurketen Kontrolaren Kanonaren likidazioa dagokion ebazpenean zehaztuko da, baimena indarrean egondako egun kopuruaren arabera, urteko egun kopuru osoarekin alderatuta.

Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 249. artikuluak xedatutako prozeduraren arabera, ebazpen honen bidez jakinarazten zaio titularrari isurketa baimentzeko baldintzak zein diren, Isurketa Kontrolaren Kanonaren (IKK) behin betiko likidazioa barne, eta jakinarazten zaio, orobat, likidazioa ez dela urtero esanbidez adieraziko; aitzitik, aurreko urteari dagokion tasa bidaliko da eta han zehaztuko da zenbat, noiz, non eta nola ordaindu behar den.

B.3.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira edo ihes egiten badute, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Zizurkilgo Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (zeinaren bidez, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen baita) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei Eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarria bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi eta arriskutsuago bihurtu daitezken edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespenetan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Papelera del Oria SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Papelera del Oria SAk Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006) jarraikiz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– 110/2015 Errege Dekretuak, otsailaren 20koak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoak, xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Papelera del Oria SAk, PCBa eduki dezaketen gailuak dituen heinean, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuak, abuztuaren 27koak, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenak zehaztutako baldintzak, eta 228/2006 Errege Dekretuak, otsailaren 24koak, errege-dekretu hori aldatzen duenak, xedatzen dituenak.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009 (EE) Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Papelera del Oria SAk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Papelera del Oria SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Papelera del Oria SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, 22/2011 Legeak, uztailaren 28koak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoak, 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Papelera del Oria SA hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Papelera del Oria SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Papelera del Oria SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta l) eta m) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Papelera del Oria SAk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan) 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, "II. motatako nahasketa" izeneko hondakinak ezingo du baliotu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan baliotu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

b) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

d) Baldin eta hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Papelera del Oria SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

h) Baldin eta Papelera del Oria SA 11/1997 Legeak, apirilaren 24koak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoaren lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Papelera del Oria SA bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

i) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

j) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako d), e) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) eta g) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Papelera del Oria SAk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Papelera del Oria SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du derrigor (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Papelera del Oria SAk aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, industria- edota merkataritza-ontziak merkaturatzeko Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Papelera del Oria SA enpresak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasuan kasu, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere ondoren zehaztu kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira bakarrik bada.

– 50 tona, altzairua bakarrik bada.

– 30 tona, aluminioa bakarrik bada.

– 21 tona, plastikoa bakarrik bada.

– 16 tona, egurra bakarrik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak bakarrik badira.

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Papelera del Oria SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako "Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan" zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.euskadi.eus/web01-a2ingkut/es/contenidos/informacion/aai_suelos/eu_def/index.shtml

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1) Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m3 gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera (dekretu horren bidez, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen da, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dira).

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2) Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Atmosferako isurtzeak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Papelera del Oria SAk botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, ondorengoaren arabera:

(Ikus .PDF)

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

Gainera, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknika erabilgarri onenei buruzko (TEO) ondorioak zehazten dituen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko exekuzio-erabakian adierazitakoari jarraituz, honako analitika hauek egin beharko dira:

(Ikus .PDF)

(1) Metodo analitiko azkarrak ere erabil daitezke. Proba azkarren emaitzak aldizka egiaztatu behar dira (adibidez, hilean behin) EN arauei dagokienez edo, EN araurik ez badago, kalitate zientifiko baliokideko datuak lortzea bermatuko duten ISO arau nazional edo nazioartekoei dagokienez.

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, "erakunde laguntzaile" batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kanpoko kontrolei buruzko txosten analitikoak honako hauei bidaliko zaizkie:

– Uraren Euskal Agentziari, laginak hartzen direnetik (1) hilabeteko epearen barruan.

– Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

Gainera, sustatzaileak parametro orokorren eguneroko autokontrol-orriak bidaliko ditu hilero, kalkulu-orri formatuan.

Informazio analitiko guztia posta elektronikoz bidaliko da, dkt-gipuzkoa@uragentzia.eus helbidera.

d) Parametroen analisia "Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater" txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo "ASTM Water and Environmental Technology" txostenaren azken argitalpeneko 11. sailean jasotako metodo normalizatuetako baten bidez egingo da. Egun erabiltzen diren azterketa-metodoen bestelakoak ere ezarri ahalko dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako azterketan parametro bakoitzerako erabili den metodo analitikoa zein den adierazi beharko da.

e) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

f) Urtean behin, biomasaren P eta N edukiaren, lohien bolumen-indizearen, efluentearen gehiegizko amoniako eta ortofosfatoaren analitika bat egingo da, baita lohi biologikoaren azterketa mikroskopiko bat ere. Ingurumena Zaintzeko Programa entregatzerakoan emango da informazio hori.

g) Gutxienez urtean behingo kontrolen eta administrazioak egiten dituen kontrolen emaitzen arabera, maiztasuna berrikus daiteke, isurketaren erakunde titularrak berariaz eta modu justifikatuan eskatuz gero.

h) Administrazioak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Era berean, arazketa-instalazioak ustiatzeko titulazio egokia duen arduradun bat izendatzeko eskatu ahal izango dio titularrari.

C.3.– Instalazioaren inguruko ingurune urtarreko eraginaren kontrola.

Urtean behin neurtuko da adierazle biologiko hori. Horrenbestez, agorraldia iristean komunitate bentonikoen osaera, ugaritasuna eta dibertsitatea zehaztuko dira, IBMWP eta IASPT adierazle biotikoen bitartez.

Isurketak ingurune hartzailean izan duen eraginaren inguruko ondorioen txostena egingo da, isurketaren uretan gora eta uretan behera, aipatu adierazleen datu konparatiboetan oinarrituta.

C.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.5.– Zarata kontrolatzea.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/es/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da hari dagokion jakinarazpena, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, kontrolak urtean behin baino maiztasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan ("Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak") ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (21.1 epigrafea, "Paper-orea, papera eta kartoia egitea"), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Papelera del Oria SAk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Papelera del Oria SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren, urriaren 18koan, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duenean, 13. artikuluan arautu bezala, Papelera del Oria SAk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko biltodi-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Biltegiratu egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da "by-pass" bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez "by-pass" bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. "By-pass" horretatik ustekabeko isurketa bat sortuko balitz, titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara 48 orduko epean bidali behar duen txostenaren bidez (apartatu honetako i letran adierazitakoaren arabera), segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera begira aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Zizurkilgo Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, igorpenei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Papelera del Oria SAk aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean dago eskueran); hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

eta erakunde honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16/2002 Legeak, uztailaren 1ekoak, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoak garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.1 artikuluan ezartzen ditu aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoak, 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.»

«Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Igorpenak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.»

«Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Papelera del Oria SAren nortasun juridikoa azkentzen bada, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.

– Horretaz gainera, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari publiko hidraulikoko Erregelamenduaren 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.»

Hirugarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko gehienezko epean erantzuteko eskatzea Papelera del Oria SAri:

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko dokumentuak. Horiek guztiak eskatzen dira "Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan" izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: B.5.– Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari "058" kodea esleituko zaio, eta 6 hilabeteko epean entregatu beharko dute baimena jasotzen denetik hasita.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz –testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Papelera del Oria SA enpresari, Zizurkilgo Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. Artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 28a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala