Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2018ko urriaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5257

EBAZPENA, 2018ko urriaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia argitara ematekoa. Erabaki horren bidez, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2018ko ekitaldian finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2018ko urriaren 18ko bilkuran, erabakia hartu du Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2018ko ekitaldian finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzeko. Laguntzok emango dira langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko, besteren kontura, langile-bazkide modura edo kooperatiba-sozietateetan lan-bazkide modura lanean egon eta seme-alabak edo menpekotasun edo larritasun egoeran dauden senideak zaintzeko eszedentzian dauden edo lanaldiaren murrizketa eskatu duten pertsonak ordezkatzeko.

Azaldutakoa dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2018ko urriaren 18ko bilkuran hartutako erabakia argitaratzea. Erabaki horren bidez, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2018ko ekitaldian finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzen dira. Laguntzok emango dira langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko, besteren kontura, langile-bazkide modura edo kooperatiba-sozietateetan lan-bazkide modura lanean egon eta seme-alabak edo menpekotasun edo larritasun egoeran dauden senideak zaintzeko eszedentzian dauden edo lanaldiaren murrizketa eskatu duten pertsonak ordezkatzeko.

Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabaki horrek ondorioak izango dituela onartzen den egunetik.

Hirugarrena.– Aditzera ematea argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daitekeela, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ EKAINAREN 29KO 177/2010 DEKRETUAREN IV. KAPITULUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2018KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO DIRU-BALIABIDEAK HANDITZEN BAITIRA (177/2010 DEKRETUA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZEI BURUZKOA)

2018ko martxoaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (47. zenbakia) argitaratu zen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2018ko otsailaren 27ko Ebazpena, zeinaren bidez jakinarazten baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2018ko ekitaldian esleitutako kredituaren guztizko zenbatekoa. Diru-baliabide horien bidez, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak finantzatuko dira, 1.700.000 euro guztira, 32110-Enplegua programaren kontura.

Baliabide ekonomiko horien helburua dekretu horretan aurreikusitako diru-laguntzak finantzatzea da; laguntzok emango dira langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko, besteren kontura, langile-bazkide modura edo kooperatiba-sozietateetan lan-bazkide modura lanean egon eta seme-alabak edo menpekotasun edo larritasun egoeran dauden senideak zaintzeko eszedentzian dauden edo lanaldiaren murrizketa eskatu duten pertsonak ordezkatzeko.

Halaber, aurreikusita dago zenbateko hori, hala badagokio, handitu egin ahal izango dela, indarreko legeen arabera horretarako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta aldaketa horiek, halakorik bada, argitara eman beharko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

Uneko datan, aurreko ekitalditik ordaintzeke dauden betebeharrak daudenez, dagoen kreditu erabilgarria ez da nahikoa 2018an ematea aurreikusita dauden diru-laguntza guztiak finantzatzeko, eta, beraz, beharrezkoa da baliabide ekonomiko gehiago esleitzea programa horri, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluaren esparruko pertsonen kontratazioa sustatzeko.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2018ko urriaren 18an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– 680.000 eurotan handitzea Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2018ko ekitaldian finantzatzeko baliabide ekonomikoak. Esleipen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 32110-Enplegua programaren 2018ko ordainketa-kredituaren kargura egingo da.

Horren ondorioz, aipatutako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kredituaren zenbateko osoa 2.380.000,00 eurokoa da.

Bigarrena.– Zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua eman dezala.


Azterketa dokumentala