Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2018ko urriaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5080

AGINDUA, 2018ko urriaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege organiko hori), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasunarekin–, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluaren proposamenaren bidez–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan dago araututa nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek bultzatuko dituzte ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (eta gerora izan dituen aldaketetan), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.

Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten titulu ofizialak lortzeko egin behar diren unibertsitateko irakaskuntzak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa.

Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren xedea da arautzea nola antolatu doktorego-titulua lortzera zuzendutako unibertsitate-irakaskuntza ofizialen hirugarren zikloari dagozkion doktorego-ikasketak; izan ere, doktorego-titulu horrek izaera eta balio ofiziala izango du nazio-lurralde osoan.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzea baimentzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren osokoak aldeko txostena egin dio 2018ko uztailaren 25ean, 2018-2019ko ikasturterako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenari, zeina Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu baitzuen.

Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, unibertsitatearteko masterren koordinazioa beste unibertsitate bati dagokion kasurako, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuarekin bat, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenen aldeko ebaluazio-txostena prestatu du; I. eta II. eranskinetan daude zerrendatuta irakaskuntza horiek.

Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea I. eranskinean zerrendatutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialei dagozkien ikasketa-planak.

Horrenbestez, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuta, eta 2018ko irailaren 21eko bilkuran Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu ondoren, jakinaren gainean eta informatuta egon daitezen, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eta II. eranskinetan zerrendatutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Irakaskuntzak xedapen hauen arabera kenduko dira: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori) eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikulua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, azken horrek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.

Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA.

Baimentzen diren gradu-, master- eta doktorego-irakaskuntza ofizialek, hurrenez hurren, sei eta lau urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta ziurtapena, betiere hasierako ziurtapena eman denetik aurrera. Berritze horrek bat etorri behar du urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan xedatutakoarekin (dekretu horren bidez, Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dira).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala