Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2018ko irailaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4632

AGINDUA, 2018ko irailaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez argitaratzen baita txanda irekian Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan sartzeko hautaprobak gainditu dituztenei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien plazen zerrenda. Hautaproba horietarako deialdia azaroaren 24ko JUS/1165/2017 Aginduaz egin zen.

Justizia Administrazioko funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri komunak ezartzen dituen irailaren 8ko JUS/875/2017 Aginduaren hamazazpigarren oinarrian (irailaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan sarrera irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko hautaketa-prozesuaren deialdia egiten duen azaroaren 24ko JUS/1165/2017 Aginduaren 8.1.a) oinarrian (azaroaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) ezarritakoaren bat etorriz, honako hau ebazten da:

Lehenengoa.– Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan sarrera irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko hautaketa-prozesua gainditu duten izangaiei Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen zaizkien bete gabeko lanpostuen zerrenda (I. eranskina) argitara ematea. Prozesua azaroaren 24ko JUS/1165/2017 Aginduaren bidez deitu zen.

Bigarrena.– Esparru honetako izangaien destino-eskabideak hemen aurkeztuko dira: Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATan, edota Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan (urriaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) aurrez ikusitako bideak erabiliz. Eskabideak hogei egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, hautaprobak gainditu dituztenen behin betiko zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita, lehen aipatutako hautaketa-prozesuaren deialdiaren 8.1.a) oinarrian ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eskabideak egiteko, agindu honetako II. eranskinean agertzen den eredua erabili beharko da, jarraibide hauen arabera:

Eskabide-ereduan, gehienez, eskainitako lanpostu-kopurua zerrendatu ahal izango da, eta organoa, udalerria, probintzia, lanpostua eta dotazioa adierazi beharko dira.

Modu horretan adierazitako lanpostuetako bakar bat ere egokitu ezean, lanpostu-kopuru nahikoa ez eskatzeagatik, interesdunek eskabide-orrian adierazten duten probintziaren araberako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio.

Probintzia bakoitzaren barruan, destinoak honako hurrenkera honi jarraituz esleituko dira:

1.– Auzitegi Gorena eta Organo Zentralak.

2.– Justizia Auzitegi Nagusiak.

3.– Probintzia Auzitegiak.

4.– Fiskaltzak.

5.– Bulego judizialeko lanpostuen zerrendak bulego hori ezarrita dagoen probintziako hiriburuan.

6.– Auzitegi Medikuntzako Institutua.

7.– Dekanotzak eta zerbitzu erkideak.

8.– Instrukzioko epaitegiak.

9.– Zigor arloko epaitegiak.

10.– Espetxe-zaintzako epaitegiak.

11.– Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak.

12.– Lehen auzialdiko epaitegiak.

13.– Merkataritza-arloko epaitegiak.

14.– Administrazioarekiko auzien epaitegiak.

15.– Lan-arloko epaitegiak.

16.– Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak.

17.– Adingabeen epaitegiak.

18.– Bake-epaitegiak.

19.– Bulego judizialeko lanpostuen zerrendak bulego hori ezarrita dagoen udalerrian.

Laugarrena.– Destinoak esleituko dira hautaketa-prozesu osoan lortutako hurrenkeraren arabera; honela:

a) Lehenik, barne-igoerako txandako izangaiei esleituko zaizkie destinoak, txanda horretan gainditutako izangaiei eskainitako plazen zerrenda argitaratzen duen uztailaren 31ko JUS/866/2018 Aginduarekin bat etorriz (abuztuaren 10eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera. Errege-dekretu horren bidez, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen sarbidea, lanpostuen betetzea eta lanbide-sustapena arautzeko erregelamendua onartzen da.

b) Destinoa izangai horiei esleitu ostean, eta horien destinoko esleipena eta izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie barne-igoerako txandan izangaiek bete ez dituzten lanpostuak, jatorrizko kidegoan geratzea erabaki dutelako. Hori guztia abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 28.3 eta 29.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Txanda irekiko izangaiei destinoa esleituko zaie.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, izangaiek ezingo dute eskabidea deuseztatu edo aldatu.

Seigarrena.– Izangairen batek eskaera zehatzik egin ez badu edo eskatutakoa egokitzen ez bazaio, hutsik geratu den lanpostuetako bat esleituko zaio, nahitaez onartu beharrekoa.

Zazpigarrena.– Destinoak nahitaez esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera.

Zortzigarrena.– Esleitutako destinoek behin betiko izaera izango dute, lehiaketaz lortutakoen guztiz baliokidea izango dena, eta horretan ezin izango dute parte hartu bi urte igaro arte, behin betiko destinoa esleitzen duen ebazpenaren egunetik kontatzen hasita. Bi urte horiek zenbatzeko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 529.3 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 11.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala