Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2018ko irailaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4465

AGINDUA, 2018ko ekainaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena. (L1. Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza).

Indarreko araudiaren esparruan, kooperatiben araubideko irakaskuntza-zentroek atentzio berezia jasotzen dute, beren interes soziala dela eta.

Ondorioz, Hezkuntza Sailak arrazoizko ikusten du irakaskuntza-kooperatibei zuzendutako berariazko deialdia egitea eta horrela laguntzea, aurrekontu-mugen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko mailetako ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak abiarazten. Jarduera horiek ikasleen gurasoek antolatuko dituzte, irakaskuntza-kooperatibetan bilduta eta behar den erregistroan hala inskribatuta.

Aipatutako guztiarekin bat, egokia da laguntza-deialdi bat egitera, horretarako esleitutako aurrekontu-zuzkiduraren kargura.

Hori dela eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, eta laguntza eta diru-laguntzen arloko hutsegiteen eta zehapenen araubideari buruzko arau beraren VII. tituluko III. kapituluan ezarritakoarekin, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrarekin (azaroaren 17ko 38/2003) eta 38/2003 Legearen araudia onartzen duen Errege Dekretuaren bidez (uztailaren 21eko 887/2006) ezarritako oinarrizko araudiarekin eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-kooperatiben gastuei aurre egiteko diru-laguntzen deialdia egitea. Gastuok 3. artikuluan zerrendatzen diren diruz lagundu daitezkeen jardueren ondoriozkoak izan behar dute, eta 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 12ra bitartean sortutakoak.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Helburu horretarako, hogeita hamahiru mila (33.000) euroko kreditua esleitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2018. urterako.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Hezkuntza Sailak, deialdi honen bidez, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko ildo estrategikoari lotutako prestakuntza bultzatzen du, eta, batez ere, irakurzaletasuna bultzatzeari lotutako prestakuntza eta euskararen erabilerarekin lotutakoa.

Agindu honetako laguntzak helburu hauek betetzeko dira:

a) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueretarako, eta gastu horiek ikastaroak eta mintegiak antolatu eta ematearen ondorioz sortutakoak badira.

b) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuetarako, gastu horiek ikastaroak eta mintegiak antolatu eta ematearen ondorioz sortutakoak badira.

c) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzenduta dauden jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren gastuetarako.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izango dute deialdi honetan parte hartzeko eta laguntzen onuradun izateko aukera: unibertsitateaz kanpoko mailen irakaskuntza-kooperatibak, haur-hezkuntzako bigarren zikloko, lehen hezkuntzako, derrigorrezko bigarren hezkuntzako, lanbide-heziketako zikloetako eta batxilergoko hezkuntza-mailak ematen dituztenak, zuzenbidearen arabera eratuta badaude eta haien helburuek bat egiten badute indarreko legedian ezarritakoarekin, eta Euskadiko kooperatiben erregistroan izena emanda badaude, hezkuntzako kalifikazioarekin.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Gainera, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea.

b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik ez duela, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

c) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan nola egin jakiteko argibideak eta ereduak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ampa_koop/y22-izapide/eu

4.– Eskaeraren ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketa

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus

6. artikulua.– Gutxieneko eskakizunak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko da dagokion irakaskuntza-kooperatiben erregistroko izen-ematea eta alta.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen Errege Dekretuaren (uztailaren 21eko 887/2006) 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretua (azaroaren 11ko 1/1997) aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuaren (azaroaren 11ko 1/1997) 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

4.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

5.– Betekizunak eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egiaztatuko dira, edo, eskabidea zuzendu egin behar bada, zuzenketa-epean; horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute, edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatu ditzan.

6.– Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

7. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea, eta horretarako epea.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» eta «Gastuen aurrekontua» izeneko formulario normalizatuak (I. eranskina) aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta. Ereduak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ampa_koop/y22-izapide/eu

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ampa_koop/y22-izapide/eu

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailen irakaskuntza-kooperatiba batek ofizialki onartutako bi zentrotan badihardu, bi eskabide egingo ditu, zentro bakoitzeko bat. Zentro batean bi irakaskuntza-kooperatiba edo gehiago badihardute, irakaskuntza-kooperatiba eskatzaile bakoitzak adieraziko ikasleen zer ehunekori ematen dion zerbitzua, «Gastuaren aurrekontua» izeneko formulario normalizatuan.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da.

3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izanaren agiria elektronikoki sinatzen duenean.

4.– Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9.– Artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoarekin (abenduaren 13ko 15/1999) eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko Legearekin (otsailaren 25eko 2/2004) bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Diru-laguntzak zenbatzeko prozedura.

1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango kooperatiba bakoitzak eskatutako zenbatekoa baino handiagoa:

a) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza-jardueren gastuak, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 100ean ordainduko dira.

b) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuak, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 100ean ordainduko dira.

c) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako bestelako jardueren gastuak –11.1.b) artikuluan jasota ez daudenak–, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 50ean ordainduko dira.

2.– Hauxe izango da banaketa-sistema:

a) 162 euroko hasierako laguntza bat esleituko zaie onartutako eskabide guztiei.

b) Jarraian, kooperatiba bakoitzari esleituko zaio bi puntuazio hauen batura:

I.– Diharduen zentroetako ikasle-kopuruagatik dagokion puntuazioa. Puntu bat emango da ikasle bakoitzeko.

II.– Zentroko bekadunen kopurua bider hiru egitean lortutako puntuazioa.

Kooperatiba bakoitzari esleitutako ikasleen eta ikasle bekadunen kopurua eskabidea aurkezteko epea amaitzean dokumentazio estatistiko ofizialean jasotakoa izango da.

c) Deialdiaren zenbatekoari hasierako laguntzen zenbatekoa kenduko zaio. Kenketa horren emaitza izango da banatu beharreko soberakina.

Banatu beharreko soberakin hori kooperatiba guztiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da, eta faktore konstante horrekin biderkatuko da kooperatiba bakoitzari esleitutako puntuazioa.

d) Lortutako zenbatekoari hasieran emandako 162 euroko laguntza gehituko zaio, kooperatiba bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa zehazteko.

12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzorde bat izendatuko du, laguntzak esleitzeko proposamena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea:

a) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuaren zuzendaria edo hark izendatzen duen ordezkoa: batzordeburu jardungo du.

b) Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Berrikuntza Pedagogikorako lurralde-burutza bakoitzeko ordezkari bana.

c) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko ordezkari bat; idazkari jardungo du.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinaraziko zaie Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoan argitaratuz (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), lau hileko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta. Aurkeztutako eskaerei dagokienez, kooperatiba onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da edo, dagokionean, eskaera ezesteko edo ez onartzeko arrazoiak.

Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Gainera, diru-laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Artikulu honen lehenengo zenbakian aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein administrazio publikotik eta erakunde pribatutik lortutakoekin, betiere guztien baturak ez badu gainditzen diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak barne, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. zenbakian eta 46. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera gauzatzea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Diru-laguntza ematen duen administrazioak egiaztatzeko egiten dituen jarduketak egiteko laguntza ematea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketetarako ere.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, hala badagokio, arrisku horiek estaltzeko asegurua egitea.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehen ordainketa batean emandako zenbatekoaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza eman dela jakinarazi ostean, hamabost eguneko epean onuradunak ez badio diru-laguntzari espresuki uko egiten.

b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» izeneko formulario normalizatua (II. eranskina) behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Formulario horrekin batera, onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa edo handiagoa osatzen duten fakturak ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek aurkezteko epea 2018ko abenduaren 12an amaituko da, egun hori barne.

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroaren datu-basean egon behar du erakunde eskatzaileak. Datu hori ofizioz egiaztatuko da.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/es/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html

3.– Esleitutako diru-laguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako diru-laguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea.

4.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.

1.– Justifikazioak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ampa_koop/y22-izapide/eu

2.– «Gastuaren justifikazioa» izeneko formulario normalizatua aurkeztuko da, behar bezala beteta eta faktura eta ordainagiriekin edo horien fotokopia konpultsatuekin batera. Formularioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ampa_koop/y22-izapide/eu

3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntza justifikatzeko jatorrizko dokumentazioa eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari.

4.– 2. artikuluan esleitutako zenbatekoarekin lotutako gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute antolatutako jarduerekin. Diru hauen izaera osagarria dela eta, faktura eta ordainagirien justifikazio-balioa beren edukiaren araberakoa izango da, eskala hauei jarraikiz:

a) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuen % 100.

b) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuen % 100.

c) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako bestelako jarduerei dagokienez, 17.4.b) artikuluan jasota ez dauden jardueren kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok, laguntzaren helburua bete dela jotzen bada, ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 19. artikuluan araututako itzultze-prozedura hasiko da.

19 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betekizunak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagozkion alorretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala