Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2018ko irailaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

ZARAUZKO UDALA
4457

IRAGARKIA, Zarauzko zarata-maparen behin betiko onespenari buruzkoa.

2018ko abuztuaren 10ean, alkate jaunak dekretu hau (1183. zk.) eman zuen:

EAEko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuaren arabera, 10.000 biztanletik gorako udalek zarata-mapak egin beharra daukate, horrela ebaluatu ahal izango baita foku igorle garrantzitsuek area urbanizatuen eta etorkizunean garatuko diren areen gainean duten eta izango duten zarata-inpaktua.

Zarauzko Udalak AAC Centro Acústica Aplicada SL sozietateari esleitu zion Zarauzko zarata-mapa egiteko kontratua.

Udalak, 2018ko apirilaren 23ko Dekretuaren bidez (592. zk.), hasierako onarpena eman zion Zarauzko zarata-mapari. Espedientea jendaurrean egon zen bitartean, lau alegazio-idazki aurkeztu ziren. Talde egileak eta Hirigintza eta Ingurumen Departamentuak alegazioei buruzko txostenak egin zituzten.

Zarata-mapa eta alegazioen txostenak lurraldeko informazio-batzordean jakinarazi ziren.

Hirigintza eta Ingurumeneko Departamentuaren proposamenez, honako hau

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– Alegazioei erantzutea, honela:

a) Xabier Erauskin Epelde eta Luis M.ª Epelde Arrillaga. Zarata-mapa behin betiko onartu ondoren egin beharreko ekintza-planaren barruan aztertuko dira zarata gutxitzeko eskatutako neurriak (N-634 errepidearen eta bertan dauden autobus-geltokien ingurukoak, gaueko aisialdiak eragiten duen zaratari buruzkoak...).

b) Orokieta Herri Ikastetxea. Aintzat hartzea ekintza-planean parte hartzeko agertu duten gogoa, are gehiago kontuan izanda Orokietako bi zentroek jasaten dituzten zarata-mailak.

c) Kattalin Urzelai Gonzalez-Etxabarri:

– Alegazioak partez onartzea. Ondorioz, eraikin sentikorren analisia jasoko da zarata-mapan, eta aldatu egingo da hiri-eremu lasaiei buruzko testua.

– Alegazioan aipatutako beste gauza batzuk, esaterako, zarata-mapan jaso ez diren zarata-foko jakin batzuk, kontuan hartuko dira ekintza-plana definitzerakoan.

d) Jabier Urzelai Loinatz. Zarata-mapa behin betiko onartu ondoren egin beharreko ekintza-planaren barruan aztertuko dira adierazitako arazoak (Matxitxako kalearen ingurukoak).

Bigarrena.– Behin betiko onespena ematea Zarauzko zarata-mapari. AAC Centro Acústica Aplicada SL sozietateak idatzitako dokumentua onartu da (2018ko uztailekoa). Bertan, alegazioak partez onartzearen ondoriozko aldaketak jaso dira.

Hirugarrena.– Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari bidaliko zaie zarata-maparen ale bana.

Jende guztia jakinaren gainean egon dadin argitara ematen da, eta jakinarazten da ezen ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen diola eta beronen aurka errekurtso hauek aurkeztu ahal izango direla:

Berraztertzeko errekurtsoa: aukerakoa da, eta erabakia hartu duen organoari aurkez dakioke, hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Errekurtsoa aurkeztu eta hilabetera ebazpena jakinarazi ez bada, errekurtsoa onartu ez dela ulertuko da. Edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Edo administrazio-isiltasunaren ondorioz ezetsi bada, sei hilabeteko epean. Hori guztia, egoki ikusten den beste edozein errekurtsori uko egin gabe.

Zarautz, 2018ko abuztuaren 27a.

Alkatea,

XABIER TXURRUKA FERNANDEZ.


Azterketa dokumentala